Urkaberako kantak eta konplaintak
urkaberako kantak eta konplaintak –
URKABERAKO KANTAK DIRELA ETA
JEAN ETCHEPARE DONAPALEUKOAREN KONPLAINTAK
1873-1890[1]
Cesare Beccaria Milango markes iluministak idatzitako Dei delitti e delle pene (1764) liburu ttipiak Europa osoan arrakasta handia lortu zuen, eta batez ere Frantzian ilustratu eta entziklopedisten artean. Heriotza zigorrak gizarte arazoak konpondu beharrean okertu egiten zituela, zioen. Gainera, bizitza eta heriotza Jainkoaren dohainak zirenez, zein eskubidez gizonak ausartzen ziren sartzera beren alorrak ez ziren egitekoetan?
Ia mende bat iragan zen Victor Hugok bere aldetik sorkuntza eta bestelako obretan lekukoa hartu arte, bereziki Kondenatu baten Azken Eguna eleberritxoan[2]. Parlamentuan ere saiatu zen hitz sutsuz politikariak bere ideietara erakartzen, baina, tamalez, frantses gizarteak kasu egin arte urte anitz igaro behar izan ziren, heriotza zigorraren deuseztatze osoa Robert Badinter-en eskutik 1981eko urrilaren 9an lortu baitzen. Hiru urte lehenago Espainian onartu 1978ko Konstituzioak hamabosgarren artikuluan honakoa zioen: Queda abolida la pena de muerte, salvo lo que puedan disponer las leyes penales militares para tiempos de guerra. Halaber salbuespen hori ere Código Penal Militar-etik 1995eko azaroaren 17an kendu eta ezabatu zuten.
Beraz, ikusten da Beccaria eta Hugo aitzindariak izan zirela, gizarte justuago baten borrokalari eta ameslari. Aitzindari. Haien ondorengo gizakien krimen eta zigor hunkigarrien zerrenda luzea eta ia etengabea izan da, eta tamalez, oraindik egun ere, zenbait herrialdetan zigor gorenak tinko eta bidegabeki dirau.
Zer diren konplaintak
COMPLAINTE, nigar-kantu; ― chant funèbre, hil-eresi. Honelaxeko ordainak ematen dizkigu André Tournier eta Pierre Lafitteren artean burutu frantses-euskara hiztegiak[3]. Orotariko Euskal Hiztegiak ez dakarren arren konplainta hitza jasorik, aurkezten dugun koplariak, alegia, Jean Etcheparek 1873an jadanik badarabilenez, ez dugu baztertuko.
Heriotzak eta literaturak, gauza ezaguna da, harreman zuzenak izan dituzte mendeetan zehar. Joseph Le Floch-ek[4] dioskunez mendebaldeko hirietako kaleetan zehar eta plazetan kantari ibiltzen ohi ziren bertso saltzaileak Erdi Aroko juglar berriemaileen ondorengotzat har ditzakegu. Eta kantatzearekin batera saltzen zituzten bertso-paperak era orotarikoak izan zitezkeen: gerra kantak, amodiozkoak, kantikak, noelak, santuen bizitzak, irri eta ziri egitekoak, urkamendi eta gillotinako istorioak kontatzen zituztenak…
Azken horietan arreta pixka bat paratuz ohartuko gara jada XI. mendean Codex Calixtinus-ean aipatzen zaigula Urkatuaren Miraria, zeina XIII. mendean Alfonso X.a jakitunak bere Cantigas a Nuestra Señora liburu ospetsuan jadanik jasotzen duen. XV. mendeko bukaeran moldatu zituela François Villon poetak bere epitaphe edo ballade des pendus ospetsuak eta XVI. mendean, 1587an hain zuzen, Maria Stuart hil zutenean, historialariak dioenez Parise beterik zegoela gertakizun triste hari buruzko bertso-paperez, pasquils [complaints], placcards, tombeaux et discours sur cette morte violent voloient…
Airean zebiltzan bertso-paperak zirela-eta frantsesek izen hori emango diete, hain zuzen: feuilles volantes… Espainian hedatu ohi zirenei pliegos de cordel deitzen zitzaien, eta jada XVI. mendeaz geroztik hilketak eta gertaera odoltsuak kontatzen zituztenak ere ez ziren gutxi[5]. XVIII. mendean Louis-Sébastien Mercier-ek, Pariseko kronista ospetsu batek, kale kantariei buruzko honako irudia utziko digu: Un parricide, un empoisonneur, un assasin, le lendemain, que dis-je, dès le jour même de leur supplice, enfantent des complaintes qui ont chantées dans tous les carrefours et composées par les chanteurs du Pont-Neuf.[6] Alegia, gurasoen hiltzaile baten, pozoitzale baten eta asesino baten hilketaren biharamunean edo egun berean hasiak zirela plaza eta izkina orotan Pont-Neuf-eko kantariek moldaturiko konplaintak saltzen eta kantatzen. Euskal Herrian ere ez ziren ezezagunak horrelako kantak, horixe baitio Francisque Michelek bederen, comme ailleurs, les complaintes composées dans le Pays Basque à l´occasion de crimes célèbres et du supplice de leurs auteurs sont en grand nombre[7], hots, ugariak zirela gurean ere hilketen ondoren urkamendiko edo gillotinako zigorraren okasiorako moldatzen ohi ziren bertsoak eta kantak. Horixe dio 1857an Michelek, baina tamalez ez dira asko iritsi zaizkigunak, prestatu berri dugun Urkamendiko baladak deitu edizio argitaragabe batean soilik 40 bildu ahal izan baititugu, arruntak ziren bertso haietarik.
Nor den Jean Etchepare
Hemen aurkeztuko dugun Jean Etchepare donapaleutar bertsogilearen kantu berrien multzoa ildo beretik doa. Baina nor da Jean Etchepare delako hori? Xabier Kaltzakortak[8] Jon Bilbaoren Bibliografia aipatu ondoren, bere artikuluaren amaieran honako bertsoak ematen dizkigu: DOGA BURU-PIKATÇAILIAREN CANTU BERRIAC; CANTU DOLOROSAC 1888an emanac AINGERUEKIN DAGO; eta CANTU BERRIAC 1888an emanac CRIMA LAZGARRIA.
Jean Etchepare anitz bada euskal literaturan, bederen hiru ezagunak: apaiza [9], medikua eta saiogilea (1877-1935), zeinen obrari buruz Jon Casenavek tesi eder bat borobildu zuen[10], eta gazterik hil zen ipuin idazlea (1937-1961)[11]. Eta hemen aurkezten duguna laugarren idazlea litzateke.
Donapaleuko Udalaren agiri-liburuetan arakatzen aritu naiz, eta XIX. mendeko hiru Jean Etchepare ezberdin ateratzen zaizkit. Zein ote da bertsogilea? Bada bat 1852ko urtean klasatuak direnen artean, eta hogeiren bat urte izango zituena, baina 1832ko jaiotze-agirietan ez zaiguna agertzen. Eta beranduago jaiotako beste bi Jean Etchepare ere bai. Bat 1846ko maiatzaren 30ean jaioa, Catherine Etchepare 22 urteko neskaren semea, aita ezezaguna duena, eta bestea 1847ko urtarrilaren 14an jaioa, aita-ama ezagunetarik. Azken horren gurasoak Pierre Etchepare eta Marie Etchechoury dira.
Aitak, beste askok bezala, Ameriketako bidea hartu zuen, Argentinakoa hain zuzen, eta Montserraten hil zen, Buenos Aireseko probintzian. Jean Etchepare semea 1870eko urtarrilaren 17an ezkondu zen Marie Lataillade Donapaleun (1844-III-7) jaioa eta bera baino bi urte helduagoa zen andereñoarekin.
Kontuak ateratzen baldin baditugu, hori Jean Etchepare koplaria balitz, 1847an Donapaleuko Murru etxean jaiotako primua, 1870ean Marie Latailladekin ezkondua, eta Baionako hiriko heriotza agirietan ere Jean Etchepare bat ageri zaigunez 1898an hila, bera litzateke agian. Litekeena. Kanta batean dioenari jarraikitzen badiogu Gu Ameriketan soldado ihesi Ameriketan ere egona litzateke soldaduskari ihes eginez, baina ez dirudi oso oroitzapen onik ekartzen zionik bidaia horrek. Aita hilaren, Pierre balitz, gorabeherak jakitera joana ote?
Pasaiako Udaletxeko agirietan[12] bada 1854an CHARLEMAGNE itsasontzia Montevideorako hartu zutenen errolda, eta hemen 473 pasaiarien artean ageri zaizkigu bi Jean Etchepare. Bat lukuztarra eta 17 urtekoa; eta bestea baigorriarra eta 23 urtekoa bere anaiarekin doana, hirurak laborariak. Ez dirudi, beraz, gure Jean Etchepare, koplari donapaleutarra, baigorriar hori izan daitekeenik, izen bera eraman arren.
Bestalde, 47an jaioa maçon bezala agertzen zaigu, alegia hargin, eta Jean Etchepare bertsogileak sinatzen duen arabera, ancien boulanger, ofizioz lehenik okin izan zen, beraz agian ez litzateke koplagilea bera, ez bazen bi ofizio horietan aritua bederen. Ikerketa, noski irekirik dago. Geroago bertsotan ageri dena honakoa da: 1876 […]. Etchepare, Jean. Rédacteur. Zein dira beraz, erredaktore horren lanak? Garbi dagoena da bertso-paperen jabego kontzientzia oso garbia zeukala, eta hori azpimarratzen du behin eta berriro bertsoen bukaeretan modu zehatzez: Propriété réservé de Jean Etchepare. […] Tout contrefacteur ou colporteur sera poursuivi selon la rigueur des lois. […] “vendu par les époux Etchepare”. Alegia, bere jabego erreserbatua zirela bertso-paper haiek eta kopiatzen zituenari legearen zigor astuna gainean eroriko zitzaiola. Eta salmentan laguntzen zion emaztea Marie Lataillade ote zen ? Agian.
Jean Etchepare koplariaren konplaintak
Hona ondoren zerrenda, Jon Bilbaoren bibliografiatik eta Pariseko Liburutegi Nazionaletik harturik. Ematen ditugun urteak ez dira halabeharrez gertakizun tristearen urtea, saiatu baikara gaiei buruz mintzatzerakoan zertzelada horiek argitzen, bertso-paperaren urtearena baizik:
- 1873 Complainta dolorosac Marseillaco Probentcian hamalau brigant italianouec egin dusten hamar Assassinamendu Crudelen gainian 1873an emanac[13].
- 1876 226 Passajers ithoric[14].
- 1876 Inondacione berrien gainian çombeit berçu berri guciec cantatceco emanac[15]
- 1876 La Tombelle jaun baroinaren asasinamenduaren ganian[16].
- 1876 Accione crudelen gaineco, complainta dolorosac 1876an emanac[17].
- 1882 Marseillan içan den assassinamendu baten gainian cantu berriac[18].
- 1882 Cantu berriac hamalau briganten eta hamaçaspi assassinamenduen gainian emanac[19].
- 1888 Cantu dolorosac 1888an emanac. Aïngeruekin dago![20].
- 1888 Cantu berriac 1888an emanac. Crima lazgarria![21].
- 1889 Aphez pozoindatzalea.[22].
- 1889 Botikario muthilaren asasinatzea[23].
- 1889 Aguer-Mizpirateguiren krima[24].
- 1889 Doga buru picatçailiaren cantu berriac[25]
Gehiago idatzi ote zituen Jean Etchepare donapaleutarrak? Dudarik gabe, bai, beraxek esaten baitigu Briganten jauregia… titulua daraman bertsoaren amaieran honakoa: … Complainte sur le rapte de 18 jeunes filles. Parisen laü urtheco haur bat içan da berrogoi eta hirur pusketan eçarriric. Courrier bat assassinaturik. Eman dugu heyen cantuac, cembeit egunen burian ASCAINECOAC ERE. Eta, beraz, badago ikerketa lana oraindik. Aurkitu ahal izan ditugunak hamahiru dira eta, honela, Kaltzakortak bildu hiru kantei beste hamar erantsi ahal izan dizkiegu, aski interesgarriak direnak gure ustez, eta ondoren aztertu eta emango ditugunak.
