[Lore Jokoak] Iparragirre: 'El telegrama del Rif'-etik 'The Times'-eraino

‘El telegrama del Rif’-etik ‘The Times’-eraino –

1876an, Foruen indargabetzearekin batera, espresuki galarazi nahi izan zen Gernikako Arbola abestea. Debeku horrek abestiaren egilearen inguruko arreta berpiztu zuen zenbaitengan: kasik hogei urte ziren Ameriketara joan zela, urte batzuk bai bere berririk ez zela eta Montevideon hil ote zenaren zurrumurrua zabaldu zen. Debekutik hilabete gutxira, ordea, Iparragirrek bertso batzuk helarazi zizkion Antonio Trueba kazetariari.

 

'El telegrama del Rif'-etik 'The Times'-eraino

 

Truebak Madrilgo La Paz egunkarian kolaboratzen zuen eta, 1876ko irailaren 16an, Iparraguirre izenburupean, gogotsu eman zuen berria. Argentinako El Correo Españolek urriaren 28an jaso zuen Madrilgo egunkariaren albistea, eta Iparragirreren ezagunen batek irakurri eta Uruguaiko bere etxeraino eraman zion. Urretxuarrak eskutitz bat helarazi zuen egunkari argentinarrera, azaroaren 5ean argitaratuko zena. Bertan kontatzen zuen Uruguaiko Daca ibaiaren ertzean bizi zela, Argentinako mugatik gertu, artzain gisa; bederatzi seme-alaba zituela, oso pobreak zirela eta Euskal Herrira itzuli nahiko luketela.

Uruguaiko El Progreso egunkaria eta Argentinako El Correo Español nahiz El Diario Español Iparragirreren aldeko diru bilketa egiten hasi ziren. Iparragirreren beste eskutitz bat argitaratu zuten Uruguaitik Buenos Airesa nola aldatu zen kontatzen zuena. Azkenik, 1877ko irailaren 25ean familia Uruguain utzita Euskal Herrira abiatu zela zabaldu zuten.

Euskal Herrian eta Madrilen ere eman zuten bertsolariaren itzuleraren berri, eta bake gizona zela azpimarratzeko bidali zituen eskutitz batzuk argitaratu zituzten. Donostiara urriaren 24an iritsi zen, sekulako ongietorria egin zitzaion eta Nere etorrera lur maitera estreinatzeko aprobetxatu zuen. Gabirian jarri zen bizitzen, baina Tolosa, Urretxu, Beasain, Bilbo, Gasteiz… batetik bestera ibili zuen, etengabe, garaiko politikari, kazetari eta artista zenbaitek. Gutxira, Madrilera abiatu zen eta bertako Erret Antzokian egin zuen emanaldia…

 

'El telegrama del Rif'-etik 'The Times'-eraino
Iparragirre Kerejeta familia, Mercedes (Argentina), 1877. Iparragirre Argentinan lokalizatu zutenetik, hiru urte luzatu zen bere itzulera. Sekulako oihartzun mediatikoa izan zuen itzuleraren istorio luzeak. Bere familia han utzita etorri behar izan zuen.

 

Bere heriotzak ere, itzuli eta lau urte eskasera, sekulako oihartzuna izan zuen: El Arga, La Iberia, El Noticiero Bilbaíno, La Unión Vasco-Navarra, El Globo, Euskal-Erria, Boletín histórico, Revista Euskara, Laurak Bat, El Anunciador Vitoriano… Horrelakoetan gertatu ohi den legez, dena ziren gorazarreak eta asmo ederrak. Aldundiek lutozko adierazpen ofiziala egin zuten, mausoleo bat eraikitzeko diru bilketari ekin zion hainbat egunkarik… Hamarkada bukatzerako, kalea jarri zioten Donostian, eskultura altxa Urretxun eta bere biografian oinarritzen zen opera bat ere estreinatu zen…

Bizi zen artean —Egañak bere diskurtsoa eman zuenetik—, mito bat izan bazen ere, hil ondoren loratu zen Iparragirreren mitoa. Hala, mendea bukatu aurretik haren oihartzunak Euskal Herriko mugak gaindituak zituen, erabat. La Renaxensa-k galegoz idatzi zuen urretxuarraz eta La Ilustració Catalana-k, katalanez. Espainiako egunkari handietan ez ezik Las Baleares, El Isleño, El Eco de Santiago edo El Guadalete bezalako argitalpen periferikoetan ere irakur zitezkeen bertsolariaren gorabeherak. Frantzian, Revue des Pyrénées et de la France Meridionale, Le Journal des Débats politiques et littéraires, Le Gaulois eta beste hainbat interesatu ziren gaiaz. Mende berriarekin, The Timesetik El Telegrama del Riferaino topatu ahal ziren euskal bardoari buruzkoak.

 

'El telegrama del Rif'-etik 'The Times'-eraino
Itzuli eta gutxira hil zen urretxuarra, 1881ean. Bizi zen artean mito bihurtua zen, eta heriotzak ez zuen mito izaera hori biderkatu baino egin.

 

‘El telegrama del Rif’-etik ‘The Times’-eraino ‘El telegrama del Rif’-etik ‘The Times’-eraino ‘El telegrama del Rif’-etik ‘The Times’-eraino