Nola egin bertsolari?
Nola egin bertsolari? –
Bat-bateko bertsoak badu sortzeko eta interpretatzeko prozesuari buruzko deskribapena. Hura epaitzeko edo ebaluatzeko irizpide zehatz batzuk ere baditu, baina ez du irakaskuntza-ikaskuntza prozesua gidatzen duen materialik. Badira urteak (lau hamarkada luze) bertso eskolak sortu zirenetik eta haiekin batera joan dira sortzen bertsotan trebatzeko ariketak biltzen dituzten materialak, hala nola, urteetan erabili izan diren liburu eta fitxak edo hezkuntza arauturako prestatutako unitateak. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesua, ordea, ariketa horietatik harago doa. Ariketek eduki eta helburu jakin batzuk lortzeko tresna behar lukete izan, eta landu beharreko horri buruzko hausnarketa egiteak lagundu egiten du, kasu honetan, bertsolariak zer eta zertarako landu behar duen zehazten. Behar hori badagoela ikusita, bertsolariak zer-nolako konpetentziak landu behar dituen zerrendatu, eta horiek bilduko dituen dokumentu bat sortzeari ekin diot, baliagarria izango delakoan bertsoaren irakaskuntzarako eta ikaskuntzarako.
Konpetentzia arlo horiek identifikatzeko, bertsolariaren prestakuntzan beharrezkoak diren premia jakinetatik abiatu naiz, eta bereziki horietako bati jarri diot arreta. Zergatik? Arreta gutxi jartzen zaiolako, hain zuzen. Kantaerari buruz ari naiz. Kantaerak eragin handia du bertsolariaren komunikazio arrakastan, eta horregatik da hain garrantzitsua. Urteetan bertsolaritza saioak entzule moduan bizi izan ondoren, konturatu naiz kantatzeko moduarekin zerikusia duten parametroek eragina dutela bertsolariaren eta entzuleen artean aktibatzen den komunikazio prozesuan, eta, ondorioz, bertsoari buruz eginiko balorazioan ere bai. Entzule moduan, nabaria da bertsolari bakoitzak zer-nolako arreta eskaintzen dion kantaerari, betiere mezua erdigunean jarrita, baina mezu hori beti kantuz aurkezten dela ahaztu gabe. Bestalde, doinua bertsoa sortzeko alderdi teknikoetako bat izanik eta kantaerak horrekin duen erlazio estuaz jabetuta, pentsa genezake doinuei eta kantaerari antzeko arreta eskaintzen dietela bertso eskoletan. Kantaera, ordea, bertsolariaren eskuetan uzten den konpetentzia arloa da, hark landu dezan. Ahotsa eta entzumen musikala lantzeak bertsolariaren funtzio komunikatiboari mesede egingo liokeela iritzita, bertsolariak arlo horretan nolako beharrak dituen identifikatu dut, bere hezkuntza esparruaren barruan eta bere berariazko beharrak kontuan hartuta. Helburua litzateke, konpetentzia arlo horren lanketari bultzada bat ematea.
KANTAERARI BURUZKOA: ORAIN ARTE, EZER GUTXI
Euskal Herriko Bertsolari Txapelketetako epai irizpideetan kantaerari buruzko aipamenak izan duen bilakaerari buruz gehiago jakiteko asmoz, Martin Aramendik eginiko Bat-bateko bertsoa epaitzeko irizpideen bilakaera eta bertsogintzaren zenbait aje (d.g.) lana hartu nuen oinarri moduan. Bere analisia aztertu ondoren, ohartu nintzen 2000. urtera arte doinua eta kantaera ez zirela aipatu ere egiten epai irizpideetan. Joxerra Garziak doktore-tesia aurkeztuz geroztik, Gaur egungo bertsolarien baliabide poetiko-erretorikoak (1999), komunikazio bide gisa ulertzen hasi zen bertsolaritza eta 2000. urtean bertan argitaratutako epai irizpideetan agertu ziren lehen aldiz gehituak bi alderdi horien aipamenak. Hurrengo urteetan argitaratutako epai irizpideetan ez da aldaketarik izan bi alor horiei dagokienez.
