Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua
Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua –
1990eko hamarkadaren erdialdetik aurrera jaiotako bertsolariak dira. Bertsolaritzaren lehen boomak sehaskan harrapatu zituen, eta bigarrenak eskolarteko txapelketak pasata. Millennial berantiarrak, edo Z belaunaldiko kide goiztiarrak. Bete-betean datorkie Zer gara gu? Nor gara gu? kanta herrikoia: hamabi urterekin Oi! doinuekin kantatuko zutena, autotune pixka batekin kantatuko dute orain. Hitzetik Hortzera VHS zintetan grabatu zuten umetan, eta orain Instagramen jartzen dituzte bertso saioen kartelak. Analogikotik digitalerako jauzia ezagutu dute, eta gizarte solidotik likidorakoa, baita bertsotan ere. Adinari erreparatuta, belaunaldi horretako kideak dira Sarai Robles, Jokin Bergara eta Aitor Bizkarra.
Ez dute plaza askotan kantatu elkarrekin, gazte sariketetan elkartu dira batez ere, baina badute elkarren berri. Sarai Robles (Barañain, 1996) gaztetxo hasi zen bertsoaren bueltara hurbiltzen; gerora, Zuzenbide ikasketak egin ditu. Zortzi urterekin hasi zen bertso eskolan, baina beranduago bertsozaletu zela dio: “Iruñerrian bereziki, eta beharbada leku gehiagotan ere gertatzen da, bertso eskolara euskaltzaletasunetik iristen gara, eta gero bertsozaletu. Zortzi urterekin bertso eskolan hasi nintzenean bertsolaritza nolakoa zen esaten ez dakit, ez nintzelako bertsozalea, ez ginelako bertsozaleak, eta ikasturte amaierako bertso merenduak zirela saio moduan oroitzen ditudan bakarrak”.
Roblesek modu ‘intentsoagoan’ gogoratzen du 2013ko Bertsolari Txapelketa Nagusia: “Finalera aspertuko ote ginen beldurrez joan ginen, eta finalean “klik” egin zuen zerbaitek. Ohartu ginen bertsozaleak ginela, gozatu genuelako ordu luzez bertsolariak entzuten egonda. Gogoan dut saio horretan eragin handia izan zuela nigan Maialen Lujanbioren bakarkako ariketa batek. 2013an hamazazpi urte nituen, eta esango nuke orduan oso etapa militantean nengoela; oso modu intentsoan bizi nituen politikarekin lotutako kontu guztiak”. Gogoan ditu Amets Arzallusen kartzelako lana, eta bakarkako beste ariketa batzuk: “Gogoan dut agur askotan aipatzen zirela presoak eta horrekin asko hunkitzen nintzela… Baina gogoan gelditu zaidana Maialen Lujanbioren bakarkakoa da. Lehen aldiz entzun nuelako bertsoaldi bat hain sinpletik eta hain txikitik egina. Lehen gauza ‘handiagoei’ kantatzen zitzaienaren susmoa dut, eta garai horretatik aurrera badagoela halako zilegitasun bat bestelako bideei heltzeko, eta berdin-berdin dela politikoa”.
Jokin Bergara (Eibar, 1994) soziologoa da ikasketaz, eta nerabe zenetik dabil bertsoaren bueltan: “Bertsolaritza mugimendu bat da, euskarazko gizartetik jaiotzen dena, eta islada bat da, momentu horretan euskarazko gizarte horretan dauden tentsioena, dauden gatazkena, dagoen giro sozial, ekonomiko eta politikoarena. Argi eta garbi, gu bertsozaletu ginenean bazegoen testuinguru politiko bat gatazkak markatzen zuena, eta zentralitate politikoa horrek hartzen zuen, eta asko kantatzen zen horren inguruan. Nik uste dut horrek markatzen zituela garaiko hausnarketak, bertsolaritzaren baitan bando diferenteak ere”. Hor kokatzen ditu adin bueltako bertsokideak, bertsozaletu ziren garaian plazan zebiltzanak: “Uste dut gu bertsozaletu ginenean hiltzen ari zen bertsolaritza mota bat izan litekeela aipatuko dudana, Maialen Lujanbio eta hauen belaunaldiak beste zerbait ekarri zuelako, baina bazen figura publiko mota bat modernitatearen ezaugarri guztiak zituena. Politikan liderrak produzitzen ziren bezala, edo kulturan idazle handiak edo pentsalari handiak, hori aldatu egin zen gu gaztetxo ginenean”.
