Oholtza gaineko pasarela

Desfileak, modelo profesionalak edo diseinuko soinekoak aztertzera ohituta daude Laura Chamorro, Maider Beldarrain eta Ariane Retegi. Hiruren bizitzak ezberdinak izan arren, denengan du modak toki berezia eta pasareletako azken tendentzien berri izaten lehenak dira beti. Oraingoan, ordea, pasarela estatikoago bati begiratzea egokitu zaie… Hemen, modeloak denak batera igotzen dira ibiltokira, pauso gutxi batzuk ematen dituzte lantzean-lantzean, eta eserita ere posatzen dute. Bertsolariek orain arte fashion victim famarik izan ez badute ere, nabaritu da estilo aldaketa oholtzen fokupean… Baina nola doaz jantzita gaurko bertsolariak? Gustatzen den modara edo gustatzen zaien modura?

 

Testua: Nerea Ibarzabal

Argazkiak: Andoni Lubaki-Bostokphoto / Xenpelar Dokumentazio Zentroa

Marrazkiak: Aitor Larrañaga ‘Peli’

 

Banaka-banaka joan dira iristen, bata bestearen atzetik… modeloak pasarelan bezala. Getariako Cristobal Balentziaga museoari are glamour gehiago sumatu diot Laura Chamorro sarrerara gerturatu ahala; Teledonostiko beste langile bat dakar bere atzetik kamera bat eskuan duela, eta une batez bere atzetik doan paparazzi bat dela iruditu zait. Artilezko txapeltxo bat darama orrazkera perfektu eta zainduaren gainean eta oso bizkor mugitzen da, bere oinetakoen takoiaren altuera kontuan izanda, batez ere. Museoko aulki berde modernoetan jesarrita gaudela, beste takoi batzuen hotsak bete du harrera. “Kaixo, ni Maider naiz”, esan du irribarrez, baina lotsati; janzkeraz asko hitz egitea kasu honetan zilegi denez, soineko polit-polita daramala esango dut eta bere botak zoragarriak direla. Bi neskak zeinen finak diren erreparatzen nabilen bitartean iritsi da desfilea itxiko duen modeloa, Ariane. Bere begirada argiak eta naturaltasunak konplizitatea transmititzen du segituan. Aire freskoa da. Museoaren bihotza ezagutu nahian, aurpegirik gabeko maniki zurien artetik goazela, koloretako zintaz eginiko soinekoa daraman plastikozko neskaren aurrera iritsi gara… “Hau nik egin dut”, esan du Arianek. Aire freskoa da, zinta soilez egindako soineko bat bezain freskoa.

Baina goi-mailako joskintzatik, hitzen eta doinuen joskintza xumera (bueno… edo goi-mailakora baita ere) igarotzeko ordua heldu da. Goazen pasareletatik oholtzetaraino desfilatzera.

“Purua, txapela, koadrodun alkandora, zinturoia eta eskuak poltsikoan”. Horixe zetorkion lehenago burura Laurari bertsolarien janzkeraz hitz egiterakoan. Azken urteetan, ordea, eboluzio handia jasan dutela iruditzen zaio, bai arropetan eta baita izaerari dagokionez ere: “Lehen mundu itxiagoa zen, baserriari eta gizonezkoari lotua. Orain freskura puntu bat hartu du eta garaietara egokituz joan da bertsolaritza, bere esentzia galdu gabe”.

Zuri-beltzeko argazkiei begira geratu da Maider. Ondo plantxatutako alkandorak, txapelak, gorbatak, amerikanak eta komando estiloko jakak daramatzaten bertsolariak ageri dira, tartean Basarri, Uztapide eta Joxe Lizaso. “Beste presentzia bat zuten eta dotorezia hori galdu egin da jada”, esan du irribarre triste batekin, “gaur egun edonor ezkontza batera joango litzateke horrela jantzita, baina ez bertsotara”.

“Garai bateko gizonen igandeetako arropa zen oholtza gainean ikusten zena, mezetara eramaten zutena”, dio Arianek, “euren itxura zaintzen zuten, baina ez bertsolari izateagatik bakarrik, gizonak izateagatik baizik”. Lazkao Txikiren eta Mattinen argazkiak begiratzen dituzte arretaz; txamarrak zabalik eta pikodun artilezko jertseak neguko frontoietako saioetan, alkandora manga motx zuriak edo koadrodunak udako festetan. Txapela, ia denek, ia beti. “Koadroak edo txapela bezalako sinboloak desagertzen joan dira bertsolarien armairuetatik, baina nagusienek mantendu beharko lituzketen ezaugarriak dira”, esan du Laurak, “aurten koadrodun alkandorak tendentzia dira, gainera”. Amurizaren alkandora gaur HyM-n aurki dezakegu eta baita Jon Lopategiren poloa ere, zenbait prenda “atenporalak” direlako, Maiderren hitzetan.

