[PERLAK] Bertsolari baten figuraz lehena: Jean Baptiste Xahok Etxahun

Ilustrazioak: Txema Gartzia Urbina

Jean Baptiste Xahok Etxahun –

Zinez Erromantizismoko pertsonaia zoritxarrekoaren osagai guztiak ditu Pierre-Topet Etxahunen bizitzak (1786-1862): Bere aitak beste baten semea zenaren susmoak zituen eta oso haurtzaro gordina ekarri zion horrek. Etxeko neskameaz maitemindu eta haurdun utzi zuen, baina gurasoek beste emakume batekin ezkontzera behartu zuten (1808). Zor bat zela-eta izandako liskarragatik bi urte (1824-1826) egin behar izan zituen kartzelan, eta handik itzulitakoan gertatu zen Etxegoienen tiroketa eta bigarren epaiketa. 1831n erromes joan zen Italiara eta hiru urte egin zituen Erroman, Florentzian, Loreton eta hainbat santutegitan bizitzen. Tarte horretan, beharrezko dokumentaziorik ez zuelako kartzela bat edo beste zapaldu edota izurriteren batek kutsatuta hilabeteak Nimeseko ospitalean egitea ere tokatu zitzaion. Itzuli zenean bere lurrak berreskuratu nahi izan zituen, baina berriro ere bide aldrebesetik nonbait, dokumentu publikoak faltsutzeagatik epaiketa berria eta bi urteko espetxeratze (1846-1848) berria izan baitzituen. Espetxetik irten zenean familia guztiak bizkarra eman zion eta eskale gisa bizi izan zen, herriz herri abestuz, tartean epaiketa gehiago pairatuz, hiltzera bere jaiotetxera itzuli ahal izan zuen arte.

Biografia honek, aldian aldiko sortu zituen bertso sorten bidez zabaldua (bere lehen maitasunari buruzko Urx’aphal bat, Mündian malerusik edota erromes joatea erabaki zuenean sorturiko Bi berset dolorusik), sona handia eman zion Ipar Euskal Herrian, eta erromesalditik itzuli zenerako inguruetako bertsolari ezagunena zen.

Chamissoren olerkiak, gainera, fokoa jarri zion inguruetako jende jantziarentzat. Honela, Hypolite Clérissek, Erregeren prokuradorea Donapaleun, Ernest Legouvé izeneko Parisko gonbidatuari erromantizismoaren olatua Euskal Herrira ere iritsi dela frogatzeko bere bizitza bertsotan emateko enkargua jarri zion Etxahuni 1833an, 20 frankoren truke.

1838an, Revue des Voyants, aldizkarian Une existence de Barde: Histoire du Poète Etchaon de Barcus izenburupean testu luzea argitaratu zuen Jean Baptiste Xahok. Agosti Xahoren anaia zen Jean Baptiste (1815-1848), eta Revue des Voyants, hain zuzen, Agostik zuzendu zuen lehen aldizkaria. Chao familiak izan behar zuen Etxahunen berri zuzena, Etxahunen bertsoetan Atarratzeko aguazilak, Agosti eta Jean Baptisteren aita Andre Xahok, eskaini izandako laguntza aipatzen baita.

 

Jean Baptiste Xahok Etxahun

 

Une existence de Barde: Histoire du Poète Etchaon de Barcus (Barde baten izaitia, Jean Baptiste Xaho, Revue des Voyants (1838)[1].

 

Testu osoak tragedia erromantiko kutsua ematen dio Etxahunen bizitzari, jaiotzatik hasita:

“Pyrenéek formatzen dien aphaltziarekin ekhi sargugiako itxasuen gaintin, kartielik alagerenetarik batetan, sorthu zen orai dila zunbait urthe gizun bat markaturik martiro triste baten harenen zortin izatera.

Muntainer aisatu baten, nahi bada ez aberatsen, lehen sorthia zen, eta titre huntzaz hartan gainen phausatu behar zien naturalki haren familiaren eta jaben esperantxak.

Bena haur horrek naturaz osagarri flaku, kolorik txar eta mehe etzin kausatu gisala haren aman haur minetarik landan ordenariz jarraikitzen diren alageratarzun biziak (…).

Umetako urteak ere ez ei ziren gozoak izan:

“Mithilek berek bazien nahi izan zien bezain beste haren joiteko permisionia (…) Thurmentuz unguraturik zen orotaz, berarthan arraplegatu zen, berarthan lili bat zerratzen den bezala dolore baten efeitaz, eta haurra senditu zen ikhasteko desir biolent batez thurmentaturik (…)”.

Bere lehen maitasun debekatua aipatzen da: ‘Praubeziazko aizo familia batetako neskatila gazte bat maithatu zin’. Eta behartutako ezkontza kontatu:

“Esperantxarik gabe bakhoitzik; eta bakiaren idereitia desiratzen baitzin, obligaturik izan zen haitatu zion espusaren utsiala azeptatzera.