Konplainten gaiak
Bi motatako gaiak ditu tratatzen Etcheparek bere kantuetan: krimenak eta zorigaitz naturalak, hala nola itsasontzien ondoratzeak eta uholdeak. Azken horiek aurkezten hasiko gara lehenik. Esan bezala, badira bi kantu ezberdin naturak eragin zorigaitzen gainean, hau da, bat 1873an gertatu Ville du Havreren hondoratzea kontatzen diguna, lainoek eragina, non 226 pasajers ithorik bukatu zituzten beren egunak, eta bestea 1875eko inondazioneak, uholde izugarriak aipatzen dituena.
Dena den, hilketa bortitzak, asasinamenduak izanen dira bildu ahal izan dugun euskarazko corpuseko kantu gehienak, hots, hamahirutik hamaika. Eta zergatik hori? Aipatu dugu sarreran jenero beltz horren, edo urkamendiko bertsoen eta istorioen arrakasta handia dela medio, mende anitzetan zehar eta batipat XIX. mendeko bigarren partean. Etcheparek berak ere, besteak beste, frantses complainte baten aitzin solasean dioen bezala: […] A toutes les époques de la vie on a dû enregistrer les actes célèbres et criminelles […], les Mandrin, les Latour, les Troppmann à comparer aux deux scélerats, dont aujourd´hui nous faisons le sujet de notre narration? [26]
Mota horretako pertsonaiak aipatzen ditu Pio Barojak[27] ere, horrelako istorio izugarrien oso zalea baitzen, Parisen funtzionatu zuen gillotinaz mintzatzean artikulu batean. Hiltzaile mota ezberdinak dira, dena dela, ageri direnak kantu horietan. Isabel Segurak gaztelaniaz Romances Horrorosos[28] izenpean aurkeztu zuen bilduman honela sailkatu zituen zergatikakoak: a) Lapurretak, b) Pasioak eraginak, c) Perbertsioarenak, eta d) Politikazkoak.
Julio Caro Barojak badu bere aldetik entsegu gogoangarri bat[29] gaiarekin lotua, eta bilduma bat Romances de ciego izenpean[30]. Titulu horren arrazoia da Espainian erromantzeak eta liburu merkeak hedatu zituztenak itsuak zirela. Horiek prototipo bat osatu dute literaturan Tormesko Lazarilloaz geroztik. XVIII. mendean Madrileko Itsuen Anaitasunak bazeukan pribilegio bat, zeinaren arabera heriotza zigorra pairatu behar zutenen istorio labur bat jasotzen zuten Justizia Jauregitik, zeina beren elkartekoen artean banatzen zuten, hauek gogoko bazuten beren erromantzeak sor eta sal zitzaten.
Lapurren historia munduan barrena luzea da eta ia kontaezina. Euskal Herriko lapur eta bandidoena ere ez da tipia. Duela gutxi Xabier Martinek Bide lapurrak Euskal Herrian izeneko artikuluan[31], aipatzen zizkigun David Zapirain historialariak euskal bandidoei buruz moldatu liburuan[32] ageri direnen izenak eta balentriak. Lapurreta mota anitz bada, dakigunez, eta horien ondorioz gertaturiko hilketak, ugari. Lapur mota berezi bat osatzen dute ordea, lapur onek, edo bandido onek. Famatuen artean ditugu Robin Hood edo Ivanhoe, aberatsei kendu eta pobreen artean banatzen zutenak. Horietarikoa zen ere, antza denez, Juan Antonio Madariaga Patakon galdakarra (1796-…), zeinari buruz esaten zen errefrau ezagun hura: Patakon, dekoneri kendu eta eztekonari emon. Zenbait mende geroago Txitxo Baztango bandoleroa ere famatua egin zen, Elsoko apaiza izanda gero, sotana zintzilikatu eta aberatsei kentzen ziena pobreei emateko.
Errefrau zaharretan ere ageri zaizkigu ohoin eta urkatuez moldaturikoak. Hala, Igazko lapurrok aurtengoen urkatzaila (Refranes y Sentencias, 96), Urkatu baten hobian ehun gaxtagin ehorzten dira (Oihenart, 459), alegia gaxtagin baten urkatzeak beste ehun zuhurtzen dituela, edota Ohoin handiak urkaerazten ditu xipiak (Oihenart, 657). Ez zaigu ageri bilduman bandido onik. Lorrenako eta San Modinako brigantak, hiltzaileak, adibidez, bihotz gogorrak ziren, eta hilketaren zio nagusia diru lapurreta izan zutenak.
1841eko otsailaren 2an Brichquet famatua heriotzaz zigortu zutenean Donapaleun, jende multzo handi batek ikusi zuen, bere bizitza guztirako markaturik gelditu zelarik. Brixket delakoa Jean Elichalt zen deituraz, M. Larrazain Domintxainekoa hil zuena eta Paueko asisetan 1840ko azaroaren 19an kondenatu zutena heriotza zigorrera. Jean Etchecoinek[33] argitzen digunez, jende multzo handia bildu zen haren gillotinatzea ikusteko eta hiltzailea madarikatzeko, baina nola gertatzen zen ikusiz, jendeari oihu egiteko gogoa joan omen zitzaion eta begietarik malkoak isurarazten omen zizkion. Baliteke etxean behin baino gehiagotan istorio hori entzuna izatea edo bertso papera irakurria izatea eta bere bizitzarako markaturik gelditzea Etxepare.
Hamalau brigant italiarrez mintzatzen zaigun kanta dugu denboran lehena, 1873koa baita. Bertan, Lataille-ren banda deitzen zen bandido multzoak Marseillako probintzian burutu zituen hilketak eta lapurretak salatzen ditu. Hona hemen xehetasun batzuek. 1871ko maiatzaren 15ean, Mallemort-en, Martin Durance-ko guardia hil zuten. Abuztuaren 19an, Bastidonne inguruan, Oscar Loueux ganibetaz zauritu eta hil zuten erlojua, arropak eta poltsa lapurtzearren. Irailaren 2tik 3ra ganibetez hil zituzten André Garnier, Veronique Garnier, horren alaba Euphrasie, Sube anderea, Rosa iloba, Alpeetako Lurs-eko etxaldean. Urriaren 25ean, Elgeard Sautel 44 urteko mezulariari burua hautsi zioten, eta 1871ko azaroaren 4an, Meyrargues-en, Lambert alarguna, 76 urtekoa, asasinatu zuten. Jacques Ribetto bandako partaideak hildakoaren ongiak erosi zituen eta polizia atzetik jarri, eta azkenik, detenitu ondoren, bere kide guztiak salatu zituen. Batzuk betiko galeretara kondenatu zituzten, eta bai Galetto eta bai Gabarino, gillotinara (Le Petit Journal, 1872-VIII-6).
Ama kriminalez edota infantizidioez baditu Etcheparek bi kanta ondurik. Annick Tillier-ek[34] esaten digunez, ez ziren salbuespen jaioberrien hilketak. Ezkongabe, moja, adulteriogile edota alarguntsak anitz ziren gizartearen gaitzespena sufritu aitzin beren erraietako fruituak akabatzen zituztenak, eta, ondorioz, askotan, salatuak zirenean epaitegira eramanak eta batzuetan gillotinatuak ere izaten zirenak. Ama eta aita haur hiltzaileak, alegia infantizidak direnean, edota ama bere alabaz asasinaturik gertatzen denean istorioan, krimen benetan perbertsoak, naturaren kontrakoak kontatzen dituzte…
Ama alabak hila dugun kasuan, hala nola Leon-Paul Vitalis eta Maria Boyer-ek eraginean, honela laburzki gertatu omen zen. Vitalis liburu saltzaileak Maria Boyer bere andregaiaren laguntzaz 1877ko martxoaren 19an, Marseillako hirian, ostiral batez goizeko laurak eta hiru ordu laurdenetan, Marie Salat, Boyer alarguntsa, gozoki eta mertxeria denda baten jabe zena hil zuten, zatikatu eta gorde, baina gorpu laurdenkatua agertu zenean presondegira eraman zituzten. Kartzelako kaperan Bessac apaizak meza eman zuen, Vitalisek eskatu zuen berak laguntzea, baina ukatu egin zitzaion. Urkamendira igo zenean Sébastopol plazan, belaunikaturik, uxerrak heriotza epaia irakurri zion eta Garnier apaizak barkamena eman. 1877ko uztailaren 5a zen. Noski, frantsesez ere konplaintarik merezi izan zuten[35].
La Tombelle baroiaren hilketa 1873ko urriaren 16an gertatu zen bere Ampouillac-eko jauregian, Cintegabelle-n. Pierre Lasserre eta Philippe Mitron Le Vaineur zerbitzariak, lapurreta helburu, izan ziren hiltzaileak eta jauregiari su eman ziotenak. Poliziak Lasserrerena zen zurgin metro bati jarraiki jakin zuen nortzu ziren hiltzaileak. Heriotza eguna iritsi zenean, 1874ko martxoaren 5ean, Levaineur lasai dago eta ardoa eskatzen du lukainka bustitzeko; Laserrek, aldiz, oso urduri, ezin du hitzik atera. Mitronek eskaintzen zaion gurutzea besarkatzen du, aldamenean Pelletan apaiza eta Nicolas Roch borreroa dituela, lanturik gabe doa. Lasserre oihuka hasten da, Mon Dieu Seigneur! Gillotina akats batez biderdian gelditzen da, baina konpontzen dute eta, berehala, hiltzailearen izu marrasken artean, honen lepora erortzen da eta mozten. Istorio honen xehetasun gehiago irakurle zaleak aurki ditzake Armand Praviel-ek 1936an idatzitako lanean La Revue Belge-n[36].
Filipinetako hamalau brigantei buruz eta hamazazpi asasinamenduen gainean egin kantari buruz ez dugu albisterik batere ediren. Filipinetako San-Modin irla eta hiriaz, Pedro Bendarez eta Stephano Diaz brigant izugarriez, Jose Pozzol aita errukigarriaz, hamazazpi neskatxaren hiltzaileez, deus ez. Balirudike zazpi mila uharteetan galdurik gaudela. Beraz, euskarazko kantarekin konformatu beharko, bakarrik. Bertso-papera Akizen 1882an agertu zenez, gertakizunak aitzinakoak ziratekeen, noski.
Aphez pozoindatzailea bezalako istoriorik gutxi aurkituko dugu euskal literaturan. Horri buruz Lionel Dumarcet-ek idatzi du liburu aski interesgarri eta ongi dokumentatua, berriki argitaratu dena[37], zeinak adierazten duen oraindik horrelako aferek sortzen dutela interesik. Bertan ikus dezakegu nola Joseph Auriol, hogeita zortzi urteko apaiz gaztea, Ekialdeko Pirinioetako Nohèdes-eko herrixkan, maitemintzen den Alexandrine Vernet maistrarekin, eta nola elkarrekin ihes egin baino lehen lapurtzen eta pozoitzen dituen berarekin bizi ziren Maria eta Rosa Fonda ahizpak 1881. urtean. Izugarrizko eskandalua sortu zen, noski, garaian, eta betiko galeretara kondenatua izan zen. Bertso-paperean, ilustrazioetan ikusiko dugunez, apaizaren irudia ageri zaigu, La Tombelleren hilketa bertsoan bezalaxe.
Hiltzaileetarik bat badugu euskalduna, Jean Aguer Mizpirateguy, dit le Basque. Likin jaioa, Zuberoako partean, soldadutza egin eta etxera itzuli zenean badirudi, antza, ez zuela aurkitu oso harrera onik. Ondoren, badoa beste hainbeste gisa deserrira bizimodua aurkitzera. Bordelen suhiltzaile lanetan arituko da, bai eta portuko kaietan zamaketari ere. Ez dirudi beste kriminalen gisa, gaiztakeriarako berezko grinarik zeukanik Agerrek, koplariaren arabera toki guzietan Aguer konportatu da oneski, baitio. Baina emaztegai gaixoa, Juliette Andrieux, haur esperantzetan utziko du eta tronpatu eta gero hil eginen du, diru puxka batengatik, antza. Gorpua gorde ondoren badoa ihesi Espainia aldera. Poliziak Landetan aurkituko du, kartzelara eraman eta asisetan kondenatua izango da. Carnot presidente frantsesak, ―urte batzuk geroago 1894ko ekainaren 25ean Caserio anarkistak hil, eta zeinaren gainean Oxaldek bertsoak moldatu zituen[38]― heriotza zigorra barkatuko dio eta, 29 urtez, Caledonia aldean desterraturik galeretan bizi behar izango du.
