[PERLAK] Bertsolariak Parisen, 1958
Bertsolariak Parisen –
Gerrak eta gerraondoko errepresio frankistak bertsolaritzaren berriak isilarazi egin zituen luzaroan. Garaiko prentsan ageri den lehen saioa 1945ekoa da, Tolosan egindakoa. Bertsolaritzaren eragiletzak bizi izan zuen suntsipenaren adierazle, saio haren antolatzailearen soslaia: Mientras Basarri hablaba y los demás escuchabamos pensaba yo cómo se le habría ocurrido a Achúcarro, que es carnicero, barero y empresario taurino en fiestas de pueblo, meterse ahora a organizador de concursos de versolaris (…) (La Voz de España, 1945/IX/28, Poetas aldeanos. Norma y protocolo de un concurso de versolaris, Rodríguez Ramos, José De Hernani, Juan).
Hortik aurrera, ordea, desegindakoa pixkanaka berreraikitzeari ekingo diote bi lagunek: Hegoaldean jada lehen testu horrek aipatzen zuen Basarrik eta Iparraldean Hernandorenak.
Biek bertso saioak antolatzeari ekingo diote, eta bertsolaritzari jendarte moderno batean bizirauteko behar zuen oihartzun mediatikoa emateko ere sekulako ahalegina egingo dute. Frankismo garaian gaiak pretsan izandako sinadura jorienetakoak izango dira.
Basarrik, gerra galduta, lau urte egin zituen Iparraldean basomutil, eta handik itzultzean atxilotu eta hiru urte egin behar izan zituen Trabajadoresetan. Libre utzi zutenean, ordea, ez zeukan geldirik egoteko asmo handirik: 1945eko Tolosako saio hartan tartean zebilen; Uztapiderekin bikotea osatu eta herriz herri hasi zen bertsotan; 1946an Zarauzko berriemaile gisa sartu zen La Voz de Españan; eta 1949an, gerraosteko lehen txapelketa garrantzitsu bat antolatu zuen Hegoaldean, egunkari falangista eta erabat antieuskaldun haren babesletzarekin.
Mugaz beste aldean, Hernandorenaren ekarria ere ikusgarria izan zen. Gerra galdu ondoren bertara jo zuen ihesi, eta, aktibista petoa izanik, bertsolaritza hauspotzeari ekin zion, bestak beste. Iparraldean ez zela bertsolaririk esan zioten eta bila aritu behar izan zuen, bakarlanean, saio bat antolatzeko adina, tartean artean ezezagunak ziren Mattin eta Xalbador, bildu ahal izan zituen arte[1]. Eta 1946tik aurrera urtero txapelketak antolatzeari ekin zion, posible izan zuen bezain pronto Hegoaldeko bertsolariak ere ekarriz.
Bere ekarpenaren gailurra 1958an Parisen antolatutako saioa izan zen. Gailurra bertsolarien inguruan bildu zituen akademiko eta figura garrantzitsuengatik, baina batez ere hedabideetan lortu zuen oihartzunagatik[2]. Bertsolariak orduko hartan agertu ziren lehen aldiz telebistan.
Hernandorenak xehetasun handiz azaldu zituen txapelketaren ingurukoak; Basarriren kontakizuna ere jasota gelditu zen garaiko prentsan; baita Uztapideren iruzkin politak ere Lengo egunak gogoan liburuan. Parisen bertsolari haiek izandako ibileren berri emateko moduan gaude, beraz.
[1] Detektibe baten pare ibili behar izan zuen bertsolarien arrastoen peskizan. Oso polita da istorio hau ere, eta Hernandorena berak prentsaren bidez xehetasun guztiekin kontatu zuen handik bi hamarkadetara Príncipe de Viana aldizkarian argiratatutako dozena erdi artikulotan.
[2] Lasak (2008: 793-794) Frantziako telebista publikoko “Tele-Paris” programa (euskaratik frantseserako itzultzaile eta guzti) eta Alemaniako Telebista publikoa aipatzen ditu. Baita Radio Nacional de España, Frantziako irrati publikoa eta Ingalaterra nahiz Alemaniako irratiak ere. Ik. LASA, X. (2008): Begi kolpea. Teodoro Hernandorenaren biografia. Manuel Larramendi Kultur Bazkuna, Zizurkil. Aristorenak (1992:8) eta Iriondok (2004:25) berresten dute bakoitzak zatiren batean. Ik. ARISTORENA, P.J. (1992): Nafarroako bertsolaritza. Iruñea: Nafarroako gobernua eta Ik. (2004): Teodoro Hernandorena (1898-1994). Bidegileak, 36. karpeta. Gasteiz: Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia