[Lore Jokoak] Bertsolaritzaren zabalkundea eta honekiko jarrerak XIX. mendearen lehen erdian

Ilustrazioak: Patxi Gallego

Bertsolaritzaren zabalkundea eta honekiko jarrerak XIX. mendearen lehen erdian –

Iztuetak XIX. mendearen lehen erdi hartan bertsolaritza, Gipuzkoan behintzat, oso zabaldua zegoela utzi zuen jasota: “Sarritan ikusten dira, bada, Gipuzkoako plaza agirietan itz-neurtulariak apustu andiak lendanaz eginik jokatzen buruz buru, bi bitara, eta lau lauren kontra ere, erabakitzalle gizon adituak ifinirik” (1969: 145). Eta garaiko bertsolaritza formalki oso garatua zegoenaren zantzua ere eman zuen, bederatzi puntukoa ohikoa zela seinalatuz.

Dena den, babesik gabe ere ikusten zituen bertsolariak: “Ez bide dute, suertez ere, beren etxapean, ez seme, eta ez adiskide begirune onarekin begiratzen diezatenik; eta argatikan daude gaxo urrikarriak, txoko bazterretara izkutaturik, beren distiazio ederra erdoia eta amalaunak arras galtzen diezatela […]” (1990: 147). Horrela, zenbaiten mespretxua eta burla ere nahikoa ohikoak omen ziren: “[…] ezpañak okerkara ifinita, itza ume gisara adindurik, lepoetako zaiñak urretzeko zorian garraxika marraskaz egon oi diradenean, baserritar itz neurtulari atsegiñezkoen siñuak egiten”. Eta debekuen berri ere eman zuen, alkateek, “zenbait alkate kaskabel” dio berak, zeregin horietan hartzen zituzten lanak salatuz.

 

Bertsolaritzaren zabalkundea eta honekiko jarrerak XIX. mendearen lehen erdian

 

Garaiko beste zenbait idazlanetan ere ikus daitezke Iztuetak aipatzen dituen bertsolaritzaren kontrako jarrera hauek. Bartolome Madariaga fraideak, esaterako, honela zioen herri xehearen kantuei buruz 1817an argitaratutako sermoian:

“Impernuco espiritu loijak aguertu dituban astucijac dira oraingo gentiaren cantaric gueijenac, pecatuco sarian, asco igarri baric, arimac sartuteco. Canta loijac esaten dituban auac, dino San Ciprianoc, Basilisco verenotsu batec baino vereno gueijago zabalduten davela, entzuten davenen vijotzetara. Pecatu andija ta ascori pecatu eraguiteco, vidia da, neure cristinaubac, canta desonestubac cantetia” (Icasquizunak II, 1817, VIII.)[1].

Juan Bautista Agirrek, berriz, Asteasuko erretoreak, beranduago argitaratu bazen ere garai berekoa behar zuen testuan[2] zigorra gogorarazten zuen: “Españaco legueac aguintzen du, ez dezala iñorc ere esan, ez cantatu itz desonestoric, ez gauaz, ez egunaz, caleetan, placetan, eta bideetan, eun azote eta urte betean deserrituric vicitzeco penaren azpian” (Eracusaldiac, II, 1850, XVIII. platica).

Edo Jean Baptiste Camoussarry Donibane Garaziko bikarioak, 1838an “basa koplaria” deitu zion bertsolariari, infernura kondenatuz. Koplatan egin zuen gainera:

 

“12-

Bazka ona ikustean
nola astoek irrintzina,
hala arnoa dastatzean
koplariak umor ona.

13-

Huna tripa arnoaren suaz
duenian berotua
ergelkeria kantuz
hausten dautzute burua

 

14-

Zerratu behar badire
presondegian zoroak
zerra beraz, zerra ere
basa koplari erhoak.

15-

Ezin deitzake arrima
lau bertsu txar elgarrekin,
ez baditu, o lastima!
Lokarritzat lau hitz zikin.

16-

Ikara hadi, tristea
laster bahoa hobirat,
ikusak hire zortea
kantuz hoa infernurat”.[3]

 

 

 

Mespretxu eta debeku giro orokortu horretan, ordea, Iztuetak bertsolaritza jende jantziarengan interesa sortzen hasia ote zen ere sumatu zuen: “Artikaste aundiakiko gizon jakinti askori aditu izan diotet esaten, guziz ikaragarria dala eskolatu gabeko itz neurtulari oen alainzo edo talentu jakinduriazkoa” (1990: 149).


 

[1] Madariagak eta Iztuetak polemika sonatua izan zuten Juan Jose Mogelek 1828an Plauto Bascongado izenburuarekin argitaratu zuen eskutitz trukaketan ikus daitekeenez.

[2] Bere sermoi batean zekarren pasarte hau eta 1823an hil zen Agirre Asteasukoa.

[3] Hamasei kopletatik azken bostak dira hauek. Aulestiaren Bertsolarismotik jasoak.

Bertsolaritzaren zabalkundea eta honekiko jarrerak XIX. mendearen lehen erdian Bertsolaritzaren zabalkundea eta honekiko jarrerak XIX. mendearen lehen erdian