Oportora motozikletan

Beñat Ugartetxea-(r)en argazkia Beñat Ugartetxea 2015-10-22

Oportora motozikletan –

Oportora motozikletan

Aurtengo oporretan, era berezian pasatu dugu astebete zortzi lagunek, motobizikletan, Oportora joan eta etorriko bidaian.

Ideia ez dakit nori otu zitzaion, baina maiatz aldera komentatu zidatenean, “neu be banajoiek!”, erantzun nien.

Hasierako asmoa, Marbellara joatea zen motor txiki horiekin. Han, kotxe garestien ondoan aparkatu, eta hondartzan bainu bat hartzea.

Baina dena prestatzen hasteko lehenengo batzarrean, ibilbidea eta ideia aldatu genituen: “Hoba dok motorrin jun eta bueltau!”

Hala, Oportorako joan-etorria pentsatu genuen.

Artean, bost edo sei lagunek, oraindik ez geneukan motobizikletarik, eta lehenengo lana, erostea izan zen. Ez zen lan erraza izan inorentzat, gaur egun matrikula behar baitute, eta, zer garaitako motorrak diren kontuan hartuta, matrikulatuak topatzea zen gaitzena. Gaitzena, prezio egoki batean.

Internet bidez bigarren eskuko orrialde gehienak astindu genituen eta, batzuk merkeago beste batzuk garestiago… topatu genituen behar beste.

Bigarren batzarrerako, batzuek ibilbidea zehaztuta ekarri zuten, eta beste batzuek, zer eraman.

Batzar horretan erabaki genuen data. Noiz irten eta noiz heldu, eta nondik norako guztiak.

Arau garrantzitsu bat ere ezarri zen: motobizikletan doanak bibotea eraman behar du!

Bagenekienez, matxura faltarik ez zela izango, errekanbioak eramateko, orotarako bat eta erremolke bat ere lotu genituen bidaiarako.

Irteera bezperan, goraino bete genuen erremolkea: hiru motobizikleta zahar, errekanbio piloa, erremintak, oihal dendak, eta bakoitzak bere maletatxoa.

Guztira zortzi lagun elkartu ginen, bat azken orduan, (biboterik gabe, orotarakoaren gidariaren pare).

San Roke eguna izan zen irteera eguna, abuztuaren 16a. Mallabitik irten ginen, bertan jaiak zirela aprobetxatuz.

1. ETAPA (Mallabia – Castriciones. 110 km).
Enrike Mugarza handiak irteera ofiziala eman ondoren —lehenengo, berak gazta bat eman zigun, eta guk, propio okasiorako ateratako kamiseta bat—, abiatu ginen herriko plazatik behetik gora.

Lehenengo geldialdia gasolindegian egin genuen, irteeratik 10 km-ra. Makinak bete, eta aurrera. Ez luzaroan, 6 km geroago, lehenengo matxura. Jon lagunari, ke-tutua askatu eta bide erdira erori zitzaion, Iurretako bide transitatuan. Karabana dexentea sortu, baztertu eta konpondu. 10 minutuan, berriz ere martxan.

Zornotzan bigarren matxura, Gorkaren motorra puzka hasi zen, txiklerra garbitu eta aurrera.

Lemoan, hirugarren matxura. Kasu honetan Ibanen motorrarena. Beste 10 minutu.

Hortik aurrera, lehenengo tabernan, geldialdia, Miraballes inguruan, geuk ere gasolina behar baikenuen. Beste geldialdi bat, EH eta Burgoseko mugan, eta iritsi ginen lehen helmugara.

Esan beharrrean nago, etapa honetan Patxi bidaide izan genuela bere BMW moto handiarekin, eta bigarren egunean gauza bera.

Afaria prestatu, kontu edarrak esan eta batzuk lotara, eta beste batzuk, neu tartean, sukaldean orujoa edanez, mundua konpontzera.

Halako batean lotara.

2. ETAPA (Castriciones – Lastras de Cuellar.)
Goiz jaiki, gauzak prestatu eta 09:00etarako, martxan.

09:30ean, lehenengo geldialdia Cascada Pedrosan. Putzu ikusgarrian bainu bat hartu, ajea kentzeko, eta aurrera.

Oñara iristean, bidaia alaitzeko, harrizko bide batetik sartzea erabaki genuen, eta 20 km inguru bertatik egin, motor zaharrok eta pilotuak proban jarriz.

Ondoren, Burgos hiriburura heldu, supermerkatu handi batean erosketak egin, eta, ondoko herritxo batean, arbolapean, atseden hartu eta tripa bete genuen. Horren ostean, Patxik etxerako bidea hartu zuen, lanak ez baitu barkatzen!