Bergarak uste du 1980-1990eko hamarkadetatik aurreragoko gizarte “likidoagoetan” desagertu egin direla bertsolari handiak edo lider handiak produzitzeko baldintzak. Eta ez du uste gaitasun gutxiago dagoelako denik, “baizik politikan ere ezin delako Lenin bat produzitu edo ezin delako herrialdea gidatuko duen super lider bat, Fidel Castro bat, sortu”. Uste du hori lehengo bertsolaritzan bazegoela: “Bertsolaria norbait garrantzitsua zen, entzun beharrekoa, Euskal Herriko umorea ukitzen zuena, eta zentzu batean ere lider funtzioak betetzen zituena. Uste dut hori gaur egun ezinezkoa dela lortzea, desagertu direlako baldintzak. Desagertu dira orduko gizarte egitura horiek, egonkorragoak, masa gizartearekin lotutakoak”. Azken urteetan, lehen planoan dauden bertsolari horiek plazara sartu zirenean, bertsolaritza “berriago bat” ekarri zutela dio: “Kaletarragoa, zabaltzen dute begirada beste mugimendu kultural batzuetara, beste abangoardia batzuetara eta nahasten dute bertsolaritza musika estilo desberdinekin eta antzerkiarekin. Zerbait berria bilatzen dute, eta uste dut gaur egungo bertsolaritzaren osasun onaren arrazoietako bat hori dela, egin zuten arnas berritze lana. Eta guk hortik asko edan dugula uste dut, gatazkak markatzen zuen gaitegitik harago”.
“Orduan, gaztetxo bertsozaleak zinetenean, esan liteke bertsoaren funtzioetako bat zela ezker abertzalearen mezu politikoak zabaltzea?”. Galdera tranpatia da, baieztapenera ere iristen ez dena, baina hausnarketarako eman die.
Aitor Bizkarrak (Abadiño, 1996) Filosofia ikasi zuen, bertsozaletu eta urte batzuk geroago: “Uste dut bertsolaritzak baduela funtzio bat orokorra, ia-ia berezkoa duena, eta, sasoian-saioan eraldatzen bada ere, komunitate bati kantatzen diola eta komunitate jakin bati zor zaiola. Zentzu batean, bertso plaza generalistenetan, txapelketetan eta bestelako jaialdi garrantzitsuetan, nik uste hori ikusten dela. Existitzen da ulermen marko bat edo zentzu komun bat nahiko partekatua entzulerian, eta hor existitzen dira diskurtso batzuk beste batzuk baino hegemonikoagoak direnak. Eta zentzu horretan bai iruditzen zait, nahi bada 2001etik 2013rako tarte horretan, edo 2005etik aurrera, orduan izan bazen gure bertsolaritzarekiko lehen kontaktua, orduan euskal gatazkak zentralitate nahikoa zeukala tematikoki oro har bertsozaleria osatzen zuen komunitate horretan, eta ondorioz baita bertso plazan ere”.
Zentzu komun horretan, Bizkarraren ustez, ezkerreko abertzaletasunaren sentsiblitatea beste batzuk baino “hegemonikoagoa” zen: “Ez nuke esango zentzu instrumental batean bertsolaritzaren funtzio bat izan denik hori, ez da bulego batean diseinatu horretarako balio behar duela bertsoak, baina horiek izanda abiapuntuko baldintzak, bertsozaleriarenak eta bertsogintzarenak, bai uste dut balio izan duela euskal gatazkaren inguruko errelato jakin bat indartzeko, kasu honetan ezker abertzaletik nahiko gertu dagoena. Eta bertsolari batzuen kasuan, oso gertu. Guk ezagutu dugun elitea, nahi bada ‘BECeko kuadrilla’, orain apurka erreleboa ematen ari dena, esango nuke erabat ezker abertzalearen ildo diskurtsiboarekin lerratuta egon dela. Ez zentzu instrumentalean, baina pisua izan du”.
Bilakaera bat, bertsogintzarena bezain norberarena
Aldatu da bertsolaritza, ume zirenetik gazte izaterako tartean. Jokin Bergarak uste du adinak ere eragin duela aldaketa, baita testuinguruak ere: “Euskarazko gizarte horren eraldaketa nabarmen batek eragin du bilakaera, perspektibak aldatu dira, begiak beste toki batzuetara begira jarri dira, eta, gero, norberaren adinak ere eragiten du. Gizarteak eboluzionatzen duen bezala norberak ere eboluzionatzen du. Ez da berdina hamazazpi urterekin edo hemezortzirekin sariketetara joaten zarenean, (errimatzen badakizu, baina ez askoz gehiago), eta diskurtso eta kokapen aldetik, uste dut, oso baldintzatuta zaude. Nagusiagoek egiten dutena kopiatzen duzu, adin kontu batengatik, ez gaitasunik ez duzulako”. Uste du urteek aurrera egin ahala norberak pentsatzen duela nola nahi duen kokatu bertsolaritzan: “Plaza publikoan mikrofono bat edukitzea boterea edukitzea da, eta norberak erabaki behar du mikrofono horretatik zer esan nahi duen eta zer ez, eta bertso mugimenduaren baitan ere zein lekutan kokatu nahi duen. Uste dut erabaki batzuk direla oso arrazionalki ez direnak hartzen, baina poliki-poliki ikusten duzu norantz bideratzen ari zaren, edo non kokatzen ari zaren, zein kezkarekin konektatzen duzun… Ez dut uste berdina denik hogeita zortzi urterekin joatea plaza batera edo hemezortzirekin. Eta pentsatzen dut berrogeirekin ere ez dela berdina izango”.
