Mexikon bertsotan, Mexikoren besotan

Hamazazpi egunez izan dira Mexikon Iñaki Murua, Blanka Lopez, Miren Artetxe eta Esti Alberdi. Beste zortzi herrialdetako ordezkaritzak biltzen dituen jardunaldi batzuetan hartu dute parte. Hamabi herritan izan dira (Ciudad Fernandez, Ahuacatlan de Guadalupe, Jalpan, Purisima de Arista, Peñamiller, Toliman, Queretaro, Pachuca, Puebla, Huauchinango eta Coyoacanen), Mexikoko bost estatutan zehar (San Luis Potosi, Queretaro, Hidalgo, Puebla eta Mexico DF). Batetik bestera ibili dira, berrogeita hamalau parte hartzaile, zortzi antolatzaile, eta bidelagun izan dituzten hainbat kazetari eta bestelako lagunekin batera. Jardunaldien oinarria, bat-bateko saioak izan dira. Bi astetan hamasei saio. Zenbakien hoztasunetik haratago, ordea, hitzen berotasunez eman digute han bizitako esperientzia ahaztezinaren berri.

 

Herriz herri, egunez egun, inprobisazioaren bideei segika.

 

Inprobisazioa da bertsolariaren dohain nagusia oholtza gainean, baina bidaia bat prestatzeko garaian, lagun txarra da bat-batekotasuna. Abuztua lau hegazkin-txartelekin aldaba-joka zetorrela jakinda, uztail erdialderako zabaldu genizkion ateak prestakuntzari. Horretarako, oinarrizko kanpalekua Gabirian kokatu genuen, eta afari-mokadu goxoen aitzakian, gure beldurrak hustu genituen motxilak betetzen hasi aurretik. Ezer gutxi genekien Mexikon barrena egingo genuen ibilbideaz. Are gutxiago hango klimaz, mapa geografikoaz eta parte hartuko genuen jardunaldiei buruz ere. Hilabete osoa elkarrekin haserretu gabe pasako genuen ziurtasunik ere ez. Pentsa.

Ibiliz egiten denez bidea, Gabirian hasi zen gure bidaia. Hegaldiko txartelak erosteko eromen hark, material osoa motxiletan sartu behar eta kabitu ezinak, jardunaldietarako arduren banaketak… taldea ginela ohartzeko balio izan ziguten, eta lokarriak estutzeko. Eta bien bitartean, tik-tak, tik-tak, atzera-kontaketa aurrera zihoan. Gogoz eta ilusioz beteta zegoen Euskal Delegazioa.

ABUZTUAK 11, GABIRIA-MEXIKO DF

Gabiria behe-lainoarekin esnatu da. Iñakik bezperan Iban Urdangarinekin eta Andoni Egañarekin bertso afarian kantatu du, eta zarauztarrak utzitako kea pinudietan itsatsita geratu dela dirudi. Hala ez bada, behintzat. Oinarrizko kanpalekuan elkartu da Euskal Delegazioa. Abuztuaren 11.a noiz iritsiko zain hainbeste denbora pasatu ostean, bitxia da denbora geratzeko ahalmena gustura hartuko genukeela konturatzea. Bidaia bati ekin aurretiko zalantzak eta motxilan zeozer sartzea ahaztu zaizun ziurtasun madarikatu hori izango dira errudunak. Baina bagoaz.

Aireportuko joan-etorri zoroak urduriago jarri aurretik, kafetegian gosaldu dugu, lasai. Hamabi orduko bidaia dugu aurrean. Eta abiatu gara azkenean.

Ordulariko orratzen sorginkeria izango da, edo emozioaren dopajea akaso, baina egun erdiko bidaia hau uste baino laburragoa egin zaigu. Hori bai, denboran atzera egin ote dugun sentimendu arraroa ernatu zaigu Mexiko DFko aireportura iritsi orduko. “Denboraren orratzak plegatzen gabiltza”. Euskal Herriko 01:00ak markatzen zuten eskumuturreko ordulariak 18:00etara aldatu ditugu.

Antolatzaileekin elkartu gara eta ez-leku hartatik Mexiko DFko hotelera eraman gaituzte. Han elkartu gara Mexiko, Kuba, Venezuela, Panama, Puerto Rico, Txile, Argentina eta Kolonbiako kideekin. Ofizialki Euskal Herriko ordezkaritza bihurtu gara. Hasi da bidaia.

ABUZTUAK 12, DF-CIUDAD FERNANDEZ

Afari zaporea du gosari honek. “Gorputzak hegazkinez egiten du bidaia, baina buruak astoz”, esan ziguten behin. Ba kosta behar zaie gure buruei gorputzekin bat egitea… 12 orduko hegazkin bidaia egin ostean, DFtik abiatuz, beste 8 orduko bidaia egin behar baitugu Ciudad Fernandezera iritsi arte. Eta ederra bidaia, gainera!

Genetikoa izango da euskaldunok autobusera sartzeko azkenak izateko joera hori. Hoteletik ateratzeko presarik ez, eta maletategia beteta dagoelako, gure tramankulu eta poltsa guztiak gainean hartuta egin behar izan dugu 8 orduko autobus bidaia. Egon hadi lo eta jango dun mehe. Ikasiko dugu noizbait! Hori bai, tenperaturarena autobusera goiz sartuta konponduko balitz. Hau beroa!

Merezi izan du, ordea. Kanpin eder batera ekarri gaituzte, eta kolpetik ahaztu zaizkigu autobus bidaiako komeriak. Egurrezko txabolaz eta landaretza zoragarriz betetako kanpin tropikal bat da. “El Refugio del Sol”. Bertan bazkaldu eta, arratsaldean, delegazioen arteko aurkezpen saio txiki bat egin dugu, kanpinean bertan antolatutako oholtza txiki batean. Ordezkaritza bakoitzak tarte labur bat izan du aurkezpena egiteko. Eta baliatu dute, alajaina. Gure lehen kontaktua izan da oholtzakide izango ditugunekin. Jantzi dotoreak, instrumentuak, ahots ederrak… “Eta guk zer egin behar dugu hemen?”, pentsatu dugu. Ez kantatzea ere pasatu zaigu burutik, lekuz kanpo egon gaitezkeela eta. Baina, ez. Inor ez dago lekuz kanpo, dagoen lekuan egoten jakinez gero. Bada, ikasi egin beharko dugu! Euskal ordezkaritzak ere bertsoz agurtu ditu, beraz, bi astez lagun izango dituenak. Eta harritu egin gara harrerarekin. Esan digutena egia bada, gure lekuan gaude.

Polita joan da aurkezpen ekitaldia eta ongietorria. Baina, benetan harremanak estutzen hasteko baliatu duguna, guatekea izan da. Ordezkaritza askoren kasuan, ez da elkartu diren lehenengo aldia, eta nabari da batzuentzat, aurtengoa, bosgarren ekitaldia dela. Konturatzerako, elkarrizketak kantu eta esaldiak doinu bilakatu dira, nondik atera den ez dakigun gitarra bati esker. Azken tragoa azken-aurrekotik bereizten ez jakitea ez da, soilik, euskaldunon gaitza izango. Egunsentiak harrapatu baikaitu. Egun on, Mexiko!

ABUZTUAK 13, CIUDAD FERNANDEZ

Bezperako garagardoei meriturik kendu gabe, gaur egingo da Jardunaldien irekiera ofiziala. Eguna Ciudad Fernandez hiritik mugitu gabe egin dugu, baina hemen ez dago geldiunerik. Kubako eta Argentinako ordezkaritzek hitzaldiak eman dituzte, eta kurtso hasierako ikasleak nola, halaxe egon gara gure aulkietan tente-tente.

