Luzear, kazetari espetxean eta erbestean ere, poliziak ehortzi arte

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2025-01-31

Luzear kazetari espetxean eta erbestean –

1936ko irailean, Donostia erortzear, Jose Antonio Agirrerekin, Frantzisko Basterretxearekin eta Juan Ajuriagerrarekin batera, hegazkina hartu eta Madrila egin zuen Luzearrek, Euskal Estatutuari azken bultzada emango zioten negoziazioetan parte hartzeko (Mujika, 2003: 19). Handik bueltan Bilbora mugitu zen familia berekin eramanez eta Jaurlaritzaren aginduetara jarriz. Kazetari eta itzultzaile lanak eman zizkioten: euskarazko lehen egunkaria, Eguna, orduan jarri zen martxan, eta kolaboratzaile izan zen sorreran nahiz erredakzioan; Jaurlaritzak martxan jarri zuen Radio Bilbaok astean behin eskaintzen zuen Euzkel orduba euskarazko irratsaioa zuzendu zuen baita ere, eta Gobernuaren aldizkari ofiziala euskaratzen zuen taldean ere egin zuen lan.

Luzear kazetari espetxean eta erbestean
Burgosko espetxea. Zutik ezkerreko lehena da Luzear. Euskadi Buru Batzarreko beste kide batzuekin batera ageri da, tartean Ajuriagerra eta Rezola. Iturria: Bidegileak.

Bilbo erortzear zela, familia Iparraldera ebakuatu eta Santoñarako bidea hartu zuen berak. Preso hartu zuten bertan, eta heriotza zigorra jarri zioten. Zigor hori bete zain El Dueson eta Larrinagan egin zuen urtebetean, eta hori altxa ondoren Burgoseko kartzelan bete behar izan zituen hurrengo lauetan, kazetari lanean eta euskalgintzan jarraitzeko modua aurkitu zuen.

Díaz Nocik Larrinagako presoek eskuz idatzitako aldizkari klandestino baten berri ematen digu: Espetxean (1995b: 267). Ezagutzen den lehen zenbakia 1937ko abenduaren 8koa dela dio, hainbat zenbaki argitaratu ondoren desagertu egin zela 1938ko erdialdera, baina berriro agertzen dela 1941ean, oraingoan Burgoseko kartzelan eta eskuz beharrean moldiztegitik pasatuta. Euskarazko testuak bazituela ere gaineratzen du: “Haien artean bazegoen euskaldunik, bat behintzat, euskarazko testu guztiek esku bakar batek eginak ematen bait zuten” (id.: 267).

Litekeena da euskaraz idatzitako testu horiek Luzearrenak izatea, honela osatzen baitu Arzelusek Díaz Nociren informazioa: “Espetxean izeneko aldizkaria argitaratzeari ekin zioten Luzearrek eta honen kartzelakideek. Aldizkaria EAJk kartzelan izan zuen argitarapena bilakatu zen. Eskuz oso txukun idatzitako aldizkaria eskuz esku pasatzen zuten, eta presoen izpiritua indartzeko artikuluak idazten zituzten” (2003: 21). Burgoseko presondegian argitaraturikoen atzean kazetari donostiarraren eskua legokeela gaineratzen du Arzelusek: “Aldizkari honen argitaratzea Burgosko Presondegi Zentralean segi zuten Luzearrek eta honen lagunek, oraingoan kartzelan zegoen inprentagailuaz ezkutuki baliatuz” (id.: 21), Eta sinadura ilustre gehiagoren presentzia seinalatzen du Altzibarrek: “Kartzelan Espetxean aldizkaria sortu zuten EAJko abertzaleek; esaterako, hor hasi zen idazten Koldo Mitxelena 1938 inguruan” (2005: 593).

Donostiarraren borondatea ez zen badaezpadakoa: presoen animoa igotzeko himno bat ere argitaratu zuen aldizkarian, Salvador de Rada musikari irundarrarekin batera konposatutakoa, eta antzerkia idatzi (Marrakatxarra, Gonagorritxo eta Dirugosea lanak) edo Dickensen lanak (Christmas Tales eta The Cricket on the Hearth) euskeratzeari ekin zion. Baita presoei euskara irakasteari ere, oinarritzat Radio San Sebastiánen garatu zuen sistema baliatuz eta kartzelariei alemana irakasten ari zela sinetsaraziaz.

1943an utzi zuten aske, eta Koldo Mitxelenarekin egin zuen etxerako bueltako bidaia. EAJren aginduetara jarri zen berriro, eta alderdiak Gipuzkoan zuen sare klandestinoaren buru izendatu zuen. Hainbat operazio arriskutsu burutu ondoren, etxera bila etorri zitzaion poliziari teilatutik ihes egin, hilabete batzuk gehiago Donostian ezkutaturik egin eta azkenik 1946an mugaz beste aldera pasatu zen. Alderdiaren aginduz Euzkadi Irratia sortu zuten Joseba Rezolak eta biek, eta irratiko zuzendari nahiz euskarazko edukien arduradun lanetan aritu zen. Geroz eta pisu handiagoa hartu zuen erbesteko EAJren egituran eta EBBko lehendakariorde izatera ere iritsi zen, minbiziaz gaixotu zen arte: “Gerra zibilaren ondoren 1949an hil zen arte Andres Arzelusek eginiko lana hain izan zen handia historialariak bat datozela Luzear garai hartako erresistentziaren pertsonaiarik garrantzitsuenetakoa izan zela esaterakoan” (Arzelus, 2003: 26).

Ordainetan, hilerriraino jazarri nahi izan zioten agintari frankistek. Familiak Donostian egin nahi izan zuen hileta baimendu zuten, baina itsuskeria egiteko: “[…] poliziek ez zuten gorpua egun berean ehorzten utzi, lurperatzea biharamonean egingo zela esanaz. Haatik, goizez familiartekoak hilerrira bertaratu zirenean, gorpua goizeko 7ak aldera ehortzita izan zela jakin zuten, ehorzketaren lekuko bakarrak poliziak, lurperatzaileak eta hauek exijitutako apaiza izan zirelarik” (Arzelus, 2003: 27).

Luzear kazetari espetxean eta erbestean
Ilustrazioa: Patxi Gallego
Luzear kazetari espetxean eta erbestean  Luzear kazetari espetxean eta erbestean  Luzear kazetari espetxean eta erbestean