Oholtza, oholtzari ertzak zabaltzen
Oholtza, oholtzari ertzak zabaltzen –
Bertsolariak hitzak zizelkatzen ditu; esan liteke, ahozko eskulturak egiten dizkiola haizeari. Bertsolarioi behin baino gehiagotan aurpegiratu digute oholtzan estatuak ematen dugula. Hain zuzen, estatuatik eskulturarako tartea gurutzatzera darama bertsolaria Beñat Krolem artista eta ikerlariak: bat-bateko eskulturak sortzen ditu, bertsolariok horietatik inprobisa dezagun
Bertsoa, oinarri oinarrian, hitz abestua da (neurrigabea neurtuan, eta errimatua normalean). Esentzia xumea du bertsoak, esentzia bete hitz, esentzia hutsa. Eta horrek aske egiten du. Aske, burujabe izateko eta aske, gainerako adierazpide artistikoekin jolasteko. Bertsoa ahozko literatura da, baina oholtzan ikusi dugu musikatuta, edo dantzatua, edo antzezleek gidatua, zinemara eramana, marrazkien abiapuntutik eraikia … Orain, Beñat Krolem-en proposamenak arte plastikoekin esperimentatzera darama, haragizko eskultura bihurtzen ditu bertsolariak.
Bilbotarrak argi du “bertsolaritzaren ustezko xumetasunak” ez duela gehigarririk behar, baina “bertsogintza beste parametro-baldintza artistikoetara murgildu” litekeela sinetsita ekin dio, Bertsozale Elkarteko gogoetan kulturgintzan leudekeen aukerak aztertzea erabaki den honetan. “Elkarrizketa artistiko bat” proposatzen du Krolem-ek, “bertsolariaren teknikaren prozedura trabatu, bide berriak zabaldu eta bertsolariaren gorpuzkera ikertu” nahi ditu, ez baita performance soil bat, ikerketa artistikoa baizik: “prozesuan zehar sortu dira gogoetak eta ezusteko erantzunak”.
Hala ere, sortzaileak ez luke bere lana batuketa baten gisan ikusterik nahi, “arte bakoitzaren ezaugarriak ezagutuz bide desberdinak lantzea” dela esango luke, batasun bat. Esperimentazio bakoitzak lur eremu berri bat ireki dio bertsogintzari, entzule mota desberdinengana gerturatzeko aukera eskaini dio; eta Oholtza ez da salbuespena: arte plastikoetan interesa duen eta euskaraz ez dakien jendeak lehen aldiz aditu du bertso saio bat ikuskizunari esker eta horri balio handia ematen dio artistak: “euskara eremu linguistiko desberdin askori hurbildu diogula uste dut”.
Bertsolaritza, arte plastikoen begiradatik
Nola iristen da arte ederretan (Cum Laude!) lizentziatu den artista gazte bilbotarra bertsolariengan erreparatzera? Ikerketa artistikorako lerro moduan inprobisazioa hautatzeak zerikusia du, noski, baina bertsolaritzari eskainitako begirada berezia esanguratsua da, “performance interesgarri” moduan ulertuta “bertsolariak bisualtasuna hitzetatik lantzen duela” ulertzen baitu. Estetikoki estatiko eta estatikoki (anti)estetiko den jardun batean, “pentsamendu-mugimendua” antzematen du Krolem-ek, beste adierazpen batzuekin alderatuta hain “esplosiboa” izan gabe, bere ustez bertsolaria ez baita espresioz zurruna, “hor daude keinuak, gorputz mugimendu sutilak eta bertso saio tipologia desberdinak; bertsolariaren mugimendu esplosiboa barruan sortzen da eta hitzaren bitartez ikusarazten duela esango nuke”. Esateko moduan du mugimendua bertsolariak, ahotsean doakio.
Izan ere, bertsolaria oholtzatik kanpo ere bertsolari da sortzailearen ikuspuntutik, “bertsorik gabe edo publikorik gabe ere bai”. Ez da kasualitatez, interes gehien pizten dion ezaugarria bertsoa abestu aurreko unea: “bertsolaritik eta bertsogintzatik gehien interesatzen zaidana, sortzen dituzten isilune eta isiltasunak dira”. Bere ustez, bertsolaria bertsolari da saioetara bidean, kotxeko bidaia bakartietan, bere buruari kantuan edo isilean. Komunikazio aurreko une horrek sorgintzen du Krolem: “maite ditut maite bertsolari inkomunikatuak, inkomunikazioaren edo mezu ezaren barnean ‘lokazten’ diren bertsolariak”.