Bazkalostean ekin zaio irekiera ofizialari, 1.500 lagunentzako tokia duen areto batean. Jaialdia hasterako Humahuakako labarreko argentinar kopleroek Pachamamari eskainitako errituala antolatu dute. Sua. Kantuak. Errezoak. Ordezkaritza guztiek hartu dugu parte, pattarrari eman beharreko trago luze eta guzti. Keak hartu du aretoa, eta hasi da saioa.

Berezia izan da lehen ekitaldi hau. Ordezkaritza bakoitzak besteak agurtzeko aukera izan du, eta baita bere inprobisazio moduaren lagin txiki bat erakusteko aukera ere. Ikuskizun hunkigarria eta ederra izan da. Bezperakoa intimitatean egin genuen, eta gaur, publikoaren lehen erreakzioak jaso ahal izan ditugu. Eta dirudienez esker oneko jendea da, Ciudad Fernandezekoa. Herrialde bakoitzak bere musika-instrumentu kuttunenak eta jantzirik ederrenak atera ditu oholtzara. Guk, amets bat bete dugu. Literalki.

Bezperan, Iñakik aurkezpenean Santa Agedako koplak kantatzen genituela amets egin du. Psikoanalisi sakon baterako denborarik ez, eta laurok erratz makila bana hartuta oholtzara igotzea erabaki dugu, “ohitura zaharra berritzeko asmoz”. Euskaldunak eztarriz sano dabiltzala agian ez, baina kantatzeko gogoz datozela argi geratu zaie munduko beste ordezkaritzei, alajaina! Erratz makila eta guzti gurekin atera dituzten argazkiak dira horren lekuko. Euskaldunok bertsotan esku hutsik ere egiten dugula erakusteko izango dugu astia aurrerantzean.

ABUZTUAK 14, CIUDAD FERNANDEZ-JALPAN-AHUACATLAN

Gaur, ateak zabaltzerako, autobusera igotzeko zain geunden.

Goizean Ciudad Fernandez atzean utzi eta Jalpan de la Sierrara abiatu gara, talde osoa bi zati eginda. Bi egunez, Argentina, Mexiko, Puerto Rico eta Kolonbiako ordezkaritzak izango ditugu bide-lagun.

Arratsaldean irtsi gara Jalpan herrira. Maletak hotelean utzi, mokadua jan eta jarraian abiatu gara Ahuacatlan de Guadalupera. Harrera beroa egin digute bertakoek. Herriko bandarekin kalejira itxurako bat egitea nahikoa ez, eta delegazio bakoitzari zegokion paperezko globo erraldoi batzuk egiteko lana ere hartu dute. Ikusi dugu argentinarrena. Ikusi dugu kolonbiarrena. Gurearen arrastorik ez. Espainiako banderaren koloreak izango ote ditu gureak? Hala bada, erabaki dugu zer egin. Eskertu, barruko kandelatxoa piztu, eta gorantz abiatzen denean, lurrera begiratuko dugu. Ez gaude eroso, ordea. Badator gure txanda, eta hara non ekarri diguten globo gorri zuri eta berdea, kola oraindik erabat lehortu gabe. Egon da azken orduko telefono deiren bat hemen. Zein keinu hunkigarria! Kostako zaigu lauroi, globo sabinianoa ertz banatatik heldu eta askatzerakoan sentitu duguna ahaztea. Baita argentinarretako bati ere: “No me hagan shorar de esta manera, boludos!”.

Gaur bizi izan dugu lehen elkar-trukea oholtzan. Lehenik librean egin dugu saiotxo bat, eta ondoren argentinarrekin kantatu dugu. Dezimatan eta milonga doinuan haiek. Zortziko handian guk. Zoriona! Oholtza-lagun bihurtu gara.

ABUZTUAK 15, JALPAN

Eguna hasi orduko programazioan aldaketa batzuk izango direla esan digute.

Bertsolari filma ikusi beharrean ea hitzaldi bat emateko prest gauden Batxilergoko ikastetxe batean. Berez, hitzaldia, gainerako ordezkaritzetako jendearengan pentsatuz prestatu genuen. Bertsolaritzaren garapenaz hitz egitekoa zen asmoa, elkartearen proiektuaz, etorkizuneko erronkez. Moldatu egin dugu diskurtsoa. Ikastetxera heldu eta labur-labur esan ditugu esan beharrekoak. Ikasleak ez bezala, arretatsu antzeman ditugu gure oholtzakideak. Harrituta gelditu dira gure antolakuntza mailarekin, proiektuaren sakonera zein zabalerarekin. Blankarengana hurbildu da antolatzaileetako bat: “Ahora entiendo quienes sois”, bota dio. Auskalo zer ulertu behar genukeen guk hortik.

Galdera-erantzunak amaitu bezain laster, nahi gabeko esperimentu bat burutu dugu ikasleekin. Ondorio zientifikoa: Mexikon ere ez dutela ondarruera ulertzen. Bertso pare bat botatzera gindoazen, gure hitz-aspertuari bukaera emateko. Euskarari buruz aritu gara hizketan eta ez dute oraindik euskarazko hitzik entzun. Aurrea hartu digu ondarrutarrak, nahi gabe. Gelako atetik egin dio oihu Blankari, gela atzerain: “Ez-ez-ez-desmonta-segi-grabaten-saio-txiki-bat-duz-etxea”. Harridura, isiltasuna, barre algarak. Badugu bertsotarako gaia. Saiatuta ere zaila izaten da horrelako arreta eta jakin-mina sortzea! Aukera polita sortu da, euskaldunok, puertorricarrek eta argentinarrek kantatzeko. Gustura aritu gara, txirrinak jo duen arte.

ABUZTUAK 16, PURISIMA DE ARISTA

Goizean jaiki eta Jalpanetik Purisima de Aristara joan gara autobusez. Atzo hitzaldiaren ondoren argentinarrekin egin genuen berriz ere elkar-trukea kantuan. Ohitura bihurtzen ari zaigu oholtzako kidetasuna, eta gustura gaude elkarrekin. Pena hartu dugu gaur bakarrik kantatu behar genuela eta. Abenturan segi nahi dugu.

Purisima de Aristan ere herriko bandak egin digu harrera (eta ez dakigu zergatik, baina, txaranga bakoitzean dago plastikozko botila bat jotzen ari den ume bat). Bandaren atzetik zeharkatu dugu herria kalez kale, herriko plazara iritsi arte. Eta han ikusi dugu dena.

Aspaldi ari zaizkigu topada-z hizketan. Huapango inprobisatuaren erakusle gorena. Epikotasunez hitz egiten dute topadaz. Dueloa. Erresistentzia. Estrategia. Ez dira gure ohiko bertso-hiztegiko hitzak. Oraindik ez dugu oso ondo ulertu zer izango den, biharko topada. Guk lan eta lan ikusi dugu herriko jendea, topada-lekua prestatzen. Plazaren alde banatan egurrezko bi balkoi eraiki dituzte. Plaza egurrezko oholez estali dute. Orain dena lorez apaintzen ari dira.

Gaurko saioa ederra izan da, baina, gu, biharko topadaren misterioak harrapatuta gelditu gara, eta sorginkeriak bihar gauera arte iraungo digu.

