Lurpeko bertso-paperak, ezkutuko bertsolaritza
Lurpeko bertso-paperak ezkutuko bertsolaritza –
Gerra gordina izan bazen, gerraostea ez zen gozoagoa izan, garaileek ez baitzuten garaituekiko inolako errukirik erakusteko asmorik. Euskal Pizkundean parte hartutako hainbat izen ezagun aipa daitezke herra hori pairatutakoak: Lauaxeta, esaterako, 1937an hil zuten, fusilatuta; Arturo Campion altxamenduaren aldeko adierazpen publiko bat egitera behartu zuten, 83 urte zituela, eta handik gutxira hil zen, 1937an; Toribio Altzaga antzerkigilea kartzelara sartu zuten 75 urterekin, eta 1941ean hil zen; Juan Bautista Eguzkitza euskaltzain eta kazetaria ere kartzelatik pasatu ondoren hil zen 1939an; Orixe Gurseko (Frantzia) kontzentrazio-eremuan eduki zuten…[1]

Pertsona konkretuen aurka ez ezik, kultura oso baten aurka ere bideratu zen errepresioa: “En junio de 1937 las tropas nacionales toman Bilbao. Todo vestigio de cultura vasca se aplasta de manera inmisericorde. En 1938 las nuevas autoridades emiten un decreto por el que prohiben la utilización pública, oral o escrita, de la lengua vasca” (Díaz Noci, 2012: 189). Txikizioa zen kontsigna:
“No es difícil figurarse lo que en el orden práctico alcanzó la aplicación de dicho criterio, si recordamos como ejemplo el saqueo y quema, a la entrada de las tropas franquistas, de la biblioteca que D. Isaac López Mendizabal (miembro correspondiente de Euskaltzaindia y propietario de la Casa Editorial de su nombre) poseía en su casa de Tolosa.” (Bilbao, 2003: 849)
Suntsipenak izua eragiten du eta izuak suntsipen gehiago:
“Gerra etorritakoan, berriz, bertsoak biltzen asi nintzanean makiña batek esan zidanez, bertso-paper mordo ederrak erre ziran agintari berrien bildurrez. Beste batek, berriz, kaja batean sartu eta lurperatu egin zituan. Denboraren buruan lurpetik atera zituanean, urak ondatuak eta ustelduak zeuden danak ere.” (Zavala, 1997: 173-174)

Dorronsorok deskribatzen du bertso munduan nagusitu zen errealitatea: “Bertsolariak ihesi joan dira, edo espetxean daude, desterruan. Entzulerik ere, egoera hartan, ezin egon. Urte batzuetan behintzat zeharo ezkutatzen da bertsogintza guztia alde honetatik, bai bat-batekoa, bai idatzia” (1987: 14). Garziak ‘Isiltasun aldia’ deitzen dio bertsolaritzak 1936tik 1944ra bitartean egin behar izan zuen etapa honi (2000a: 436-440).
Ezkutatu arren bertsoa ez da desagertuko, noski. Garziak zapiraindarrek garai hartako min sorgorrari jarritako bertsoak aipatzen ditu, esaterako, ezkutuan kantatutako bertsolaritza haren adibide gisa Bertso jarrietan kontaturiko historia familiar latz bat da hau.
Gripearekin hildako emazteari jartzen dizkio lehenengo bertsoak Juan Kruz Zapirainek. Gerra dela eta kartzelan edo ihes eginda dauzkan semeen historia kontatzen du jarraian… Honela bukatzen du bertsoetako bat: «leku askotan jarri dituzte/ tristura eta negarrak,/ lehen hamar lagun ginan etxean/ ta orain hiru bakarrak.” (Garzia, 2000a: 437). Fusilaturik hilko duten semeak ere, Joxe Zapirainek, bertsotan bidali zien azken agurra etxera, eta honela hasten zen gutuna: “Bertso batzuk jarriko ditut/ jendeari adierazteko/ kulparik gabe sar gaituztela/ giltzapean egoteko;/ hori gertatu behar zuenik/ inork ez zuen usteko/ ez det bihotzik gertatu dana/ aita, zuri esateko.” (Garzia, 2000a: 438).
Aurreko zikloan euskal intelligentsiaren gutxiespenarekin gertatu bezala, gerraren eta agintari frankisten errepresioaren eraginez neguko kanpamentuetara erretiratuko da bertsolaritza: “Berez zetorren bilakaera 1936-39ko gerrak eten zuen, eta bertsolaritza gordeleku zaharretara itzuli zen. Lagunarteko girora gehienetan, erromerietara berriro. Ahaztu plaza handiak eta egunkarietako kronikak, ahaztu sustatzaileak eta kultur egitasmoak, ahaztu bertsolaritza euskararen berpizkundearekin lotzeko ahaleginak. Ahaztu” (Barandiaran, 2011: 17).

[1] Izen apalagoekin zerrenda luzatu egiten da, noski. Altzibarrek, esaterako, gerran eta gerraostean
fusilaturiko euskal kazetarien izen batzuk eskaintzen ditu: “[…] Martin Lekuona Oiartzungoa; Jose Markiegi Debakoa […], Arrasaten fusilatua; Elgoibarko Gotzon Osoro ‘Aberri’, sortzez motrikuarra, Kirikiñoren garaietako berriemailea Euzkadin […]; Josu Peña ‘Aitza’; Jose Mari Azkarraga ‘Lurgorri’, Aramaiokoa […]” (2005: 592).