Le crime de Pecq[39], edota Louis Aubert botikari mutilaren hiltzea aurkeztuko dugu, hots, Fenayrou senar-emazteen afera, non oso ospetsua izan zen[40] hilketa burges baten aitzinean aurkitzen garen. Marin Fenayrou botikaria aspalditik tronpatzen du bere andere Gabriellek botikako mutikoa den Louis Aubertekin. Hau Seine ibaian aurkituko dute itoa, berunezko hodi bati atxikia, ahoa andere orratz batez josia eta zango-besoak sokaz loturik. Adrien C. Ritchie, Galles-eko herrialdeko Unibertsitatean irakasle denak, hilketa honen inguruan Mirbeau eta Maupassant-ek idatzitako kronikak aztertzen ditu[41]. Maupassantek honela hasten du artikulu bat: Quel enseignement pour les romanciers que ce fameux drame du Pecq? Zeren ez baita senar adardun baten mendekio hutsa istorioa, guztiz arrunta litzatekeena. Barre egiten du ohiko kazetariez, eta afera desdramatizatu egin nahi du, egiaren gertuago izatearen ahaleginean, eta ondorio honetara iritsi, alegia, Gabrielle est tout simplement une femme pareille à beaucoup d´autres. Beste hamaika andere bezalakoxea omen. Mirbeauk, aldiz, bere umore beltzaren adierazteko erabiliko du gaia, eta bidenabar epaileen sistemak dauzkan kontraesanak salatzeko. Biak, dena den, bakoitzak bere erara baliatuko dira prentsaren bitartez eta gertakizun arrunt batez ariketak egiteko eta ondoren beren lan literarioetan murgiltzeko. Halaber, Jean Etcheparek moral ikaskizuna ez du ahanzten:
Senharra gillotinatu, andrie galeretan,
Oihu egiten zuten bainan alferretan,
Heiagora marraska bazen karriketan,
Gaztigu ederra da andre ezkonduetan.
Baina ez ziren benetan besteen kasuetan bezain tragikoak izan ondorioak Fenayroutarrentzat. Kausaren berrikuspenaren ondoren, forma akatsak zirela eta, Marin ez zen gillotinatua izan, Kaledonia Berriara eraman baitzuten, eta Gabrielle Clermonteko Etxe nagusian (Oise) zaindua izan zen.
Eta bukatzeko, Jean Dauga buru pikatzailearen bizitza Etcheparek bertsotan eta hitz lauz ematen diguna aurkeztuko dugu. Hau zertxobait osatu eta zuzenduko dugu. Dauga, Cazaubu (Gers) ondoko herri txiki batean jaio zen, ―Laréen, hain zuzen, bertsoak besterik dioen arren―. Gazterik hasi zen jende akabatzen, zeren 1869an jadanik bere lagun errotazain bat hil omen zuen Laréeko eiheran. Soldaduska burututakoan Vosgeak aldean kokatu zen jendarme gisa. Itzultzen da Gersera 1881ean, eta hantxe Courrèges alarguntsa mailukadaz hiltzen du. Gerseko asisak, frogarik ezean, libre uzten du (1881-X-28). Vosgeetara itzuli eta inprimatzaile lanetan hasten da, eta etengabe jende hiltzen. Hala Pernod senar-emazteak; Martin senar-emazte tapizegileak, Saint-Naborden, 1888ko martxoaren 15ean; Sulzer senar-emazte oihalgileak, 1888ko azaroaren 18an; Ferry anderea, 1889ko otsailaren 5ean; eta François alarguna, handik bi egunera. Hainbeste hilketaren ondoren, azkenean, preso hartu zuten, juzgatu eta gillotinara kondenatu. Antza denez, berak beti ukatu arren eta berarekin injustizia egiten zela aldarrikatu, maiz ibiltzen zen putetxeetan eta jokoan xahutzen osturiko diruak, diru lapurreta izan zelarik hilketen arrazoia. Heriotza zigorraren egunean 06:55ean jaiki, lasai jantzi, zigarrotxo bat erre, kafe beltza ron ttanttaz bustia edan eta lasaiki idatzi zion emazteari. Aitortu, barkazioa lortu eta komunioa ere hartu ondoren, zigorra eman zioten. Ia bakarrik hil zuten, ordea, jendetza, bi mila pertsona inguru, beste leku batean bildurik baitzegoen, hau da Hegoaldeko hilerrian[42].
Gertakizun horretaz oihartzun egin zen ere Eskalduna, Baionako astekaria, honela komentatuz Petite chronique atalaren azpian: Krimaric izigarrienac noiz nahi eginac dira Frantzian. Dauga deitzen den kriminel handi bat hiltzera kondenatua izan da aste huntan; laur presuna bazituen asasinaturic berrikitan eta lehenago ere uste dute bazuen bertze zonbait hilic. Haren prosesean yendea saldoka ibili da eta izigarri muntatua izan da asasinazalearen kontra. Presondegirat ereman dutenean populuac laurdengatu nahi zuen; lanac ukhan dituzte yandarmec gizon trichte haren zaintzen[43].
Irakurleak askietsiko zuenez horrelako istorioen gorabehera tamalgarri frantsesez faits divers deituez —telebistan hain gogoko dituztenak batzuek—, aurkez dezadan beste arlo bat.
Hizkuntza eta estiloa
Jean Etchepare Donapaleukoa denez, ez dago dudarik behenafarrera dela darabilen euskalkia. Adibidez, hotsei dagokienez hasperentasuna (h-) eta monoptongazioak (ai > i; au > u…) mantentzen ditu, hala nola: hasi niz erraten; ni ere hilen nu; haren xerbutxuak gitu estonatzen… Halaber, hiztegian hitz mailegu ugari ageri zaizkigu, idazle eta kantari herrikoia zenez, eta ez apaiz kultoa. Adibidez: akzione, asasinatu, asisa, beztitu, briganta, desordre, frauda, frontera, galerano, gara, gillotina, kantore, konplainta, krima, krudel, kuerda, mala, prefeta, preso, puñal, xefa… Jakina da, dena den, hitz zenbaitek bide luzea egiten dutela hizkuntza batean txertatu arte.