Tendentzien gurpilak aurrerantz biratu ahala, berritasun txikiak agertuz joan ziren oholtzetan eta ordura arteko bertsolariaren irudi tipikoa lausotzen hasi zen. Egañaren, Euzkitzeren, Sarasuaren edo Lizasoren garaian, arropari kutsu informalagoa eman zioten; belaunaldi hori hazkuntzaren eta trantsizioaren belaunaldia izan zela uste du Arianek: “Zenbaitzuk klasikoko elementu garrantzitsuak mantendu zituzten arren, esaterako Lizasok (alkandorak, poloak, txalekoak…), besteek estilismo aldaketa izan zuten. Oro har, bizitza estiloa aldatu zen, baita bertsolarien formazioa ere, eta horrekin batera euren itxura. Bakoitzak berea zuela esango nuke, batzuk bohemio estiloa eta beste batzuk modernoagoa”. Artilezko jertse lodiak, bakeroak, algodoizko kamisetak eta amerikanak dira garai horretan bertso-saioetan hedatu ziren jantzi batzuk. “Modak ez gaituela markatzen pentsatu arren, azkenean berak erabakitzen du zer erosten dugun”, azaldu du Laurak, “horregatik normala da belaunaldi bereko bertsolariek antzerako janzkera patroiari jarraitzea”.

Erosotasuna xede

Beste bira bat. Datozela ba, Unai, Maialen, Sustrai, Amets, Igor, Maia… eta beraien patillak, niki beltzak, ile luzeak, zapiak, mendiko txamarrak, zapatila berdeak, alkandorak. Urtez urte eboluzionatuz joan diren arren, Laurak “klasiko sport-ak” bezala definitzen du generazio honen hastapenetako janzkera.

Arianeren ustez, belaunaldi honek aurrekoekin hautsi nahi izan zuen: “Talka bat egon zen. Itxuraren gainetik, erosotasunaren bila joan ziren, bizitza estiloa aldatu zelako”. Euskal Herrira marka berriak iritsi ziren sasoi honetan eta arropak erostea askoz errazagoa bilakatu zen bat-batean. Kirol-jertseen moda hedatu zen plazetan eta bertsolari asko zapatiletan gerturatzen hasi ziren mikrofonora. “Sport estiloa agertzen da, bakoitzaren izaerarekin nahastuta”, kontatu du Laurak. Bakeroak eta nikiak lehengo alkandora eta txalekoen lekua hartzen joan ziren apurka, eta, mikrofonoaz gain, arropa ere mezuak hedatzeko bitarteko izan zitekeela ikusi zuten askok. Kamiseta erreibindikatiboak bertsolaritzaren beste sinbolo bat bihurtu dira ordutik, Lauraren ustez: “Oholtza leku bikaina da jende askorengana iristeko, eta, artista zarenean, kanal bat zara azken finean”.

Gazteengan normala den errebeldia puntua adierazten dutela uste du Maiderrek eta sarritan bertsotarako gaiek eurek ere kutsu politikoa izan dutela iruditzen zaio, “Bertsolaritza pentsaera ezkertiarra duen jendearekin lotuta egon ohi delako”. Hala ere, mezu erreibindikatibodun kamisetak mutilengan ziren eta dira oraindik ohikoenak… honen arrazoia bi faktorek zehazten dutela esan du Arianek: “Batetik, emakumeak mimetismotik emakume bertsolari izatera igarotzean, emakume bertsolari izateak berak duen erreibindikazioa izan da protagonista; eta bestetik, neskon estetikan ez dira print askodun kamisetak nagusitzen. Beharbada horregatik izan litezke errebindikazioak urriagoak emakumeengan gizonengan baino”.