Kantaerari buruz gaur egun arte egin diren ikerketek alderdi horren bilakaera edo prosodia izan dute ikergaitzat. Itziar Navarrok Oiartzungo bertsolarien kantaera XX. mendearen erditik hona: analisia eta bilakaera ulertzeko gako batzuk (2018) lana aurkeztu zuen, eta Oiartzungo hainbat bertsolariren kantaerak denboran zehar ageri duen aldaketa ikertu zuen. Ainhoa Aizpuruak, berriz, Bertsoen erritmoa: hierarkia prosodikoaren eskaileretan gora eta behera (2016) ikerketa aurkeztu zuen, eta gaur egun Bertsolaritzaren prosodia deituriko doktorego tesia egiteko lanetan ari da.
Nire lanaren interesa bestelakoa da, izaera didaktikoagoa eta musikalagoa duelako. Ikuspegi horretatik egin dut kantaeraren konpetentzia arloak bere barnean hartzen dituen deskribatzaileen azalpena.
KONPETENTZIA ARLOAK ETA DESKRIBATZAILEAK
Konpetentzia arloak eduki jakin baten inguruan mintzatzen dira eta deskribatzaileak, berriz, horiek definitzen dituzten trebetasunen, gaitasunen eta abarren zerrenda bat dira. Konpetentzien esanahia argitzen laguntzen dute, beraz, hark barne hartzen dituenak zehazten dituztelako. Esan genezake deskribatzaileek adierazten dutela zer-nolako alderdiak landu behar diren konpetentzia hori eskuratzeko, eta, era berean, oso lagungarriak dira konpetentzien ebaluazioa egiteko. Bertso eskoletan orain arte konpetentzia arlo batzuk identifikatuta eduki dituzte, estuki alderdi teknikoei lotuak gehienak, baina konpetentzia identifikatzetik haren barneko deskribatzaileak identifikatzera pauso handia dago irakaskuntza-ikaskuntza prozesuari begira. Deskribatzaileen kontzeptuak bereziki prozesu horri egiten dio mesede, alde batetik konpetentzia arlo baten inguruan landu beharrekoak zein diren zehazten duelako eta haietatik abiatuta ariketa zehatzagoak sortzeko modua ematen duelako eta, bestetik, lantzen ari den horren gaineko kontzientzia handiagoa lortzen denez, hezkuntza prozesua antolatzen laguntzen duelako. Modu horretan lortzen da bertso ikasle eta irakasleek antolatua izatea ikaskuntza-irakaskuntza prozesua eta, ondorioz, haren kalitatea hobetzea, bidea eta helburuak argi izanik errazago eta argiago egiten baita.
Bertsolariek landu beharreko bederatzi konpetentzia arlo zehaztu ditut, eta horien esanahia argitzen duten deskribatzaileak ere zerrendatu ditut (lehenengo zortziak taulan eta bederatzigarrena, kantaerarena, ondoren).
Konpetentzia arloak | Deskribatzaileak |
Edukia |
– Euskara menderatzea.
– Argudioen eta kontraargudioen kalitatea agertzea. – Gaiei buruzko hausnarketa eta ikuspegi kritikoa garatzea. – Gaiari heltzea. – Argudioen zein kontraargudioen aniztasunaz baliatzea sorkuntzan eta/edo aukeraketan. – Baliabide poetiko-erretorikoak sortzeko eta egoki kokatzeko gaitasuna izatea. – Testuinguruaren kontzientzia eta horretaz baliatzeko gaitasuna edukitzea. – Jardun beharreko gaian genero ikuspegia landua izatea. |
Doinua |
– Doinu desberdinak eta horien ezaugarriak menderatzea.
– Doinuen eta neurrien arteko erlazioaz jabetzea. – Doinua eta mezua elkarri egokitzea. |
Neurria |
– Neurrien ezagutza izatea.
– Neurriari ezarritako hizkuntza arauen ezagutza izatea. – Argudioa neurrira egokitzea. |
Errima eta oinak |
– Errimatzeko arauen ezagutza izatea.
– Oinen sorkuntza errazten duten errimak hautatzea. – Gaiarekin zerikusia duten oin egokiak hautatzea. – Errimak memorizatzeko, gogora ekartzeko, aukeratzeko eta ordenatzeko gaitasuna izatea. |
Abiadura eta denbora |
– Ezarritako denbora mugen ezagutza izatea.
– Buru-azkartasuna izatea bertsoaren egitura sortzean. |
Memoria |
– Epe labur, ertain eta luzerako memoria gaitasuna izatea.
