Pedro Mari Otañoren 'Auntza Larrera'

Pedro Mari Otañoren ‘Auntza Larrera’ –

La Baskonia, 1903ko uztaila

 

Pedro Mari Otañok makina bat bertso jarri argitaratu zuen bere garaiko prentsan, eta Zerbait (1895) eta Alkar (1904) bilduma ezagunetan jasoko zituen gero bertso hauetako asko. Bat-batekoan kasik saiorik ezagutzen ez bazaio ere bere garaiko bertsolari garrantzitsuena izan zen, eta eredu izango zen hurrengo belaunaldientzat. Bestelako generoak apenas ukitu zituen, (Artzai mutilla operaren libretoa litzateke salbuespena) eta horrek balio berezi bat ematen dio Buenos Aireseko euskal diasporak abiarazitako La Baskonia aldizkarian argitaratutako ipuin honi.

 

Pedro Mari Otañoren 'Auntza Larrera'

 

Baserri txiroko Borda bertsolaria eta auzoko baserri aberatseko Martolo maiorazgo lukurra dira protagonistak eta planteamendua sinplea da: bertsotan egiteari utzi eta baserriko lanetara serio lotzeko aholkatzen dio Martolok Bordari, hala egiten badu lagunduko duela aurrerantzean; alegia, txindurria eta txitxarraren arteko kontrakotasun klasikoaren aldaera, bertsolaria txitxarra kantariarekin alderatuz.

Bordak Martolori tabernan botatako bertsoaldi luzearekin bukatzen da, ipuina. Ahalegindu da aholkua jarraitzen, baina ez dio tristura eta nahasmendua baino ekarri. Bertsolariari txitxarraren bizitza dagokio; amuarrainak uretan behar du, usoak hodeietan, otsoak sasian, satorrak lurpean, mitxirrikak argitan eta ahuntzak larrean.

Ipuin hori argitaratu eta urte gutxira zizurkildarra bitarteko faltagatik Argentinatik Euskal Herrira itzultzeko guraria bete ezinik hil zela jakinda, badu esangurarik azken ondorio horrek.

“(…) -Buruz azkarrak zeratelarik ¡zer umeak zeraten bersolari denak! eta zenbat eta obea, ura ta umeago. Choriai jarraika dabillen umeak mandatuba berandu eguiten du beti, eta gueienean gaizki. Burua bersoz beterik dabilkin guizonak maiz izango ditu esku utsak. Zerura beguira dabillenak, sarritan eguingo du estrapozu. Ametsetako irabaziak, esnatzean ¡ario! Au, zuk, nik baño obeto dakizu, Borda. ¿Ezta eguia?

(…) Borda guizagajua, lotsaturik itzuli zan berriz ote larrera, bere artean esanaz: -¿Arrazoi otedu guizon orrek? Oraiñ erortzen naiz kontura, eguiaz, ez dedala ezagutu bersolari aberatsik; eta lengo zarrakatik ere beti entzun izan det oso pobriak zirala. ¿Ez ote zaio Jainkuari bersorik gustatzen? ¿Edo au oteda sari bat diruaren ordez ematen diguna? Biak eskatzea gueiegui litzake. Martolok dio asko dedala bersoz. Progra zagun Martoloren konsejua.”

(…) “Ez dezazula sinistu,/ bertsolaria ez da ill,/ bañan oso gaizki dabill/ Illabete ta erdi ontan/ ¡Ai, damutu zait prankotan!! -¿Zerena dezu damuba?/ -Zuk sartutako amuba/ Daukat barrenen gordia,/ aterako det ordia/ Chimista demoniño hau/ Bestela penak hilko nau”. “Zure konsejuakin/ burruka askotan,/ naspillatu naiz joan dan/ illabete ontan;/ Iñon ezin bizirik/ ez esna ez lotan;/ ni lertuko nintzake/ ez kantatzekotan”. “Itotzeko bildurrez /uzteko urari/ ¿Nola esango zaio/ arrai bizkorrari?/ ¿Ez dadilla egaatu/ uso azkarrari,/ eta issildutzeko/ errechiñolari?”.

 

Pedro Mari Otañoren ‘Auntza Larrera’