Testuinguruari tiraka hasi da Sarai Robles ere: “Bertsolariei dagokienez, bertsozaletu nintzenean, gehien-gehienak gizonak zirela dut gogoan, Nafarroan bereziki. Erika Lagoma badakit hor zebilen ordurako, baina ez dut gogoan. Eta Estitxu Arozena bertso merenduren batean gurutzatuko nuen, baina gutxi gehiago. Batez ere txapelketa giroa dut gogoan, eta hor gehiengoa gizonak ziren, eta gazteak ere ez ditut oso gogoan. Noski, ni gazteagoa nintzelako. Eta Nafarroako kasuan, denak eremu euskaldunekoak zirela esango nuke”. Ordutik hona, bere inguruan bertso saioen formatuak asko aldatu dira: “Plaza txikiagoak dira, eta Bertsozale Elkartearen ikerketek ere hori erakusten dute. Ez da kasualitatea nik gogoratzen ditudanak txapelketak izatea, eta gaur egun ez nituzkeela seguruenik txapelketak azpimarratuko. Saio informalagoak izaten dira orain gustatzen zaizkidanak, bertso afariak ere beranduago deskubritu nituen… Zentzu horretan uste dut garapen teknikoa izan dutela zenbait bertsolarik, diskurtsoari garrantzi handiagoa ematen diotela beste batzuek… Eta ni bertso eskolan hasi aurreko bertsolarien bertsoaldiak entzunda uste dut are nabarmenagoa dela aldea”.
Bergarak uste du “gatazka politikoa nabarmen ahuldu” dela azken urteetan: “Gazte belaunaldiok ekarri ditugu beste kezka batzuk, beharbada 2008ko krisiaren ondoko testuinguruan politizatu garelako, feminismoaren olatu zabalean, edo krisi ekologikoaren testuinguruan ere hasi dira beste kezka batzuk agertzen. Uste dut oso nabarmen gertatu dela mugimendu feministaren ildotik. Bertsolaritzan kuriosoa da zein lurreratze potentea izan duen, nola antolatu diren bertso eskola propioak, plaza propioak, nola antolatu den konpartitutako diskurtso bat ere, eta nola eraman den hori bertsolaritzaren komunitatera ere. Aldaketa nabarmen bat dago hor, entzuten dena plaza publikoan eta azken urtean ikusi dena sinbolikoki ondoen adierazita Saioa Alkaizaren eta Nerea Ibarzabalen txapeletan”.
Bizkarrak “kontrakotasun moduko batetik” edo “iritzi kritiko” batetik gogoratzen ditu bere bertsotako “lehen interbentzio politikoak”, 2010 ingurura begiratuta: “Hasieran, bertso bat osatzeko gai justuan zarenean, iruditzen zait diskurtso bat artikulatzeko gaitasuna nahiko urrun duzula. Diskurtso bat artikulatzeko gaitasuna izaten hasi nintzenean esango nuke nik nahiko modu erreaktibo batean gorpuztu nuela hori. Gogoan dut parte hartu nuen azken Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan Gure Esku Dagoren kontra kantatu nuela bakarka. Noski, jarraitzen du tematika horrek zentraltasuna izaten, baina nire kasuan, belaunaldi haustura baten ikuspuntutik begiratuta adierazi zela. Ez dakit horrela ote den nire belaunaldikide diren guztien kasuan”.
Roblesek 2013ko Txapelketa Nagusiko finala gogoratu du: “Bizipen hori kontatzen dugu, eta batzuetan kontestuz ateratzen dugu, baina askotan ahazten dugu bertso mundua zein txikia eta homogeneoa den, nahiz eta beti esaten dugun eta badakigun badaudela eskuineko bertsozaleak, edo AHTaren alde daudenak… Bertsogintza bada mezu batzuk zabaltzeko espazio egokia, badagoelako oinarri beretik abiatzen den bertsozale talde handi bat. Eta orduan, batzuetan badirudi 2013an torturari kantatzea dela politikaz kantatzea edo letra larriz politika egitea, eta Maialen Lujanbiorena izan zela gauza txiki bati buruz kantatzea, harreman bat uzteaz edo maitasun erromantikoaz kantatu zuelako. Baina iruditzen zait bereziki orduko testuinguruan bertan zegoen bertsozaleriarengan eragin politiko handiagoa izan zuela Lujanbioren bakarkakoak Arzallusenak baino”.
