[PERLAK] Basarriren polemikak
Basarriren polemikak –
Txapelei dagokienean, lautik hirurekin, Uztapide izango da gailur honetako bertsolari ikurra. Bertsolaritzaren eragile gisa izandako pisuagatik, medioetan zeukan ikusgarritasun apartekoa zela medio, eta bi ziklo ezberdinetan txapela irabazitako bertsolari bakarra izanik, bertsolaritzaren inguruko eztabaidetan Basarriren iritzia izango da erreferentziala gailur honetan: “Bertsolaritzaren behi sakratua, instituzio bat zen alde horretatik Zarauzkoa” (Lasa, 2008: 877). Bere itzal hori asko hari zen luzatzen, ordea, tartean gerra eta gerraosteko parentesia eman bazen ere, bi hamarkadatik gora ziren posizio hori gehiago edo gutxiago berea zela, moralismoa eta sermoia txertatu zituen gainera bere proiektuaren inguruko diskurtsoan, eta gustuko horrelakoetan gertatu ohi denez ‘behi sakratuaz’ aspertzen hasitako hainbat polemista gurutzatu zitzaizkion bidean: “60ko eta 70eko hamarkadetan, baina, eman zen saltsa eta istilu ugari. Horien erdian Basarri topatzen dugu gehienetan, borondatez nahiz borondatez kontra” (Lasa, 2008: 877).
Arruerekin izango du 1965eko finalean jarri zuten gai baten egokitasunaren kontura (Arrue gai umoretsuen defentsan, Basarri bertsotan txisteak kontatzea zaila dela argudiatuz), Hernandorenarekin bertsolaritza krisian ote dagoen eztabaidatuz edota autozentsura politikoaren inguruan, Gereñorekin bertsolaria poetatzat har daitekeen edo ez…
Guztien errepasoa interesgarria litzateke. Ziklo honetan bertsolaritzaren inguruan ematen den eztabaida neurri handi batean Basarriren figuraren eta bere proiektuaren nahiz iritzien inguruan ardazten baita. Gehiegi ez luzatzearren, ordea, Ayalderekin eta Arestirekin izandakoetan zentratzea erabaki da, batetik, mamitsuenak izan daitezkeelako, eta, bestetik, bere polemiken artean gehien errepikatuko dena eta gordinena izango denari heltzen baitote biek ala biek: sagardotegiko bertsolaria vs gorbataduna.
Basarrik gerraurreko Euzko Pizkundean Aitzol eta enparauek planteatu zuten proiektua sustatu zuen bere ibilbide guztian zehar: bertsolaritzak, biziraungo bazuen, ikuskizun moderno gisa garatu beharra zuen, eta horretarako, jendarte modernoak ikuskizun gisa uler zezakeenaren parametroetan sartzeko, bertsolaria jantzi beharra zegoen, sagardotegitik atera. 1935eko txapelketatik hasita, gaitegiari dagokionean edo bertsolariaren jarrerari dagokionean, halako jasotze bat bilatuko du zarauztarrak, eta gorbatarekin aterako da beti taulatu gainera.
Basarriren figuran zentratzen diren kritikak bertsolaritzaren modernizazio prozesuari egindako kritikak dira finean. Desagertzear den mundu baten nostalgiak eragindako transformazioarekiko erresistentzia izango da kasu batzuetan, edota transformazio horri eman zaion janzkeraren ingurukoak izango dira beste batzuk.
Itzal luzea izango du eztabaida horrek, bere adiera ezberdinetan, hurrengo hamarkadetan ere.