[PERLAK] Atzerriko begirada II: Xalbador eta Mattin National Geographicen (1969)
Xalbador eta Mattin National Geographicen –
Testu honen egilea, Robert Laxalt (1923-2001) euskal diasporako kidea da, Kaliforniara emigraturiko euskal komunitatearen bigarren belaunaldikoa baita.
Ibilbide oparoko eta itzal handiko figura izan zen Laxalt: Nobelagile gisa oihartzun garrantzitsua lortu zuen AEBetan, hain zuzen ere bere euskal familiaren inguruko kontakizuna ardatz zuten lanekin (1957an argitaraturiko Sweet promised land, esaterako, best-seller bat izan zen eta hainbat hizkuntzatara itzuli zen); 1961ean University of Nevada Press argitaletxea sortu zuen eta bertako zuzendaria izan zen 1983 arte; eta 1966. urtean, William A. Douglass eta Jon Bilbaorekin batera, Euskal Ikasketen Programa (Basque Studies Program) sortu zuen Renoko Nevadako Unibertsitatean.
Kazetari bezala ere puntaren puntan ibili zen, Pullitzer sarietarako bi izendapen jaso zituen, eta hainbat testu argitaratu zituen National Geographic Magazinean. Horietatik hiru dira Euskal Herriari lotzen zaizkionak: Basque sheepherders, lonely sentinels of the American West (Euskal artzainak, Amerika Mendebaldeko zentinela bakartiak), National Geographic Magazine, 1966, 129. zbkia., 879-888 or.; Land of the ancient Basques (Antzinako euskaldunen lurra), National Geographic Magazine, 1968, 134. zbkia., 240-277 orr.; eta The enduring Pyrenees(Pirinio betierekoak), National Geographic Magazine, 1974, 146. zbkia., 794-819 or. Aldizkariaren historia osoan beste bizpahiru gehiago baino ez dira argitaratuko.
Bigarrenean eskaintzen zaio tarte bat bertsolaritzari. Erreportaje luze bat dakar aldizkariak, ia berrogei orrialde hartzen dituena eta argazki bikainez jantzia, eta denetariko gaiak jorratzen ditu bat-bateko kantu inprobisatuez hitz egitera iritsi aurretik: euskal historia, euskal nortasuna, euskal hiriak, ontziolak, Bilboko portua, euskal bankarien familiak, Donostiako badia, euskara, San Ferminak, herri-kirolak, mahastiak eta ardoa, ihauteriak eta pastorala, arrantzaleak eta artzainak, euskal amona…
Testuak ez du beste munduko sakontasun edo distirarik eskaintzen, ez bada bi bertsolariren soslaietan. Zirkulu bat ixten du, ordea: bertsolaritzak prentsan utzitako arrastorik zaharrena, Crévecoeurren Souvenirs, 1823an argitaratu zen, Société de géographes, de voyageurs et de littétateurs français et étrangers delakoak argitaratzen zuen Journal des Voyages, découvertes et navigations modernes ou archives géographiques et statistiques du XIXe siècle bidaia aldizkarian; eta 150 urte geroago aldizkari horien eredu garatu eta arrakastatsuena izango den National Geographicen ere lortuko du bere arrastoa uztea.
Antzinako euskaldunen lurra
Bertsolaritzari buruzkoak 266. orrialdean dakartza. Orrialde bat eskaintzen dio, argazkirik gabe, eta sarrera oso soil bat eginez ekiten dio, bat-batekoa dela seinalatuz:
“(…) Euskal kantuak bere puntu gorena bertsolariarekin harrapatzen du. Bertsolaria izateko adimen bizia eta ahots ona behar dira. Bertsolariak ez dira abeslariak bakarrik, momentuan inprobisatzen dute eta euren artean lehiatuz abesten dute”.
Eta lehia dialektiko gisa funtzionatu ohi duela azpimarratuz:
“Topaketa hauetan bertsolariak ezartzen dioten edozein gairi buruz argudiatu beharko du: arrantzalearen bizimodua menditarrarenarekin alderatuz; ezkongabearen bizitza ezkonduarenaren kontra; bere lurrean gelditu den euskalduna eta atzerrira emigratu duena”.
Xalbador eta Mattinen arteko saio bati egiten dio erreferentzia jarraian, Baigorrin burutua, bere bertsolari gustukoenen artean dauzkala seinalatzen duelarik: “Nire gustukoenetako bi ikusi nituen lehian Baigorrin, Frantzian: Xalbador eta Mattin”.
1965 eta 1966 artean Ipar Euskal Herrian bizi izan zen familia osoarekin, bere sustraietan sakondu nahian, eta bertsolariak ezagutzeko abagunea ere izan zuela nabaritzen da. Argazki zehatza ateratzen die bi bertsolariei:
“Xalbador aurpegi liraineko euskaldun bat da, lehian apur bat txispatua dagoenaren posea hartzen duena. Txapela atzerantz jartzen du buruan, eta ilea erortzen kopeta gainean. Bere puntu indartsua bizitzarekiko zinismo jostari bat da.
Mattin erabat bestelakoa da zentzu guztietan, Txikia eta borobila, Friar Tuck gogorarazi zidan. Baina bere irribarre alaiaren atzean ezpata bat bezain zorrotza den adimen bat ezkutatzen da”.
Eta saioarekin hartutako gozatuak utziko duen arrastoa aipatuz bukatzen du:
“Saioa ikusgarria izan zen. Ordubete batean zehar ez sinesteko abiada batean elkartrukatu zituzten bertsoak. Bukaeran ezinezkoa zen nork irabazi zuen sumatzea. Baina gauza bat bazen ziurra, bertan egon zirenek asteetarako zerekin gozatua izango zuten ñabarduretan oso aberatsa den euskal hizkuntzan entzundako haiek gogoratuz”.
Land of the ancient Basques, Robert Laxalt, National Geographic Magazine, 134. zbkia. 1968.
“(…) The Basque song reaches its highest stage with the troubadour, or bertsolari. To be a bertsolari, one most have an agile mind as well as a good voice. The troubadours are not only singers but on-the-spot improvisers of verse who compete with each other in song.
In these given encounters the bertsolari will argue any given subject-the good life of the sailor as compared to the mountaineer, the bachelor’s life against that of the married man, the Basque who has stayed in his homeland and the Basque who has gone abroad.
I watched two of my favorites, Xalbador and Mattin, dispute in song at a village feast in St. Étienne-de-Baïgorri in France. Xalbador is a lean-faced Basque who affects in contest the pose of someone slightly tipsy. His beret is pushed back on his head, so that his lank hair falls over his forehead. His forte is an attitude of droll cynicism toward life.
Mattin is his opposite in every way. Short and round, he reminded me of Friar Tuck. But behind his jolly grin is a rapier mind.
It was an incredible performance. For nearly an hour they exchanged quatrains with dizzying speed. At the end it was impossible to know who had won out. But one thing was certain. The villagers who listened to them would have many delicate turns of phrase in the nuance-rich Basque language to relish for weeks afterward.