Pello Zabaleta
Pello Zabaleta
Pello Zabaleta Lekuona 1896an jaio zen Errenterian, nahiz eta artean bera ume zela familia Oiartzunera lekutu. Bertsolariya aldizkarian bertso ugari jarri zituen Bertsolari aldizkariaren orrialde hauetako protagonistak. Haren sorta ezagunenen artean daude: Europako Gerrari (1917), Sesiyo bat (1923), Langillien alde (1934), Katu baten istoriya (1942), Oraingo Errenteriari (1946)… eta noski, Errenteriko Jangoiko-Txiki zanaren bizitza (1963).
Heriotza
Bere bizitzaren nondik norako nagusiak jaso zituen Antonio Zavalak Juan eta Pello Zabaleta bertsolariak liburuan, anaiaren bizipenekin batera. Iragarritako heriotza baten kronikaren antzera, liburu hau protagonistaren heriotzaren berri ematen hasten da. Liburua 1967an argitaratu zuten, justu Zabaleta zendu zen urtean, eta ez zen lan hau ikustera iritsi.
Urte hartako otsailaren 26an bertsolari txapelketa ospatu zen Errenterian, eta biharamunean Pello paseatzera atera zen. Baina iluntzean ez zen etxera itzuli. Ingurukoak hasi ziren bere bila, baina gauean zehar batere arrastorik aurkitu gabe, hurrengo goizean aurkitu zuten, pinudi batean, bizirik eta kordearekin. Buruko atake bat izan zuen Zabaletak, eta gau osoa igaro zuen mugitu ezinda, bere gorputzak garunaren aginduak obeditzen ez zituela.
Erreskatatu eta, aulki batean eserita etxera sartu behar zutenean, honakoa bota zuen: “Pizkorrak zaudete lauak, ni bezelako Olentzaro bat ezin eramanik!”. Bere koinatak galdetu zion ea hiltzeko beldurrik izan ote zuen, eta Pellok erantzun ez zuela halakorik sentitu, bere beldur bakarra euria egitea zela.
Hasieran bazirudien hobetzen ari zela, baina bigarren atake bat izan zuen hamar egunera, eta martxoaren 12an hil zen.
Bizitza
Aita, Manuel Zabaleta Etxeberria oiartzuarra, bertsolaria zen, eta hark hauspotu zuen bi semeen bertsotarako garra. Maiz askoan abesten zuten elkarrekin aita-semeek, sagardotegian, eguberrietan edota etxeko ospakizunetan.
Hara eta hona makina bat buelta egin behar izan zituen familiak, eta urte batzuen ondoren, Pello Errenterian errotu zen berriz.
Plazetan eta tabernetan gutxi jardun ziren bat-batekoan Zabaleta anaiak, eta biek ala biek hamaika bertsopaper idatzi zituzten. 1931n Juan Jose Makazagak Bertsolariya aldizkaria sortu zuen Errenterian, eta berehala jo zuen Juan eta Pellorengana. Gogotsu lagundu zioten bi anaiek. Antonio Zavalaren arabera, orduan bizi ziren bertsolarien artean ez zen haiek bezainbeste bertso argitaratu zuenik, Txirrita eta Lexo kenduta.
Urte bakarrean 54 ale kaleratu zituen Bertsolariyak, besteak beste, Zabaleta anaiek egindako lanari esker.
Bertso berriyak
1927an hogeita bi duro eskatu zizkion Pellori Errenterian bizi zen bertsolari itziartar batek, aste pare baten bueltan itzuliko zizkiola. Urtebete pasa ondoren agindutakoa bete gabe jarraitzen zuenez, Pellok bertsoak jarri zizkion, eta Makazagaren inprentan inprimitu. Makazagari bertsopaperak ondo gordetzeko aginduta eta sorta horretako bi ale hartuta itziartarrarengana joan zen Pello, taberna batera.
Pellok bertsoak erakutsi zizkion, eta besteak isil-isilik irakurri. Amaitzerakoan, honakoa galdetu zion zorretan zenak:
—(bertsopaper) Honek lagunak izango ditu!
Eta Pellok:
—Ez du lagunik, hauxe bakarra!
Orduan, itziartarrak zor ziona ordaindu, eta Pellok bi bertsopaperak txikitu zituen, honakoa esanda: “Orain kitto gaittuk”. Makazagarengana itzuli eta bertsopaperak suntsitzeko eskatu zion. Baina badirudi Makazagak ez zuela agindua erabat bete, kopia bat gorde baitzuen, eta bertsopaper hori eskuratu zuen Zavalak. Liburua kaleratzera zihoazenean, itziartarrak urte asko omen zeramatzan hila, eta, haren izenik aipatzen ez denez, sorta argitaratzea erabaki zuten.