Bertsolariak ez dira izan tendentziak asko jarraitzen dituzten horietakoak Maiderren iritziz, bakoitzak bere eboluzioa izan du, bai, baina bere izaerarengan oinarritua modan baino gehiago. “Igor Elortzak, adibidez, kolore beltz edo basikoetara jotzen du gehienetan. Janzkera diskretua duen arren, beti izan zaio leial bere estiloari”, esan du. Aitor Mendiluzeren izena ere aipatu dute, arropa informalak ere dotoreziaz eramateko gaitasuna duelako, eta arropa formalak edo alkandorak zer esanik ez. “Futbolisten edo surflarien estiloa definitzea errazagoa egiten zait gaurko bertsolariena baino”, dio Maiderrek, “heterogeneoagoak dira orain”.

“Estiloak estilo, denek daukate geure egiten dituen euskal nortasuna. Belarritako batek, mendiko botek, orrazkerak edo praka bakeroek azaleratu dezakete hori”, esan du Laurak. Adibidez, Amets Arzallus gala edo cocktail batean imajinatzea zaila egiten zaio, “baina izaera euskaldun hori galduko balute, ez lirateke bertsolariak izango”, ondorioztatu du.

Gurpilak biraka jarraitu ahala, koloreak, osagarriak eta bakoitzaren nortasuna azaleratzen duten arropak agertu dira oholtzetan. Che Guevararen estiloko txapelak hemen. Fularrak han. Koloretako prakak bat-batean, eta lepo irekidun kamisetak. Bertsolari asko beraien estiloa azpimarratzen hasten dira hemen eta plazaz plaza errepikatzen dituzte zenbait osagarri, orrazkera edo jantzi, euren marka pertsonal bilakatu arte. Horregatik publikoak bisera beltz bat ikusi eta Silveirarekin lotuko du agian, ezpain gorriak Alaia Martinekin beharbada, flekillo laburrak eta bekaineko pirtzinak Uxue Alberdirekin… eta lehen aipatutako Che-ren txapela Fredi Paiarekin (edo Andoni Egañarekin?). Norbere bertsokera osatzeaz gain, irudia ere osatzen doaz: “Erakusten duten itxura eta bertsotarako estiloa eskutik joan ohi dira”, dio Arianek. Jon Martin dugu horren adibide: bere alkandoren kutsu bohemioa ikusten duenak badaki, gitarra bat emanez gero, munduko bertsorik erromantikoenak sortzeko gai izango dela… Onintza Enbeitaren estiloari erreparatuz, berriz, argi dago pertsonalitate handiko kantaera duela eta ez dela edozeinekin kikiltzen. Denborari eta lotsak desagertzeari esker, bertsolari guztiak bihurtu dira gardenago, Frediago, Xabiago, Onintzago eta ziurrenik, Alaiago.

Gazte casual-ak

Tendentzien gurpilak birak ematen baditu, beharrezkoa da momenturen batean aspaldiko modetatik igarotzea berriz. Zer da, ba, bestela moda, munduko lentilarik finenak asmatu ostean, pastazko betaurrekoak berreskuratzea ez bada? Argazkian ikusita lotsarazten zintuen amaren gaztetako alkandora berdina erosi duzula ohartzea ez bada? Koadrodun alkandorak itzuli dira dagoeneko… beharbada bertsolari gazteek ere artilezko txalekoak jantziko dituzte negu honetan. Oraingoz, Arianek honela definitu du belaunaldi berrien estiloa: “Koloretsua eta informala da, urbanoagoa. Ez da janzkera finegia eta arropa bertsua eramango dute kalean zein oholtzan”. Turbante estiloko zapiak, leggingak, gonak, mezudun kamisetak, niki basikoak, kolore guztietako prakak… anitza da neska bertsolarien janzkera eta gero eta femeninoagoa ari da bilakatzen. Ileak mototsean bilduta eraman ohi dituzte askok eta makillaje diskretuak dira nagusi (begi ertzean hiru puntutxo margotzea ari da modan jartzen).

