[Lore Jokoak] Iztueta, lehen euskal folklorista

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Iztueta, lehen euskal folklorista –

Juan Inazio Iztuetaren (1767-1845) biografoek euskal dantzen lehen eragile gisa egindako lana azpimarratzen dute. Dantzari eta irakasle bikaina, hainbat dantza talde sortu zituen Donostian eta Gipuzkoako zenbait herritan, tradizio horren etorkizuna ziurtatzeko ezinbestekoak suertatuko zirenak.

 

Iztueta, lehen euskal folklorista
Juan Inazio Iztueta, Gaspar Montes pintorearen arabera

 

Bertsolaritza ere gertutik bizi izan zuen, ordea, zaldibiarrak: ezteietara eta gisako ospakizunetara bat-batean aritzeko deitzen zuten, bertso jartzaile joria izan zen, Xahok aditzera ematen duenez sona handikoa, eta garaiko bertsolariekin harreman estuak izan zituenaren zantzuak badira. Aurreko lerro haietan irakurri ahal izan diogunez, Zabalak eskatuta epaile gisa aritzekoa zen Villabonako desafioan: “Zeñean izandu nintzan ekadoi edo jueztako Zabalak billatua”. Eritasun txiki batek hartu zuelako ezin izan zuela bertaratu gaineratzen du jarraian, baina hor zehatzagoa litzateke egun haietan kartzelan preso zegoela kontatu izan balu. Izan ere, bi hilabete lehenago, 1801eko abenduan, Zabalarekin batera atxilotu zuten, Zeraingo eskribauaren etxean lapurtzera sartu izanagatik. Horrelako saltsa batean elkarrekin sartzeko, Zabalarekin behintzat harreman estua behar zuen.

1801eko atxiloketa hartatik Zabala berehala askatu zuten, Villabonako plazara iristeko garaiz, baina Iztuetak, lapur taldearen buruzagitzat hartu zutenez, eta Zaldibiako bikarioak egindako heresia salaketagatik ezarritako zigorra gehitu zitzaionez, sei urte egin behar izan zituen espetxeratuta. Izatez, bere bertso sail famatuena, Kontxesiri izenekoa, espetxealdi horretan idatzi zuen, bere bigarren emazteari zuzendua, biak preso zirela Azpeitiko kartzelan ezagutu zuen Concepcion Bengoetxeari, alegia.

Ikus daitekeenez, bizitza gorabeheratsua tokatu zitzaion Iztuetari, eta gerora ere espetxealdi eta ezkontza gehiago ere izan zituen, baina atera zuen astia nolabait garai hartako bertsolaritzari buruzko hainbat kontu jasotzeko. Horrela, Gipuzkoako dantzen kondaira edo historian, Villabonakoaz gain, 1802ko inauterietan Tolosan jokatutako desafio baten kontakizuna dakar testuak[1]. Baita bertso jarrien bi sail ere, hala nola Fernando Amezketarraren pasadizo bat eta garaiko bertsolaritzaren inguruko azalpen orokor sorta.

Bestalde, 1826an bigarren liburu bat argitaratu zuen Euscaldun anciña ancinaco ta are lendabicico etorquien on iritci pozcarri gaitzic gabecoen soñu gogoangarriac beren itz neurtu edo versoaquin izenburuarekin. Bertan, bertso biltzaile lanak egin zituen, eta baita bestelako ale zaporetsuak jaso ere. Esaterako, gerora soka luzea izango duen eztabaidari, bertsolaritzari kultura sisteman dagokion tokiari buruzkoa, posizionamendu egokitik ekin zion, bertsolaritza baloratzeko marko propioa aldarrikatuz:

“Pretender en los cantos vulgares las convinaciones sublimes del arte, sería un error grosero; pero cuando en medio de su sencillez y abandono tienen el aciérto de la espresion, de la analogía con el objeto y segun el asunto, de la sensibilidad peculiar á él, si puedo espresarme así, ya entónces puede inferirse la disposicion de los pueblos para el arte encantador de la armonia y […] de aplicar la melodia a la manifestación de sus afectos y de sus sensaciones” (Iztueta, 1826: 7).

 

Iztueta, lehen euskal folklorista

 

Azkenik, bere heriotzatik bi urtera, 1847an, argia ikusi zuen Guipuzcoaco provinciaren condaira edo historiak berriro ere garaiko bertsolaritzari buruzko zenbait xehetasun zekartzan. Herri kulturaren ikerketa aldarrikatzen zuen, berebat, hitzaurrean:

“Los historiadores en general se han detenido casi siempre mas en la relacion de batallas, de empresas aventuradas y cuando mas de ciertos atributos característicos de la índole de los pueblos, que en el exámen de sus costumbres privadas, de sus diversiones domésticas, y de la espresion vulgar de sus sensaciones” (Iztueta, 1969: 4)

Gerora, lehen euskal folklorista izan zela aitortu zaio Iztuetari (Aranburu et al., 1993; San Martin, 1967 eta 1981; Madariaga, 2008), eta azpimarratu beharra dago oso goiztiarra izan zela bere ekarpena. Pentsa, William John Thomsek 1846an ‘folklore’ hitza sortu aurretik aritu zen lanean.

Lehen euskal folkloristak bertsolaritzari erreparatu zion, bada. Bada zerbait.


 

[1] 1802ko inauterietan kartzelan jarraitzen zuen Iztuetak, baina bertatik bertara bizitakoaren kutsua dauka pasarteak: “Plaza zarreko baranda banatara igorik kantatu zuten arratsalde guzian bi bitara. Ain atsegintasun aundikoa ta pozkidatsua izandu zan arratsalde gogoangarri ura ezik, illunduta gero ere, deadarka zeuden enzuleak aurrera ere kanta eragiteko (…)” (Iztueta, 1990: 149). Zavalak argitzen du misterioa: “Iztueta, bolara artan, Tolosa’n zan, bañan kartzelan: 1801’eko abenduaren 6’an preso artu, eta 18’an Tolosa’ra eramana […] kartzela udaletxean baldin bazan, plaza zarrean alegia, etzegoan Iztueta bertsolariengandik urruti […] an egongo zan gizarajoa, belarriak erne-erne, illunpe artatik bertsoak entzun naiean […] Kontu polita au ere: bertsolariak plazan kantuan, eta aien kronista edo berri-emalea bertsoak espetxetik entzuten” (1980: 18-19).

Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista 

 

Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista Iztueta, lehen euskal folklorista