[Lore Jokoak] Etxahunen oihartzuna prentsan: Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian (1838)

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian –

Zinez nobela erromantikoaren osagai guztiak ditu Pierre Topet Etxahunen (1786-1862) bizitzak: aitak bere aitatasunaren inguruko susmoak zituen, eta oso haurtzaro gordina eman zion horrek. Etxeko neskameaz maitemindu, eta haurdun utzi zuen, baina gurasoek beste emakume batekin ezkontzera behartu zuten (1808). Zor bat zela-eta izandako liskarragatik bi urte (1824-1826) egin behar izan zituen kartzelan, eta handik itzulitakoan gertatu zen emaztearen maitalearen hilketa saiakera eta bigarren epaiketa. Epaileak libre utzi ondoren, hainbat urtetan Erroman, Florentzian, Loreton eta inguruko santutegietan bizi izan zen erromes gisa. Beharrezko dokumentaziorik ez zuelako, kartzela bat edo beste ere zapaldu zuen bertan, eta izurrite batek kutsatuta hilabeteak egin zituen Nimeseko ospitalean. Itzuli zenean, bere lurrak berreskuratu nahi izan zituen, baina berriro ere bide aldrebesetatik nonbait, dokumentu publikoak faltsutzeagatik beste epaiketa bat[1] eta bi urteko beste espetxealdi bat (1846-1848) izan baitzituen. Espetxetik irten zenean, familia guztiak bizkarra eman zion eta eskale bizi izan zen, herriz herri abestuz, tartean epaiketa gehiago pairatuz, hiltzera bere jaiotetxera itzuli zen arte.

 

Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian
Piarres Topet-Etchahoun. Kantore Berria. Baiona, P. Lespes 1849. Iturria: Patri Urkizu.

 

Biografia horrek, aldian-aldian sortu zituen bertso sorten bidez zabalduak (bere lehen maitasunari buruzko Urx’aphal bat, lehen aipatutako Mündian malerusik eta erromes joatea erabaki zuenean sortutako Bi berset dolorusik), sona handia eman zion Ipar Euskal Herrian.

Inguruetako bertsolari ezagunena zen. Chamissoren olerkiak, gainera, fokua jarri zion inguruetako jende jantziarentzat. Horrela, esaterako, Hypolite Clérissek, Donapaleun Erregeren prokuradorea zenak, Ernest Legouvé izeneko Parisko gonbidatuari erromantizismoaren olatua Euskal Herrira ere iritsi zela frogatzeko bere bizitza bertsotan emateko enkargua jarri zion Etxahuni 1833an, 20 liberaren truke.

1838an, berebat, Revue des Voyants aldizkarian Une existence de Barde: Histoire du Poète Etchaon de Barcus izenburuko testu luzea argitaratu zuen Jean Baptiste Xahok. Xaho familiak izan behar zuen Etxahunen berri zuzena, Etxahunen bertsoetan Atharratzeko aguazilak, Agosti eta Jean Baptisteren aita Andre Xahok, eskainitako laguntza aipatzen baita; baina pentsa daiteke Jean Baptiste testu hau idaztera animatu zutenak Etxahunen biografia berezia eta pertsonaia erromantiko gisa jarri zitzaion foku hori ere izango zirela.

 

Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian

 

Piezaren bi herenak hartzen ditu tragedia erromantikoaren kutsu nabarmenez idatzitako bertsolariaren biografiak, eta honen ondotik bere sorta batzuk jaso, poeten eta bertsolarien arteko ezberdintasunen inguruan gogoetatu, eta Barkoxekoaren bertsoek herritarren artean zuten estimua azalduaz bukatzen da testua: “Uskaldun mendien parkurritzeko odazionia balin baduzu, zuin Biarnekuen aizo beitira, galthe zazu arrakuntratuko duzien lehen haurrari, Etxehun bardiaren berri, arrapostu emanen deizu kantatzez zuntzar largo batez goraxiago kantore kopiatu dudan kobletarik lehena” [2].

Alegia, bertsolaritzari buruzko gogoeta eskaintzen duen lehen testua da. Fenomenoaren bazterreko estatusa gorabehera, eta bertsolari konkretu honek piztu zuen jakin-minaz haratago, bertsolaritza jende jantziaren arreta pizten hasia denaren seinale.


 

[1] Epaiketa honek ere badu kronika bikaina: Journal des Landes (1845/XI/15) Cour d’Assises des Landes. Bertsolaria epaiketara erromes gisa azaldu zela kontatzen da bertan; hegal zabaleko kapela, oskolez estaliriko kapa, bularretik behera luzatzen zitzaion bizarra, erlikiaz eta errosarioz hornituriko gerrikoa… Edo epailea haserrarazi zuen showa montatu zuela bere gehiegizko imintzio eta berritsukeriekin…

[2] Hirugarren anaia batek, Jean Pierre Xahok, 1842an zubererara eginiko itzulpenetik jasoa.

 

Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian Jean Baptiste Xahok Euskal Herrian