Mutil gazteetan bi look nagusi errepikatzen dira: sport estiloa eta erreibindikatibo edo alternatiboa. Beñat Gaztelumendiren estiloko bertsolariak sailkatu dituzte hiru adituek kirolarien taldean, bertsotan ere txandalaren eta zapatilen erosotasuna maite dutenak, hain zuzen. Bakeroak ere jantzi ditzakete, baina nikien markek beti salatuko dute beraien mendira igotzeko gogoa (Ternua, Loreak MENDIAN, ONDDO ta punto…). Bigarren multzoa Peio Ormazabalen antzerako janzkera dutenekin osatu dute: ile luzedun gazteak, rastaren bat edo beste daramatenak, kamiseta nahiz praka nasaiak aukeratzen dituztenak, ia beti mezuren batekin… Beharbada honela deskribatuta ez dirudi posible denik bertsolari baten eta pilotari baten artean bereiztea, baina orain bai: zertarako egin eslogan originalik asmatu ezin duten mendi-markei, Txirritaren bertso baten azken puntua eraman dezakegunean kamisetan? edo Lazkao Txikiren izena, gure futbolari gustukoenarena daramagun moduan? Bai, orain bada modu bat janzkerarekin bertsolaria, bertsozalea edo bertsofrikia zarela adierazteko: Puntutan denda. Gero eta ezagunagoak dira beraien diseinuak… hainbeste, non Legazpin egin zen aurtengo Txapelketako kanporaketan, oholtzan zeuden zazpietatik hiruk zeramatzaten Puntutan-en kamisetak, gai-jartzaileak barne.

Gazteenekin jarraituz, 2013ko Lizardi Sariketako parte hartzaileen argazkia aztertu dute hiru neskek. Azken hamar urteetako irudia ez dela gehiegi aldatu iruditzen zaio Arianeri: “Benetako haustura neskak gonekin eta ezpain margotuekin kantuan hasi zirenean izan zen. Orduan “HEMEN GAUDE” esan zuten. Orain antzerako estiloak jarraitzen du, momentuko tendentzietara egokituta”.

Eta bertsolarientzat… garrantzitsua ote itxura?

“Bertsolariak artistak dira, eta, nire ustez, artista zarenean zuk nahi duzun bezala jantzi behar duzu”, bota du Laurak ziurtasunez, “baina batzuei axolako die publikoaren iritziak eta polit sentitu nahiko dute jendaurrean. Beste batzuek seguru ez dietela hainbeste garrantzia ematen… zaila da ondorioak orokorrak ematea”.

Arianek gertuagotik bizi izan du: “Badakit nire inguruko bertsolari askok egun batzuk aurretik pentsatuta izaten dituztela eszenatokian eramango dituzten arropak. Azken finean, zuri buruzko kritika bat egingo da nahi eta nahi ez, eta horrek beti axola digu”. Baina prestaketa ez omen da berdina izaten bertso-saioaren arabera… “Oholtzak ezberdinak dira eta bertako publikoaren oihartzuna ere bai. Alde handia dago Txapelketan kantatu edo herriko jai batzuetan”.

Eta publiko bertsozalea? Beste edozein publiko bezalakoa ote? Benetan erreparatzen ote dio bertsolariaren janzkerari? Eta Txapelketan hainbeste kritikatzen duen epaileen lana ere egiten al du? Iritzi ezberdinak dituzte Laurak eta Maiderrek. “Nik uste dut jendea bertsoak ikustera badoa, horrexetara baino ez doala. Saioetara doazenak sentimendu batek bultzatuta joaten dira eta gutxi erreparatuko diote kantuan dabilenaren arropari. Gaztea, ederra eta gainera bertsotan ona bazara, ba oso ondo, baina hori gabe ere bikaina izan zaitezke jendearentzat”, esan du Laurak.

Maiderrek ordea, bertsolaritzaren soiltasunak bertsolarien itxurarengan arreta gehiago jartzea eragiten duela uste du: “Pertsona zutik egoten da oholtza baten gainean, bera bakarrik sarri, parean mikrofono bat besterik ez duela. Isiltasun luzeak egon ohi dira eta saioen iraupena ere luzea izaten da askotan. Jende mordoa aurrean. Nola ez diote ba jantziei erreparatuko? Abeslari baten arropa baino askoz zehatzago aztertuko dute bertsolariarena, berea askoz lan estatikoagoa delako”. Horregatik iruditzen zaio egunean jantzi beharrekoa arrazoiren batengatik aukeratuko dutela guztiek, berdin dio mendi puntako ermita batean kantatu behar badute ere.

Emakumeak, birritan epaituak

Gizonez josita egon da bertsoaren Fashion Week(end)-a beti. Emakumeok pasarela horretan oin bat jartzea erabaki genuen unetik, desfileko begi zorrotzak are zorrotzago bilakatu ziren guri begiratzerakoan. “Bestela ikusi zenbat denbora eman genuen Maialenek txapela irabaztean zeraman alkandoraz eta Alaiaren Gipuzkoako Finaleko bota gorriez hitz egiten!”, dio Maiderrek. Baina zergatik? Orain arte “gizonen mundua” izan den honetan, ezpain gorridun edo takoidun emakume bat kantari hasteak “txokatu” egiten duela uste dute Arianek eta Maiderrek.