ABUZTUAK 17, PURISIMA

Gaurkoa da egun handia. Topada, andere-jaunak!

Goizez iritsi gara Purisima de Aristara eta indarrez hasi dugu eguna. Lehen plater gisa, Angel Gonzalezen hitzaldia. Urtetan topadaz topada ibilitakoa da Angel, bere huapango taldearekin. Eta huapangoa ulertzen lagundu digu. Ez omen zekien, jaiki denean, hitzaldia eman behar zuenik. Hasi da, ordea, eta ordubeteko bidaia egin dugu hitzetik hitzera, soinutik soinura, keinutik keinura. Huapangoan inprobisatzen du Angel maisuak, baina, baita prosan ere.

Huapango hitza bera nahualterazko cuauhpanko hitzetik omen dator: “cuahuitl”, egurra, “ipan”, gaineko, “-ko”, lekua. Euskara garbian, oholtza. Berez, musika motari deitzen zaio huapangoa, baina, huapangoa, askoz gehiago omen da. XVII. mendean europarrek ekarri zituzten sokazko musika tresnak eurenganatu zituzten bertako biztanleek, eta beste bat gehitu zioten: zapateado-a. Huapangoan, biolina, quinta eta jaranaz gain, entzuleen oinek egurrezko lurra jotzen dute. Etengabe. Musika hutsezko zatietan, gogor, eta ahotsak kantuan hasitakoan, lasaixeago. Mendetan zehar huapangoa aldarrikapenaren erritmoa izan da, herritarren identitate adierazpide.

Eta hala da orain ere. Guillermo Velazquezi galdetu, bestela. Topada hasterako kontzertua eskaini digute berak eta Xichuko Lehoiek. Festa eta aldarrikapena batzen ditu oholtzan huapango arribeño-ak. Gaurkoan Mexikotik Estatu Batuetara emigratzen dutenei buruz hasi dira kantuan. Gai zailak omen dira, bai, baina ba omen dute beren lekua festan. Are gehiago, aldarrikapena bera festa dela, umorez eginez gero.

Chorrean camionetas por las autopistas

Con placas de Tejas, California, Utah

Nevada, Wiskonsin, Illinois… y en ruta,

Wagoners y coches que hablan de conquistas

Lejos de los gringos y los contratistas

Vuelven a su pueblo, su rancho, tal vez,

Se sienten de nuevo como en agua el pez

Y hallan extraviados remansos de paz,

Con viejos amigos, novias, o papás…

Llegan los norteños, masticando inglés

Vuelven a la fiesta, vuelven a su tierra

Se acabó la fiesta, y a seguir la guerra

En busca del dólar, se van otra vez!

 

Jendea gustura, eta gu txoratzen.

 

Norteños que traen aretes

y hablan english por lucirse

los felicito en los fletes

de pasar por entumirse

Pero vuelvan con billetes

no más pelados que al irse!

 

Bi orduko kontzertuan asko esan du Guillermok, eta ordu gehiago beharko ditugu guk entzundakoak gure egiteko. Baina, orain ez dago denborarik. Oholtzako argiak itzali dira, eta fokoek egurrezko balkoiak argitu dituzte.

Hasi da topada.

Balkoi batean lehen inprobisatzailea eseri da, bere musika taldearekin batera. Parez pare, bigarren inprobisatzailea, bere taldea lagun duela. Tentsio aurpegiak nabari dira. Zer gertatzen ari den jakingo ez bagenu, hemen balioko zerbait dagoela jokoan esango genuke. Eta baliteke hala izatea. Kantuan hasten direnetik isiltzen direnera zortzi ordu baino gehiago pasako dira. Zortzi orduz jarana, quinta, biolin eta zapata hotsak. Takata-takata-takata-takata. Ez txalorik, ez pausarik, egunsentira arte.

Inprobisatzaileek ez dituzte bertsoak txandakatzen. Bertso sorta bat kantatzen du batek, eta denak entzun ondoren erantzuten dio besteak. Hau ez da esprinter-erretorika. Elkarren diskurtsoaren haria harrapatzean datza kontua, nork bere eremura ekartzean parekoa. Sokatira bat. Alde bat kantuan, bestea kontzentrazio betean. Eta tartean, jendea dantzan, baina, adi. Adi, baina, dantzan. Bi ahots lehian. Bi pentsakera. Takata-takata-takata. Gai batetik bestera lerratzen dira. Uneka norgehiagoka bihurtzen da, zaharra gaztearen aurka, progresista kontserbadorearen aurka… Takata-takata. Eta tarteka bat egiten dute, berriz elkarrengandik urruntzeko. Dantzan ari dira inprobisatzaileak ere. Takata-takata. Kantualditik kantualdira, inprobisatzaile bakoitzaren diskurtsoa garatuz doa, tonua aldatuz. Musikariek besoak astintzen dituzte, giharrak lasaitzeko. Zoragarria da erritmoa. Plaza bete jende zapatak egur-joka. Isiltasunik eza. Trantzea halako zerbait izango dela pentsatu dugu. Magiak harrapatu gaitu eta guk ere zapateoari ekin diogu. Egurra! Takata-takata. Izerditan blai eta zangosagarrak kalanbre batean bukatu dugu. Eta oraindik bost ordu falta dira kantaldia bukatzeko. Hau izugarria da.

Goizeko hiruretan egin dugu guk pott. Baina, Purisima de Aristan zapateoa entzuten omen zen egunsentian. Eta zapata hotsek segi omen dute, herriko apaiza etorri eta festa bukatutzat eman duen arte.

ABUZTUAK 18, PEÑAMILLER

Ereserki festa

Gaur Peñamillerrera iritsi gara. Herriko festak dira hemen. Oholtza, zaldiko-maldikoak, hautsa. Harrera egingo digute hemen ere. Herrialde bakoitzaren bandera proiektatuko dute oholtzaren atzealdeko pantaila handi batean, eta ordezkaritza bakoitzaren ereserkia entzungo da megafoniatik. Gurea prest omen dago. Espainiakoa. Gurekin atzera eta aurrera dabiltzan antolatzaileek errudun-aurpegiz begiratu digute “hauek ez dakite”, esanez bezala. Elkarri begiratu diogu eta isilik gelditu gara. Nola esan ezetz borondate onenarekin prestakuntza lanetan ibili denari? Ezin dugu kontua burutik kendu, ordea, eta ideia bat izan dugu: ereserkia geuk kantatuko dugula esango diegu, eta gure kantu bat abestuko dugu. Joan gara harrera batzordearengana, eta baietz, noski, nola ez bada. Ederki. ‘Piper potoa’ atzean, baina, Monzonen Txikia entzungo da mikrofonoetatik.

Mexikoko himnoak eman dio hasiera ekitaldiari. Danborrak, uniformeak, “firmes” hotsak, eta eskuak bularrean. Harrituta gelditu gara zeremoniaren usain martzialarekin (martziala eta martzianoa, gure iritziz). Kolonbiarrak igo dira ondoren. Txapela erantziak bularrean, hauek ere serio demonio, atzean kolore hori, gorri eta urdinak dituztela. “¡Oh, gloria inmarcesible! ¡Oh, júbilo inmortal!”, zailtasunak ditugu hitzak ulertzeko, zentzu guztietan. Iritsi da euskal delegazioa oholtzara igotzeko unea. Bagoaz eskaileretan gora. Eta hara non ikusten dugun ikurrina handi-handi bat pantailan. Nondik atera ote dute hau? Oholtza azpira begiratu eta hor dugu Hugo, gure antolatzailea, irribarre-erdi konplizea ezkutatu ezinik. Ez gara gu oso bandera zaleak, baina DUTen fan izateko nahikoa hunkitu gara; haizea indarrez dabilen seinale.