Gizartean gertatutako aldaketa horiek plazara iristen direla uste du Jokin Bergarak: “Ez agian bere gordinean, baina gaiei heltzeko moduan, gaiak jartzerako orduan, plazetara entzutera hurbiltzen den jende motari begiratuta… Nik uste dut hor eraldaketa bat ari dela gertatzen. Plaza dibertsifikatzen ari dela eta badaude plaza tradizionalagoak eta badaude beste mota bateko plazak beste gai batzuei kantatzen zaienak. Horrek markatzen du zein gai entzuten den non. Eta bide horretan, uste dut gero txapelketetan-eta gai-jartzaile taldeak saiatzen direla hori gaietara eramaten. Dauden posizio horien oihartzunak uste dut gero entzuten direla plazetan”.
Bizkarraren ustez, Txapelketa Nagusiak betetzen du lau urtean behin egon den “bilakaera ideologikoa kristalizatu eta finkatzeko” funtzioa: “2017an, adibidez, izan ziren zenbait kritika, edo txalotu ziren zenbait kontu… adierazi zutenak esplizituki lau urteko zikloan egon zirela hainbat mugimendu eta desplazamendu tematiko, eta hori egonkortzen eta finkatzen ari zela”.
Arlo pertsonalean, Roblesek badaki orain “zilegitasun handiagoa” ematen diola bere buruari gai batzuei nahi duen “ikuspuntutik” edo lehen “ausartuko” ez litzatekeen ikuspuntu batzuetatik kantatzeko: “Uste dut hori oso inportantea dela. Batez ere kontuan hartuta emakumeok geure buruari zilegitasuna aitortzea zailagoa dela, eta era berean horrek eragiten duelako oholtza gainean. Baina paradigmatikoa da, alde batetik askatasun hori ematen diodalako zenbait gairi heltzeko, eta, era berean, zilegitasun horrek ematen didalako aukera esateko gai batzuk ez zaizkidala interesatzen eta ez ditudala hartu nahi. Nerabetan, etapa ‘militante’ hori izan nuenean, uste dut esaldi potolo gehiago eta handikeria gehiago kantatzen nituela, eta orain ahalegina egiten dut pixka bat horietatik aldentzeko. Bestalde, badira lehen kopiatzen genituen zenbait jarrera, denok erreferentzia antzerakoak ditugulako. Saiatzen naiz aldentzen jarrera horietatik”.
Bilakaera teknikoak dakar bilakaera diskurtsiboa? Paradigmatikoa da Bizkarraren arabera: “Nabarmena da ez baduzu arte disziplina baten teknika menperatzen aukera gutxiago dituzula zuk garatu nahi duzun iruditeria garatzeko. Nahiz eta teknika kaiola ere bihurtu daitekeen batzuetan. Baina gertatu izan da beste prozesu bat ere. Euskal gatazkak zentralitatea galdu duenean bertsotan, badira bertsolari batzuk biltze tekniko bat egiten dutenak, tematikoki askotan biltze intimista bat ere badakarrena. 2017ko Txapelketan Sustrai Colinak egindako lanaren adibidea etortzen zait niri burura. Bi aldeetara gertatzen da, hala ere”. Eta berretsi du aurreko ideia: “Bertsolaritza ez da arte abangoardista bat. Bertsogintzak ez du berrikuntza elementurik txertatzen normalean, gehiago da erretaguardiako arte bat, eta badu bere xarma, ez diot ezetz”. Bat-batekoaz ari da, tarte handiagoa ikusten baitio idatzizkoari berrikuntzarako, nahiz eta mediazio kritikoa baduen bat-bateko bertsoak prestakuntza lanean.
Belaunaldia zerk
“Gure belaunaldia zerk definitzen duen? Ziurtasun handiak erori direneko egoerak definitzen du gure belaunaldia”. Ezaugarriak zehaztu nahian hasi da Jokin Bergara: “Eta batzuetan badut sentsazioa toki guztietara berandu heldu den belaunaldi bat garela. Guri ahotsa eman zigutenerako dena zegoen erabakita, ‘post’ belaunaldi bat da gurea. Dena dago egituratuta modu batean, dena izan behar da modu batekoa, sortuta daude herri honen erakunde guztiak, Bertsozale Elkartea sortuta dago, sortuta dago bertsotan nola egin behar den, Hiztegi Errimatua sortuta dago… Ez gara ezeren fundatzaile”. Eta izaerarekin ere lotu du hori: “Konplexu batzuk eragiten ditu horrek, baita gutxiagotasun kolektiboko sentimendu bat ere. Eta ez da gure belaunaldia ez delako ezer eraikitzeko gai, baizik eta horretarako baldintza sozialak desegin direlako, dena ustez egina eman zaigulako. Eginda dagoena gustatu ala ez, ez zaigu eraldatzen uzten egina eman zaigun hori”. +++
Susmo antzerakoa du Sarai Roblesek: “Ez gara hain bereziak” esan du Roblesek belaunaldiaren ezaugarriez hitz egitean: “Esan nahi dugu izan garela apurtzaileak, ekarri ditugula bertso saio berriak, formatu berriak, baina nire inguruan behintzat ez. Uste dut eragin digula bizi garen garaiak. Alde batetik jende asko batzen duen aldarririk ez dagoen garai batek bizi gaitu. Adibide bat jartzearren, presoei kantatu eta ez duzu lehengo erantzunik lortuko. Zentzu horretan, geure lekua topatu behar izan dugun belaunaldia gara, ez bakarrik horregatik. Sare sozialetan hezi garen belaunaldi bat ere bagara, eta bertsolaritza oso jardun publikoa izanda, horrek ere asko baldintzatu du gure bertsotan egiteko eta bertsolari izateko modua, bertsolaria pertsonaia publikoa delako”. Eta sare sozialetatik jasotako estimuluek bertsokeran ere eragina dutela uste du.
