Lore Jokoen gainbehera eta 1930ean egindako proba
Lore Jokoen gainbehera eta 1930ean egindako proba-
Lore Jokoak oraindik urtero ospatu ziren 1920ko hamarraldian, baina Gipuzkoako Foru Aldundiak herriz herrikoak antolatzeari utzia zion 1915etik, Iparraldeko adarrak 1920an antolatu zuen azkena Iholdin, eta 1930eko hamarraldian, gerra hasi aurretik, denak desagertu ziren.
Belaunaldi berri batek hartua zuen euskal kulturgintzaren buruzagitza eta egiteko modu berriak hobetsi zituen. Aldizkarien alorrean gertatu zen erreleboa lehenik, aurreko olatuaren ikur zen Euskal-Erria 1918an itxita. Haren tokia garai berrien ikur ziren RIEV (1907), Euskal-Esnalea (1908) eta Euskalerriaren alde (1911) gisako argitalpenek hartu eta zabaldu zuten. Bere gailurrera foruzaletasunak eraman zituen Lore Jokoen tokia, aldiz, abertzaletasunak gai baten inguruan antolatutako egun bakarreko ekitaldiek hartu eta zabaldu zuten: Euskararen Eguna, Olerti Eguna, Euzko Antzerti Eguna, Euzko Eleberri Eguna eta abar.
Bertsolaritzak Donostiako Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarreak antolatutako jokoetan bakarrik eutsi zion 1930eko hamarraldiraino. Aitzolek azaltzen du intelligentsia berriak ospakizun honetaz zuen ikuspegia: “[…] desapareció la vitalidad del Consistorio de los Juegos Florales Euskaros. Si existe, es un cuerpo sin alma, una forma sin esencia…” (Euzkadi, 1931/I/10, “Concursos de bertsolaris” (Renovando Costumbres de antaño; Ariztimuño, 1988: 97). Artikulu berean aurreko belaunaldiek alor honetan eginiko lana aitortu ere egiten du, ordea, eta artikulua bera bide horri jarraituz egindako probako lehen ekitaldi bat antolatu ondoren idazten du.
1930eko San Tomas egunean Donostian Toribio Altzagaren omenez antolatu zuten lehen saialdi horren inguruko gorabehera guztiak ere Aitzolek berak eskaintzen ditu 1935eko eta 1936ko Bertsolari Guduen inguruan Zubimendik argitaratu zuen liburuaren hitzaurrean:
“Koplakarien il bear onek lari genkarzkin Euskaltzaletakoak. Alegiko errotan alkartu giñan ‘Lizardi’ zana, Yauregi olerkaria, Labaien antzezlaria eta Erauzkin bertsolaria, gaitz orrentzako sendagairik aurkitzen ote genduan edo […] ‘Consistorio de los Juegos Florales’ zalako aietan epaile bezela ibilia bait-zan Uranga’tar Iñaki […] Toribi yaunaren omenez ‘Centro Católico’ antzokian 1930’garen urtean Euskaltzaleak lenengoz eratu zuen Bertsolari-gudua onetxek zuzendu zigun. Txirrita, Lujanbio, Telaetxipi, Zabaleta, Agirre eta Bitoria zanak, lege zarrera gudu arrigarria egin ziguten. Trebe asko eta zorrotz Uranga olerkari aitonduak bertsolariak zirikatu zituan. Txapeldun, ao batez, Bitoria aukeratu genduan. (Ariztimuño, 1936: 18)
Une hartan bertsolaritza ez zen, ordea, Aitzolen lehentasunetan sartzen, eta lan-ildo hori aparkaturik gelditu zen. Hala ere, ideia baztertu ez zutenaren adierazgarri, bertsolaritzari tarte bat egin ohi zitzaion antolatzen zituzten bestelako ekitaldi gehienetan. Zubimendiren hitzek ere argi uzten dute asmoa bazutela, baina tarte bat hartzea zela falta zitzaiena: “Lendik ba-zuan ‘Euskaltzaleak‘ bazkunak egun ori eratzeko asmoa; baina, gaur gertaera onek eragozten ziola; biar beste batek garrantzi geiago zeukala; urrengoan politika gaia nagusi, eta orrela, batean ta bestean gure bertsolari eguna atzera” (Yakintza, 1935eko apirila, 14. zk., 140. or. “Lenengo bertsolari eguna”. Zubimendi, Joseba). Baita Aitzolen hitzek ere: “Bidea urratu arren aurreruntz yotzeko garaia etzan eldu artean [1930ean burututakoaz ari da]. Olerti-Egunak, Euskal-Egunak, Antzerti-Egunak berekin zeramakiten lanik asko sortu eta iraunarazteko”(1936: 19).