[Lore Jokoak] Gitarra zartxo batekin agitprop

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Gitarra zartxo batekin agitprop –

Aurretik aipatutako horiek ulertzeko astiroago joan beharko dugu. Alegia, aski ezaguna den arren, bere biografiari erreparatu beharko zaio berriro. Iruditzen zaigu ez dela inor aspertuko lerro hauek irakurtzen.

 

Gitarra zartxo batekin agitprop
Iparragirreren Gernikako arbola euskal askatasunen ikur bihurtu zen, 1850eko hamarraldiaren bigarren erditik aurrera.

 

Joxe Mari Iparragirrek (1820-1881) hamalau urterekin etxetik ihes egin zuen Lehen Karlistaldian karlisten bandoan gerra egiteko, eta, gerra horretan erakutsitako ausardiagatik —hiru aldiz zauritu zuten— Karlos V.aren ohorezko guardiako kide izendatu zuten. Gerra galduta, 19 urterekin, Frantziara ihesi joan behar izan zuen.

Karlosen gortean egin zituen kontaktuak tarteko, garai hartan Parisko operan tenore ezagunetako bat zen Gilbert-Luis Duprezek hartu zuen bere Parisko etxean. Bertan, erromantikoak irakurtzeko eta musikaren nozio kosmopolita batzuk bereganatzeko aukera izan zuen. 23 urterekin, Paris atzean utzi eta, bost urtean, batetik bestera ibili zen Frantzia, Austria, Suitza eta Italian zehar, bere gitarrarekin, euskaraz egiten zituen emanaldiak ogibide zituela. 1848ko Iraultzarekin bat egin zuen, berriro Pariseratuta, eta, urte hartan bertan, Frantziako Tolosan, atxilotu egin zuten: Napoleon III.ak debekatu berri zuen Marsellesa abestu eta ‘desordena publiko larriak’ eragiteagatik.

Hainbat kartzela pasatu ondoren, Britainia Handira erbesteratu zuten eta, aitortu gabeko seme bat Frantzian utzita, Florentziako konpainia baten ikuskizunean parte hartuz atera zuen bizimodua bertan. Manuel de Mazarredo, Esparterorekin bi aldiz Gerrako Ministro liberal izandakoa, Guardia Zibilaren burua eta euskal probintzietako Gobernadorea, txunditurik gelditu zen emanaldi horietako batekin, eta Euskal Herrira itzultzeko baimena eman zion. Honela, 1851n itzuli ahal izan zen, baina, 1852an, Manuel de Mazarredok berak berriro erbesteratu zuen Euskal Herritik, berriro ere bere abestiekin eragiten zuen nahasmendua zela eta.

 

Gitarra zartxo batekin agitprop

 

Garbi dago XIX. mendeko agitprop-a zela urretxuarraren bokazioa.

Portugaldik pasatu ondoren, Madril hartu zuen bizileku eta, 1853an, Montera kaleko San Luis kafetegian eskainitako emanaldi batean egin zuen ezagun Gernikako Arbola abestia.

1855ean —Mazarredo gobernutik kenduta—, Euskal Herrira itzuli zen. Bere ospearen gailurrean aurkitzen zen urte haietan, bai herritarrek eta baita garaiko agintariek ere estimatzen zuten, Gernikako Arbola ereserki bihurtua zen ordurako, baina, 1858an, Ameriketara emigratzea erabaki zuen, bera baino 20 urte gazteagoa zen Angela Kerejeta alegiarrarekin Argentinan ezkontzeko. Frantzian ezkonduta zegoen susmoa zuen elizak eta ez zioten baimenik eman nahi izan Euskal Herrian ezkontzeko.

1864an euskal foruen defentsan Pedro Egañak Espainiako Senatuan kontatu zituenerako herri xeheak ondo asko ezagutzen zituen urretxuarrak gitarra bat eskuan burututako balentria guztiak, baita Egañak kontatu ez zituen gorabeherak ere.

Gitarra zartxo batekin agitprop