Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2024-12-27

Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya –

1930eko hamarraldiarekin, bada, bizkortu egin zen bertsolaritzari jartzen zitzaion arreta. Eta bizkortze horren lehen adierazpena Makazaga inprentaren lana izango zen. Juan Jose Makazaga (1887-1963) haurra zelarik familiarekin Madrila bizitzera joan zen, bertan arte grafikoak ikasi eta 1920ko hamarraldiaren bukaera aldera Errenterian Euskal Herriratzea erabaki zuen. Carcedoren arabera (1996: 198) euskara erdi galdua zuela itzuli bazen ere, bertsolariekin euskaraz egiteko adina moldatzen zen, eta denborarekin bertsozaletzera iritsi zen. Txirritaren bertsoekin osatutako “Txirrita”ren testamentua argitaratu zuen 1930ean, Luis Jauregi Jaurtakolen hitzaurrea zeraman “Xenpelar”en bertsuak 1931n, “Bilintx”en bertsuak 1931n edo 1932an, eta datarik gabeak badira ere garai horretakoak behar duten Euskal Erriko kanta zarrak hiru liburukitan[1].

Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya
1931-09-20. Bertsolariyaren lehen alea.

Liburu horien ondotik, astero, Bertsolariya goiburuarekin, bertso jarri zahar nahiz berriz osatutako lau orri argitaratzeari ekin zion, urtearen buruan liburu bat osatzeko ideiarekin. 1931ko irailaren 20an argitaratu zuen lehena, eta honela aurkezten zuen ideia bertan: “Asteroko Bertsolariya izeneko au, atera da zeren ikasi naya edo gogoa dagoen bertsuetarako, eta denbora berian ez dalakoz xamur lengo bertso zar eder ayek billatzen nolanai […] asmoa da bertsolarik ederrenak bildu, eta liburu bikaiñ bat egitea […] lau orrialdi, aurreneko biyak bertso berriyak, eta beste bi bertso zarrak asko aztuta txokoan dauden Xabalategi, Pernando, Udarregi, Xorrola, Ardotx, Xenpelar […] Txirritak itza eman digu, astero orri bat osoa beteko dubela bere bertso berriyakin eta gañera ondoren, Lexoti, Sailburu, Telleri-Txiki […] eta gañerako gogo duten guziyak, zarrak eta gaztiak izango dute lekua nai badute idatzi […]”[2].

Txirritaren kolaborazioa zen, bada, argitalpenaren zutabe nagusietako bat: lehen orri hori Txirritaren argazki handi batekin osatzen zen, eta lehen hamasei astetan hutsik egin gabe argitaratu ziren hernaniarraren bertsoak, baita gerora beste asko ere. Antonio Zavalak esplikatzen du Txirritaren ilobak jasotzen zituela idatziz hark diktatzen zituen bertsoak, eta iloba horren ahotik bertsolaria eta Makazagaren arteko tratuaren berri ere ematen du (1992a: 448): astean 12 bertso bidaltzen zizkion Txirritak zortzi duroren truke, eta horietatik bat ilobari ematen zion transkripzio lanengatik. Bestalde, bertsolariak, adinean oso aurrera zihoan arren, erakusten zuen bertsogintzarako afana ere nabarmentzen du: “1931’garren urtean, irurogei ta amarretik gora asia zan. Eta orduan, atsedenik artu bearrean, bertso jartzeari iñoiz baiño gogotsuago ekin zion […]” (1992a: 148).

Zenbaki guztiei gainbegiratu bat emanda ikus daiteke Makazagak baliabide gehiago ere jarri zituela martxan. Lehen hiru zenbakietan kolorea sartu zuen eta ahal zuen guztietan, ez oso sarri, baita bertsolarien argazki eta marrazkiak ere. Ia zenbaki guztietan ageri ohi zen “Astero, astero erosi zazu Bertsolariya” leloa, “Erosi zazu Xempelarren bertsuak, bere doñu ta guziyakin jarriyak” ere oso ohikoa zuen, eta hamargarren zenbakitik aurrera, askotan, “Datorren astean ‘Bilintx’en bertsuak, oso ederrak eta farragarrizkoak, pezeta bana” iragartzen zuen. Hogeigarrenetik aurrera gaztelaniaz ere egin zuen promozioa: “Todo el que desee alguno de los números, puede solicitarlo a nuestros vendedores o a ‘Bertsolariya’, Viteri 32, Renteria […]”. 37.ean nahi zuenak bertsoak bidaltzeko gonbita luzatzen zuen baita, “betire ateratzeko morukuak badira” eta 45.etik aurrera kasik astero eskaini zituen Fernandoren pasadizoak.

Ezkerretik, Joxe Manuel Erauskin, Joxe Manuel Lujanbio Txirrita (1960, Ereñozu-1936 Altza) eta Saturnino Erauskin (1974, Altza-1950). Erauskindarren Gazteluene baserrian. Joxe Manuel koinatua zuen, bere arreba Isabelen senarra eta etxean hartu zuten bertsolaria bere azken urteetan. Hauen seme Joxe Manuel Erauskin Lujanbio zen Txirritari bertsoak transkribatzen zizkiona. Iturria: Sendoa.

54.a da azken zenbakia; 1932ko irailaren 25ean utzi zion Makazagak argitalpena kaleratzerari. Carcedok uholde batzuk aipatzen ditu etenaren atzean: “¿Por qué desapareció ‘Bertsolariya’ al cabo de poco tiempo? […]. Una inundación de mal sino truncó irremisiblemente su continuidad” (2012: 199). Lehen zenbakian iragarri ziren asmoak irakurrita, ordea, badirudi proiektua burututzat eman zuelako eman zitzaiola amaiera: urtebetean zehar argitaratu zen, liburu eder bat osatzeko adina eman zion, eta bukaeran azalak ere banatu zituen, agindu bezala.

Ekarpen garrantzitsua izan zen Makazagarena. Juan Mari Lekuonak aipatzen duen gisan garaiko bertso giroa berotzeko balio izan zuen (Dorronsoro eta J.M. Lekuona, 1987: 9). Zavala bat dator lortutako oihartzuna azpimarratzerakoan eta garbizaletasunetik bertsolaritzarekiko sortu ziren kritikak gainditzeko bidea hasi zuela ere gaineratzen du: “Otro dato a su favor es que, en aquella época en que por prejuicios puritanos las reediciones de poesía popular se hacían modificando el texto, este hombre, sin mayor preparación o estudio, mantuviera una escrupulosa fidelidad a las fuentes” (1996: 251).  (id.: 251). Bildutakoaren balioaren garrantzia seinalatzen du Gartziak (2000a: 415).

Ilustrazioa: Patxi Gallego

[1] Liburu hauen garrantzia azpimarratzen du Zavalak, gerora berak eta beste hainbatek egingo zituzten bildumetarako oinarri gisa funtsezkoak suertatu zirela azalduz (1996: 249-250).

[2] Zazpi pezeta zen urteko harpidetza, urte bukaeran liburua osatzeko tapak bidaliko zirela agintzen zen, eta zenbaki solteak 15 zentimo balioko zuela iragarri.

Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya  Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya  Makazagaren moldiztegia eta Bertsolariya