[Lore Jokoak] Pedro Mari Otaño: ahoz baino idatziz
ahoz baino idatziz –
Testua: Antxoka Agirre
Ilustrazioa: Patxi Gallego
Zikloaren oinarrian bertsolari esanguratsuenak eta oihartzun mediatiko handiena lortu zutenak Jose Mari Iparragirre eta Indalezio Bizkarrondo Bilintx izan baziren, gailurrean Pedro Mari Otaño (1857-1910) zizurkildarra izan zen gehien nabarmendu zena.
Bertsolari leinu bateko hirugarren belaunaldikoa zen Otaño. Aitona Pedro Mari Errekalde Zaharra eta osaba Joxe Bernardo, garaiko kroniketan puntakoenen artean ageri dena, ziren sona gehien zutenak, baina Juan Pedro aitak, Bernardo anaiak, eta Mikaela amonak eta arrebak ere egiten zuten bertsotan etxean. 1862an, Errekalde baserritik Karidadeko Bentara aldatu ziren eta bertan egin zuen haurtzaroa bertsolariak. Garaiko bertsolaritzaren bilgune garrantzitsua izan zen taberna hori, eta bertan izan zuen trebatzen hasteko aukera. Pello Errotaren bertso famatuak erakusten du etxean izaten zituzten gonbidatuen maila: “Karidadeko Bentan/ gu sei bertsolari:/ Errekalde zaharra ta/ Juan Joxe Udarregi,/ Bernardo Zizurkilgo,/ Gazteluko Gorri,/ Errenteriakua/ Xenpelar jaun hori,/ ni Astiasukoa/ Pello Errotari”.
Otañoren biografiako lehen lerroak lauso samarrak dira. Ikasketen inguruan oinarrizko hezkuntza bakarrik jaso zuela uste da, eta Argentinara lehen aldiz joan zenean (1875-1879) soldaduska zela medio Karlistaldian ez parte hartzeagatik egin zuela. Bigarren egonaldi bat ere badago Argentinan, joaneko data zehaztu gabea eta itzulerakoa 1890ean daukana. Tartean Donostian tabernari gisa lan egin zuela ere ezagutzen da.
Garai hartan bat-batean aritu zela jasotzen du Zavalak, baina, ahots ahulekoa zenez, ez zela plazan aritzen, lagunartean baizik: “Pedro Mari Otaño eztarri txarrekoa omen zan […] Orregatik, Katarro edo Kattarro esaten omen zioten gaitz-izenez […] kanturako bideak itxita zeuzkan ezkero, idazteari ekin zion, eta orduko eta geroko euskaldunentzat altxor bat utzi” (1993a: 223)[1].
Argentinako bigarren egonalditik itzuli berritan ageri zaigu lehen aldiz prentsan, Euskal-Erria aldizkarian argitaratutako Amets bat izeneko bertso sortarekin. Bertan aldizkariari propaganda egiteaz gain leku bat eskatuko du haren orrialdeetan: “Diyozun aña maite badezu/ zartu dan Ama Euskera,/ billa ezazu Euskal-Erria/ izendatzen dan papera;/ ura da nere bizi-lekuba,/ ez det nai andik atera;/ seme leialak an biltzen zaizkit,/ joan zaitez aien artera” (Euskal-Erria, 1891 urtarrila). Baita lortu ere, hurrengo urteetan ohikoak bihurtu baitziren aldizkarian bere bertso jarriak.
1890eko hamarraldiko Lore Jokoetan parte hartu eta hainbat sari irabazi zituen, eta ospea pilatuz joan zen, plazatik ez baizik eta bertso jarrien bidez: “Otaño, sariak jasotzerakoan, kantatua izan zen jendaurrean; eta bere leienda-poemak irakurriak ere izan ziren, hala nola Donostian, Arrasaten, Oiartzunen” (J.M. Lekuona, 1998: 534). Bat-batekoa idatziari gerturatzeko ahalegina egin zuten garai berean bien arteko hibridazioa gauzatzen zuen bertsolaria agertu zen, eta garaiko intelligentsiak gorazarre egin zion gogoz.