Korapiloa eztarrian “Txikia zuen guda izena” hasi gara, behean argentinarrak “bera gizon osoa izan arren” haien txandaren zain zeudela. “Mendizabal, Sasetaren hurrena” hirugarren esaldirako Cristianek, argentinarretako batek, “biak txiki, bizkor eta lerden” begiak bustita dauzka. “Saseta hil zen gudarien aurrean” eta Nazareno, beste argentinarra, “Mendizabal hil zaigu bakarrik” lurrera begira dago. “Baina biek daukate herri osoa” Estik, mikrofonotik pauso bat atzera egin eta “Aiaiaiaiaiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiiihihiiiiiiiii” irrintzia bota duenean, zotin keinuak “atzo ta gaur, haien atzetik” nabaritu zaizkie gure lagun handikoteei. Guk ere ez genituen malkoak urruti, beste behin ere “harro hadi, Kantauri itsasoa”. Igo dira argentinarrak oholtzara eta zorrotz begiratu digute “berriro egin duzue” esanaz bezala. Baina ez dago txantxetarako tarterik. “¡Oíd, mortales!, el grito sagrado: ¡libertad!, ¡libertad!, ¡libertad!” hauek ere txapelak paparrean. “Oíd el ruido de rotas cadenas, ved en trono a la noble igualdad”.

Orokorrean betekada sentsazioarekin bukatu dugu harrera ekitaldia. Ezin klik egin eta katez aldatu, Olinpiar Jokoetan bezala. Baina berehala hasiko da saioa: Zuen tokietara… prest… ja!

Itzulpenekiko estrategia aldaketa

Nazarenorekin kantatzea egokitu zaigu gaur. Iñakik lehenengo, eta Mirenek gero. Eta lurrikara gertatu da. Literalki ez (hori azken egunean gertatu zen), baina, bai gure baitan.

Aurreko saioetatik, kezka sortua zitzaigun, itzulpenen kontua zela eta ez zela. Ez geneukan garbi nola egin bertsotan euskaraz ez zekien publikoari, bertsokideei… Argi genuen bakarra zen, onena, norberak itzultzea zela. Baditu bere desabantailak (arreta eskatzen du, burua bi gauzatara izatera behartzen zaitu…), baina, baditu bere abantailak ere (alde batetik, norberak daki ondoen zer esan duen edo esan nahi izan duen eta egia osoa esanda, irristadaren bat konpontzeko ere balio du). Kontua zen, zein estrategia erabili mezua modu eraginkorrean helarazteko.

Jakinik jendeak mezua gaztelaniaz jasoko zuela, aukera bat gaztelaniaz pentsatzea zen, alegia, publikoak zuzenean jasoko zuen mezuari ematea forma, ulertuko zuten hizkuntzan, eta ondoren, ideiari bertso egitura ematea. Hala aholkatu zigun hasiera batean bertsolari handi batek, eta hala ari ginen ordura arte: gaztelaniaz pentsatzen genuen, errima eta guzti, esango genuena, eta ondoren pentsatzen genuen, hori bera nola esan bertsotan. Esfortzu mental ikaragarria eskatzen zigun, ordea, lehenik gaztelaniaz errimaturik pentsatzeak, ondoren euskarazko bertsoa egituratzeak, eta bertsoa kantatu ondoren atzera erdaraz memorizatu genuen errimatutako estrofa hura esateak. Nekatuta geunden. Denbora tarte handi samarra eskatzen zigun, gainera, bertsoa gaztelaniaz pentsatze horrek, eta mugatuta sentitzen ginen, batez ere erantzuteko orduan.

Gainera, ohartu ginen gure esfortzuak ez zirela guk uste bezain errentagarriak. Izan ere, erdaraz errimatutako zeozer esaten genuen, bai, baina ez genuen metrika erabat kontrolatzen; alegia, errimak pentsatzen genituen, baina “esaldika”, intuitiboki, eta ez zazpisei edo hamarzortzian. Euskaraz esaldiak neurtuta ateratzen bazaizkigu ere, badirudi praktika behar dela automatismo hori hizkuntza batetik bestera pasatzeko, praktikan (gure burmuinei dagokienez behintzat). Gure ustetan errimatzen ari baginen ere, beraz, entzule gaztelaniadunaren belarriarentzat ez genuen beti errimatzen: errima ez zetorren espero zen silaban, eta, beraz, batzuetan ez zuten errimatzen genuenaren sentsaziorik. Ondorioa: “No sé si se han dado cuenta de que a veces hasta riman en castellano, cuando traducen”, entzun genuen aurreko saioan. Houston, arazo bat daukagu.

Estrategia aldatu genuen, beraz, gozamenaren alde eginez. Euskaraz gozatzen baldin bagenuen, autentikoa izango zen behintzat, eta gero itzuliko genuen ahal genuen bezala. Erabaki hori hartuta igo ginen Peñamillerreko oholtzara. Nazarenorekin estreinakoz, euskaraz pentsatuz egin genuen bertsotan. Hura lasaitua! Eduki aldetik gora egin zuen gure mailaren sentsazioak behintzat, eta itzulpena halamoduzkoa izan bazen ere, jendeari mezua berdin-berdin heldu zitzaiola ematen zuen. Gozatu egin genuen bertsotan, eta hori, hizkuntzaz haratago transmititu egiten zela zirudien. Aupa gu! Gustura hartu genituen saio osteko Coronitak. Ederki afaldu, eta Puerto Rico, Argentina eta Euskal Herriak, herriko festetako regetoiari uko eginez, dezima-festa txiki bat antolatu zuten mahai-inguruan. Gure lehen dezimak kantatu, eta birikak puztu-puztu eginda lotaratu ginen. Mery Hostal-en zain geneukan gela-pareko Guadalupeko Ama Birjina. Irudiaren inguruan argi-girlandak ditu eta musika ere badauka, etengabe buklean. “We wish you a mery christmas” izan dugu gaur sehaska kanta.

ABUZTUAK 19, TOLIMAN

“And a happy new year”. Burutik kanta bat kendu ezin duzunean, alemanez “belarrian harra” duzula esaten omen da. Ba, har yankiak belarri-zuloetan ditugula sartu gara Peñamillerreko batxilergokoen gelara, hitzaldia ematera. Harra ateratzeko balio izan digu. Autobusa ikastetxe parean dugu zain, eta bagoaz Toliman aldera.

Gaur, Puerto Ricoko lagunekin kantatuko dugu. Gure lagun borikuak ezagutzeko aukera izan dugu egun hauetan, eta asko ari gara ikasten. Ikasten baino gehiago, ze gutxi dakigun ohartzen ari gara. Hasteko, mapan kokatu dugu Puerto Rico. Uste baino txikiagoa da. Jakin dugu ez genekiela, Puerto Ricok ere har yankia duela. Barrutik jaten duen pipi gringoa.