Gainerakoan, belaunaldi moduan inguruko gazteek dituzten ezaugarriak ditu bertsolarien multzoak ere: “Baina bertsotara ekarrita, ez gara hain bertsolari bereziak, gainerako belaunaldiak ere egokitu behar izan direlako testuinguru berrietara. Baina ‘dinosauro’ guztiak ezagutu dituen belaunaldia gara, izen handi asko ezagutu ditugu. Gu bertsolari oso on asko dauden garai batean hazi gara, eta uste dut, neurri batean, barneratuta dugula haietako asko baino hobeak izatea ezinezkoa dela, eta horrek eraman gaituela gauza berriak probatu eta asmatzera”.
Bizkarrak ere nahasten ditu bi bideak: “Adinkide garen neurrian baditugu ezaugarri komun batzuk, batez ere emanda etorri zaizkigunak: bertsogintzaren modernizazio prozesua nahiko burura emanda zegoen bertsora heldu ginenean, eta, beraz, kultura popularraren eta goi kulturaren arteko dikotomia nahiko lausotuta zegoen. Ez da baztertzen bertsolaritza kultura popularraren parte moduan, baina beste goratze bat izan du, oso lotuta dago bertso eskolen indartzearekin eta hedabideratze masiboarekin… Baldintza objektibo antzerakoetan hasi gara gu bertsotan, eta zentzu horretan bagara belaunaldikideak, adinagatik momentu bertsuan hasi ginelako bertsotan”.
Baina “beste zentzu batean” belaunaldien kontua ez da biologikoa, Abadiñokoak uste duenez: “BECeko kuadrilla aipatzen dudanean, Maialen Lujanbiorena, adibidez, iruditzen zait nahiko adibide ona: adinkideen belaunaldi bat izan du. Izan da belaunaldi horren parte, zentzu sakonago batean. Baina bertsotan tematika zehatz batzuen desplazamendua egon den momentuan, bere adinkideak diren bertsokide batzuk desplazatu egin dira, neurri batean, bertso munduko lehen lerrotik, eta berak bere adinkide ez diren bertsolariekin topatu du belaunaldi politikoago bat, feminismoaren gorakadarekin adibidez. Hor badaude jarraitutasun batzuk eta haustura batzuk. Uste dut bere belaunaldia topatu izanak eman diola bidea 2017tik termino artistikoetan izan duen bilakaerari”.
Adinak eragiten du belaunaldia osatzerakoan Roblesen ustez ere, baina ibilbidearekin lotzen du gehiago: “Adinak asko baldintzatzen du, ibilbide bertsua egiteko aukera gehiago dituelako adin antzerakoa duen jendeak, baina adibide bat jartzearren, Saioa Alkaiza nire belaunaldikoa dela esango nuke, eta Julio Soto ez, edo nik ez dut hala identifikatzen. Eta euren artean ez dute urtebeteko aldea besterik. Baina ikusten dut ibilbide ezberdina izan dutela, eta bakoitzak duela bertsoarekiko jarrera bat. Niretzat horrek markatzen du bertso belaunaldia”.
Eta belaunaldiak zer
Bilaketa betean ikusten du Bergarak bere belaunaldia: “Gure belaunaldian, toki batean edo bestean kokatzeak ez dizu segurtasun ideologiko edo artistikoa ematen. Igual lehen ere ez, baina nik hori sumatzen dut. Bide propioak bilatzen ari den belaunaldi bat da gurea, eta zentzu horretan, agian zabalduago gaude Europan gertatzen ari diren abangoardia artistiko, musikal edo estilo berriekin, sare sozialei esker, edo konektatuago gaudelako”. Aurrekoekiko alde nabarmenena horretan ikusten du: “Gure bertso belaunaldiak errazago daki zer gertatzen ari den munduko beste puntan, edo AEBetako suburbioetan zein musika mota entzuten den, edo Europan zein tendentzia dauden, esaterako”.