Literatura balioez mintzatzen bagara, esan behar da gutti estimatu izan ohi dituela kritikari zenbaitek poema eta kanta mota hauek, nabarmenki mespretxatuz. Caro Barojak Romances de Ciego liburuaren[44] aitzinsolas laburrean kontatzen digunez XIX. mendean Agustin Durán izan zen bere Colección de romances deitu antologian eman ziena romances vulgares delakoei leku, eta sailkatze saio bat proposatu zuena, aski zehatza. Baina hain epai ezkorra erantsi zuen, hainbeste gutxietsi zituen, ezen pentsa daitekeen ondorengo ikerlari anitzetan eraginik ukan zuela. Hots, horrelako jeneroa ez zezaketela arima eta esku garbiek uki, ikuspegi estetikotik eta moraletik areago txar eta gaizto zirelako. Iritzi horren kontra idatzi zuen Caro Barojak, herriak hain gogoko zituen erromantzeetan ez baitziren falta balio dramatiko eta gizatiarrak orokorrean, eta haien pentsamoldeak ezagutzeko apartak zirenez.
Kantu horiek, antzerki ohikoen arabera, hitzaurre moduko bertso formulario batzuekin hasten dira (Pastoraletan Lehen Pheredikiek bete ohi duten funtzio berarekin). Gero, kontakizuna edo istorioa dator, krimena edo hilketak, ―maiz gertatzen zen bezala bat baino gehiago gertatzen zirenean―, alegia ekintza. Eta azken hitzarekin (edo Azken Pheredikia) bukatzen dira, non ekintza odoltsuari darraion zigor exenplu emailea ageriko den, azpimarratuz istorioari darion ikaskizuna.
Kantu berriak deitu horiek topikoz eta formulaz josiak zeuden, eta Frédéric Chauvaud-ek[45] azpimarratzen digunez, botereak bere ideologia propioa hedatzeko eta zabaltzeko erabiltzen zituen: gizartearen natura orokorra baieztatzeko, moralaren garrantzia indartzeko, eta betidaniko Ongiaren eta Gaizkiaren arteko borrokaz aritzeko. Noski, Boterearen eta Justiziaren ekintza eredugarriak argi eta garbi uzteko. Eta horretarako heriotza zigorra, gillotina erabiliko zen Frantzian XVIII. mende bukaeraz geroztik ―heriotza zigorra goxatzearren, antza―, eta Espainian, urkamendia. Jean Michel Moreauk eta Ernest Schnaiter-ek honela pintatzen digute XIX. mendeko konplainten kantaria: ohol batera igoa, drama odoltsuaren istorioa kontatzen diolarik jendetzari. Oihal handi bat dauka aurrez aurre, lau edo sei karratutan banatua, non hilketaren une ezberdinak ageri diren. Hiltzaileak bere aizto izugarriekin zoro moduan dihardu eta biktimek begitarte izutua darakusate.
François du Sorbier[46] irakasleak Ingalaterrako biografia kriminala aurkezterakoan, beraien zabalkundea, bilakaera eta irakurleria ikertzen digu literatura ondorio hauetara iritsiz, alegia, kritikagintzan literatura klasikoaren eta herrikoiaren artean ezarri ohi diren mugak faltsuak direla eta hautsi egin behar direla, bereizketa hori azterketa sakon batek ezabatu egiten baitu. Gaizkileak produkzio idatzian XVIII. mendean, eta geroago ere bai, leku garrantzitsu eta nabarmena hartzen duela egunkarietako istorioetan, aitorpenetan, Justiziaren epai-erabakietan, hiltzaileen istorio-bildumetan eta bestetan. Nork ez du ezagutzen, adibidez, Defoeren eleberrietariko baten heroina den Moll Flanders anderea?
Jean-Pierre Seguin-ek[47] bere aldetik dioskunez, kanta horietan hainbeste aipatzen da Antzinatea eta erlijioa, eta hain da handia exenplu ematearen gogoa koplariaren baitan, ezen hilketaren istorioa kontatzeari aski leku gutxi uzten dion. Halaber, Daniel Giraudon[48], Bretainian hiltzaileen inguruan sorturiko baladak ―berrogeita hamarren bat― arakatuta, honako ondorioetara iristen da. Alegia, ikus dezakegula nola bertso-paper horiek erantzun ahal izan dioten frantsesez gutxi alfabetatua den entzule eta hartzaileari, baina bere txokotik eta bakardadetik irten eta kanpoan zer gertatzen den ere jakin nahi duenari. XIX. mendean erruz eta modu nabarmenez zabaltzen ari den prentsa, egunkari eta astekarietan elikatzen dela koplakaria. Egunerokotasunean aurkitzen dituela albisteak, batez ere krimenen ingurukoak, bai baitaki oso gogoko dituela gai tragikoak bere entzuleak. Eta, azkenik, mezuak ez direla batere iraultzaileak, kontserbadoreak baizik, aginte zibil eta erlijiosoak inposatuak, noski. Areago oraindik, gertaera tragikoak tratatzeko modu berezi horren bitartez bi sosetan saldu bere bertso-paperekin saiatu izan dela eta ahalegindu, bere neurri apalean, garaiko bortizkeria eta hilketen kontrako borrokan.
Aski indar duten esamolde patetikoak eta esklamazioak maiz ageri dira istorioetan zehar, hala nola Hirur Xefen orena izan dute gillotina!; Jujatu izan duzte gillotinatzera! Beraz, istorioaren moldatzeko formulak ugari ageri dira, eta amaitzeko kantak arrunki moraleja daraman ohiko formulaz bukatzen dira:
Kantu hok eman ditut guziek kantatzeko,
Eta partikulazki neska gaztendako,
Sujeta baita ongi exenplu hartzeko,
Aita-Amak ohora luzaz bizitzeko.
Balio horiek guztiak eta beste asko kontuan hartuta, Orixek 1927an Euzkadi aldizkarian plazaratu Los reos poetas artikuluan[49] proposatzen zuen, beti gutxietsi eta ongi ezagutu ez den tradizioa berrirakurtzea eta haien bideari jarraikitzea, berak Imozko apaizgaiaren kasuarekin egin zuen bezala Euskaldunak liburuan, ez baitziren ospatzen krimen famatuak, damu handiak baizik.