Bere bertso onenekin liburua argitaratu zen Zerbait izenburupean 1895ean, kritika positiboak lortuz, eta diruz larri zebilelako zurrumurrua zabaldu zenean aldundia bertso biltzaile gisa lanpostu bat eskaintzekotan ere ibili zen. Hala ere, urte gutxitan pilatutako ospea benetan agerian utzi zuena Argentinarako hirugarren eta azken egonaldirako irteera izan zen. Iparragirreren itzulerarekin gertatu bezala, prentsaren eskutik bideratu zen Otañoren joanekoa. Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarreko lagunek diru bilketa antolatu zuten eta laguntza deia egunero argitaratu zen La Voz de Guipúzcoan 1898ko urtarrilean. Irten bezperatik hasi ziren omenaldiak, Donostiako Orfeoiak gaueko hamar t’erdietan bere etxepean oparitu zion kontzertuarekin, eta irteerak gertakari historikoaren zantzuak hartu zituen Pasaiako portuan 4.000 lagun baino gehiago bilduta, tartean Txirritak bertsotan eskaini zion agurrarekin.
Argentinan egin zuen azken egonaldi horretan lortu zuen Otañok oihartzun mediatikorik gehien. 1900ean Artzai mutilla opera idatzi eta Buenos Aireseko Victoria antzokian estreinaldi arrakastatsua izan zuen. 1904an, Alkar bertso liburua argitaratu zuen, eta 1904tik 1906ra Laurak-Bat elkarteak antolatu eta finantzaturiko euskarazko klaseak eman zituen hiri berean. Bai operak, bai liburuak, bai euskarazko eskolek Buenos Aireseko euskal diasporak sostengatzen zuen La Baskonia aldizkariaren erabateko sostengua izan zuten. Bestalde, operak, euskarazko lan bat izanagatik, Argentinako nahiz nazioarteko hainbat mediotan ere izan zuen oihartzunik: La Prentsa, La Nación, La Tribuna, Caras y Caretas, Ilustración Sud Americana, La France… Eta bertsolariak idatzitako sorta berriak etengabe argitaratu ziren ozeanoaz alde honetan.
Bere heriotzan La Baskonia izan zen berriro gertakariari orrialde gehien eskaini zizkiona, baina Euskal-Erria, La Voz de Guipúzcoa, Baserritarra edo Novedades gisako medioetan ere zabal eman zen horren berri, bertsolariaren itzal luzearen erakusgarri.
Berak ekarritako eredu berriak are itzal luzeagoa izango zuen gerora:
“Gerraurrean eta gerrostean, bertsozaleek buruz ikasten dute Otaño, eta erreferentzia klasikotzat hartzen. Eta nabarmenago dena, Basarrik eta Uztapidek, eredutzat hartzen dute Otaño, jantzia delako, ugaria, euskara garbikoa, arrazoizkoa, errespetuzkoa, garaiko eskakizunei egokituagoa. Geroztik, Amuriza etorri arte beharbada gehienik eragin duen maisua izan da Otaño bertsolaritzan” (J.M. Lekuona, 1998: 534).
[1] Bat-batekoan ere aritzen zela berresteko, Otañok berak idatzita utziriko oroitzapenez gain Emeterio Arresek prentsan argitaraturiko testua aipatzen du Zavalak: Euskal-Esnalea, 1931ko abuztua, 155. or., Olerki-loretegian/Pello Mari Otaño. Honezaz gain, Otaño bizirik zela bere saio baten berri ematen duen testua topatu ahal izan da lan hau osatzeko eginiko bilketan: “Después de un almuerzo verdaderamente opíparo y servido en forma tan irreprochable como en la principal casa, una sesión de bersolaris dio á la fiesta una animación extraordinaria […] Los principales contendientes eran Pello Mari y Shantos, y no se puede describir el entusiasmo que a veces provocaban […] Tocaron varios temas y todos ellos los trataron con altura. Abstraidos en tal ambiente, nos olvidamos de nuestra misión periodística y se nos pasó por alto el copiar alguna de aquellas primicias surgidas en rápidos chizpazos de inspiración” (La Baskonia, 1904/XII/20, 129. or., Notas locales/Fiesta baska).