Kritika soziala “beste eremu batetik” egiten du gazte belaunaldi honek, Jokin Bergararen ustez, eta arrazoietako bat adin tarte horretako bertsolari “ia denak” unibertsitatetik igaro izana dela dio: “Bertsolaritzak beti egin izan duen zerbait dela kritika soziala. Baina gure kasuan, ezagutzen ditugu teoria kritiko gehiago, edo teorizatuta dagoen diskurtso bat ezagutzen dugu”. Pentsatzeko tarte bat hartu du, ezaugarriren bat aipatu gabe uzteko kezkaz: “Euskara batuan kantatzen dugu ia denok, eta uste dut badela ezaugarri bat bereizgarria, nahiz eta aurreko belaunaldiak jada egin zuen hori. Askok euskalkia erabiltzen dugu egunerokoan baina bertsotan gehienok egiten dugu euskara batuan. Esango nuke horrek zerbait esan nahi duela gure belaunaldiaz”.
Belaunaldiari buruzkoetan gehitu liteke esaldia: “Hausnarketa pertsonalak dira, zaila egiten zait iritzi sendo bat ematea halako gaiei buruz”.
Eta zu? Norena zara?
“Zer zara, GKS-koa ala Ernaikoa?”. “Zeri kantatzen dizkiozu azken agurrak Txapelketan?”. “Zer zara, feminista-feminista, ala…?”. Plazan dabilenari saioro eskatzen zaio kokatu dadila aktualitateko gaietan, agertu dezala bere iritzia, eta tentazioa ere izaten du askotan entzuten dabilenak, bertsolariak batean edo bestean kokatzeko.“Iruditzen zait posizionamendu politikoa, jende askok ulertzen duela futbol talde batekoa edo bestekoa izatearen moduan”. Kattalin Barcena musikariaren hitzak dira, udan Berria egunkarian egindako elkarrizketa batekoak. Bertsolari batek baino gehiagok aipatu ditu hitzok. Irakurketa zabalagoa behar du gaiak.
“Non kantatzen duzun, gaur egun lerratze ariketa nabarmenena hori da”. Sarai Roblesek badaki bertsolarien artean erreparatzen zaiola horri: “Fijatzen gara, nork kantatzen duen noren saioetan, nork antolatutakoetan. Egia da herriaren edo lekuaren arabera esaten duzula baietz edo ezetz, eta ez dela lerratze kontua beti, badirelako beste faktore batzuk”.
Baina baten edo bestearen saioetan kantatu, Roblesek argi du: “Nire ustez inportanteena da bertsotan aritzea jakinda nondik abiatzen zaren, jakinda pertsona bezala eta beraz, bertsolari bezala, zarela emakumea, euskalduna, langile klasekoa… eta hortik abiatzen zarela gai guztiei erantzuteko. Beste kokatze politiko bat da aukeratzea maiatzaren batean baten edo bestearen manifestazioan kantatzea erabakitzea, baina uste dut ez duela halako garrantzirik. Nahiz eta morboagatik batzuetan aipatzen dugun”.
Bere burua kokatzen badaki Bizkarrak, baina plazari begiratuta dio “oso zaila” dela bertsolaritzan leku bat aurkitzea bertsolariak indarrean dagoen zentzu komunarekin bat egiten ez badu: “Egia da bertso plaza askotarikoa dela eta topatu ditzakezula zuretzako moduko txokoak, baina plazarik generalistenean indarrean dagoen zentzu komunarekin bat egiten ez baduzu zaila da zure nortasuna topatzea. Askotan pentsatzen duzunarekiko ehuneko ehun fidela izatera baldin bazoaz plazara, lekuz kanpo gelditzeko aukera duzu, edo halako ‘enfant terrible’ bat izatekoa edo jendeak zu serio ez hartzekoa. Horrek eramaten zaitu, hori da nire ustez beste ondorio bat, biltze tekniko eta formal batera. Bertsolari on moduan aintzatetsia izan zaitezen behintzat, igual lanketa teknikoagoa edo finagoa eginda. Nik bertsolari moduan ez dut eduki oraindik halako eboluzio diskurtsibo handirik, ez behintzat erakusleiho nagusietan”.
Kokapen politikoa “oso modu integralean” ulertzen duela dio Barañaingoak: “Ez dut bertsotara soilik mugatzen den zerbait moduan ikusten. Bizitzan, oro har, etengabe kokatu eta lerratu behar zara, iritzi baten edo beste baten alde, jende batekin edo beste batzuekin jarri behar duzu, eta uste dut zintzoena dela bertsotan ere hori gertatzen dela onartzea. Bertsolaria beti ari da kokatzen, edozein gaitan, gaia baldintzatuta dagoenean ere beti dagoelako tartea gaiari modu batean edo bestean heltzeko”. Eta hala ere, uste du oso gutxitan kokatzen direla bertsolariak modu inplizituan: “Gaur egun ez duzu askotan entzungo bertsolari bat ‘Gora iraultza sozialista’ edo antzerako mezu bat botatzen. Agian lehen gehiago egiten genuen hori. Maiatzaren bateko manifestazioan kantatu behar baduzu egingo duzu igual, eta hori da letra larriz kokatzea edo lerratzea. ‘Bertsolari hau ari da hauen ekitaldi batean hau kantatzen’, baina gero plazan eta Txapelketan lerratze hori modu ‘naturalagoan’ egiten dela uste dut, gai guztietan ateratzen delako norbere ikuspuntua”. Lerrokatze inplizitua gutxitan gertatzen denez, talka gutxitan gertatzen da plazetan, Roblesen ustez.
