[Lore Jokoak] Hegoalderako pausoa eta biderketa

Hegoalderako pausoa eta biderketa –

*Azaleko argazkiak: Lore Jokoen biderkatze bat eman zen Mendearen azken bi hamarkadetan. Hegoaldean hainbat erakundek antolatzen zituzten eta Abbadiek Iparraldekoei ere eutsi zien.

 

Antonio Zavalak zehazten duen bezala, Pizkunde horrek bertsolaritzari toki garrantzitsu bat aitortu zion:

“Al terminar la segunda guerra carlista, surge en el país un movimiento a favor de su lengua. Se diría que el pueblo vasco ocupado hasta entonces en la defensa de su estructura foral y derrotado en esa batalla, se dispone ahora a la salvaguarda de ese otro constitutivo de su esencia. Sus ojos se fijan entonces en el bertsolarismo y lo cataloga como uno de los elementos más importantes e íntimos del alma popular” (1996a: 263).

 

Hegoalderako pausoa eta biderketa
Hegoaldeko lehen Lore Jokoen afitxa. Elizondo 1879.

 

Dirudienez, Iparraldeko eragileak izan ziren Lore Jokoekin muga zeharkatzea erabaki zutenak. Eta, dirudienez, foruen galerari erantzunez egin zuten haiek ere: “Argi dago Abadiarentzat euskal Foruak oroz gainetik daudela. Haien galerak aztoratzen du. Jota gelditzen da halaber Hegoaldea. Horko bihotzen sustatzeko, Abadiak bere Lore Jokoak Bidasoaz haraindian egingo ditu” (Davant, 2012: 119).

Duvoisin azaltzen da berriro eskutitz bidez batzuei eta besteei hainbat ideia helaraziz. Elizondon, 1879an jokatu ziren Hegoaldeko lehen Lore Jokoetan lankide izan zuten Nafarroako Euskara Elkarteko buru zen Arturo Kanpioni urte hartako maiatzaren 1eko datarekin bidalitako eskutitzean Jokoen antolaketarako bere esperientzia eskaintzen zion, eta Jokoak “propaganda nazionalerako” bitarteko bikaina zirela seinalatu (Daranatz, 1928b: 348-349).

Jose Manterolarekin ere jarri zen harremanetan Duvoisin eta, urte bereko abuztuaren 7ko data zeraman eskutitzean, antzeko ideiak helarazten zizkion, Jokoak euskal probintziak batzeko edo hizkuntza nahiz aberriarekiko maitasuna hauspotzeko bitarteko ezin hobea zirela azpimarratuz (Daranatz, 1928b: 361-362). Donostiakoak antolatuko zituen Manterolak —horiek ere 1879an—, Gipuzkoako Batzarren eta bertako Udalaren babesarekin.

Ideiak harrera ona izan zuen. Aurrerantzean urtero egin zen Donostiakoa. Abadiarenak, berriz, aldiro egingo ziren Hegoaldean betiere bertako eragileren batekin elkarlanean: 1881ean Irunen, Udalarekin batera; 1883an Markinan, Vicente Arana idazlearen laguntzaz; 1886an Urnietan, Udalaren sostenguarekin…

 

Hegoalderako pausoa eta biderketa
Martin Guilbeau (1839-1912). Iparraldean 1893tik 1897ra Joko paralelo batzuk ere antolatu ziren, Guilbeau buru zuen Euskal Elkartearen eskutik eta Abbadieren Joko ‘xuriei’ Joko ‘gorriak’ kontrajarri nahian

 

Horiez gain, hainbat eragileren ekimenez gauzatutakoak agertuko ziren tarteka. Horrela, 1882an, 1884an eta 1885ean, Iruñeko Udalak bereak ospatu zituen; Euskal-Erria elkarteak Bilbon antolatu zituen 1882an eta Hondarribian hurrengo urtean. Begoñak (Bilbo) eta Berak 1880an, Montevideok 1881ean, Oiartzunek 1882an, Itziarrek 1884an, Arantzazuk eta Durangok 1886an, eta Gernikak eta Gasteizek 1888an ere izan zituzten euren Jokoak, euren kabuz antolatuak. Eta 1896tik aurrera Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutakoak ere ospatuko ziren, jokalekua urtero herriz aldatuz .

Abadiak ez zion utzi Iparraldean urtero bereak antolatzeari eta 1893tik 1897ra Joko paralelo batzuk ere antolatu zituen Martin Guilbeau buru zuen Euskal Elkarteak, Abadiaren Joko ‘xuriei’ Joko ‘gorriak’ kontrajarri nahian.

Muga zeharkatu zutenetik, bada, biderkatu egin ziren Lore Jokoak. 1880ko hamarralditik aurrera ohikoa zen urtean bizpahiru ospatzea, eta 1897an, esaterako, Abadiaren heriotzaren urtean, Areatzan (Abadiaren alargunak antolatuak) Donibane Lohizunen (Euskal Ohituraren Festak, Abadiaren omenez), Donostian (Euzkerazko Itz-Jostaldien Batzarreak), Oiartzunen (Gipuzkoako Foru Aldundiak) eta Saran (Guilbeauk) egin ziren.

 

Hegoalderako pausoa eta biderketa Hegoalderako pausoa eta biderketa Hegoalderako pausoa eta biderketa