[Lore Jokoak] Bertsolaritza moderno unibertsoaren Big Banga
Bertsolaritza moderno unibertsoaren Big Banga –
2005ean BECen jokatu zen Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalera gonbidatu zuen John Miles Foley aditua Bertsozale Elkarteak, eta bertan ikusi zuenak aho zabalik utzi zuen hura. Honela hasi zuen Oral Tradition aldizkarian bertsolaritzari eskaini zion artikulua:
“Imagine selling 13,025 tickets for oral poetry. Imagine further an entire 6-7 hours of live performances broadcast on regional television as they happen, with excerpts, summaries, and expert commentary on national television. Imagine a one-day event —the final act in a multistage, four-year, Olympian drama of qualification and elimination— galvanizing ethnic, national identity to a degree unparalleled virtually anywhere in the world” (Foley, 2007: 3).
Nazioarteko harremanak garatzeko ahaleginean gonbidatu zuen Elkarteak Foley. Bizitzaren paradoxak; norbere zilborrari begira egoteari utzi nahian atzerriko aditu handienetako bat gonbidatu eta horrek bertsolaritza munduan bakarra dela azpimarratu: “So ends an oral poetry event that is, to my knowledge, unique in the world” (Foley, 2007: 11).
Foleyk, Mundu mailan ahozkotasunaren ikerketan erreferentzia nagusi eta Missouriko Unibertsitateko Center for Studies in Oral Tradition delakoaren sortzaile eta zuzendariak, ez zuen, noski, esaten Xahok bezala bertsolaritza munduko kantu inprobisatuko azken fenomeno bizia zenik. Ikertzaileak azpimarratzen zuena, bere ustez munduan bakarra zena, bertsolaritzaren dimentsio sozial eta mediatikoa zen. 2009an finalera berriro gonbidatu zutenean, berriro errepikatu zituen ideia hauek.
Bertsolaritzak hartutako dimentsio honen atzean fenomeno soziokulturalaren bilakaera singular bat antzeman daiteke. Eta bilakaera honen abiapuntuan ere apustu singular batekin egiten da topo: lehen euskal kulturgile modernoek, ahozkoa atzerapenarekin eta idatzia modernitatearekin lotzen zen garai batean, bertsolaritza ahozko kultur adierazpenaren modernizazioari ekin zioten.
Lehen Modernitateko Europan kultura idatziaren garapenak inprenta eta honen produkzioa bereganatu behar zuen herritarren alfabetatzea zekarren eskola izan zituen oinarri. Euskararen komunitateak, bere ertzekotasuna tarteko, komunitate txikia eta apenas botere instituzionalik gabea izanik, XX. mende bukaera arte ez zuen oinarri horiek garatzerik izan. Arturo Kanpionek Revista Euskara aldizkarian 1878an Manterolaren kantutegiari buruz argitaraturiko testuari erreparatu besterik ez dago mende bat lehenagoko lehen euskal kulturgile haiek topatu zuten egoeraz jabetzeko. Baudrimont delako batek euskaldunek inoiz ez zutela literatur sorkuntzarako joerarik erakutsi idatzia zuen, eta nafarrak gabezia hori ez dela berezkoa erantzuten zion: “Es inútil buscar en otra parte solución al problema que nos ocupa. El aislamiento es la única causa de la falta de gran literatura que en los pueblos vascos se nota (…)” (1878: 58). Alegia, gabezia ez zela berezkoa, baina bazela. Eta berezkoa ez zela demostratzeko bertsolaritzaren adibidea jartzen zuen, bide batez bertsolaritzak garai hartan zuen indarra erakutsiaz:
“Al País Vasco le ha sido imposible tener literatura trascendental; pero como la raza euskara no carece de sentimiento poético, sino que por el contrario le posee y muy desarrollado, se ha desenvuelto en plena libertad la poesía popular. La estructura maravillosa de la lengua vasca se presta admirablemente á la versificacion; así es que los poetas ó coblakaris pululan en la Euskal-Erria, y no hay fiestas ni regocijos, ni duelos ni quebrantos públicos, sin que de la boca de los versolaris broten composiciones adecuadas al suceso que se celebra ó deplora” (1878.: 60).
Tradizio idatzirik ezak ahozkoak mantenduriko ezohiko indarra zuen ifrentzu.
Herritarren jarduera kulturalak baldintzatu zuen lehen euskal kulturgile haien apustua. Euskaraz ongi funtzionatzen zuen genero idatzi bakarra bertsopaperena zenez, bertso jarrien moldea hautatu behar izan zen euskarazko poesiagintza abiarazteko. Eta bat-batekoari ere tarte bat egin zitzaion, Lore Joko haiei jaramonik egingo bazitzaien.
Euskal kulturgileek, halabeharrez, kulturaren sustapena herriaren baitan egitea beste biderik ez dagoelako, eta herriak ulertzen zuena ahozkoa zelako, bertsolaritzaren sustapenari ekin zioten, inguruko kulturetan ahozkoa bazterrean utzi eta tradizio idatzia garatzeko afanean ziharduten garaietan.