Etengabe sentitzen du Barañaingoak “kokatu beharra” edo “ekipoa aukeratu beharra”. Uste du, “bertsolaria zaren momentutik”, beti gertatzen dela hori: “Bertsolaritza komunikazio ekintza bat da, eta komunikatzeko moduko zerbait esan behar duzu beti. Alderdi estetiko, poetiko edo teknikoa ederra iruditzen zait, baina ez da gehien interesatzen zaidana. Niretzat bertsoaren funtsa zerbait esatea da, zu entzuten eta isilik ari den horri. Oholtza batera igo eta mikrofono baten aurrean jarri bazara da esateko zerbait duzulako, eta hori intentzionalitate batekin esango duzu beti, eta kontziente izan behar duzu horretaz. Eta ez bertsotan bakarrik. Nondik ari zaren jakin behar duzu, kasu honetan, kantuan nondik eta zein posiziotatik ari zaren”.
Sailkatzea da errazena
Mugimendu sozialista, ezker abertzale tradizionala eta mugimendu feminista. Gutxi gorabehera multzo handienetan banatu beharko balira posizio politiko publiko eta markatua duten belaunaldi honetako bertsolariak, hiru multzo handi horiek egin litezke, ñabardurak ñabardura.
Bertso munduaren barruan heldutasun desberdina duten taldeak direla uste du Bizkarrak, eta horregatik direla batzuetan talkak esplizituagoak: “Ez talka zentzu txarrean, baizik eta debaterik ez dela garatu horien artean bertsotan. Eta gainera esango nuke arte munduan badagoela halako joerak gehiago lausotzeko aukera. Ez baita zuzenean termino politikoetan hitz egiten, termino estetikoetan baizik. Zailagoa da talkak azaleratzea bertsotan, nahiz beste modu batzuetan azaleratzen diren”.
Hiru multzook, gainera, ez du uste hanka erabat bereiziak direnik: “Feminismoak ez du nire ustez ezker abertzalearen diskurtsoa bertso plazatik desplazatu: ezker abertzalearen barruan ere egon da desplazamendu tematiko bat borroketan. Feminismoa mugimendu erlatiboki autonomoa izan arren, ez zait iruditzen bertsotan agerpena ezker abertzalearen terminoekiko talkan egin duenik. Ez zait kasualitatea iruditzen ezker abertzalearen halako gaiak zentraltasuna hartzean bertsotan ere islada izatea horrek”.
Bizkarrak dio olatu feministarekin identifikatutako sektore bat badagoela adin bueltan, eta adin inguruan “hainbestekoa” ez den arren, badagoela horren aurkako erreakzio atzerakoi moduko bat ere: “Analogia bat eginda, feminismoaren kulpaz ligatzen ez dutela uste duten gizonak dauden moduan, bertsotara ekarrita badago taldetxo bat feminismoaren kulpaz plazarik ez dutela uste dutenena”.
Abanikoa pixka bat ireki du Sarai Roblesek: “Belaunaldia hartzen badugu, bertsogintza ere hartuta, uste dut alde batetik indeferente asko daudela, badaudela feminismotik asko edan dutenak, oso gertu badaudela ezker abertzalean kokatu litezkeenak, eta ildo komunistakoak ere bai. Anarkistaren bat eta eskuindarren bat ere egongo da. Hala ere, uste dut bertso mundua oso txikia dela, eta lur komun bat badela horien denen artean, euskaltzaletasuna izan litekeena. Plazan ez dut uste horien artean talka handirik gertatzen denik”.
Eta belaunaldiaren ikuspuntu “politikoagotik”, Bizkarrak dio, bere kasuan, baduela belaunaldi bat, “oso gorpuztuta ez dagoena” oraindik: “Bakarrik sentitzen naiz zentzu horretan; iruditzen zait ni baino bost edo hamar urte gazteagoak direnek haragituko dutela ni parte sentituko naizen belaunaldia. Izan liteke beste tematika eta diskurtso batzuetatik gertuago dagoen jendea, gaur egun politikoki mugimendu sozialistan kokatu litekeena. Baditut adinkideak diren bertsolariak, baina adinkide izateak ez du esan nahi belaunaldikideak garenik beste zentzu batzuetan. Literaturan, adibidez, belaunaldiak ez dira garai berean aritu direnen arabera zehazten, tematika eta baliabide estetikoak hartzen dira kontuan, eta horrek egiten ditu belaunaldi”.