Bertsolariaren gorputza
Bai, bertsolariak badu gorputz bat, ahotsari eragiten diona, ahotsa baino lehen oholtzaratzen duena. Guk, gure hitzei eta ahotsei protagonismoa ematen diegu, oholtza ere fokua hitzetan gera dadin antolatzen dugu, espazioa horrentzat doitzen dugu; gorputzik daramagunik ere ahaztuta. Baina badaramagu eta bagara gorputz bat ere. Eta Beñat Krolem-ek, lehengai gisa balia dezagun animatuko gaitu, bat-batekotasun bisuala eta ahozkoa uztartuz: “bertso baten sormen-prozesuaren eta gorputzaren jarreraren arteko azterketa da Oholtza”.
Ze materialezkoak dira, ordea, bertsolarion gorputzak? Gai jartzaileren batek esango luke agian, gure jarduteko moduek marmolaren malgutasuna dutela; edo burdin goriz begiratzen ditugula batzuetan, edo granitoaren leuntasuna dugula hitzetan, edo kristala bezala, gardenak garela baina kraskatzen entzun gaituztela gai batzuen aurrean. Krolem-ek esker onez hitz egiten du prest agertu diren bertsolarien inguruan, eta bat baino gehiago ezagutu ditu orain arteko ibilbidean (Saioa Alkaiza, Maider Arregi, ni neu eta hasieratik orain arte bidelagun, Jon Martin eta Jone Uria): “bertsolari ugarirekin lan egitea bertsokera eta izakera desberdinekin lan egitea da, horrek ikerketari aberastasuna eskaini dio”.
Gure ahalegin xumean, beraz, eskultura inprobisatu malgu eta moldagarri bihurtzen gara, momentuari erantzuteko. Zer beste egiten du ba bertsolariak plazan betidanik, uneari eta guneari erantzutea ez bada? Orain, gorputza ere jartzea eskatzen digu Oholtza proiektuak.
Erosotasuna ez da aukera bat
Bertsolariok hitzetatik pentsatzen badakigu, girotik inprobisatzen dugu ezinbestean, iruditik abiatuta inprobisatzen ikasten ari gara … baina zer mugitzen da gorputzetik inprobisatzean? Zer, gaia postura bat, irudi bat denean? Norberak gorpuztua zailagoa da gainera, ez baitu bertsolariak berak irudia ikusterik izango, publikoak bai. Bertsolariari eskultorea ikusi dueneko irudia geratuko zaio, edo bestela sentitzen duena. Jarri dion posizioan arnasa normaltasunez har dezakeen, ondo ikusten duen edo argi batek itsutzen ote duen, edo oihal bat duen aurpegian … motibagarria izan daiteke, interesgarria da, baina ez da erosoa.
Bat-bateko jardunean ari den edonor nekez izango da eroso ibili zale, baina bada ezpada abisua bota du Beñat Krolem-ek: “betikotasunari trabak jartzea interesatzen zait”. Eta batek senti lezake buduegiten ari zaizkiola (ikus argazkiak); baina “ikerketa artistiko honek ahozko bat-bateko munduari prozezu berri batzuk eskaini nahi dizkio” dio artistak, eta azpimarratzen du “bertso-performance osoan” bertsolaria erabakiak hartzeko aske dela “ez dago zuzendaririk”. Probatu duelako daki Krolem-ek, bertsolaria “edozein egoera espazialera” molda daitekeela (ez dakigu bertsolariak bat datozen, kontua da, gustura joaten garela aukera dugunetan).
Ikusleak ere ez ditu bertan goxo uzten, Oholtza proiektuak; parte hartzera bultzatzen du publikoa, sortzen eta aldatzen doazen eskulturei esanahi bila, edo bat-bateko eskulturako pieza moduan: “publikoarekin egituratzen ditut askotan piezak, non publikoa eskulturaren parte bihur daitekeen”. Azken batean, Oholtzak bertsolariaren eta publikoaren arteko harremana hausnartzen du, fisikoki jartzen du praktikan harreman hori. Eskuak zikintzeko prest joan behar du nola bertsolariak, hala entzuleak; norberak oretu beharko ditu Krolem-ek proposatutako formak. Finean, bi eskultore ariko dira aldi berean inprobisatzen, elkarren inprobisazioarekin lanean eta publikoak emango dio esanahia gertatzen ari denari.
Proposamena interesgarriegia da erosoa izateko. Ezerosotasunak mugitzera behartzen du gorputza, eta mugimenduak gorputz batetik komunitatera eraman daitezke, gorputzak burua birkokatu dezake. Artistak apustu handia egin du, “gizakiaren eskulturaren esperientzia primigenioak” ekarri nahi baititu unera. Erosotasuna eten arren, esperimentazioa orokorrean harrera ona ari da izaten, nahiz sortzaileak argi duen: “herri modura lan asko dago egiteko pedagogia artistikoari dagokionez”.