Puerto Rico, ofizialki, Estatu Batuetako estatu libre elkartua da. Eufemismo kirats nabarmena duten hitz horiek adierazten dute, puertorricarrak Estatu Batuetako herritarrak direla, baina, ez dutela hango hauteskundeetan botoa emateko eskubiderik; edo Puerto Ricok Estatu Batuetako Kongresuan hitz egiteko eskubidea duela, baina ez, ordea, botoa ematekoa. 1917tik dira puertorricarrak Estatu Batuetako hiritar. Bigarren Mundu Gerrarako soldaduak behar zituztenean hiritartasuna “eman” zitzaienetik. Thank you. Lau milioi herritar bizi dira jatorrizko lurretan, gaur egun, eta bost milioi, dagoeneko, Estatu Batuetan. Azken kolonia ofiziala da, beraz, Puerto Rico. Eta guk Ricky Martinen bidez ezagutu genuen. Un pasito pa’tras. Hamaika istorio kontatu dizkigu Robertok, haien herriko independentzia borrokari buruz. Inprobisatzeak ere ba omen du borrokatik, Puerto Ricon. Estatu Batuen hegemonia kulturalari aurre egiteko tresna, eta batez ere, erresistentzia kulturalaren ikur omen da trova. Identitatearen adierazpide. Berriz ere, hurbiltasuna sentitu dugu. Eta oholtzara igo garenean, hurbiltasun horixe kantuan ospatzea besterik ez dugu egin.

Puerto Ricok du bere gainean / inperioaren izara / ta guk bi estaturen artekoa / den muga daukagu traba / baina, eskertuz gaur Mexikoko / jendearen besarkada / Gure herriak oholtza gainean / gaurkoan nagusi gara.

Mi pueblo y su corazón / se adornan con un misterio / Nunca ha podido un imperio / vencer a nuestra nación / De ese dato hago mención / Mi pueblo es de valentía / y el tuyo es de gallardía / y de propia identidad / Cantemos la libertad / de tu patria y de la mía.

Puerto Rico ta Euskal Herria / biok konpara gintezke / pentsamentua librea degu / ta pentsatzen degu laster / Libre bezala joka dezagun / ta gure gogoa bete / Horrela soilik izango gera / burujabe eta aske.

Hoy te ha inspirado la luna / que con su luz nos destella / y suele gozar muy bella / brindándonos la fortuna / de una manera oportuna / para hacer esta canción / Con la versificación / se unen dos países chicos / País Vasco y Puerto Rico / en un solo corazón.

Burua zutik agertu gara / publikoaren aurrera / gaur Tolimanek eman baitigu / horretarako aukera / ta nahiz fokoen argiei hartu / ilargiaren tankera / guk benetako askatasuna bila dezagun batera.

ABUZTUAK 20, OASIA

Gaur desertura goaz! Egun librea dugu. Libre-librea. Ez saio eta ez ezer. Autobusak oasi bateko kanpalekuan utziko gaitu eta tripaz gora egotea da aurreikusitakoa. Eta behingoagatik, eguneko plangintza zehatz beteko dugu. Bagenuen gogoa, saioetan gurutzatutakoak, autobusean aldamenean izandakoak, bazkaritan parean tokatutakoak, testuinguru lasaiago batean ezagutzeko. Ezer egin beharrik ez den bitartean. Jarri eta egon. Halaxe egin dugu. Bainutxo bat igerilekuan, Coronitak, argentinarren asadoa, dezimak, gitarra eta jarana ikastaroak, dezima gehiago, txisteak eta enigmak, euskara klaseak, isiltasun erosoak, dantza, erdibanako zigarroak… Dena izan da elkarrizketa luze bakarra, iritsi garenetik tekilak lokarrarazi gaituen arte.

Begiak itxi aurretik izarrei begira egoteko tartetxo bat hartu dugu, eta gure lagun baten amonaren esaldia etorri zaigu burura: “Ba nahi duzuena esango duzue, baina, izar hauek gure etxekoen berdin-berdinak dira”.

ABUZTUAK 21, QUERETARO

Esnatu gara. Bero egiten du denda barruan. Biharamun usaina dario oasiko haize astunari. Oihaletxetik burua atera dugu, eta zorionez, jendearen eskuetan kafea, ogia eta fruituak ikusi ditugu. Eutsi goiari. Hartu dugu papaia platera eta ekin diogu gosariari. Samuel txikiak lagundu digu janaria irensten. Nola desbideratzen zaie haurtxoei atentzioa ahoa zabaldu eta orduantxe janari koilarakada eztarrian sartzeko? Ba, halaxe egin digu Samuelek. Bere film gustukoenaren gidoia oso-osorik kontatzeko irrikan hurbildu zaigu. Eta esan ezetz, hari! Venezuelako hamar urteko mutikoak ehunka dezima dakizki buruz, eta -bere eskolako irakasleak ikasle txarra dela uste duen arren-, memoria harrigarria du mutikoak. Kontalari bikaina da, gainera, eta bukaera ondo pentsatuta hasteaz gain, xakean bezala, gutxienez bi jokaldi aurreikusita egiten ditu kontakizun-mugimenduak. Erretorika klase magistral bat eman digu ordu erdian, eta han eduki gaitu, bere jiran, begira-begira, bere mingain puntatik zintzilik.

Bukatu da zineforuma, eta borobilean, elkarri begira, triste antzean gaudela ohartu gara. Hain izan da magikoa oasiko egonaldi hau! Non gauden ere ez dakigu; zein basamortutako zein oasitan. Ez dakigu hemendik herri hurbilenera oinez abiatu eta deshidratatuta hilko ote ginatekeen, edo kanpalekuaren izen exotikoa besterik ez den oasiaren kontua. Berdin zaigu. Munduko txoko berezi batean gaude, gure iruditeria propioan. Eta gaur bagoaz. Egingo genuen beste egun pare bat bertan, baina, dena ezin, no se puede chiflar y comer pinole, wuey! Sartu ditugu maletak pick-up-ean eta bagoaz autobuserantz. “Eta maleten gainean joaten bagara?”. Ez bat eta ez bi, han igo gara auto gainera. Haizeak aurpegian ematen digula, oinak airean joan gara, Queretarora iritsi arte.

Queretaro. “Harri handien eta harkaitzen herria” purepecha hizkuntzan. Plaza de Armas delakoan zen gaurko saioa, baina euria ari du goian behean eta arkupe batzuetan egingo omen da. Aurreko edizioetan kantatu izan dutenak goibeldu egin dira. Plaza ona zen nonbait. Horrelaxe, “buena plaza”. Inprobisatzeaz ari garenean ez dugu hain ezberdin hitz egiten.

Genero kontuak

Kolonbiarrekin kantatzea egokitu zaigu gaur. Eta pozik gaude. Giroa berotzen onenak direla erakutsi dute jardunaldi hauetan, eta haiek nahikoa dira saio arrakastatsu bat bermatzeko. Guri gaur jolastea dagokigu, beraz. Gora Medellin. Copla dobleteada deitzen diote haien inprobisaziorako egiturari. Zortzi silabako zortzi lerro, lerro bikoitietan oinak, lehen biak errima berekoak, eta azken biak beste errima batekoak. Bi kopla, bata bestearen atzetik. Ez dugu halako aukerarik puska batean izango, eta ausartu egingo gara. Izatekotan, kezka bakarra darabilgu buruan. Badakigu Mireni hasiko zaizkiola kantuan. Neskekin kantatu duten aldiro gertatu da, kolonbiarrekin. Emakumea gai bihurtzen da, bere gorputza oholtzari itsatsita eta publikoaren bistan dagoen unetik. Emakumea da. Emakume-emakumea. Emakumea soilik. Ihes egin nahi diogu horri. Ea biderik topatzen dugun.

Baina, egin dezagun atzera.