Heben hasi zen disgraziazko huarrarentako, nigarrezko denbora bat, zuin bi phartetan izan beitzen, presontegietako bitzia eta desertietako abenturaren izatia”.

Emaztearen infidelitatea dator ondoren, “(…) zuinek destruisitzen beitu familiaren saintutasuna (…)”, eta mendekuzkoa izan nahi zuen krimena:

“(…) gizon hori errealki gizon bada, sustout balin badu karakter borthitz bat eta pasaionatu bat, juntatzen dizu kolera heraki bat, gizon hori ezta (…) sozietate batetako legeti kanpo baizik ezarriko ahal”.

Ihesa, hilbeteetako gordekako basa bizitza eta atxiloketa:

“(…) obligaturik justizia bati eskapatzeko desertutarat ihesi egitera eta han bizi solitario baten eramaitera (…).

Udan bizitzen zen basafrutaz hartzen artin arraroki hasardatzen ahal zen etxenetat eraiztera, xerkatzeko ogi, artho, eta hazkurri borthixiago bat.

Ezin suporta ahalez hainbeste pribazione erresolutu zen azkenekoz arrisk orotara, bere lurrila arrajitera, eta etzin berantu justiziaz arrestaturik ikhustera”

Epaiketaren kontakizunean xehetasun guztiak ematen ditu:

“Ikhusi zien agertzen bi jendarmaren artin, taila ordenarioko gizun bat, bilhuak luze, figurako aragiak mehaturik, bena begia odolez zainzturik eta brillant, gar estofatu bat bezala, sursils barrera beltz baten pin.

Urhats bat baizik etzin egin salan baina, nahiz eta ere esku batez edoki beitzin bere laboran buneta, eta hedatzen bestia largatu zen haren botz bizi eta purra hain ederki, nun justiziazko salaren arauek ezpeitzien sekula entzun magnifikuagorik.

Ixiltarzun handi bat izan zen harmonia baten gisa.

Haren lehen koblak kusekraturik izan zien beren jujen salutatzez eta hen elojiaren egitez (…) Gero bere diskursa jarraiki zin haren desfortunen kuntatzez (…) eta obtenitu eszitatzen haren udurien konpaionia, justiziaren absoluzione beranta”

Azkenik, Etxahunen erromesaldien kontakizunarekin. testuaren hiru laurdenak hartzen dituen biografia osatzeko:

“Bisitatuz geroztik aita saintiaren hiria, Florencea erredatu zen, nun bere urhatsetra utzultzeko ideia jin beitzon, eta Jerusalemera joaiteko, han komentu vie aszetiko zunbaitetan sartzeko (…) paperak galdurik presuner eginik izan zen Autrixien eta eramanik Frantziala presuntegiz presuntegi (…) Erroman igaran din denbora (…) Eri eroririk Nimesen, pelegria egon zen hanitx denboraz hiri huntako hospitalin desesperatzeko estatin (…)”

Testuak bertsoari ere egiten dio tartea. Münduan malerusik osorik jasotzen da, eta Bi berset dolorusikeko bertso batzuk ere bai. Bestalde, sarrera gisa orrialdea eskaintzen zaio bertsolarien eta poeten arteko alderaketari:

“(…) Denbora zaharretako lehen poetistek bezala montainako Bardiak kunserbatzen du animatzeko pribilejio preziusa haren bost propiaren akzentez, imajina eta figurai, zuintaz hazten beitu bere pentsamentia (…) naturaren semia, buhureki exprimatzeko dohaina majika segur batez gizunak esprabatzen ahal dira (…) natura salbaje baten harmonien erdian kantuan ari den ‘kantazale salbajia (..) zuinek beste gidarik gabe bere gizun intelijent instinkta baizik, argiarazten beitu haren anaien erdian (…)”.

Amaiera gisa, aldiz, Etxahunek bertsoek herritarren artean duten estimua azaltzen du Jean Baptiste Xahok:

“Uskaldun mendien parkurritzeko odazionia balin baduzu, zuin Biarnekuen aizo beitira, galthe zazu arrakuntratuko duzien lehen haurrari, Etxehun bardiaren berri, arrapostu emanen deizu kantatzez zuntzar largo batez goraxiago kantore kopiatu dudan kobletarik lehena”.


[1] Patri Urkizuk hirugarren anaia batek, Jean Pierre Xahok (1821-1848), 1842an zubererara eginiko itzulpenaren eskuizkribua eman zuen ezagutzera Hegats aldizkarian (Patri Urkizu: “Jean Baptiste Chaho: Barde baten izaitia”, Hegats 5, 1991: 29-37 or.). Revue des Voyants-en jatorrizkoa Baionako Mediatekan topatu ahal izan da, baina kasu honetan zuzenean zubererako itzulpenari berari egin nahi izan zaio lekua.

Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun 
Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun Jean Baptiste Xahok Etxahun