“Neskok beti epaituko gaituzte gehiago. Azken batean bertsolaritzaren kasua ere gizartearen isla da”, uste du Maiderrek. “Bertsolaritza ez da zerbait modernoa, tradizio kutsu handia duen arloa da eta tradizioko gauzak aldatzeko prozesua askoz motelagoa izaten da beti. Emakumeek ekar ditzaketen pintzelkada berri horiek gehiago kritikatzeko joera dago, jatorriz ez delako mundu ireki bat. Neskok neskei buruz hainbeste hitz egitea ere kezkagarria iruditzen zait”.

Baina Arianek sumatzen ditu aldaketak: “Berrikuntzak ematen ari dira, eta ez nesken itxuran bakarrik. Ikuspuntu feminista baten inguruan mugitzen eta kantatzen hasi dira bertsolari asko dagoeneko, eta gero eta emakume gehiago dira bertso mundura gerturatzen direnak… hori ere zerbaiten seinale izango da”.

Generoaren inguruko gogoetan sakondu du Maiderrek: “Nik uste dut Elkartearen aldetik ere badagoela irudi tradizionala aldatzeko nahi hori. Aurreko Bertsolari Txapelketa Nagusiko kartelean neska gazte bat top batekin agertzea izugarrizko saltoa izan zen. Irudi hori aukeratu zuten unean ikusi zen nola aldatu den bertso mundua edo nola aldatu nahi duten behintzat. Helmuga badaukate, baina bidea luzea da oraindik… eta txapelduna momentuz neska izan arren, aurtengo BECeko argazkia berriro gizonena izango da ziur asko”.

Emakume bertsolariaren eboluzioa kamuflaje edo mimetismotik pertsonalizaziora joan dela iruditzen zaie adituei. Ibilbide horren ikur gisa jarri dute Maialen Lujanbio. Maiderren hitzetan, “Maialenek gizonen plazan zegoela ikustean, bat gehiago izatea eta berdin baloratzea nahi zuen… eta ez emakumea edo lehenengoa zelako modu berezi batean tratatzea”. Atzetik etorri diren neska bertsolariengan ez da hainbeste nabaritu aldaketa, baina “lehenengoa izatea beti gogorragoa” dela uste dute elkarrizketatuek eta horregatik Maialenen eboluzioa oso esanguratsua iruditzen zaie: “Bere alde femeninoa aurkitzen joan da, bera izaten ikasi du, eta emakumeongan geure buruarengan ziurtasuna izateak asko esan nahi du”.

 

Arropen gainetik, bertsolaria

Argazki guztien analisiak bukatuta, Arianek eta Maiderrek hainbat aldiz errepikatu dute beraiek ez direla inolako moda adituak (aurretik esandako guztiaz bat-batean damutu izan balira bezala). “Bakoitzak nahi duen bezala jantzi beharko luke, gainera estetika oso landuak edo kargatuak gutxiri ematen die ondo”, horra Maiderren gomendioa. “Hala ere, argi dago bertsolariek oholtzan janzten dituzten arropak ez dituztela zoriz aukeratzen”.

“Irudia ez da soilik janzkera; pixkanaka, bertsolariaren izaerak eta bere kantatzeko erak osatzen duten kontua da”, dio Arianek ondorio gisa. Etorkizunerako joerei dagokienez, hauxe iritzi dio: “Emakumeek, oholtzan, itxurari gero eta garrantzi handiagoa emango diote”.

Laurak ere moda asko maiteko du, baina ondorio berera iritsi da: “Bakoitzak bere esentzia mantendu behar du, moda jakin bat egon arren. Bertsolaria lotsatia edo ausarta izan, den bezalakoa agertuko da eta ezin zaio aldatzeko eskatu. Andoni Egaña Andoni Egaña da eta Maialen Lujanbio Maialen Lujanbio, arropetatik harago ere”.

Belaunaldiz belaunaldiko nahiz bakarkako moda analisiek, argazki guztiek, niki erreibindikatiboek, txapelek zein patillek hasierako ondorio berera garamatzate, beraz: janzten dugun arropak berdin dio, buruz jantziak baldin bagara.