Mexikora abiatu aurretik, bagenekien mundu latinoan pasa behar genituela bi aste eta horrek genero ikuspegitik buruhausteak eta gatazkak sortuko zizkigula. Ez gaizki ulertu; honek ez du esan nahi etxean gauzak baitezpada hobeto daudenik. Baina, esan dezagun dena: besteren gaitza ikustea erosoagoa denez, genero betaurrekoak aiseago janzten ditugu Mexikon Amezketan baino, eta begibistakoago egiten zaizkigu makro eta mikro matxismoak kanpoan gabiltzanean, gurean baino. Kanpoko errealitatea hamabost egunez aldatzea errazagoa balitz bezala egunero bizi duguna hogeita hamar urtean baino. (Miopia klase honek ere izango ditu betaurrekoak.)

Kontuak kontu, esan dezagun jardunaldi hauetan parte hartu duten hogei inprobisatzaileetatik lau izan direla emakume gisa heziak. Entzun ahal izan dugunez, beste herrietan ere ohikoena inprobisatzaileak gizonak izatea da. Zenbait herritan ezagunak dira emakume inprobisatzaileak aspalditxotik: Kubako Tomasita Quiala edo Argentinako Marta Suint eta Susana Repetto, esaterako (azken hau jardunaldietan kide izan dugun Emmanuel Gabotto payadorearen ama), baina, haien herrian ere kopuruz minoria dira hauek ere. Kopuruak kopuru besterik ez dira, baina, normaltasunetik ateratzeak, baditu bere ondorioak, inprobisatzeko garaian, zein bestela. Eta jardunaldi hauetan, ezaugarri “markatu” edo “ez neutro” hori izatearen prezioa, gai izatearen kontua izan da. (Bai, EHko hitz jokoek balio dute kanporako ere.)

Herrialde ezberdinetakoek batera inprobisatzen genuenean, emakumeoi ia beti gizonezkoekin batera inprobisatzea egokitzen zitzaigun, noski. Eta esan bezala, halakoetan gure presentziak gai librea nahikoa mugatzen zuen. Gu, edo hobeto esanda, gure emakumetasuna (edo ez-gizontasuna) bihurtzen baitzen gai. Loreak, ezkontza kontuak, “estrella”, “firmamento”, gizonezkoen arteko lehia (neska nork “eramango”)… Lan handia eskatzen zuen egoerari buelta emateak. Oholtzan, gai horren antzutasuna ikusaraztea eta saioa beste gai baterantz bideratzea izaten zen gure eginkizuna. Baina, nola bideratu saioa hura ez zen beste gai batera, jakinik oholtzakoei zein publikoari joko izugarria ematen ziela? Nondik atera horren pareko pagotxarik?

Igo gara, beraz, oholtzara, eta hasi da festa. Espero genituen lekuan geneuzkan zain. “Flor”, “belleza”, eta propietate pribatua. Oraingoan ez diogu gaiari ihes egin. Heldu egin diogu. “Moliendo duro”. Zer pentsatua eman diegu (edo hala sentitu dugu behintzat). Beraiek egin diote ihes gaiari. Eta ez publikoa gustura ez zegoelako. “Echele mija!”. Ardo mindua izango da, akaso, baina zapore gozo askoa utzi digu.

Saioaren ondorengo tentsio jaitsierak bezperako lo falta agerian utzi digu, ordea, eta hotzikara artean sartu gara ohera.

ABUZTUAK 22, PACHUCA

Nahikoa egin dugu lo. Orale mamita! Gutxi baina nahikoa. Autobusa hartu eta bagoaz Pachuca aldera, Hidalgo estatuko hiriburura. Nahuatl hizkuntzan urre eta zilar tokia esan nahi duela esan digute. Eztabaida handia omen dago etimologia horren zuzentasunari buruz. Kontuak kontu, Mexikoko hiri garestienetakoa da gaur egun.

Ia egun osoa eman dugu autobusean. Ez diegu paisaiei begiratu. Badirudi antzematen dugula denok ere badoazela jardunaldiak aurrera, eta laster iritsiko zaigula agurtzeko ordua, eta barrura begira eman dugu ia denok bidaia. Harrigarria da hamar egunean zenbat estutu daitezkeen harremanak. Dagoeneko badakigu faltan botako ditugula autobus honen barruan doazen asko eta asko. Eta beharbada ez ditugula berriro inoiz ikusiko. Paisaiak ikustera itzultzea errazagoa da.

Arratsaldeko seietan bazkaldu dugu eta zortzietan afaldu. Digestioa, ahorita. Afalondoren, Arcadio Camañoren One Man Show gogoangarria bizi izan dugu. Lehenik, ohikoa bihurtu den dezima errezitaldia egin digu. Naborí eta Valienteren arteko controversiarik ezagunena buruz daki. Bi egunez elkartu ziren Angelito eta Jesus: 1955eko ekainaren 15ean San Antonio de los Bañosen, eta abuztuaren 28an, San Miguel del Padronen, Naboriren lurretan. Bi egun horiek jai egun beharko lukete Mintzolan, gutxienez.

Ordubete pasa dezimak errezitatzen. “Dice Naborí: Ojalá tenga la suerte/ pocas veces conseguida / de que florezca mi vida / para cantarle a la muerte. / Ella es la mirada fuerte / en incontenible acecho; / y como en un marco estrecho / la mentira de vivir / y la verdad de morir / se me juntan en el pecho.” (Segundo erdiko tartea uzten du dezima asimilatzeko) “Y responde Valiente: Para hablar de las mañanas / y las tardes que se van, / la vida y la muerte están / juntas como dos hermanas. / Las inquietudes humanas / no tienen razón de ser, / si aceptamos que nacer / es la acción que nos convierte / en más hijos de la muerte / que de la propia mujer.” Eta gu aho zabalik, gehiagoren eske. Milaka omen dakizki. Eta ez da hiperbolea. Arnasik ere hartu gabe errezitatzen ditu dezimak, bata bestearen atzetik (hiperbolea da).

Orduak pasa ahala, dezimak txiste bihurtu dira. “The show must go on”. Lehendik Lazkao Txikiren antza hartzen genion dezimista panamar bikain honi. Orain askoz handiagoa. Kantuan umore fina darabil, baina badu sentsibilitate berezi bat ere. Gaur erakutsi digu txiste kontalari mundiala dela. Gerora jakin dugu bere izena daramaten marrazki bizidunak ekoitzi direla Panaman. Ez genbiltzan oso oker.

ABUZTUAK 23, PACHUCA

Nekea

Nekatuta gaude. Esan beharra geneukan. Txiki-txiki egin gaituzte hainbeste saio, hitzaldi, elkarrizketa, gau-dezima eta autobus-aldik. Gaur errazetik joko dugu. Bizitza bat da, eta horregatixe, lasai hartzea komeni. ¡No chingues! Estik gai-jartzaile lanak egitea erabaki dugu: ofizio bat, puntuak, hitza, lau oinak. Gero eta erosoago kantatzen dugu eta gaztelaniaz ere lasaiago gabiltza. Bai lasai ere! Mikrofonora gerturatu eta ez dugu ba “Muchas tardes a todos” esan? No problem. Denek ulertu dute. Jonathanekin kantatu dugu ondoren, eta Puerto Ricoko erritmoekin ohituta-edo, dantza moduko zerbait egin dugula iruditu zaigu. Puerto Ricon horri zutik egotea esaten omen zaio, tamalez.