Aurrera jarraituz, Peñafiel inguruan, berriz ere Jonen motorrak matxura izan zuen. Oraingoan, enbrageko bola bat irten zitzaion, eta hori konpontzeak denbora dexente eraman zigun.

Arazoak arazo, 20:00etarako bigarren helmugara heldu ginen. Bertan Mikelen sendia zain geneukan.

Herritik kilometro pare batera dagoen kanpinean gauzak prest utzi, eta Mikelen sendiarekin, euren txokoan afaltzera.

Afaldu eta, afalostean, ustekabeko parranda atera zen. Tokiko batzuen lagun egin, bodegaz bodega ibili, eta itxita zegoen taberna bat ere zabaldu zigun nagusiak. Hortik aurrerakoak geuk jakinda nahiko!

3. ETAPA (Lastras de Cuellar – Alberca 299 km)
Egun nahiko gogorra gertatu zitzaigun, motobizikletarik zaharrenak, Dadiden Mobillette av 88ak, pott egin zigun. Salamankako El Mirador herrian 3 ordu eman genituen konpondu nahian, baina alferrik. Azkenean, karrotik beste motobizikleta zahar bat atera eta, martxan jarraitu genuen. Gauez gidatu behar izan genuen, baina bai gozatu ere. Iluntasunean azkarrago gindoazen sentsazioa baikeneukan. Goizaldean, 02:00etan, basoaren erdian ohial dendak jarri, eta lotara.

4. ETAPA (Alberca – Oporto 410 km)

Denetan etaparik luzeena, baina baita politena ere. Goizean jaiki eta nahikoa izan zen batek esatea: “Etxak potroik Oportoraiño juteko!”.

Paraje eder haietatik irten eta maldan behera abiatu ginen Portugalgo mugaraino.

Auskalo zer herri zen! Jjj

Bidea azkarrago egin nahian, Manu, orotarakoa eta karroarekin, aurretik bidali genuen, bazkaria presta zezan. Baina, usteak erdi ustel, bide gurutze batean oker hartu, eta elkar bilatu ezin. Halako batean, 15 km atzerantz egin eta elkartu ginen. Prestatutako paella ez zegoen puntuan, baina bai ederra!

Atseden txiki bat eta, berriro ere, sua!

Motobizikletak ondo portatu ziren, baina generaman mapa ez zen egokiena, eta hamaika komeria izan genituen auzo bideetatik Oportora heltzeko.

Moto gainean 10 ordu t’erdi egin ostean heldu ginen Oportora. Handik 30 km-ra bizi zen Manu lagunari deitu eta, furgoneta eta beste karro batekin agertu zen gure bila. 11:00ak aldera heldu ginen Manuren etxera, Viana de Castelora, eta etxekoengana.

Dutxatu, eta afaltzera!

Afal ostean, batzuek ia egunerokoa; jiji eta jaja asko, baina jo… Jo hurrengo egunean, edan genuenak, buruan.

5. ETAPA (Viana de Castelo – Villa Real 150 km)

Goizean jaiki, gosaldu eta matxuratuta zeuden motobizikletak tailer mekaniko batera eraman genituen konpontzera.

Goiz ia osoa bertan pasatu ostean, Manuk esan zigun bazela han argazki dotore bat ateratzeko toki bat. Herriaren gainaldean, haize errotak zeuden begiratoki eder bat. Bertara joan, argazkia atera eta zera… trago bat hartzera sartu ginen haize errota haietako batera, taberna baitzen.

Garagardo bat, beste bat, beste bat… motoan ibiltzeko gogoa ere, kendu!

Berriz Manuren etxera, bazkaltzera.

Bazkal ostean, begiak gorri, bihotzak dantzan… baina geure bideari ekin genion berriz.

Arazo handiegirik gabe heldu ginen Vila Realera. Baina han, afaltzeko taberna baterantz gindoazela, nire motoa erdibitu egin zen. Baztar batean laga, eta afaltzera.

Afari mehe bat jan, sartu motoa karroan eta Manuren kopilotu bihurturik, baso batean hartu genuen ostatu. Gau hartan ere, parrandarik ez!

6. ETAPA (Vila Real – Fermoselle 160 km )

Goizean jaiki, nik motobizikleta aldatu, eta, egurra!

Hau izan zen etaparik gogorrena motoentzat eta orotarakoarentzat.

1.000 metrotik gorako hainbat portu igo genituen, eta motoak pott eta pott hasi ziren.

Zorionez, portugaldar jende jatorrarekin egin genuen topo, eta, zelabait, beti aurrera.

Matxura batean, gainera, Euskal Herrian lanean diharduen batekin topo egin eta, berak egiten zuen ardotik dexente edateko aukera izan genuen, animoak igo eta beroari aurre egiteko!