Metamorfosi etengabean
Proiektuak hainbat aldaketa jasan ditu 2015. urtean abiatu zenetik, bizirik dagoen seinale. Aldatzen jarraitzeko bokazioa du gainera, “prozesu artistiko” moduan ulertzen baitu sortzialeak: “aldaketak izan ditu eta izango ditu”. Momentuz, garapena nabarmena da, artistaren proposamenetatik hasita:pieza mugikor eta artikulagarri batzuekin abiatu zenak forma, testura eta elementu asko gehitu dizkio performance-ari geroztik. Koloretako oihalak baliatzen ditu espazioa aldatzeko sarri, kortina bihurtuz, bertsolaria estaliz, publikoa bereiziz, alfonbra moduan kokatuz … eta sistema elektronikoa duten led-argiztapen pieza batzuk ere sortu ditu, aginte baten bitartez argien kolorea, intentsitatea nahiz argi-erritmoa kontrolatuz.
Hasieran, esaterako, “praktika performatiko” zehatzekin hasi zen, “Oñatin Maider Arregi bertsolaria errotonda baten kokatu nuen bera bakarrik bertsotan; grabaketa kotxe batetik egin nuen (grabaketa zirkularra), bertsolariari bueltaka eta kotxearen motor burrunbaz bertsoa zarataz estaliz”. Bertsoaren baldintzak eta atmosferak aldatzea bilatzen du horrekin sortzaile plastikoak, mugak aurkitu eta arrakalak zabaltzea. Horren adibide, eskuartean duen ‘Gora potoa’ proiektua: “administrazio-paperen formatuak oinarritzat harturik eskaera-orri bat plazaratzen dut, bertsolaria poto egitera gonbidatuz”. Performance irekia litzateke azken hau, bertsolariak erabakiko baitu gonbita onartu edo ez (eta erabaki ez duenari aitzakia on bat eskaini dio, esan gabe doa).
Oholtzaren baitan egiten diren saio ohikoetan, Beñat Krolem egiturak eta egoerak sortzen hasten da, bi bertsolarien gorputzak espazioan modu zehatz batean kokatuz, eta horrela “bertsolariaren eskulturizazioa izango da hitzen oinarria eta bertsoaren elikagaia”. Artistak bere gorputza erabiltzen du bertsolarien kokapena adierazteko, edonork bertsolaria adierazteko erabiliko lukeen eskuak atzean gurutzatutako zutikako posturan. Bi gune markatu baditu, bertsolariek hautatu beharko dute nor-non kokatuko den, bakoitzak pentsatuko du zer ikusi duen Krolem-en eraikuntza prozesuan, eta kidearen bertsoekin bide bateratua bilatzen duen bitartean publikoak bere interpretazioa irauli, osatu edo berrirakurri ahalko du.
Eskultura askorekin gertatzen den moduan, behin sortuta, denborari utzi behar zaio obra osatu, osotu eta usatu dezan. Oholtzaren kasuan, ordea, ez da argazki bat eta oroimenean iltzatutako bertsoren bat baino geratuko; aldiro baita desberdina, aldiro sortzen baita itzaltzeko. Horixe da ahozkotasuna eta horixe da eskultura iragankorra.
Aurrera begira
Beñat Krolem ez da oholtzaren mugara gerturatu eta hutsari begira geratzen diren horietakoa, hurrengo pieza izango du buruan hutsa ikustean, hurrengo pausua prestatzen ariko da. Argi dauka Oholtza ez zela bertsolariekin soilik jarduteko sortu, “hainbat lekutan bat-batean ari diren ahozko artista ugarirekin lan egiteko” baizik. Europa bat-batean jardunaldietan esaterako, Kubako repentistekin, Països Catalans-eko glosadors-ekin ikusi genuen Kursaalean. Bertso mundura begira ere, baditu proposamen gehiago, ordea: “bertso eskoletako ariketa dinamiketan Oholtza proiektuan planteatu ditudan ariketa performatikoak planteatu ditzakegu, bertso-hezkuntza eta arte-hezkuntzatik baliagarriak izan daitezkeela uste dut eta”.
Pentsatzeko modu berri bat eskaintzen du Beñat Krolem artistaren Oholtzaproiektuak. Bere hitzetan, “bertsolariei bertsotan beste modu batean egiteko baldintza berriak eskaintzen dizkie”; eta nire esperientziatik, abiapuntua aldatzen digu, eta ondorioz, bide berriak zabaltzen. Gero eta leku gehiagotara iristen ari den bertsogintza espazioarekin jolastera gonbidatzen du; eta hitza beti egon da jolaserako prest (are zain), gurean.