[Lore Jokoak] Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu –

Txirrita 1897ko Lore Jokoetan aipatzen da lehen aldiz, eta mende berriarekin berak eta Pello Errotak osatutako bikote artistikoa (1915eko Lore Jokoetan ageri da azkeneko aldiz asteasuarra) izango da saio garrantzitsu guztietako kartela. Adinari erreparatzen badiogu, errotariak nahikoa gastatuta behar zuen mende berriaren hasiera honetan, eta Txirritak, berriz, erabat sasoiko. Gerora jaso izan diren kontakizunetatik eta hernaniarrak izan duen proiekziotik urte haietako bat-bateko bertsolaririk onena eta ospetsuena berak behar zuela ondoriozta daiteke, baina prentsan “el humorístico Chirrita” gisako izenlagun sorta bat baino ez da jasotzen. Pello Errotaren deskribapen bikainak ematen zituzten 1880ko hamarraldiko bertso kroniken arrastorik ere ez. Mende berriarekin bertsolaritzarekiko klase jasoen interesak behera egin zuela argi uzten du ikusenzintasun horrek.

 

Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu
1915. Arrate. Jose Manuel Lujanbio Txirrita, Olegario (Hernani) eta Juan Bautista Urkia Gaztelu (Aginaga). Argazkilaria: Indalezio Ojanguren. Iturria: Sendoa.

 

Deigarria da, halaber, Hernanikoaz zerbait gehiago sakontzeko modua ematen duen lehen testua epaiketa baten kronika izatea. Diario de Navarrak dakar 1916/X/31 datarekin Tribunales izenburupean, eta, Eme izenordeaz sinatua. Kazetariak bertsolariaren ezagutza handirik ez zuela ikus daiteke, ezizena oker transkribatzen baita lehen paragrafoan:

“El conocido versolari ‘Chirritak’ —creemos que es de Hernani—, Jose Manuel Lujambio, y el vecino de Legasa Tomas Alcaine ocuparon ayer el banquillo ante el Tribunal de Derecho, acusados de los delitos de injuria y calumnia al alcalde pedáneo que fue de Legasa Eusebio Babace” (Diario de Navarra, 1916/X/31, Tribunales).

Alkainen enkarguz alkatearen kontra egindako bertsoengatik eserarazi zuten bertsolaria epaitegian. Herrian jartzen ziren isunen dirua beretzat hartu izana leporatzen zioten bertsoek alkateari, eta 10 zentimoan saldu ziren Doneztebeko festetan, kronikaren arabera arrakasta itzelarekin: “La lectura de los versos produjo gran hilaridad y regocijo; tanto, que hubo momentos en que la algazara pública revistió caracteres de desorden y tuvo que intervenir una pareja de la guardia civil”.

Bertsolariaren izua ere deskribatzen du kronikariak, bere ezjakintasuna azpimarratuz:

“El versolari estaba ayer aplanado a la vista del aspecto severo del Tribunal que había de juzgarle […] no sabía de cosas tan serias y nunca pudo sospechar que las improvisaciones de su ingenio […] pudiesen llegar a constituir un delito. Es más, ni sabía quien era Babace ni tenía motivos para afirmar si era cierto que cobraba multas sin darles la inversión que manda la ley municipal”.

 

Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu

 

Epaiketaren eszenaratzeak Txirrita izutu izana litekeena da, baita lege kontuetan ezjakin bat izatea ere, baina tontotik ezer gutxi zuen bertsolariak: egunkari berak azaroaren 10ean argitaratzen duenez, Legasatik 25 kilometroko eremu batean sartzeko debekua ezarri, eta 250 pezetako isuna ordaintzera zigortu zuen epaiak, baina ezin izan zitzaion zentimorik kobratu, desagertu egin baitzen.

Diario de Navarraren testuak urte haietako gutxiespena gogorren pairatu zuen bertsolari modu baten profila osatzeko baliagarriak suertatzen dira. Horrela, Txirritak gaztelaniaz ez zekiela berresten da, eta baita analfabetoa zela ere. Bestalde, esanguratsua da prozesuak berak agerian uzten duen ertzekotasuna, bertso batzuk baitira zigortzen direnak, akusazioaren eskaria, bi hilabeteko kartzelaldia, are gogorragoa zelarik.

Deigarria da oso prentsan izen-abizenekin topatu daitekeen lehen bertsolaria, Pierre Topet Etxahun, epaiketa kronika batean topatu izana, eta zikloaren amaieran topatu daitekeen testu luze bakanetako bat berriro ere bertsolari baten epaiketaren kronika izatea. Kasu horretan, gainera, bertsogintzari berari egozten zaio delitua (kalumnia eta irainak eskatzen zituen akusazioak, irainak ebatzi zituen epaiak). Badirudi XX. mende hasiera horretan bueltan zirela XIX. mende hasieran Iztuetak salatzen zituen debeku eta gutxiespenak. Lore Jokoen ziklo horren ondotik, bada, modernizazio bidean abiaturik, jada ez da ezer berdina izango bertsolaritzarentzat, baina tarteka antzekoa bai.

Aurrerago ere errepikatuko dira debeku eta gutxiespenak.

Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu Etxahunen epaiketarekin hasi eta Txirritarenarekin amaitu