Afalondoan goiz joan gara lotara. Denok. Leher eginda gaude eta gaur goiz isildu dira gitarra soinuak.

ABUZTUAK 24, HUAUCHINANGO

Horrela baliteke! Nahikoa lo eginda, indarrez jaiki gara. Muchos días, Euskal Herria! Gosaria, autobusa. Huauchinango. 1527an sartu ziren europarrak hirira, eta istiluak istilu, lehen 333 espainiarrak Santiago izendatu zuten auzoan jarri ziren bizitzen. Beste bi auzo mestizoz bete ziren. Auzo batek indioen auzoa izaten segi zuen. Segitzen du.

Heldu bezain laster herriko liburutegira goaz. Kolonbiarrek emango dute lehen hitzaldia eta guk bigarrena. Eman ditugu azalpenak eta saio txiki bat egitea erabaki dugu. Hitzaldia eman bitartean liburutegiko hormei begira egon gara. Lau hormak daude Kixoteren koadroz beteta. Hori orain dakigu. Gu Hernán Cortés zelakoan hasi gara bertsotan. Hernán Cortes gora eta Hernan Cortes behera. Esaten genuen guk lehen lerroko huauchinangotar haien aurpegiak ez zirela normalak… Argi gelditu da, behintzat, gu 1527an ez ginela bertan izan eta eraso horien oso-oso-oso kontra gaudela. Nolako justifikazio beharra! Gu bai, kixoteak.

Tradizioa eta modernitatea bis.

Mexikarren hitzaldia segidan. Gaur haiekin kantatzea egokitu zaigu eta adi-adi gaude. Hamaika, hamahiru eta hamalau urteko hiru neska jendaurrean; jarana, biolina, eta quinta huapanguera. Hirurek kantatzen dute eta hiruretako gazteenak, Tesyk, inprobisatzen du. Hasi dira hizketan eta aho zabalik utzi gaituzte, hitz egiteko moduagatik, eta esan dutenagatik. Huapangora kasualitatez hurbildu omen ziren. Herriko arte eskolan dantza klaseetara sartzeko bidean huapango klasea ematen zuten lekutik pasatu beharra izaten zuelako batek. Biolina jotzen zekien irakasle bakarra huapango-maisua zelako besteak. Ahizpa zaharrena biolina ikasten hasi zelako, hirugarrenak. Intuizioz ikasi dute instrumentuak jotzen. Hatzak non jarri behar zituzten esan, eta “dele ahí hasta que suene bonito”. Halaxe ikasi omen du Tesyk inprobisatzen ere. “Pero sé que se puede aprender”. Amuriza heldu da Mexikoraino. Pozik eta harro daude huapangoan ohikoa ez den hirukotea osatzen dutelako. Gauza berriak egiteko gogoa antzematen zaie. Behin eta berriz azpimarratzen dute huapangoa ez dela zaharren kontua, nahiz haien adinkideei hala iruditu. Gaur egun ere baduela bere funtzioa huapangoak eta egokitu besterik ez dela egin behar. Gure ondoan daude gazte argentinarrak eta baietz egiten dute buruarekin. Hamazazpi urteko argentinar gazteena rap musikatik hurbildu zen payadara, eta bere lagunartean gatazka berbera bizi du. Iruñeko gazte bertsolariez gogoratu gara. Urruñarrez. Abetxukokoez. Nola iristen gara denok gatazka berdinetara hain abiapuntu ezberdinetatik?

Gogoz gaude saiorako. Baita gure lagun huapangeroak ere. Haien doinuan kantatzera animatu gaituzte. Zergatik ez? (galdera erretorikoa da; egon, arrazoi asko daude ez doinu horretan kantatzeko, falsetto-etatik hasita.) Haien gelan egin dugu lehen entsegua eta sextilla ikastaro bat eman digute. A-B-A-B-A-B. OK. Huapangoan inprobisatzaileari beste pertsona batek egiten dizkio lehen bi puntuen errepikak. Gu ere trioan igoko gara beraz. Aupa ekipo! Hoy en esta huapangueada / decirles algo quisiera / estoy muy emocionada / de que no existan fronteras / no nos dividirá nada / menos, el idioma euskera. Baina ez. Ika ika ika… hemen dator Iñaki. Nik daukat esan beharra / hemen makina bat mezu / ez zara izango bakarra / eta nahi baldin badezu / ez zara hain neska zaharra / ta ikasi dezakezu.

Mexikora etorri eta guk gaztelaniaz ikasi beharrean, euskaraz irakasten bukatuko dugu. Ez zaigu asko falta. Pentsa, saioa aurrera joan ahala, euskara gustura ikasiko lukeela esan digu, eta, Mireni nebarik ba ote duen galdetu dio, hizkuntza praktikatzeko. Iñakik, semea baduela bota dio, eta ez da atzera geratu, gure Tesy; saio bukaeran bertsoz elkar agurtu dugunean, hala bota dio gure Maestrori: No queda más que decir / que lo quiero mucho, suegro!

Berriz sentsazio ederrak. Adrenalina dosi egokia. Inoiz baino funanbulistago sentitu gara. Inoiz baino hari finagoan, inoiz baino distantzia luzeagoa egin dugu. Adrenalinak menpekotasuna sortzen badu, sindrome polita daukagu zain.

 

ABUZTUAK 25, COYOACAN, MEXICO DF.

Izan ere, azken eguna da eta badakigu. Gaurkoa izango da azken saioa, gaurkoak azken besarkadak. Azken aukera. Nahiz ez jakin ondo zertarako, azkena. DFn, Coyoacanen gara kantatzekoak arratsaldean, Herri Kulturen Museoan. Dagoeneko badakigu ez dugula denborarik izango Frida Khaloren etxe urdina ikusteko. Hamabost egun daramatzagu autobus honetan, eta ikasi dugu zerbait. Asko. Gauzak gehienetan ez direla aurreikusi bezala ateratzen, lehenengo gauza. Askotan hobe dela horrela, bigarrena.

Insurgentes etorbidean barrena sartu gara DFra. Egin dugu aurrera eta galdu da gidaria eta aurkitu dugu hotela eta aurkitu dugunean pentsatu dugu berriz galdu ginela. Bost izar. Zertarako bost izar? Siestarako aukeran, buruko biguna, gogorra, ala tartekoa. Eta siestarako denborarik ez. Jan ditugu bost izarreko arroz eta haragiak eta bagoaz, azken pusketak eztarrian ditugula, kantatu behar dugun lekura.

Ez adios-ik

Ez dira murtxikatu gabeko azken puskak eztarrian ditugun bakarrak. Bihotzak ere hestegorrian ditugu. Betiko umorea bagenu bezala goaz Coyoacan aldera. Betiko bageunde bezala Mexikon. Baina, ez. Malenkonia usainez hasi dugu saioa. Oholtzara igotzeaz bat, euria hasi du. Nostalgia hau adieraziz bat / aldatu zaigu denbora / agur, Mexiko bihar bagoaz / eta ez gaude gustora / arraildura bat dut bihotzean / ezin ekarriz ahora / eta tiraka segi ezkero / erdibitu egingo da.

Bertso sentituak. Normalean baino besarkada luzeagoak oholtzan, eta oholtzatik behera. Baina, zer arraio! Festa behar du honek! Festa! Que viva Mexico, pendejas!

