[Lore Jokoak] Garbizalekeria Euskal Herrian, fenomeno arrunta Europan
1890eko hamarraldian Sabino Aranaren abertzaletasun jeltzalea agertu zen: 1892an argitaratu zuen Aranak Bizkaya por su independencia, bere doktrina politikoaren lehen lan garrantzitsua izango zena; 1893an Bizkaitarra aldizkaria jarri zuen martxan, jeltzaleek sortu zituzten hainbat medioren artean lehenengoa; 1894an, euskal abertzaleen lehen bilgunea, Euzkeldun Batzokija, ireki zuen, eta jarraian gisako dozenaka zabaldu ziren; 1895ean, Eusko Alderdi Jeltzalea sortu zuen, eta 1898an Bilboko barrutian probintzia diputatu hautatu zuten. Aranak, istilu, zigor eta espetxealdi artean, sekulako bultzada politikoa eman zien euskal nortasun berezituan oinarrituriko aldarrikapenei, eta urte gutxiren buruan alderdi jeltzaleak gobernu ardurak zituen euskal erakunde gehienetan.
Kanpionek erdigunean euskara jarri bazuen[1], Aranak euskal arrazari eman zion leku hori, kide nazionalen arteko lotura nagusia partekatutako odola zela seinalatuz. Bestalde, proiektu politikoa lehenesten zuen kulturalaren aurretik, berreskurapen kulturala gauzatzeko bitartekorik eraginkorrena independentzia politikoa zela aldarrikatuz.
Beste kezka batzuk lehenetsi arren, Lehen Kultur Pizkundeari ekarpen garrantzitsua egin zion Aranaren inguruan sortutako mugimendu indartsuak. Ekarpenak, ordea, izan zuen bere ifrentzua ere: abertzaletasun horren jarrera antimodernoak herriaren nahiz honen tradizioen irudikapen idealizatuak zekartzan (Amezaga, 1994.: 40), eta horrek subjektu idealizatuaren garapena zailduko zuen hurrengo hainbat hamarkadatan[2] .
Hizkuntzaren garbitasunarekiko seta ere Aranaren doktrina politikotik jariatzen zen, egun bere ekarpenaren ifrentzutzat hartzen dena baita:
“Hoy parece una actitud increíblemente contradictoria la de aquellos intelectuales que criticaban en castellano el mal euskera de sus paisanos, sin ser capaces de mostrar un correcto modelo a imitar. Y las producciones del euskera sabiniano, plagadas de neologismos disparatados, no llegaban al pueblo, no las entendía. Era lógico, pues, que la distancia entre el pueblo llano y su clase intelectual, al menos la más bizkaitarra, por decirlo así, se hiciese insalvable” (Garzia, 2000: 417).
Gerora Aranari diren eta ez diren gaitz guztiak egotzi izan zaizkionez, eta ifrentzu hori ezkutatzeko intentziorik gabe, haren planteamenduak garaiko testuinguruan kokatu beharra azpimarratzea tokatzen da. Nazioa arrazarekin identifikatzea, esaterako, erabat ohikoa zen garai hartan, eta aipatu den gisan euskal arrazaren garrantzia Europako antropologia fisikoak aldarrikatu zuen hainbat hamarkadatan: “Sabino Aranak egiten duena, beraz, zera da: garai hartan eskura zituen tresna kontzeptual eta ideologikoez baliatuz, estatu espainolaren eraikuntzari —eta haren ustez horrekin batera zetorren guztiari— aurre egin” (Amezaga, 1994: 39).
Hizkuntzaren garbitasunarekiko seta ere oso fenomeno arrunta izan zen garaiko Europan eta Burkeren arabera hiru mailatan gauzatzen zen:
“[…] las lenguas tenían que ser en primer lugar, moralmente puras, por oposición al ‘habla sucia’: el Diccionario de la Academia Francesa, según se decía en su prefacio, excluía los ‘juramentos o aquellas palabras que ofenden el pudor’ […]. En segundo lugar, tenían que ser socialmente puras, es decir, tenían que adecuarse a la lengua de las clases altas […] las lenguas tenían que ser ‘étnicamente’ puras, como diríamos hoy en día, es decir, que había que emplear expresiones autóctonas en lugar de recurrir a las extranjeras” (2006: 161-162).