Kantak eta doinuak
Iritsi zaizkigun hamahiru kantetarik gehienak, hots, hamaika egitura honetakoak dira: 13AAAA. Beraz, lauko hamahirusilabadunak dira bertsoak. Lehena (18AAAA), eta laugarrena izan ezik (13AAA6A13A6A), beraz ez dezakegu esan arlo honetan aldaketa anitz eta ugaritasunik dagoenik, baizik eta tradizio ohikoari (Bordaxuri…) jarraikitzen diola.
Jean Baptiste Orpustan[50] ikerlariaren arabera, Borthegaray urkamendira doaneko kanta, Lambert apaiza, vulgo Belça, hiltzeagatik, 1723. urte ingurukoa litzateke, eta beraz, tradizio honen lehenetarikoa jo dezakegu. Iraultza garaian zertxobait gutxiagotzen diren arren krimen eta zorigaitzen gainean moldatu kantak, XIX. mendean berriro ugari izan dira. Pariseko Liburutegi Nazionalean, esan bezala, ehunka complainte aurki daitezke frantsesez. Horien artean, gutxi batzuk euskaraz, oso gutxi gure gogorako, baina ez horregatik zokoratu edo baztertu beharrak, esan nahi digunak, oroitzen baditugu Michelen hitzak, anitz galdu bide direla. XIX. mende hasieran, 1817an justuki, Rodez-en hil zuten Fualdès magistratua, eta haren hiltzailearen epaiketa oso kasu famatua bilakatu zen. Eta gutxienez bi konplainta moldatu ziren okasio askotan kantatu zirenak, zeren geroago moldatuko diren hainbat eta hainbat kantu berrik honako oharrak dakartzate: Sur l´Air de Fualdès, eta Sur l´air de toutes les complaintes. Alegia, Fualdèsen doinuaren arabera. Halaber Gure Herrian[51] ematen dutenean 1815eko Bordaxuriren edo Galerianoaren kantuak Nehor eta C. Dufau-k azpititulu hau ezartzen diote: Krima itsusi guzien airean.
Hona Etcheparek erabili zituen doinuak bere euskal kanta berrietan: Kriminelak bethi hatzemanak dira orotan; Aita saldu nuzu idi bat bezala; Ura eta arnua; Kantatzera niazu alegera gabe; Nahi gabe ainhitz da mundian gerthatzen; Pena dut eta dolore; Lau punduko airea. Eta XIX. mendean Frantzia guztian zehar oso arruntak[52] ziren frantses konplaintetan bezala Etcheparek besteok ematen dizkigu: Air de Fualdès; Maudite neige, tomberas-tu toujours?; Beranger à l´Academie ou T´en souviens-tu?; Laissez les roses aux rosiers; Le vin et l´eau; Mon gaillarde Eugène. Bitxia da ere nola azken aire hori, Madragueko krimenaz ari delarik, dioen zehazki: Chantée et vendue par les époux ETCHEPARE. Eta konplaintaren egilea bezala Maurin delako bat ageri da. Ez da, egia esan, oso ohikoa bertso-paperetan agertzea zein den kantaria.
Laburbiltzeko azpimarra dezagun Kantu Berri hauen bitartez, Jean Etchepare, koplari bretoiak bezala ahozko tradiziotik zenbait elementu gordez (airea, hasiera eta bukaerak), aldendu egiten dela beraietatik, eta modan zeuden gazeta idatzizko istorioetara hurbiltzen, horietan bezala kasu zenbaitetan irudiez baliatuz testuaren garrantzia, trajikotasuna indartzeko. Halaber, Etcheparek hitz lauz eta modu xume batez ematen dizkigun asasinamenduen esplikazioniak direlarik eramaten gaituzte esatera, frantsesez deitu canard istorio beltzen kontakizunetarako bidean saiotxo bat baitira, aitzindari dugula euskal literaturaren esparruan.
Urkamendiko baladen tradizioari jarraiki (Aphez Beltxa, Larralde Bordaxuri, Pierre Topet Etxahunen Luistto Irixibauren hil-eresia…) Manex Etchepareren kantuak aitzina urrats bat direla ezin uka. Eta kontuan hartzen baditugu bertso-paperen inprimalekuak (Baiona, Miarritze, Orthez, Akize, Pau, Foix…) eta euskaraz ez ezik frantsesez ere idazten zituela konplaintak, gaiztaginen kontrako bere mezua ez zen mugatu Ipar Euskal Herrira soilik, Pirinioetako beste herrialdeetan ere barreiatu bide baitzen.
[1] Honakoa Interneten irakur daitekeen ondoko artikuluaren labur-biltzea dugu: “Jean Etchepare, konplaintak (1873-1890), Revista de Lenguas y Literaturas Catalana, Gallega y Vasca, vol. 15, UNED, 2010, 171-233.
[2] Victor Hugo, 1829, Le dernier Jour d´un condamné. Paris: Gosseling et Bossanges. Itzultzaile: Juan Mari Agirreurreta, Elkar, Donostia 2010.
[3] André Tournier & Pierre Lafitte, 1954, Lexique français-basque. Bayonne: ed. Herria, 84.
[4] Joseph Le Floch, 2001, “Chanteurs de rue et complaintes judiciaires. Quelques remarques à propos des complaintes françaises”, Histoire et justicie, Panorame de la recherche. Le Temps de l´Histoire, nov. 155-168.
[5] Anónimo: “Coplas hechas sobre un caso acontecido en Yerez de la Frontera de un hombre que mató a 22 personas.”, s. XVI. Ik: Carolina Lecoq, 1988, “Los pliegos de cordel” en las bibliotecas de Paris. Madrid: Printing Books, s.a., 72.
[6] Tableau de Paris, 1788. (Paris: Horizons de France, 1947, 156.)
[7] Francisque Michel, 1857, Le Pays Basque… Paris : F. Didot, 423.
[8] Xabier Kaltzakorta, 2000-2, “Jean Etchepareren cantu dolorosac”, KARMEL, Bilbao 35-55.
[9] Tierceren escu-liburua, Baiona, E. Lasserre, 1862.
[10] Jon Casenave, 2002, De l´article de presse à l´essai littéraire, Buruchkak (1910) de Jean Etchepare. UNED ediciones, Madrid.
[11] Jean Etchepare, 1961, Mendekoste gereziak eta beste. Goiztiri.
[12] Pasaiako Udaletxeko agirietan 1750-1, zenbakia duena.