 

Banan banako azterketak

Orokortasunetan eta belaunaldien atzean babesteari utzita, bertsolari jakin batzuen estiloa definitzeko eskatu diegu hiru adituei. Hamar bertsolariren janzkera irakurri dute, azti eta sorginek eskuko lerroak edo psikologoek pazienteen barrua irakurtzen duten moduan… Eta, beharbada, uste baino askoz gehiago esaten dute gutaz soinean daramatzagun oihalek.

Alaia:

Laura:

Berezko talentua duela daki eta erakargarria dela dakien neska da. Besteengandik ezberdintzen da puntu femenino horrekin, baina pasatu gabe. Bere leopardodun kamisetak eta gona motza begiratzea nahikoa da tendentziak jarraitzen dituela jakiteko, baita orrazkeran ere, orain hain modan dauden metxa kaliforniarrak daramatzalako. Hala ere, bere nortasuna azpimarratu izan du luzaroan, “euskal flekilloa” deritzona mantenduz. Bertso munduan aldaketa bat sartu du, baina beti izan da leiala bere estiloari; eta, horregatik, Alaia ez da jendeari erraz ahazten zaion bertsolari horietakoa.

Maider:

Alaiarentzat garrantzitsua da bere itxura eta ez dio beldurrik ematen jendearen arreta erakartzeak. Argi dago bere arroparen aukeraketa ez dela zorizkoa; irudi aktuala eman nahi du, gorputzaren formak markatzea gustatzen zaio, ondo makillatzen da, ondo orrazten da… Bere buruarengan duen ziurtasunaren erakusgarri da hori.

Ariane:

Orrazkera berri batekin eta makillajearekin ausartu da Alaia; ondo doazkio, bere elementu fuerteak zeintzuk diren dakielako eta berez ere polita delako. Denborarekin bertsolari eta pertsona bezala garatuz joan da eta bere irudia horrekin bat dator, batera eboluzionatu dute. Alaiak ez du emakumea dela ezkutatzen, bere feminitatea azpimarratzen du.

 

Amets

Laura:

Estilo baldresa izan dezake batzuentzat, baina bere esentzia mantendu du Ametsek urteetan zehar. Praka bakeroak, kirol-jertse zabalak, zapatila berdeak, betaurrekoak… bere marka duten prendak dira. Oso look sport-a, erosoa da Ametsena eta ez die tendentziei garrantzirik ematen.

Maider:

Ametsen janzkera oso informala da, bertsolarien artean informalenetakoa agian. Euskaldun askok daukaten estiloa da berea, eta ez du bilakaerarik izan denboraren joanean. Ametsi zorte ona dakarkion jantzia edo prenda fetix-a, zalantzarik gabe, bere zapatila berdeak dira. Txapelketa guztietan eraman izan ditu eta esanahi berezia izango dute berarentzat, ziur asko. Bestela, ez da armairu aurrean zer jantzi erabakitzen luzaroan egoten den horietakoa, Iparraldeko izaerak agian beste gauza batzuei garrantzi gehiago ematera bultzatuko du.

Ariane:

Bertsotan artista bat da eta hitza inork baino hobeto dominatzen du, baina bere itxurak beste zerbait transmititzen digu. Janzkera aldaketarik ez da egon duela hamabost urteko Ametsetik gaurkora: zapatila berdeak, bakeroak, kirol-jertsea… eroso doa. Garrantzia ematen dio bere itxurari, baina puntu batera arte soilik; ez du horrekin arreta deitu nahi.

Egaña

Laura

Oholtzan nahiz oholtzatik kanpo, antzerako irudiari eusten dio Andonik. Kamiseta eta kremaileradun jertsea erabiltzen ditu egoera informaletan; dotoreago agertu nahi duenetan, berriz, praken kanpotik doazen alkandorak, kazadorak, zapata beltzak edo jakak janzten ditu. Ia inoiz ez da bakeroetatik harago joan. Egoera ezberdinetara egokitzen daki, baina Andoni bere estiloari fidel zaio beti.

Maider:

Kantatzera igo aurretik zer jantzi erabakitzen egoten dela esango nuke, Andonik estiloa duelako. Kutsu informala izan arren, dotorezia transmititzen daki eta momentuko tendentziak oso bere egiten ditu, momentu jakin batzuetan txapela, fularra edo jaka jantziz.

