[Lore Jokoak] Plazatik frontoira eta frontoitik antzokira: bertsolaritza ikuskizun moderno

bertsolaritza ikuskizun moderno –

Bertsolaritzaren ikur izaerarekin gertatu zen bezala, ikuskizun moderno gisa berregituratzeko ahaleginean ere jauzi kualitatibo bat eman zen foruak galdu berri zituen Hegoaldearen bulkadarekin. Izan ere, ideologikoki neurri batean antimodernoak izan arren, euren kulturgintzan modernoa zen eragile belaunaldi hura.

 

bertsolaritza ikuskizun moderno
Bertsolariak mahai inguruan. Iturria: Sendoa.

 

Hain justu, ikur nazional gisa hauteman zelako, bat-batekoari kultura jasoaren maila eman nahi izan zitzaion, literatur genero bat balitz bezala eratu (Bidart, 1998: 275-276; Gabilondo, 2016: 193-193; Laborde, 1998: 607-616). Eta horretarako, ariketa nahiz balorazio irizpide sofistikatuagoak ezartzeaz gain, saioaren birmoldaketa estetiko bat egin nahi izan zen. Mende hasierako desafioetan plazan egiten ziren saioak, eta Abadiarekin frontoian: biak ere espazio irekiak. Ikuskizun modernoak, ordea, espazio itxia, publikoarekiko hartu-eman formalagoa eta ikuslearen posizio zurrunago bat eskatzen zituen, Burkek azaltzen duen bezala kultura jasoa popularretik bereizteko sortu baitziren hasiera batean ikuskizun horiek[1]. Hegoaldeko lehen Lore Jokoetan, Elizondokoetan, frontoitik udaletxera eraman zuten bertsolarien bat-bateko saioa; bigarrengoetan, Donostiako Lore Jokoetan, antzokira, goi-kulturaren egoitzatzat hartzen zen eremura.

1887an eskainitako ikuskizunaren kartela azpimarratzen du Labordek (1998: 613) egindako bidearen adierazle gisa: abenduaren 26an Donostiako Printzipal Antzokian Soroaren antzezlana, piano emanaldia, korua, euskal poesiaren irakurketa eta bertsolariak. Bertsolaritza, luzaroan ahozko kultura popular gisa herri xehearen behe mailako libertimendutzat hartu izan zena, eliteentzat kasik ikusezin edo burlarako motibo zena, antzerkia, pianoa edo poesia bezalako goi mailako kultur adierazpenen pare.

Lapurtarrak eskaintzen duen adibideak jasotzen ez duen beste alderdi batean ere nabari daiteke bertsolaritzak jende jantziaren begietara eginiko jauzi kualitatiboa. Abadiarekin programa zabalago bateko elementu gisa, pilota edo herri-kirolen osagarri gisa eskaintzen zen. Aldiz, Hegoaldeko Lore Jokoetako kroniketan ikus daitekeenez, ikuskizun autonomo gisa eskaintzen zen geroz eta gehiago: aparte batean antolatzen zen, antzezlan batekin edo piano kontzertu batekin egin zitekeen bezala, sarrerak salduz[2].

 

bertsolaritza ikuskizun moderno
Arrasateko Euskal Jaiak, 1896.

 

Eredu berriak, gainera, egoitza aldaketarena baino moldaketa sakonagoa zekarren. Gai jartzailearen presentzia, saioa partekatzen zuen bertsolari kopuru altuagoa, elkarren kontra baino ikusleei begira bideratutako jarduna, mamiaren eta formaren arteko bereizketa, epaimahaiaren garrantzia eta kulturgileen eragiletza aipatzen ditu Esnalek (Esnal, Egaña eta Sarasua, 2002: 809). Eta eredu horrek saio handietarako izan zuen arrakastaren adierazgarri, Zavalak desagertutzat ematen du aurreko eredua, desafioena, 1880ko hamarralditik aurrera: “Los desafíos concluyen con la segunda guerra carlista. Después de ésta no se estila, que sepa yo al menos, el desafío con la elección de jueces, con las onzas de oro depositadas por ambas partes, con el tiempo predeterminado…” (1996b: 167)[3].

Ez zen, jakina, bertsolariena Lehen Modernitatean eragiletza sofistikatuago batek herriko plazatik eraikin itxi batera eraman zuen kultura popularraren adierazpen bakarra. Burkek (1991) azaltzen duenez, Europa osoko fenomeno bat izan zen, eta boxeoa edo zirkua aipatzen ditu, besteak beste. Eta bertsolaritzaren kasuan dezente gehiago itxaron beharko bazen ere, merkatuaren legeak horretarako ematen zuen kasuetan kultura popularraren profesionalizazioa ere iritsi zela gaineratzen du[4]. Bestalde, esan bezala, Nazio-estatuek, eta ertzeko kultur komunitateek, kultura popularra herri kultura gisa garatzeari ekin zioten, eta kultura jasoarekiko hibridazioa bizkortuko du horrek Europa osoan.

