Oihartzuna are ozenagoa

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-22

Oihartzuna are ozenagoa –

Bigarren Bertsolari Gudua ere Euskaltzaleak elkarteak eta Euzko Gaztedik antolatu zuten elkarlanean. Aurrekoa erdi inprobisatua izan zen, hilabete eskasean atondua, eta oraingoan antolakuntza maila hobea ikusiko da. Horrela, nobedade nagusia Tolosan (1935/XII/29), Azpeitian (1936/I/01), eta Elizondon (1936/I/21) egindako kanporaketak izan ziren. Hogeita hamar bertsolarik hartu zuten parte haietan, gipuzkoar, nafar eta lapurtarren artean. Tolosakoa Txirritak irabazi zuen, Azpeitikoa Zepaik eta Elizondokoa Joanes Iriartek. Basarrik ez zuen txapelketan parte hartu, aurreko garaileak ez zuela parte hartuko ezartzen baitzuen araudiak, eta epaimahaiko izan zen. Aitzol eta Zubimendi ere epaile aritu ziren kanporaketa guztietan, Zubimendi aurkezle ere bai, eta Isak Lopez de Mendizabal, Enrike Zubiri Manezaundi eta Fermin Irigarai Larreko gisako kultur gizon eta jeltzale ezagunak ere aritu ziren epaitzen kanporaketaren batean.

Oihartzuna are ozenagoa
1936-1-19. 1936ko Bertso Guduko finalistak. Atzean, ezkerretik hasita Txapel, Saiburu, Zepai eta Manuel Olaizola Uztapide. Behean Mixel Dargaitz (1892, Sara-1965 Akize), Joanes Harriet Premudo (1899, Aldude-1972), Txirrita, Joanes Iriart edo Ibarra (Banka) eta Jose Inazio Etxeberria Merdillegi (1906, Andoain-1937). Argazkilaria Velasco. Iturria: Sendoa.

Finala Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zen, urtarrilaren 20an, bederatzi bertsolarirekin. Epaimahaiko Aitzol, Altzaga, Lekuona, Olaizola, Leizaola eta Basarri aritu ziren. Azken horrek egun berean amaginarreba hil zitzaion Zubimendi ordezkatu behar izan zuen aurkezle gisa.

Txirritak aurreko urteko jarrera berari eutsi zion. Sabino Aranari buruzkoak adierazgarri:

“(…) gaia ‘Kristoren jaiotza eta gabon ohiturak izaki, Moxo-k hasi eta buka Sabino Arana goraipatu zuen sutsuki, eta “zeruan egongo zela” esanez amaitu zuen. Txirritaren txanda etorri zenean, honek zera bota: bera bazkaltzen ari zela zeruan sentitu zela baina han Sabino Aranarik ez zuela ikusi!” (Lasa, 2008: 593).

Oraingoan, ordea, garaile atera zen, 75 urterekin, txapelketen historiako txapeldun zaharrena izango delarik betirako.

Txapelketa hartatik gerora gehien gogoratu izan diren bertsoak ere berarenak izan ziren, batez ere, “Gerra” gaitzat jarrita abestu zuen hau: “Zenbat errezo egin izan det/ nere denboran elizan,/ ta pozik nago ikusirik/ pakian nola gabiltzan/ Ni naizen bezin kobarderikan/ iñor ezin leike izan/ semeak gerra ez joateatik/ mutilzahar gelditu nitzan”. “Nos imaginamos la reacción del público: Txirrita no era conocido precisamente como frecuentador de iglesias, y había cantado muchas veces sus fracasos amorosos de forma jocosa, prometiendo organizar una corrida de toros con Machaquito y Bombita el día de su boda…” dio Garziak (2000a: 433); “Hara ‘txirritakada’ osoa, bete-betekoa” Zubimendik (2002: 122).

El Díak euskaraz, “Bertsolari eguna zala-ta jayen edertasun arrigarrizkoa” nahiz “Eguneko xaltxa”, eta erdaraz, “El II Día del Bertsolari centenares de euskaltzales rindieron homenaje a los poetas populares de la raza” nahiz “A manera de prólogo”, lau aldiz ekarri zuen bere lehen orrira. Argiak ere eskaini zion lehen orria, “II Bertsolari eguna. Victoria Eugenia Antzokia bete-betea zala egin zituzten bertsolariak beren saioak” izenburua zeraman albiste nagusi gisa. Eta Diario de Navarrak ere Txirritaren soslai txiki bat eraman zuen azalera, egun batzuk geroago izan bazen ere.