– Inprobisazioaren aurretik eta bitartean sortutako egitura (gaia, edukia, doinua, neurria, errimak eta oinak) gogoratzeko gaitasuna izatea. – Baliabide mnemoteknikoak ezagutzea eta aplikatzea. – Berezko memoriako eta memoria artifizialeko datuak erabiltzea. |
Inprobisazioa |
– Inprobisaziorako oinarrizko teknika menderatzea.
– Gaiaren eta bertsoaren arauen araberako ideien bat-bateko transmisioa egitea. – Bertsoaren planteamenduan eta garapenean inprobisazioari eusteko gaitasuna izatea aurrez ezarritako amaierara iritsi arte. – Inprobisazioan blokeo kasuei aurre egiteko baliabideak izatea. |
Gaitasun sozioemozionalak |
– Gorputz adierazpenak erabiltzea mezua indartzeko.
– Kontrol kognitiboa eta emozionala izatea, entzuleen aurrean konfiantzaz eta segurtasunez adierazteko. – Hainbat publiko motarekin zein beste bertsolariekin konektatzeko eta ezarritako edo aukeratutako gaiekin inplikatzeko enpatia izatea. |
KANTAERA
Bertsoaren osagai garrantzitsuena testua dela argi dagoen arren, hori kantuz ematen da beti, eta bertsoak horrela lortzen duen komunikazio ahalmena aitortu egiten dute bertsolariek eta entzuleek. Hala ere, aitorpen hori ez dator bat adituen testuetan, txapelketetako epai irizpideetan edo bertso eskoletako irakaskuntza-ikaskuntza prozesuetan kantaerari ematen zaion garrantziarekin. Horregatik, arlo honi tratamendu berezia ematea beharrezkoa delakoan nago.
- Adituen ekarpenak
Kantaerari buruzko informazioa biltzeko, elkarrizketa egin nienahots hezkuntzarekin eta kantuarekin zerikusia duten zenbait adituri (musikariei eta bertsolariei). Profil batekoak baino gehiagotakoak bilatu nituen, errealitate askotarikoak ezagutu eta gaiaren inguruko hainbat ikuspegi kontuan hartzeko. Aditu horiek esandakoetatik sortu ditut kantaeraren konpetentzia arloko deskribatzaileak.
Honako aditu hauekin jarri naiz harremanetan arlo hau lantzeko:
- Ahots klasiko-lirikoaren arloan, Maria Angeles Rodriguez eta Olatz Saitua, ibilbide profesional zabala duten abeslari liriko profesionalak eta Musikeneko Pedagogia ikasleen ahots hezkuntzako irakasleak biak.
- Jazzaren arloan, Nerea Erauskin, kantari liriko gisa duen profilagatik, baina baita jazz espezialitateko ikasleen irakaslea delako eta euskal musikarekin harreman estua duelako ere; eta Deborah Carter, jazz kantari moduan egin duen ibilbide entzutetsuagatik eta Musikenen diziplina horretako irakasle gisa aritzen delako.
- Musika tradizionalaren arloan, hainbat musikari eta bertsolari aukeratu nituen, hala nola Thierry Biscary abeslari eta perkusionista, bere ibilbide profesional bikainagatik; bi bertsolari, Eñaut Agirre eta Sustrai Colina, bertsolaritzaren barruan ordezkatzen dituzten profil desberdinengatik eta haien ibilbidean zehar musikarekin eta ahotsarekin zerikusia duten esperientziak izan dituztelako.
- Imanol Kamio eta Joxe Mari Ostolaza ere hautatu nituen, bertsolaritzarekin harremana izan dutelako eta goian aipatu ditudan bi bertsolari horiekin lan egin duten musikariak direlako.
Ahotsari eta haren lanketari buruz duten ikuspuntuari buruz galdetu nien, baita bertsolariek alderdi horretan egin beharreko trebakuntzaren inguruan ere. Hona laburbilduta haiek adierazi zizkidaten zenbait alderdi:
Mª Ángeles Rodriguezek, Olatz Saituak, Nerea Erauskinek eta Deborah Carterrek diote abesteko orduan badela oinarrizko teknika komun bat, eta arnastea, eustea eta igortzea aipatzen dituzte. Laurek diote bertsolaritzan ere erabili egin behar litzatekeela oinarrizko teknika hori, hainbat abantaila eskainiko lizkiekeelakoan. Nabarmenenak lirateke ahots osasuntsu bat izatea eta minik ez hartzea, horren ezagutza norberaren onurarako erabili ahal izatea eta, ondorioz, komunikazioa hobetzea.
