[Lore Jokoak] Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile
Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile –
Lehen Euskal Pizkundearen lehen olatuan, bestelako egiturarik ezean, euskararen aldeko elkarteak eta haiek sortutako aldizkariak izan ziren mugimenduaren artikulatzaile nagusiak. Larrinagak egoki azaltzen du zer funtzio bete zuten:
“Sortutako argitalpenak erabakigarriak izan ziren ez soilik garaiko intelektualak harreman bilbeetan biltzeko eta esparru intelektuala trinkotzeko, baita gune kognitibo garrantzitsuak eratzeko ere. Gune horietan landu ziren lehenbizikoz ezagutza berriak eta haietan hornitu zen euskal protoelite kulturala erreminta sinboliko funtsezkoez euskal kulturaren eta hizkuntzaren legitimazio lanetarako” (2007: 127).
Revista Euskara, (1878-1883), Revista de las Provincias Euskaras (1878- 1880), Revista Euskara de Pamplona (1880), Revista de Vizcaya (1885-1889), Revista del Antiguo Reino de Navarra (1888-1889), Bizkaitarra (1893-1895)… asko izan ziren XIX. mendearen azken laurdenean Hegoaldean sortu ziren kultur aldizkari euskaltzaleak, baina iraupenez eta eraginez Euskal-Erria (1880-1917) izan zen paper garrantzitsuena bete zuena. Honela azaltzen du Juan San Martinek: “RIEV aldizkaria eta Eusko Ikaskuntzaren sorrerazko aurrerapena izan zen Euskal-Erria aldizkaria, euskalari guziak bilduz gure herriari buruzko lanak erarik orokorrenez ematen erakutsi zigunez” (1984: 448).
Jose Manterola (1849-1884) izan zen aldizkariaren sortzailea eta lehen zuzendaria. Haren aita, Gregorio Manterola, Gipuzkoako diputatu nagusi izana zen, eta etxetik zetorkion kulturzaletasuna. Valladolid, Zaragoza eta Madrilen Filosofia ikasketak osatu ondoren, Madrilgo La Paz foruzalean eta Aurrera liberalean hasi zituen bere kazetari lanak. Hogeita hamar urte eskasekin Euskal-Erriaren zuzendari lanetan hasi aurretik, Donostiako Diario de San Sebastián egunkariko zuzendari (1873-1877) eta Donostiako Udal Liburutegiko zuzendari (1876) lanetan aritu zen, eta bere Cancionero Vascoren hiru liburukiak osatzeko beta ere izan zuen (1877-1880).
Honela azaltzen zituen bere helburuak Euskal-Erriaren lehen zenbakiak:
“A recoger y transmitir los rasgos peculiares de la vida propia de estas sietes provincias, que forman lo que podemos llamar la HEPTARQUIA EUSKARA, a dar a conocer su antiquísima lengua, su especial literatura, sus originales cantos y traducciones, su historia, sus leyes y sus costumbres, reproduciendo los trabajos de mas interés, inéditos, agotados ya ó poco conocidos de nuestros antiguos y mas distinguidos escritores, y buscando el apoyo de cuantos prestan hoy culto y nombre á las letras vascongadas, para hacer así de nuestra revista un verdadero Album, un archivo manual de curiosidades del país, se dirijirán todos nuestros esfuerzos” (Euskal-Erria, 1880 abendua, 4. or. Nuestra mision).
Aldizkariak xextra politikoetan ez sartzeko hautua sorreratik bertatik egina zuen, denetariko gaiak jorratu zituen eta Pizkundearen bueltan mugitu ziren sinadura guztiak gerturatu zitzaizkion: Abadia, Agirre, Arrese Beitia, Artolatarrak, Arzak, Serafin Baroja, Becerro de Bengoa, Bonaparte printzea, Kanpion, Delmas, Duvoisin, Egaña, Elizanburu, Etxegarai, Iraola, Iturralde y Suit, Peña y Goñi, Otaegi, Sagarminaga, Soroa, Trueba, Vinson, Webster… Askotariko profilak aurkitu ahal dira, bada, proiektuan parte hartu zutenen artean, baina garai berean Iparraldean gisako funtzio erreferentziala betetzen zuen Eskualduna (1887-1944) astekariarekin alderatuz talde laikoagoa eta liberalagoa osatu zela azpimarra daiteke.
Aldizkariaren ekarpena zabalagoa izan zen arren, bertsolaritzaren modernizazio bidean ere ekarpen garrantzitsua egin zuela seinalatu behar da. Manterolak bere kantutegian ordura arte bertsolaritzaren historiaz egin zen bilketa garrantzitsuena zuen osatua, Diario de San Sebastiáneko zuzendari gisa ere Bilintxen ezbeharrari eta Iparragirreren itzulerari inork baino arreta handiagoa eskaini zion, eta aldizkari berrian ere toki berezi bat gorde zion bertsolaritzari. Bat-bateko saioen euskarazko nahiz gaztelerazko lehen kronikak Euskal-Errian argitaratu ziren, eta generoaren oinarriak Manterolak berak ezarri zituen.
Kazetari ez ezik eragile lanetan aritzera ere animatu zen Manterola Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Donostiako Udalaren babesa lortu ondoren, Donostiako hainbat euskaltzalerekin batera 1882an Consistorio de Juegos Florales / Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarrea eratuz. Batzar horren egitekoa urtero Donostian Lore Joko batzuk antolatzea izango zen, eta Abadiaren Jokoekin batera inork baino luzeago eutsiko zion erronkari, 1930eko hamarraldiraino. Euskara hutsean egingo dira, gainera, eta bat-batekoari beste inork baino garrantzi handiagoa emanez.
Erromantizismoak ekarritako basati onaren lilura, bertsolaritzak piztutako interesa, sorkuntza honen estatusa igotzeko ahalegina… bere kantutegiaren pasarte honek jasotzen ditu Manterolaren eta bere belaunaldiaren kultur-proiektuaren hainbat zantzu:
“Nuestra poesía, hasta hoy meramente popular, hija de la sencilla inspiración de humildes rústicos que cantaban sin darse cuenta de ello, como cantan las aves, obedeciendo á una necesidad de la naturaleza, comienza á ser practicada con estudio, á ser cultivada por hombres de ilustración, peritos en el manejo de lenguas y literaturas estrañas, penetra ya en el campo de lo transcendente, y éste renacimiento, cuyos albores saludamos con inmensa satisfacción, no puede ocultarse á la vista de nadie que fije su atencion en el desarrollo que empieza á adquirir el movimiento literario en la tierra euskara” (1880: 8).
Euskal-Erria aldizkariak lotura zuzena zuen Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarrearekin, eta urte luzez inork baino xehetasun gehiagorekin eman zuen Donostiako Lore Jokoen berri. Gainerako lore jokoen inguruko informazio zabalena ere bertan eskaintzen zen, gainera. Bertsolaritzak bertan hartu zuen dimentsioaren adierazle da ziklo honetako gailurrari dagokion epealdian (1879-1900) gaiaz gehien argitaratu zuten hedabideen hurrenkera: Euskal-Erriak 143 testu, Eskualdunak 28, L’Avenirrek 26, eta Euskalzalek 21.
Gazterik hil zen Manterola, 1884an, 35 urte bete gabe. Baina, ikus daitekeenez, bere proiektuak, Euskal-Erriak eta Donostiako Jokoek bide oparo bezain garrantzitsua egin zuten bera hil ondoren ere.
Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile Manterola eta Euskal-Erria aldizkaria pizkundearen artikulatzaile