1/
Mutill gazte bat dala mediyo
jartzera nua bertsuak,
zer klasetako arropa zauden
jakiñ dezaten batzuak;
mundu onetan edozer gauza
egiten daki gaiztuak,
ari zerade erakutsitzen
eskola kuriosuak.
2/
Egiñ diazun aziyo txarra
idukiko det goguan,
zeren lagun bat engañatzeko
zer kapritxua zenduan?
orrelakua ziñanikan zu
asko pentsatzen ez nuan,
oitura txarrak artu dituzu
luzitutzeko munduan.
3/
Egun batian etorri ziñan
beartsu baten antzian,
premi aundi bat zenukala ta
duro batzuen eskian;
borondatian eman nizkitzun
lendabiziko itzian,
andik amabost egun baño len
kobratutzeko ustian.
4/
Amabost egun oiek pasata
andikan urtebetera,
galdetu niyou umiltasunez:
“Aztuta bizi al zera?”
Aitzakiya ta gezurrarekiñ
utzí nau lengo antzera:
“Alper-alperrik juatia da
ez daukanari kentzera.”
5/
Nik bezeIaxe jakingo dezu
zenbat zenidan eskatu,
sobrante asko ez nuen baño
egiñ nizkatzun prestatu;
aiek artuta nere kontura
etzera gaizki jostatu,
nik irabazi bañan aixago
egiñ dituzu gastatu.
6/
Kantidadia bastante da ta
burla berriz geiagua,
uste al dezu jaio nitzala
sentidurik gabekua?
besterenetik txurrupatzeko
badadukazu gogua,
iduritzen zait ote daukazun
kontzientziya galdua.
7/
Txit serbitzala izandua naiz
premiyan dagonentzako,
eskarmentua sartu dirazu
nere denbora guztiko;
egiñ dirazun aziyo ori
ez det burutik utziko,
modu orretan baldiñ bazabiltz
etzera lasai biziko.
8/
Errenteriyan fama ederra
zabaldua da zuretzat,
mesede asko egintakua
etzera izango beintzat;
mingaña legun, biyotzatza falso.
ibilli dezu neretzat,
Jaungoikuaren mandamentuak
Ez dira lege orrentzat.
9/
Bere burua famatzen zuen
kontzientziya orrekiñ
asko-askorik ez daukazula
lengo batian det jakiñ;
Errenterira etorri zaitez
zaku koskor bat dirukiñ,
edo bestela aitortutzera
ez daukazula zerekiñ.
10/
Donostiyara nik egin nizun
azkenerako bisita,
Errenteriyan etzaitudala
berriz ekusko etsita;
zuregatikan notizi onik
batere ez det ikasita,
esan diate nola juan zeran
propina onak utzita.
11/
Donostiya ortan topatu eta
agindu ziran itzetik,
Errenterira etorko zala
urrengo egun beretik;
orduan ere gezurra esanta
farra egin dit atzetik,
bertso berriyak jartzen dizkitzut
sentitzen deran tokitik.
12/
Garai batian lagunak ginan,
gaur ura akordatzen zat,
sentimentuak gorde naita’re
geiegi dira batentzat;
zer esanikan ez da faltako
gaizki dabillenarentzat,
besteri egiñ diyona ori
naiko ote luke beretzat?
13/
Errenteriko naturala naiz,
bertan bizitzen naizena,
ez nuen asko pensatzen baño
sutu diazu barrena;
pikaru ori Itziarkua,
ez det esan nai izena,
ni naiz orreri mesede eginta
gaizki gelditu naizena.
14/
Zure izenik ez det esaten
nola ez baiten prezisu,
kristau leialak engañatutzen
nonbait e ikasi dezu;
bertsu oieri bueltak jartzia
iñoiz pentsatzen badezu,
kontzientziyak zer lege ditun
kontu atera beazu.
15/
Amabost bertso jarri dizkitzut
ernatu dediñ jendia,
bi urte ontan pazientziyan
ez naz egondu gabia;
neri kentzia akordatu zan
bañan aztu ematia,
orra, kristabak, zertaratu dan
gure lagun izatia.
Errenteria, 1923ko abenduaren 5ean