Thierry Biscaryren ikuspegia gehiago hurbiltzen da bertsolariek musikaz duten ikuspegira. Biscaryk garrantzi gutxi ematen dio ahots-teknikari, eta igortzeari eskaintzen dio arreta guztia. Ahots hezkuntzari dagokionez, uste du bertsolariek jakin egin behar dutela doinua zer-nolako tesituran kantatu behar duten, eta hori da antzematen duen behar bakarra bertsolariengan ahots hezkuntzari dagokionez. Argi dauka bertsolarien eta musikarien beharrak ez direla berdinak eta, ondorioz, haren ustez ez lituzkete alderdi berdinak landu behar. Azken ideia hori elkarrizketatu guztiek partekatzen dute.
Eñaut Agirrek dio ahozko transmisioaren bitartez ikasten dela kantatzen eta hori kantua aberasten duen ezaugarria dela, Biscaryk ere aipatzen duen moduan, eta akademikoa denaren aurrean intuitiboa denari ematen dio balioa. Hala ere, Agirrek bertsolarien beharretara egokituko den musika trebakuntzaren beharra ikusten du, non igortzea landuko litzatekeen bereziki, gaur egungo bertsolariengan hautematen duen behar orokorra iruditzen baitzaio, intonazioa eta kanturako plazera bilatzearekin batera.
Sustrai Colinaren ustetan, antzerkia, musika edo dantza bezalako arlo edo diziplinak menderatzeak pertsonaren aurrerapen artistiko osoena ekartzen du eta, beraz, ez du positiboa ikusten rol ezberdinak hainbeste lerrokatzea. Bertsolariei dagozkien testuz kanpoko alderdiak nork bere gisa eta bertso eskoletatik kanpo lantzen direla baieztatu du. Gainera, ez omen da ohikoa aurrerapen pertsonal horiek taldeko gainerako kideekin partekatzea.
Joxe Mari Ostolazak, berriz, Colinak bezala, uste du bertso eskoletan oraindik asko dagoela egiteko kantaerari dagokionez eta, gaur egun, orokorrean, ez dagoela eskoletan ahotsa lantzeko irakasle egokirik. Bestalde, bertsolarien trebakuntzaren ardatza testuaren arloa lantzea dela dio, eta entzumena lantzea oso beharrezkoa litzatekeela uste du. Sinetsita dago oso erabilgarria izango litzatekeela, belarria hezi egiten dela uste baitu.
Bada, beraz, ikuspegi komun bat, elkarrizketatu guztiek neurri handiagoan edo txikiagoan ontzat jo dutena bertsolarien kantaeraren inguruko beharrei dagokienez: haien beharretara egokituko den musika prestakuntza ezartzea.
- Deskribatzaileak:
Ulermena errazteko, horien izaera argitzen duten hiru kategoriatan bildu ditut: Intonazioa eta Entzumena, Erritmoa eta Adierazpena.
– Intonazioa eta Entzumena
- Ezinbestekoa da gorputz jarrerak ahotsa igortzeko garaian eta haren erabileran duen garrantziaz jabetzea, beharrezkoak ez diren tentsioak ezabatu eta soinu emaitza hobea ahalbidetzen duen arnasketa egokia aurkitzeko.
- Aldi berean, beharrezkoa da ahotsa eta haren funtzionamendua (arnastea, eustea, igortzea) ahots praktikaren bitartez ezagutzea, ahalegin txikiena eginez ahalik eta etekin handiena ateratzeko eta ahots kordei kalterik ez egiteko, Rodriguezek, Saituak, Erauskinek, Carterrek eta Ostolazak adierazten duten moduan.
- Era berean, beharrezkoa da bakoitzak bere ahots kantatuaren oinarrizko ezaugarriak (tesitura, kolorea, tinbrea) entzumenaren bidez ezagutzea, bere ahalmenaren eta mugen kontzientzia handiagoa izateko eta, ondoren, egoki erabiltzeko.
- Testu finkoekin eta inprobisatuekin errepertorioa intonatzeko gaitasuna izatea funtsezkoa da doinuak ikasteko eta entzuleek antzemateko moduan kantatzeko.
- Intonazioan afinatzeko, beharrezkoa da barne entzumena landuz bereiztea entzumen lerroak eta horiek ahotsaren bitartez interpretatzeko modua ematen duen entzumen entrenamendua lantzea. Ahotsa belarrian hezten da eta Ostolazak hori proposatzen du ikasleei aurkezten dizkien ariketetan, hala nola musika piezak ahots nagusitik harago entzutea eta horiek interpretatzeko gai izatea.