[13] Cour d´Assises des Bouches-du-Rhône. Complainta dolorosac Marsellaco Probentcian hamalau brigant italianouec egin dusten hamar Assassinamendu crudelen gainian 1873an emanac. Airia: Kriminelak bethi hatcemanac dira orotan. Orthez: J. Goude-Dumesnil, 1873. Euskaltzaindiko liburutegia, Georges Lacomberen artxiboa, 554. zkia.
[14] Complainte sur l’épouvantable naufrage de “la Ville du Havre” Le navire français percé par le navire anglais 226 PASSAYERS ITHORIC. Lau Penduco Airia. Jean Etchepare. Pau: Impr. nouvelle, (1876). Bibliothèque Nationale de France (Aurrerantzean BNF), YO-2 (Microfiche).
[15] BNF, YO- 1.
[16] BNF, YO-2 (Microfiche)
[17] BNF, YO- 1.
[18] BNF, RES ATLAS Z 52 (A,2,3).
[19] BNF, RES ATLAS Z 52 (A,2,3)
[20] BNF, FCB, MS, nº 29, f. 12. Euskaltzaindiko Liburutegia. Lacomberen artxiboa, 554. zkia.
[21] Euskaltzaindiko Liburutegia. Lacomberen artxiboa, 554. zkia.
[22] BNF, Fol. WZ 700. Don Bibliothèque Mazarine 9476.
[23] BNF, Fol. WZ 700. Don Bibliothèque Mazarine 9476..
[24] BNF, Fol. WZ 700. Don Bibliothèque Mazarine 9476..
[25] BNF, GR FOL LN16 14.
[26] BNF, 8Fm 2148.
[27] “Hablo de Lacenaire, Papavoine, Tropmann, Lelier y Barre, Marchandou, Pransini, Prado y Landru. Les cuento cómo Lacenaire hacía versos…”, José-Carlos Mainer (ed.), 1999, “La guillotina en París”, Pio Baroja. Obra dispersa y epistolaria. Obras completas, XVI. Barcelona: Círculo de lectores, 1351-1356.
[28] Isabel Segura (ed.), 1984, Romances horrorosos. Selección de romances de ciego que dan cuenta de crímenes verídicos, atrocidades y otras miserias humanas. Barcelona: Alta fulla, ix.
[29] Julio Caro Baroja, 1969, Ensayo sobre la literatura de cordel. Madrid: Revista de Occidente.
[30] Julio Caro Baroja (ed.), 1996, Romances de ciego. Madrid: Taurus.
[31] Berria, 2009ko azaroaren 20 a.
[32] David Zapirain, 2009, Bandoleros vascos. Tarttalo.
[33] Jean Etchecoin, 1933, “La prison de Saint-Palais”, Bulletin de la société des sciences, lettres et arts de Bayonne, 353.
[34] “Au XIXe siècle, les meurtres de nouveau-nés ne sont pas exceptionnels. Célibataires, adultères ou veuves, des milliers de femmes ont été jugées pour ce crime en France. Les archives judiciaires permettent de cerner au plus près les circonstances de leur acte.” Annick Tillier, 2003, “Infanticide: le procès des mères criminelles”, L´HISTOIRE, nº 282-12.
[35] Complainte de Vitalis et Maria Boyer. Une femme coupée en morceaux. Assassinat et parricide. Marseille. Imp. Bernas 1877. BNF, YE -7183.
[36] Arnaud Praviel, 1936, “La mort misterieuse du Baron de la Tombelle”, LA REVUE BELGE, 289-323.
[37] Lionel Dumarcet, 2006, Grands Procès. L´Affaire Abbé Auriol. Les faits, les protagonistes, l´enquête, le procès, les rebondissements et les nouvelles hypothèses. Paris, De Vecchi.
[38] Joanes Oxalde, “CARNOT PRESIDENTAREN HERIOTZEA EKHAINAREN 24AN 1894AN. “Bayonne, Imprimerie Lamaignère, rue Jacques Lafitte, 9. “acheté à Saint-Jean de Luz le 28 7bre 1894” (Anton Abbadiaren hitzak eskuz idatziak). BNF, Recueil de pièces de poésie basque. Z-71.
[39] André Camps, “Le crime du Pecq”, Gazette Agricole, Paris, 1882-VI-18;
[40] Albert Bataille, 1882, “Affaire Fenayrou”, Causes criminelles et mondaines. Paris: E. Dentu, 206-292.
[41] Adrian C. Ritchie, “Mirbeau et Maupassant: Deux chroniques sur “Le crime du Pecq” (1882)”. Cahiers Octave Mirbeau, n°13, mars 2006, 195-196.
[42] http: // site. Voila.fr/guillotine…
[43] Eskualduna, Baiona, 1889-XII-6.
[44] Julio Caro Baroja (ed.) 1996, Romances de ciego. Madrid, Taurus, 14.
[45] Joseph, Le Floc´h, aip. art., 101.
[46] Françoise du Sorbier, 1986, “La biographie criminelle anglaise”, Dix-huitième siècle. Littératures populaires. Paris: PU, 167.
[47] Jean-Pierre Seguin, 2000, “·Canards”: une succession ouverte”, La Bibliothèque bleue & les littératures de colportage. Ed. Thierry Delcourt & Elisabeth Parinet, Paris: École de chartes, 185-193.
[48] Daniel Giraudon, 2000, “Complaintes criminelles sur feuilles volantes au XIXe siècle en Basse-Bretagne”, Violence et société en Bretagne et dans les pays celtiques. Ed. Jean-Yves Carluer, Brest: Centre de Recherche Bretonne et Celtique, 169-198.
[49] Euzkadi, 1927-V-27.
[50] Jean Baptiste Orpustan, 2002, “La chanson de Borthagaray «Urzaiz», La vallée d’Ossés en Basse-Navarre. Orzaizeko Ibarra. Bidarray, Ossés, Saint-Martin-d’Arrossa. Baigorri: Ed. Izpegi, 265-273.
[51] GURE HERRIA, Baiona, 1922, 20.
[52] Hona adibide bat: “Chant funèbre sur la mort du Duc D´Orléans, prince royal”, Air: Maudite neige, tomberas-tu toujours ?, Ach Eyraud, Histoire de Son Altesse Royal e Monseigneur le Duc D´orléans racontées aux enfants. Dupin, Paris, 1850, 11.