Olerkigintza lehentasun

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2024-12-31

Olerkigintza lehentasun –

Olerkigintza lehentasun
1930. Errenteria. Lehen Olerti Eguna. Aitzolek antolatutako lehenengoa. Lizardi eta Orixe ikus daitezke eskaileretan. Iturria: Kutxateka.

Lekuonak honela deskribatzen du lehen garai batean tolosarra hartu zuen obsesioa:

“Olerkia. Olerkia… Ura izan zan aldi artan gure Aitzol’en ametsa ta apeta euskal-problematikari buruz. Olerkiak, Olerkariak salbatu bear zuten Euskalerria. Olerkariak zutitu bear zituan euskaldunak, Olerkiak esnaerazi Euskalerria. […] Schiller bat, Goethe bat bear genduan. Poema ‘nacionala’ egingo zuan Poeta aundi bat.” (M. Lekuona, 1985: 11)

1930ean Euskaltzaleak Elkartearen buruzagitza hartu berria zuen Aitzolez ari da Lekuona. Urte horietan egunkarietan argitaratutako artikuluetan Europako kultur komunitate gutxiagotuen baitan izandako pizkunde prozesuekiko interesa eta ezagutza ona erakusten zituen eta alor honetan olerkigintzak pizkundearen abangoardian jokatu ohi zuen funtzioa azpimarratzen zuen. Halaber, urte haietan, mugimendu abertzalearen indarrak hauspotuta, euskarazko literatura lehen pausu batzuk ematen hasia zen: “El nacionalismo fija como objetivo la emulación de las naciones dotadas de un estado […] la reunificación en un solo proyecto cultural y político de las dos almas, la vasca y la universal. A partir de ahí […] las obras hablarán en euskara.” (Apalategi, 2013: 620)

Proiektuaren ginga gisa Orixek ‘Euskaldunak’ poemaren idazketari ekin zion euskal alegoria nazionala eratu nahian. Aitzolen aginduz ari zen, eta agindu horrek Fréderick Mistralen ‘Mireio’ zuen eredu. Honek 1904ean Nobel saria jaso zuen, Aitzolek gaztetan irakurria zuen bere lana, eta 1930ean Mistralen jaiotzaren urteurrena zela burutu ziren ospakizunen berri izatean eman zion enkargua. Hainbat artikulutan azpimarratu zuen Proventzari ‘Mireio’k egindako ekarpena, eta itzulpena eginarazi ondoren jarri zuen ildo horretan lanean orexarra.

Egindako urrats horiek belaunaldi oso baten proiektuan txertatzen ziren, eta Lizardiren 1927-1930 epeko artikuluetan ere irakur daitezke poema nazionalaren inguruko gogoetak. Euskaltzaleaken buruzagitzan Aitzol sartu zenean, ordea, epe laburragoko emaitzak bilatzen zituen bulkada nabaritu zen: “Lizardik literaturari autonomia bat aitortzen dio eta kulturaren bilakabidean izan lezakeen indar eragileaz epe luzerako proiektuak ditu. Belaunaldiak behar direla deritzo. Aitzolek aldiz, epe laburrean fruituak ikus daitezkeelakoan, literatura indar bizkorreko gizarte eragiletzat hartzen du” (Otaegi, 1993: 69).

Olerkigintza lehentasun  Olerkigintza lehentasun