Txiletarrekin igo behar dugu oholtzara eta banquillo esaten diotena egiteko proposatu diegu. Ikusi ditugu ariketa horretan kantuan eta ez dugu probatu gabe gelditu nahi. Payadoreetako bat banquillo imaginario batean jartzen da (fisikoki ez dago ez aulkirik eta ez bestelako ezer). Orduan, publikoari gai bat eskatzen zaio, inprobisatzaile honentzat; gai zabal bat eta ez egoera bat (futbola, bakea, askatasuna…). Behin publikoak gaia hautatuta, beste inprobisatzaileek cuartetan (zortzi silabako lau lerrotan, lerro guztiek txandaka errimatzen dutela), galdera bana egin behar diote banquilloan dagoenari, eta honek cuartetan erantzun. Elkarri puntuak jartzearen parekoa dela iruditzen zaigu, baina, sutan jartzian probatutzen da. Galderak cuartetan egin ditugu, gaztelaniaz, baina, kantatu gabe, deklamatuta, edo. Eta erantzun, berriz, kopla doinuan. Euskaraz agurtu nahi dugu Mexiko.

Puerto-Rico igo da ondoren. Kuba. Argentina. Mexiko. Kolonbia. Panama. Eta denok gora. Azken hitzak eta azken notak. Hartu du mikrofonoa aurkezleak. Hau bukatu dela esan du. Ofizialki. Akabo. Animatu dira lehen malkoak ordutan egiteko gogoa zuten huraxe egitera. Eta horrek animatu ditu besteen begietakoak ere. Denak kanpora! Hasi dira besarkadak eta malkoek ere elkar agurtu dute, batzuon eta besteon masailetan topo egin dutenean. Dena da “eskerrik asko” eta dena “laster arte”. “Adios”-ik ez.

Burumakur goaz hotelera bueltan. Irribarre tristeak, begiradek topo egitean. Zotin hots zenbait. Paperezko mukizapi asko. Ez gara elkar agurtzen ari; ez elkar soilik. Bukatu dira jardunaldiak. Bukatu dira dezima zaporedun Coronita-k, torrenteak, takoak, hitzaldiak, huapangoa, “boludo” eta “mami”-ak, gitarrak eta biolinak, zigarro sozialak, “muchas tardes” eta “muchos días”-ak, eguneko edozein unetako besarkadak, hizkuntza preindoeuroparrei buruzko azalpenak, “hermano” eta “hermana”-k. Akabo. Hain ederra ez balitz, drama bat (drama alaiek beste izen bat merezi lukete, beharbada).

Une honetatik aurrerakoak soberan kontatuko genituzke. Hurrengo orduetan hotelean afaldu, gaua goizera arte luzatu, lurrikara bat bizi (oraingoan bai, literalki) eta hegazkinean sartu ginen. Baina, orduantxe, saiotik hotelera bidean, gure buruek lehen aldiz pentsatu zuten Euskal Herrira itzuliko zirela. Eta oduantxe hasi ginen bueltatzen, pixkanaka.

Atzera begira

Orain, atzera begira, ohartzen gara oraindik ez genekiela, gau hartan, bi astez hainbeste ikasi genuenik. Bi aste horietan ohikoa egin zitzaigunaz asko harritu gara geroztik. Eguneroko harreman horiei esker inprobisazioa bizitzeko mila modu ezagutu genituen. Bueno, berrogei bat modu. Eta era berean batera gozatu genuen. Dezima eta bertso berak entzunez. Bakoitzak bereak inprobisatuz.

Ohartu gara asko dugula besteei emateko. Bertsoa eta betsolaritza. Mundu bat bere baitan. Mundu txiki zabal bat. Eta baieztatu dugu asko dugula ikasteko. Mundu osoa. Mundutxo zabal asko. Eta horietatik begiratuta geureari buruz ere asko ikas dezakegula.

Denborak aurrera egin ahala, oroitzapen konkretuak difuminatu egiten dira, trazu finak zabartu. Xehetasun batzuk burura ekartzea gero eta gehiago kostatzen da. “Non gertatu zen hura?”, “Nola zen dezima?”, “Nork esan zigun…?” etab. Eta oroimen sakonagorainoko muga zeharkatu duten kolore eta forma oinarrizkoenak azaleratzen dira. Sentsazio indartsuenak, sentimentuak, irakaspenak. Eta elkar truke hauen indarra sentitzen dugu behin eta berriz egun haietaz oroitzen garenetan. Bizipenen intentsitateaz haratago, bizigai genuen egoera horren potentzialtasunaz.

Han geunden, inprobisazioak bizi gaituen hainbat pertsona, elkarrengandik ikasteko prest. Eta ikasi genuen ezberdintasunetatik haratago parekotasun handiak genituela. Antzekoak direla gure inprobisazio moduari buruzko kezka eta erronkak, itxaropenak eta aukerak.

Hari horri tiraka daramatzagu asteak. Ba ote liteke, herri bakoitzeko inprobisazio moduen etorkizunak elkar lotuta egotea? Txarrerako beharbada ez. Pentsa liteke Argentinako payada desagertzeak ez lekarkeela Txileko payadaren desagerpena, zuzen-zuzenean. Baina susma liteke Argentinako payada desagertzen baldin bada, arazo batzuei aurre egin ahal izan ez dielako izango dela, eta Txileko payadak, arazo berberei edo oso antzekoei egin beharko diela aurre. Egin tira beste pixka bat. Zer distantzia dago, bertsotan, Txiletik Euskal Herrira? Eta Euskal Herritik Sardiniara? Sardiniatik Georgiara? Egin tira apurtxo bat gehiago. Badirudi arazo berberei edo antzekoei egin beharko diegula aurre datozen hamarkadetan. Globalizazioak dakarren kultur kontsumo eredura egokitu beharko dugu, edo gure gizarteei dagozkien eredu berriak sortu, edo tarteko zerbait. Hala bada, nork bere testuingurura egokituta, arazo global zein lokalei aurre egiteko batzuen tresna eta estrategiak (sustapenerako, hedapenerako, transmisiorako…) baliagarri izan litezke besteentzat ere, beharbada. Batzuen porrotak zein arrakastak, besteentzat itsu-makil. Jardunaldi hauen moduko elkar truke guneak, elkarren esperientziak ezagutzeko guneak izateaz gain, ideia berrien haztegi ere badira. Gogoetak kolektiboan egiteko gune bat. Globalizazioak eskaintzen digun aukera bat, globalizazioak berak sortutako erronkei aurre egiteko. Badugu nondik eta zeri tiraka segi.

Baina, has gaitezen gauza txikietatik. Gure xumean, buru-bihotzak puztu-puztuta ekarri ditugu Euskal Herrira. Bidaia laburra izan da, baina, ustez asko ikasita gatoz. Edo asko ahaztuta. Aldatuta. Benetako bidaia ez omen da bide berrien bila aritzea, begi berriz jabetzea baizik, eta hori hala bada, bidaiatu egin dugu. Bidaiek ez dute, ordea, beti distantzia inplikatzen. Modu asko daude bidaiatzen segitzeko. Ados. Egia da egunerokotasunean ez dela erraza arnasaldi bakoitzean bidaiatzen ari garela sentitzea, hala izanik ere. Baina, tarteka-tarteka, egingarria da begiak itxi, birikak hustu (arnastea airea botatzetik hasten omen da eta), eta geure buruari galdetzea norantz abiatu nahi dugun.

Eta horretarako ekarri dugu larrialdietarako kit-a. “Ahorita” esateko ohitura -bizitzarako ezin baliagarriagoa-, eta autoko irrati-kaseterako huapango KD bat.

A darle, que es mole de olla!