Etapa erdi aldera edo, erreka batean, bainu ederra hartu genuen, baina akabo gure erlaxatzeak. Erreka hartatik irten —Espainiako mugatik 40 km-ra edo, gutxi gorabehera—, hurrengo portua igotzen hasi, eta orotarakoari aldagailuaren kutxa, kaja kanbiosa, matxuratu zitzaion! Laugarren martxan geratu zen! Maierrek, Manuren semeak kotxea hartu, Manuk motoa, eta han joan ginen motoak aurretik eta orotarakoa atzetik, ahal zen bezala, Espainiako lurretara, biribilguneetan kotxeak geldiaraziz, gure orotarakoa gelditu ez zedin. Jjjj!

Muga pasatu eta 15 km-ra geneukan Gorkaren sendia zain, Fermosellen. Baina hara heldu baino lehen, euria hasi zen eta, gainera, Ivanen motorra matxuratu. Bultzaka eta gorputzak hotzituta heldu ginen helmugara!

Dutxa, eta afaltzera, Gorkaren sendiarekin.

Elorrioko Peru lagunari deitu genion, eta mutil ona izaki, beste kotxe bat hartu eta guregana etorri zen gauerdi alderako.

Afal ostean, herriko jaiak zirela aprobetxatuz, parranda!

Eguna bezain luzea izan zen gaua batzuentzat. JJJ!

7. ETAPA (Fermoselle – Briviesca 310 km)

Egun luze eta gogorra.

Aurreko eguneko ajea pasatu gabe, goizean lo gutxi egin ostean, garabiaren zain geundela, orotarakoa etxeratzeko, bertako jaietako zezen korrida ikusi genuen.

Ondoren, garabi kontuak bukatu eta 12:30 aldera irten ginen, Oraciotarrak agurtu ondoren.

Bigarren kilometroan, lehenengo geldialdi behartua. Berriz ere Dabidi, gasolina mangera askatu zaio, eta hura erreparatu behar.

Berriz martxan jarri eta, 20 km geroago, Joni, kasu honetan Maierren motorrarekin zihoala, ke tutua askatu zitzaion, eta berriz gelditu beharra.

Arazotxo horiek behin konponduta, Palentziako bide zuzen eta aspergarrietatik jarraitu genuen, bazkaltzeko geratu arte.

Bazkaldu, martxan hasi eta euriaren mehatxuarekin egin genuen topo, baina lau tanta besterik ez ziren izan.

Derrigorrezko geldialdiak egin genituen pare bat aldiz: gasolina bota, kafetxoren bat hartu… Hala, ilunarekin batera, Peruri aurreko gurpila apurtu zitzaion, eta motoa aldatu behar izan zuen.

Behin ilunduta, berriz ere Peruk zorte txarra izan zuen: gurpil zulatua.

Motobizikleta, erremolkera, eta bera, kotxe barrura.

Motoetan lau lagunek jarraitzen genuen soilik, eta euria ere lagun izan genuen azkenengo ordubetean.

Euripean, baina, eguneko tramorik politenak bizi izan genituen. Eta zortzi ordu moto gainean pasatu ondoren, geldirik beste hiru bai, heldu ginen Briviescara. Han, Iban laguna geneukan zain, eta bere etxe zahar erdi abandonatu batean lotarako gauzak prestatu, dutxa bat hartu, eta afaltzera eraman gintuen, bere beste lagun birekin.

Pare bat trago kalean, eta lotara.

 

8. ETAPA (Briviesca – Mallabia 180 km)

Goizean, 08:00ak aldean jaiki eta azkenengo aldiz tolestu genituen maletak.

Aurpegietan nekea eta pena pixka bat nahastean, motoak prestatu ostean, gosaltzera joan ginen taberna batera.

Ondoren, Ibanen lonja batean, han gordeta zeukan moto zahar piloa ikusi, baten bat erosten ahalegindu alferrik, eta irten ginen Briviescatik, bigarren mailako bideetan zehar. Behin Euskal Herrira helduta, etxean sentitzen ginen.

Errepideak ere ongi ezagutzen genituen gehienok, eta lasterketa txikiak ere sortu ziren gure artean, Arabako herrixketatik zehar Urkiolara heldu arte.

Arraroa, baina moto guztiak ondo portatu ziren, gasolina bota eta aurrera.

Urkiolan bazkaldu eta etxerako bidea hartu genuen.

Durangon agurtu, eta Zornotzarako bidea bakarrik egin nuen.

Besteak Mallabira itzuli ziren.

 

Beñat Ugartetxea

Bertsolaria

Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan  Oportora motozikletan