Ariane:

Uste dut Egaña aurrenetarikoa izan zela amerikana nikiarekin konbinatuz tabladura igotzen; abangoardista bat da. Berezko estiloa du, pertsonala, eta osagarri zalea da. Diskretua izan arren, bere generazioan kutsu modernoa sartu du Andonik, eta beste askorenak bezala, bere janzkerak bertsokerarekin batera eboluzionatu du; kazadorekin, perilla horrekin, txapelarekin… etengabe desberdintasuna markatzen du.

Maialen:

Laura:

Irudiari ez dio garrantzi gehiegi ematen, baina natural eta egoki janzten da Maialen. Bakerotxo iluna, kamiseta edo alkandora zabala… ez du figura markatzeko interesik. Lehen ile motza eraman ohi zuen eta orain zintak erabiltzen hasi da, erosotasuna bilatzen duen seinale. Aurpegia bistaratu nahi du eta ilea atzera bota, bertsoa ez den beste ezertan ez pentsatzeko. Egia esan, Maialenek duen gaitasunarekin ez du mozorrotzeko beharrik.

Maider:

Maialenek eboluzio izugarria eman du, nabaritzen zaio urte asko daramatzala oholtza gainean. Lehenengotariko emakume bertsolaria izateak, Euskal Herriko txapela irabazteak… presio handia dakar eta barne prozesu sakon bat eragin du berarengan, kanpoko irudian ere islatu dena. Hasieran ile motza eta arropa maskulinoa erabiltzen zituen, gizonez betetako bertso munduan atentziorik deitu nahiko ez balu bezala. Baina urtez urte bere feminitatea azaleratuz joan da eta uste dut orain dela benetan Maialen, bera den bezalakoa. 2009ko Finalean zetazko alkandora hura janztea erabaki zuen momentuan ikusi zen hori.

Ariane:

Lehena izatea beti da zaila eta Maialenek ere mimetizazio egoera batetik pasatu beharra izan zuen, azkenik bere estiloa aurkitzeko. Poliki-poliki joan da buruan zapiak jartzen, jertseak alkandorengatik aldatzen… gaurko Maialen, bertsolaritzaren ikonoa izateraino. Aldaketa oso gradualki eman du, eta benetan dena BECeko Finalean ikusi zen.

Miren:

Laura:

Mirenen estiloak gaztetasuna transmititzen du. Ez ditu tendentziak hainbeste jarraitzen, Alaiak bezala, eta ez du look apurtzailerik, baina begiratu ahala harrapatzen zaituen edertasuna da berea. Motots nahasia edo desegina eraman ohi du, baina seguru bere denbora behar duela efektu hori lortzeko. Edertasun xumea eta berezkoa duen neska da, apaingarririk behar ez duena.

Maider:

Hippy-chick deritzon estiloan sailkatuko nuke. Artilezko jertseak gustatzen zaizkio, gonak, soinekotxoak… itxura goxoa du eta oso fina da. Buruan turbante eran jarritako zapiak ere bere marka pertsonala dira eta oso ondo geratzen zaizkio, edertasun naturala duelako.

Ariane:

Mirenen janzkera oso femeninoa da, baina diskretua aldi berean. Emakume delikatuaren eta eztiaren irudia transmititzen du; ez da askorik makilatzen, beharrik ere ez duelako, baina beti doa oso fin eta itxura hau bere kantatzeko erarekin eta ahotsarekin bat dator.

Onintza:

Laura:

Desigual, Skunkfunk, Zergatik… markak erabiltzen ditu eta orrazkeraz sarri aldatzea gustatzen zaio, eta bai baterako, bai besterako, pertsonalitate handia izan beharra dago. Bizitzan aldaketa bat nahi duenean orrazkeraz aldatuko du Onintzak, nahiz eta Euskal Herrian, orokorrean, jendeak orrazkera gutxi aldatzen duen. Argi dago berdin diola besteek bere itxuraz zer pentsatzen duten.

Maider:

Izan dituen orrazkerak ikustea nahikoa da oso emakume aldakorra dela jakiteko, eta baita indartsua ere. Mujer cañon irudia transmititzen du, hitz egiterakoan indarra duen pertsona da eta dioenaz ziur dagoena. Arropari dagokionez, ez ditu tendentziak jarraitzen baina bere estiloa mantentzen du beti.

Ariane:

Emakume ausarta da Onintza. Arreta gehiegi deitzen ez duen arropa orrazkera berriekin kontrastatzea gustatzen zaio. Diputatu eta bertsolari izanik, jendaurrean sarritan egon beharra dauka eta itxura aldaketa horiek bere izaeraz oso seguru dagoela adierazten dute.