Kulturgintza modernoaren lehengai gisa kantu inprobisatua aukeratzean zetzan euskal eragileen originaltasunak. Ahozkotasuna aurremodernoarekin, alegia, atzerapenarekin, lotzen zen, eta horretan bai izan ziren bakarrak, korrontearen kontra hartutako erabaki batekin.

Bide hori nolatan hartu zuten ulertzeko, hari bati baino gehiagori tira egin behar zaio, baina esan daiteke halabeharrez hartu zutela neurri handi batean; euskararen komunitateak ez zuen tradizio idatzirik, eta euskarazko kulturak, iraungo bazuen, funtzionatzen zuenari, ahozkoari eta bereziki bertsolaritzari heldu behar izan zion.


 

[1] Kultura popularra espazio irekian zertzen bazen eta guztien parte hartzea bideratzen zuen praktika sozial gisa planteatzen bazen, kultura jasoak aparte batean, espazio itxi eta berezituan beharko zuen eskainia: “En el París de comienzos del siglo XVI, los actores aficionados de la Basoche abandonaron las calles y las plazas y comenzaron a actuar en el Parlamento para una audiencia más exclusiva” (Burke, 1991: 383). Eta bereizketa fisikoak bereizketa soziala berma zezan sarreragatik ordaindu beharra ezarriko zen, kulturaren merkaturatze sofistikatuago bat garatuz.

Kultura bizitzeko modu berri bat ere ekarri zuten klase jasoek. Kode moral eta estetiko berriei jarraiki, kode horiek betetzen zituen emanaldia galdatzen zuten; bufoiak, esaterako, gorteetatik desagertu egingo ziren. Bestalde, emanaldiarekiko jarrera ezberdin bat garatu zuten, autokontrol handiagokoa. Populuaren festetako espontaneotasuna eta gehiegikeria arbuiatzen hasi ziren, eta Elizaren nahiz gobernuen debekuen jomugetako bat bihurtuko ziren. Festari ikuskizuna kontrajarriko zaio; parte hartze espontaneoari, ikusle posizio zurrunagoa.

Transformazioa graduala izan zen, eta ez zen erabatekoa izatera iritsiko, festak beti izan baitzuen ikuskizuna elementutzat eta ikuskizunak beti izango baitzuen zerbait festatik.

[2] Horrek ez du esan nahi, noski, 1880ko hamarkadatik aurrerako Lore Jokoetako bertso saio guztiak ikuskizun autonomo gisa edo antzokiren batean jokatzen zirenik. Eta are gutxiago, Labordek seinalatzen duen bideari jarraituz garai hartako saio guztiak plazatik frontoira eta frontoitik antzokira aldatu zirenik. Joera berri bati egiten zaio erreferentzia, hain zuzen, garaiko intelligentsiak bertsolaritzari ireki nahi izan zion bideari.

[3] Bestelako indar batzuk ere, are sakonagoak, suma daitezke metamorfosi prozesu horren atzean. Horren harira, deigarria da Ongek ahozkotasunetik idatzizkora bidean gertatutako aldaketa ilustratzeko erabiltzen duen pasarte hau, ahozkotasun primarioaren (kultura idatziak ezarritako marko mentaletik at legokeena) arrasto berantiar gisa aurkezten duena: “En los debates entre Lincoln y Douglas, en 1858, los combatientes —pues eso es lo que clara y realmente eran— se enfrentaron a menudo al aire libre, bajo el ardiente sol de verano de Illinois, ante públicos de hasta 12 mil o 15 mil personas que también participan con gran ardor […], y cada uno hablaba durante hora y media. El primer orador disponía de una hora; el segundo, de una hora y media, y el primero, de otra media hora de refutación, todo ello sin equipo de amplificación. La oralidad primaria se hacía sentir en el estilo acumulativo, redundante cuidadosamente equilibrado y altamente agonístico, así como en la intensa acción recíproca entre el orador y el auditorio. Los polemistas quedaban roncos y físicamente exhaustos al final de cada encuentro” (2016: 215-216).

XIX. mende hasierako bertsolarien formatu zaharreko desafioen inguruan esaten direnekin topa daitezkeen parekotasunak begi bistakoak dira: desafioa, txapelketarekin alderatuta, iraupen-proba zela dio Paiak (2011: 101-102); desafioetan irabazlea, ahari jokoan bezala, zutik irautea lortzen zuena izaten zela dio Esnalek (Esnal, Egaña eta Sarasua, 2002: 810).

[4] Britainia Handian, 1720ko hamarkadarako zaldi lasterketak egunkarietan iragartzen ziren, eta sektore ekonomiko indartsu bat ziren; beste hainbeste gertatuko zen boxeoarekin 1740ko hamarkadan; Espainian, 1780ko hamarkadarako zezenketak enpresarien esku zeuden; eta mende bukaerarako zirkua erabat profesionalizatu zen hainbat herrialdetan.

bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno bertsolaritza ikuskizun moderno