Bergararen ustez, “bertsoa bere horretan helburu bat da”, eta bertsolaritzan ari diren “gehienen” helburua “artistikoa” da: “Denok nahi dugu osatu bertso on bat. Bertso eder bat forma eder batekin, kezka batekin konektatzeko, edo pentsamendu bati forma emateko, edo poesia egiteko. Bertsolaritzan egotearen arrazoia ez da ideia politiko bat plazaratzea edo tentsio batzuk plazara eramatea. Arrazoia da gustatzen zaigula arte adierazpen bezala eta ikusten dugula gozamena jardun horretan, jolas horretan ikusten dugulako gozamena. Gero, noski, mugimendu zabal bat den neurrian eta heterogeneoa den neurrian badaude talkak eta tentsioak, baina uste dut bigarren mailakoagoa dela hori”.
Eta hala ere, ez du uste hain “espezifikoa” denik talka: “Kontua da, bertsolaritza osasun egoera onean dagoenez, joera dela konplejizatzea. Paralelismo bat egitekotan, eta argi utzita soilik paralelismoa dela, musikan estilo oso desberdinak dauden bezala, bertsotan ere estilo diferenteak daudela. Tematika diferenteak daude, eta uste dut prozesu positibo bat dela, mesede egiten diona bertsolaritzari, sektore gehiagotara iristen delako. Adibidez, musika klasikoa lotzen da aristokraziarekin eta burgesiarekin, eta rapa eta trapa gehiago langile auzoetako jendearekin eta langile klasearekin. Adierazpen desberdinak eta tematika desberdinak dira, baina dena sartzen da musika kategoriaren barruan. Rap kantu on bat edo trap kantu on bati eman dakioke musika klasikoan opera on bati ematen zaion aitortza bera. Kontua da gauza diferenteak egiten direla, ez hobeak eta ez okerragoak. Gero badagoela tentsio politiko eta sozial bat, operara joaten direnen eta trap kontzertu batera joaten direnen artean? Bai. Baina hori plano politiko-sozial batean gertatzen den gatazka bat da, ez eremu artistikoan. Nik bi eremuak bereiziko nituzke”.
Bertsoarekin negoziatu ezin dena
Adierazpide artistikoa da bertsoa. Denak ados horretan. Ezin zaio hitz lauari eska dakiokeenik eskatu. Bergarak, errematea: “Nik ez nuke bertsolaritzaren funtzioaz hitz egingo, helburu bat da bere horretan. Horren bidez konektatzen duzulako min batekin, konektatzen duzulako kezka batzuekin, poz batekin. Horri forma bat ematea eta iristea jende askorengana ez dakit funtzio bat den edo helburu bat, baina hori da bertsoaren esentzia, eta uste dut jarraitzen duela izaten. Xalbadorrek kantatzen zuenean eta iristen zenean jende jakin batengana eta hunkintzen zuenean edo gaur Saioa Alkaizak kantatzen duenean bertso bat eta iristen denean jendearengana, uste dut bertsoaren funtzio komunikatibo eta artistikoak jarraitzen duela berdina izaten”.
Beste “edozein arte formatan” gertatzen den moduan, Bergararen arabera, “beste gauza bat da” nola harremantzen den bertsolarien mugimendua euskal gizarteko prozesu sozialekin: “Uste dut hori beste gai bat dela, ez dela hainbeste bertsoari dagokion zerbait. Adibidez, euskalgintzan baldin badago talde bat, edo zerbaitekiko kezka berezi bat, eta bertsolariak hor kokatzen badira, sortuko dira bertso berriak, prozesu hori elikatuko dutenak. Baina ez da lehenengo bertsoa eta gero prozesu soziala, baizik eta alderantziz.
Gero, agian, bertsoak elikatuko du prozesua, baina gero”.
Bertsogintzan daukan pisuaren arabera balia dezake bertsolariak Txapelketa funtzio baterako edo besterako, Bizkarraren esanetan: “Baina funtzio orokorrei begiratuta, plaza bakoitzaren araberakoa da. Nik gaztetxe batean kantatzen badut, kantatzen dut nire ildo ideologikoko mezuak indartzeko, nire zentzu komun alternatiboa berresteko. Uste dut beste bertsolariek ere egiten dutela, bakoitzak bere moduan. Baina nik ezin dut Txapelketa Nagusia funtzio horrekin erabili. Erabili nezake, merkatu irakurketa eginda, nire burua promozionatzeko eta komunitate politiko batek jakiteko bere ordezkaritza politikoa badaukala hor”.
Hala ere, azaldu du askotan gertatzen zaiola bere “zentzu komuna” partekatzen ez duten entzuleen aurrean aritzea: “Hor kontuak konplikatu egiten dira. Hiru aukera dituzu: zure ideiei uko egin, enfant terrible bat izan eta eskemak apurtzera joan eta lekuz kanpo gelditu, edo hirugarrena, tentsioa bilatu eta muga-mugan ibili. Zertarako den bertsolaritza eta zertarako baliatzen den? Plazaren araberakoa da, eta zure ikuspegiak bertsogintzan duen posizio erlatiboaren araberakoa”.
Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua Millenial berantiarrak, bertsoa eta posizionamendua