[Lore Jokoak] Parisko bidaia aldizkarian lehen testua (1823)
Parisko bidaia aldizkarian lehen testua –
Erromantikoen kultura popularrarekiko interesa ez zen ezerezetik sortu. XVI. mendetik hasita, geroz eta sortzaile gehiago ziren kexu kultura jasoaren gehiegizko sofistikazioaz: Errenazimendutik garatu eta konplikatzen joan zen arau klasikoen sarean harrapatuta sentitzen ziren. Amerikaren deskubrimenduarekin, kultura exotikoei buruzko testuak ugarituz joan ziren neurrian, intelektual hauek, hango indigenen kulturen antzinatasunak eta sinpletasunak erakarrita, estetika primitibista bat hasi ziren garatzen. Asia, Afrika nahiz Ameriketako lurralde urrunetako bidaien inguruko testu erdi etnografikoak ugarituz eta zabalduz joan ziren.
Erromantizismoak fetitxe gisa hartu zuen bidaia eta garaiko egile garrantzitsu askok (Gohete, Dumas edo Stendal, esaterako) argitaratu zituen bidaia liburuak. Era berean, Frantzia napoleondarraren inperialismo politiko nahiz kulturalaren aurrean, norbere sustraien bila ekin zitzaion. Elite erromantikoak konturatu ziren norberaren kultura popularra bidaia urrunetako kultura haiek bezain antzinakoa eta sinplea zela, haiek bezain exotikoa egiten zitzaiela, eta, XIX. mende hasieran, itxuragabe ugaritu ziren bidaia aldizkarietan, Europako kultura popularrak geroz eta toki gehiago hartu zuen.
Bidaia aldizkari horietako batean topatu da bertsolaritzari buruzko prentsako testurik zaharrena. Souvenirs du pays Basque et des Pyrénées en 1819 et 1820 du izenburua, Ètienne Boucher de Crèvecoeurrek sinatu zuen[1] eta Parisen argitaratzen zen Journal des Voyages, découvertes et navigations modernes ou archives géographiques et statistiques du XIXe siècle hilabetekarian gelditu zen jasoa 1823an.
Behobian sinatu zuen testua Crévecoeurrek eta euskal lurretan zehar egindako bidaia luze baten kontakizunean jaso zituen bertsolaritzaren inguruko pasarteak. Batean, mahaiaren bueltan eserita dagoen taldea aipatzen du, jan-edanak beroturiko giroa, bertsolaria altxatzean bat-batean nagusitu den isiltasuna, bertsolariaren etorria nahiz gaitegia, eta bigarren bertsolari batekin sorturiko buruz burukoa. Bestean, iluntze aldera atari batetik bestera egindako saioa deskribatzen du, azken puntuaren errepikari erreparatuz. Kanta zahar baten transkripzioa ere badakar.
Garaiko National Geographic moduko batean, Frantziako ipar-ekialdetik datorren bidaiariak sinatua, souvenir gisa eta Ipar Amerikako txeroki edo Persia nahiz Babiloniari buruzko erreportajearen tartean agertuko da, bada, bertsolaritza lehen aldiz prentsan.
Hasiera xelebrea. Eta goiztiarra. Gogora dezagun Iztuetak bertsolaritzaren historiari buruzko lehen lerroak geroago argitaratu zituela (1826), eta euskaraz prentsan argitaratutako lehen testua ere berantiarragoa dela (1834)[2].
[1] Egileari buruz argitu ahal izan da aduanetako ikuskariorde gisa lan egin zuela Siercken (Alemania eta Luxenburgorekin muga egiten duen frantziar herrixka), Rethel herrian jaio zela 1791n Frantziako Ardenetan, eta aita nahiz anaia ere aduanetako ofizial izan zirela. Etienneren testu gehiago ez da ezagutzen, baina bai bere heriotza urtea, 1871. Anaia Jacquesek arrasto gehiago utzi zuen, arkeologo gisa Sommeko haranean topatu zituen silexeko erremintek famatu egin baitzuten.
[2] El Correo del Norte, 1834ko otsaila, Erritar maiteac. Lehen Karlistaldiaren testuinguruan liberalek nekazariei egindako deia.