- Errepertorioaren ezaugarriak (luzera edo bitarte zailtasuna, esaterako) ahots praktikaren bidez identifikatzea beharrezkoa da doinuen ezaugarri espezifiko horiek aurreikusi eta prestatzeko.
- Belarri harmonikoa lantzeko, garrantzitsua da hainbat ahotsetara kantatzea, gainerako ahotsek melodiari eskaintzen dioten euskarri harmonikoa barneratzeak lagundu egiten baitu afinazioa hobetzen bakarka abesteko orduan.
- Azkenik, beharrezkoa da hautatu den errepertorioa altuera ezberdinetan interpretatzeko ahotsa egokitzea (transposizioa), batetik norberak abesteko leku aproposa zein duen aurkitzeko eta, bestetik, altueraz aldatzeko gai izateko bai momentuko ahots egoera pertsonalengatik eta bai binaka edo taldean abesten hastean tonua adosteko beharragatik. Erabaki hori Ostalazak defendatua da, ulertzen baitu mota horretako bertsoaldia osotasun gisa hartu behar dela eta ez bereizita doazen bi bertsoaldiren moduan.
– Erritmoa
- Pultsua eta azentua hautematea, identifikatzea eta barneratzea izango litzateke bertsolariek landu beharreko oinarrizko gaitasuna eta ondorengo deskribatzaileak ahalbidetuko lituzkeena.
- Neurri erritmikoak, izaerak eta konpasak gorputzaren eta ahotsaren adierazpenaren bidez ezagutzea beharrezkoa da; izan ere, Ostolazak dioen moduan, eduki horiek menderatzeko, ezinbestekoa da haien mugimendua ikustea eta sentitzea.
- Bestalde, funtsezkoa da metrika musikala eta testu metrika elkartzea eta egokitzea, haien azentuek bat egin dezaten eta musikarenak ez daitezen gelditu testuaren azpian, musikari horren arabera.
– Adierazpena
- Musika eta testua modu bateratuan interpretatzea da landu beharreko gaitasun nagusietako bat, kantatuz kontatzea baita bertsolaritzaren ezaugarrietako bat, Biscaryk eta Agirrek adierazi duten moduan.
- Testu jakin eta inprobisatu batetik abiatuta ahots adierazpeneko artikulazioak, dinamikak, tempoak eta fraseatzeak sentsibilizatzea, hautematea eta interpretatzea ere oso gaitasun baliagarria da testua indartzeko.
- Azkenik, isiluneen baliabide espresiboak kudeatzea beharrezkoa litzateke. Isiluneak lotura estua du arnasketarekin eta, Ostolazak adierazten duen moduan, puntuazio markatzat har daitezke musikan.
AZKEN HAUSNARKETA
Deskribatzaileekin batera zehaztu diren konpetentzia arloek garbi azaltzen dute gaur egun zer den beharrezkoa bertso bat sortzeko eta interpretatzeko. Osotasuneko ikuspegi bat eskaintzeko moduan idatzita daude, eta aukera ematen dute bertsoa sortu eta interpretatzeko prozesuan parte hartzen duen guztiaz jabetzeko eta, beraz, erraztu egin dezakete irakaskuntzaren eta ikaskuntzaren antolaketa.
Erabat fidatzen naiz hezkuntzaz eta hezkuntzak errealitate eta pertsonak aldatzeko duen gaitasunaz. Esperientzia berriek eta lan egiteko modu berriek beti aberasten gaituzte, eta ez genuke beldurrik izan behar ezagutza berriak gehitzeko eta gauzak egiteko modu berriekin esperimentatzeko (probetxua atera behar genioke hezkuntzan metatu den jakintzari). Benetan uste dut bertsolariek ahotsaren lanketari etekina atera diezaioketela, betiere lanketa hori haien profilera egokitua bada. Bestalde, lan honen asmoa ez da izan inolaz ere ahots hezkuntzaren helburuak bertsolaritzan ezartzea, baizik eta haien komunikazio funtzioa hobetuko lukeen alderdiak biltzea eta, horrela, kantatu nahi duen edonork egiteari utzi beharrik ez izatea alderdi horren inguruan formazio egokirik jaso ez duelako.