 

Silveira:

Laura:

Silveira desberdina da, apurtzailea. Nabaritzen zaio bere izaera markatu nahi duela: biserak, bizarrak, arropa ilunak, praka piratek… Xabierren underground estiloa definitzen dute. Pertsonalitatea du. Bakarra da lehengo bertsolariek jarraitzen zuten patroi orokorraren guztiz aurkakoa.

Maider:

Arropa zabalak eta ilunak erabiltzen ditu beti Silveirak, raperoen estilokoak. Presentzia zakar samarra du kanpotik, beharbada bizarrak, bere begi ilun eta sakonek eta altuerak eragindako efektua da. Hala ere, janzkera ez du zoriz hautatzen: Altsasuko kanporaketan bertan, kamiseta horia eta alkandora beltza zeramatzan… Txapelketako kartelaren kolore berdinak, kolore korporatiboak hain zuzen.

Ariane:

Pertsona kritikoa da eta itxura aldetik ere ez ditu moda orokorrak jarraitzen. Berez ez dut uste arreta deitzeko egiten duenik, bera da horrelakoa. Bertsotan duen puntu errebeldea eta kantatzeko eera ere bat datoz bere estiloarekin. Zeresana duen mutila da.

 

Uxue:

Laura:

Kapa ugari janztea gustatzen zaio Uxueri. Estilo femeninoa du eta koloreak ondo hautatzen ditu. Gure inguruan sarri ikusten den janzkera da berea, baita orrazkera ere: flekillo euskalduna mantentzen du, ilea laburrago daraman arren.

Maider:

Uxue ere, Miren bezala, hippy-chick estiloan sailkatuko nuke. Arropa nasaitxoak, finak, goxoak… janzten ditu, erosoak baina femeninoak aldi berean. Osagarri zalea ere bada, beti baitarama lepoko eta eskumuturrekoren bat. Amatasuna plazara eramaten lehenengoa izateaz gain, oso feminista da eta janzkera ere erabiltzen du hori azaleratzeko.

Ariane:

Feminitatea oholtzaratzen lehenengotarikoa izan zen Uxue eta beti eutsi izan dio fintasun horri bere janzkeran. Eboluzinatuz eta helduz joan da ama izan zenetik, eta rol hori oso presente dauka beti. Orrazkeraz aldatu eta ile motzagoa izan duenean ere, emetasuna ez du inoiz galtzen.

 

Lizaso:

Laura:

Bakeroak edo galtzak, zapatak, alkandorak, polarrak edo sudaderak… Xebastianek ez du jantzi fetitxerik, baina pertsonalitate handia arropak aukeratzerakoan. Kolore berdeekin nahiz granateekin ausartu izan da eta txalekoak ere erabiltzen ditu. Ez doa dotoreegi baina klasiko janzten da, azken aldian sport kutsu batekin.

Maider:

Betiko plaza gizonaren estilokoa da Lizaso. Azal-kolore ederra duen pertsona da eta edozein koloretako jantziak geratzen zaizkio ondo, abantaila horixe du. Alkandora koadrodunak eta arrosak janztera ausartzen da, baita poloak eta niki manga motxak ere.

Ariane:

Niri Xebastian klasikoa iruditzen zait, lehengo bertsolariaren irudia datorkit bera ikusterakoan eta bertsokera ere halakoxea du. Alkandora, gerrikoa, bakeroak eta zapatak, bere adinean ohikoena den estiloa dauka.

 

Zubeldia:

Laura:

Ez da bertsolari tipikoegia, baina betiko made in Ternua-ren aztarnak mantentzen ditu Ikerrek: Kirol-marken nikiak, mendiko zapatilak, eskuak poltsikoan… hori bai, nikiak estutxo eramaten ditu eta hori da bere ezaugarri berezietako bat.

Maider:

Kantatzeko eran kaxerote estiloa du Zubeldiak, baina gero bere janzkerari erreparatuz mezu ezberdina bidaltzen digu. Gauza asko nahasten ditu: markako kamiseta estuak, belarritakoak, ileak zertxobait gorantz jarriak… mix kurioso bat da.

Ariane:

Garai bateko plaza gizonen estilokoa da, baserri girokoa. Ikerren estiloa bere izateko erarekin bat datorrena dela uste dut, mendi-marka asko erabiltzen dituelako… baina badu zerbait berezia, kamiseta pegatuek eta bakero zabalak erabiltzen ditu eta horrek arreta deitzen du.