Txapelketari buruz argitaratu zirenak 1935ekoak baino gehiago izan ziren, 46 testu beharrean 55. Hazkunde horren atzean kanporaketei eskainitako testuak (lau pieza) leudeke batetik, eta txapeldunari egindako omenaldiari buruzkoak (zortzi) bestetik. Azpimarratzeko modukoa da, baita ere, Aitzolen El Día egunkariak eginiko ahalegina, bere estaldura Argiak eskainitakoaren parera bait zen. Zentzu horretan Manezaundiren hitzek erakusten dute bertsolaritzaren dimentsio mediatikoa medioen arteko lehiara iristen hasia zela: “[Txapelketako kanporaketei buruz ari da] Orai artio LA VOZ DE NAVARRAk ez du hitzik ere aiphatu hortaz. Donostiako «El Día» bi aste badu ori dela mintzatzen egun guziz, eta guk, hemen, ezpainak yosiak ditugu, den gutieneko axolarik gabe, iduriz […]  (La Voz de Navarra, 1936/I/10, ‘Nahas-mahas’. Zubiri, Enrike Manezaundi).

Oihartzuna are ozenagoa
Manuel Olaizola Uztapide (1909, Zestoa-1983, Oiartzun). Argazkilaria Velasco. Iturria: Sendoa.

Eman zen aldaketaren tamaina Txirritaren ibilbideak izandako arreta mediatikoak ematen digu. Aguretuta iritsi zen txapelketa hauetara, ibilbide luze bat eginda, baina, ibilbide honek herri xehearengan arrasto sakona utzia bazuen ere, prentsan ez dira pare bat testu esanguratsu baino topatu ahal: 1916an Diario de Navarran berak jarritako bertso batzuk zirela eta egin zioten epaiketaz eskaintzen duen kronika eta 1926an La Voz egunkarian Luis Antonio de Vegak sinatzen duen pasarte luzea, Txirrita gazte samar bat protagonistatzat duena. Hortik aurrera aipamen soilak baino ez.

Argazki batzuk bai iritsi zaizkigu, 1935 eta 1936 urteetako txapelketetakoak baino zaharragoak eta oso interesgarriak[1]. Baina, gainerakoan, txapelketa horietan erreparatu zion prentsak benetan lehen aldiz Txirritari; bere bizitzaren azken hondarretan, gerora bere mitoak dimentsio mediatiko nabarmena garatuko duen arren. 


[1] Lehenengoa Malagako astekari grafiko batek argitaratu zuen, La Unión Ilustradak, 1930/X/05 datarekin, eta “Eibar” izenburua zuen fotoalbiste gisa. Txirrita eta beraren lehengusu eta bertsokide Juan Jose Lujanbio Saiburu ageri dira aulki banatan eserita. Blusa beltzarekin, bastoiarekin eta bere kiloekin ageri da hernaniarra, eta testuak honela dio: “El arte popular de los ‘versolaris’ tiene una magnífica representación en ‘Chirrita’ y ‘Zaiburu’, que conservan puras las tradiciones vascas”.

Hurrengoak Madrilgo Estampa astekari kulturalak argitaratuko zituen 1931ko abenduak 12an. J.E. Muñagorrik sinatzen duen testuak “Las festivas improvisaciones de los ‘bersolaris’” darama izenburutzat, eta bertsolarien zazpi argazki dakartza. Indalezio Ojanguren (1887-1972) argazkilari eibartarrak ateratakoak dira guztiak, Argiako argazkilari gisa ibilitakoa, eta hirutan ageri da Txirrita: Unión Ilustradakoa da bat, bigarrenean Kepa Enbeita eta Saibururekin ageri da, eta hirugarrenean Goiburu eta Olegariorekin batera lurrean eserita eta jendez inguratuta. Azken honek 1915eko data du eta nabari zaio, hernaniarra gaurdaino iritsi diren gainerako argazkietan baino dezente arinago zegoela ikusten baita. Deigarria suertatzen da baita Txirrita eta Saibururen argazki-oinean irakur daitekeena: “El mejor ‘bersolari’ de la actualidad, Chirrita, y su rival Lujambio […]”.

Oihartzuna are ozenagoa  Oihartzuna are ozenagoa  Oihartzuna are ozenagoa  Oihartzuna are ozenagoa  Oihartzuna are ozenagoa