Alegia, klasismoa eta moralismoa, beste hizkuntzetako hitzen arbuioarekin batera; hain justu, bertsolaritzaren gutxiespenaren atzean suma daitezkeen elementu berak.
Aro Modernoaren hasieratik hasita, dozenaka kasu azaltzen ditu Burkek: frantsestu ote zen italierarena XVI. mendean, erromantzeek kutsatu ei zuten alemanarena XVII. mendean, latinismoek eta germanismoek jana ote zegoen danierarena XVIII.ean… Aranak berea abiarazi zuenean ere, indarrean ziren planteamendu horiek; adibidez, bizkaitarrak eredu modura erabili ahal izan zuen Alemaniakoa: “En Alemania, la manía de la pureza lingüística alcanzó su cénit a principios del siglo XX. Ya en 1885 se había fundado una academia encargada de la defensa del alemán […]” (Id.: 130)[3].
Arruntak izanagatik Aranaren planteamenduek ez zuten, noski, zertan neurritsu edo egokiak izan. Bere jarraitzaileek euskal kulturaren eragiletzan hartu zuten pisuarekin planteamendu horietan oinarritutako bertsolaritzaren gutxiespena zabalduz joan zen urte haietan, eta hamarkadetan iraungo zuen eragileen artean mordoilo vs. garbitasun dikotomiaren inguruko eztabaidak, edo bertsolariei jite jasoago bat eman nahiak.
Bertsolariek, ordea, mendearte hartan behintzat, ez zioten jaramon handirik egin saltsa guzti horri. Antzokietako ateak itxi zitzaizkienean betiko plazetan jarraitu zuten kantari:
“(…) a principios de siglo se puso de moda el puritanismo del lenguaje. El vascuence hablado estaba corrompido; había que purificarlo. Vino, en consecuencia, el desprecio al bersolari. Éste, impertérrito, siguió cantando en las plazas de aldea y en las tabernas y sidrerías (…)” (Zavala, 1996b: 265)
[1] Aipatu den gisan, Kanpionen proiektuak porrot egin zuen alderdi politikoen lehian. Nafarroan karlismoak mantendu zuen indarra, industrializazioak herrialdean izandako garapen eskasa edo Euskaroen indarrak eremu kulturalarekin agortu izana aipatzen dira, besteak beste, porrot hau azaltzeko (Aizpuru, 2000: 63; Amezaga 1994: 40).
[2] Esaterako, bertsolari jaio egin behar zela defendatzen zuen postura, alegia, baserri inguruko ekosistema elebakarrean espontaneoki sortua behar zuela defendatzen zuena, irudikapen esentzializatu horretatik jariatzen zen. Urte luzez zaildu zuen bertsolaritzaren garapena, bertso eskolen arrakastak indargetu zuen arte.
[3] XX. mendean zehar ere errepikatu ziren gisako erreakzioak: “[…] El franglais es la encarnación lingüística de lo que los franceses solían denominar ‘el reto americano’. La respuesta a este reto fue la purificación. Por ejemplo, el general De Gaulle encontró tiempo, entre la crisis de Argelia y los sucesos de mayo de 1968, para crear un comité en defensa de la lengua francesa. En 1975 se aprobó la ley de Bas-Lauriol que prohibía utilizar una palabra extranjera (al menos en los ministerios y agencias públicas) cuando existía una francesa equivalente de uso corriente” (Burke, 2006: 131).
Beti indartsuago baten mehatxuaren aurrean piztuko da erreakzio garbizalea, subalternitate zantzu gisa.