[Lore Jokoak] Bertsolaritza ikur

Bertsolaritza ikur –

Ez zen dena halabeharra edo gabezia izan: bertsolaritzak euskal nortasunaren ikur bezala izan zezakeen potentzialitatea sumatu eta baliatzeko gai izan ziren kulturgile haiek.

 

Bertsolaritza ikur
Agosti Xahok jarri zuen zirkulazioan bertsolaria euskal nortasunaren ikur gisa.

 

Mende hasieratik euskal erakundeek eta euskarak jasandako oldarrak kezka eta erantzun beharra zorroztuak zituen, eta, Europatik iritsitako Erromantizismoaren haizeek eta interes etnologikoak hauspotuta, diskurtso etnonazionalista bat gorpuzten hasia zen ordurako:

“Se tiende a adscribir la narrativa nacional vasca a la mitología de Sabino Arana y sus seguidores. Pero la base genuina del despertar de los vascos a la idea de que ellos se merecen una historia propia hay que buscarla, en general, en los discursos de los apologistas, lingüistas y finalmente antropólogos de generaciones anteriores” (Zulaika, 2000: 39).

Europako hizkuntzalaritzak eta antropologia fisikoak kontinenteko indigena gisa identitate moderno bat eskaini zien euskaldunei, eta bertako intelligentsiak bertsolaritzari, hau euskal berezitasunaren gako gisa irudikatuz, toki garrantzitsu bat egin nahi izan zion identitate horren garapenean. Izan ere, iraganarekiko erreferentzia funtsezkoa zen nazioaren eraketan[1], eta bertsolaritzak oso antzinakoa behar zuen. Bestalde, Bigarren Karlistaldiaren ondorengo euskal erakundeen gainbeherarekin, komunitatearen subalternitatea inoiz baino nabarmenago bistaratu zen garaian, inork baino hobeto ordezka zitzakeen bertsolaria bezalako ertzeko figura batek[2], Xahok proposatu eta Iparragirreren kasuak erakutsi zuen bezala. Bertsolaria eszenara igota herriaren ahotsa goititzea lortzen zen, batetik, eta bestetik, Europako indigena gisa estreinatutako nortasun modernoa berresten zen fenomeno kultural aurremodernoari fokua jartzen zitzaion: “[…] the orientalist and anthropological ideology underlying the floral games, for the first time, the subaltern Basque voice of the mostly illiterate poet, the bertsolari, was celebrated as the ‘true’ voice of the Basque people—the voice of the native” (Gabilondo, 2016: 192)[3].

Esan bezala, Agosti Xaho izan zen bere apologiarekin eta Aitorren kondairarekin bertsolaritzaren ikur izaera zirkulazioan jarri zuena:

“La recuperación de la libertad nacional se vincula en Chaho a la cultura y la lengua en el rasgo que se supone más genuinamente vasco: el de la oralidad […] La vindicación de lo oral, plenamente romántica, seña de identidad, proclamaría la nobleza y voluntad nacional de los vascos” (Madariaga, 2008: 90)[4].

 

Bertsolaritza ikur
Vicente Zubiaurre (1879-1963). Bertsolaris (1916)

 

Lore Jokoak Iparraldean bakarrik antolatu ziren bitartean, bertsolaritzaren ikur izaera hori nahiko oharkabean pasatu zen bertako prentsako testuetan. Hegoaldera pasatzerako, ordea, Aitorren kondairak ere muga zeharkatu berria zuen Kanpionen itzulpenaren eskutik (1878) eta Ameriketatik itzuli berria zen Iparragirre ere (1877). 1853an Gernikako Arbola sortu zuenetik “euskal askatasunen bardo”aren mitoak dimentsio nazionala hartua zuen, eta itzulerak izandako oihartzun mediatikoak azpimarra berezia jarri zion. Hezur-haragizko ikurra eta fikziozkoa elkarren eskutik agertu ziren, bada, eszenan.

Mogelen Peru Abarkaren argitalpena batu zitzaien gutxira (1881) eta baserritarraren berezko jakinduriaren balioan azpimarra jartzen zuen erromantikoen basati onaren mitoaren bertsio euskaldunak ere oso harrera ona izan zuen[5]; Mogelek berak seinalatzen zituenez, azkar ikusi ziren, gainera, bertsolarien berezko bizkortasunarekin egin zitezkeen paralelismoak. Ikurrak sekulako indarra hartua zuen 1880ko hamarkadako lehen erdirako.

Bertsolaritza garaikidearen azken hamarkadetan bertsolaritzaren ikur izaera hori apur bat lausotu egin da. Ez da aurreko mende luze batean gertatu den bezala hainbeste errepikatzen bertsolaria herriaren ahotsa edo euskaldunon antzinatasunaren adierazle dela, eta urruneko kontua irudi dezake zenbaitentzat. Baina oraindik ere funtzionatzen du, aipatzen dira euskararen komunitatearen festa edo sua eta gisakoak, eta Foleyk behintzat ez du atzean gelditutakotzat: “(…) that bertsolaritza is an everyday as well as a quadrennial vehicle for entertainment and commentary, and for declaring and reaffirming Basque national identity” (2007: 5).


 

[1] Etnosinbolismoaren arabera, nazio ororen eraketan zaindu ohi da iraganarekiko lotura hori: “Komunitate senidetza lortzeko oinarrizko denbora erreferentzia iragana da. Iraganak antzinatasuna ematen baitio taldeari, eta haren birjabetzak aitzineko belaunaldienganako jarraitutasun sentimena eskaintzen du” (Gandara, 2015: 151).

[2] Iritsi zaizkigun biografietan, Fernando Amezketarrarena, Etxahunena, Pello Errotarena, Txirritarena eta abar, argi ikusten da subalternitate hori. Eta bestelako kultur maila bat zuten figurek ere, zenbaitetan klase altukoen artean ere prestigioa irabaztera iritsi arren, gertuago ibiliko dira euren bizi esperientzietan ertzekotasunetik hegemoniatik baino: Iparragirre, Pedro Mari Otaño edo Iztueta bera.

[3] Bidartek ere Gabilondoren esanahi bera esleitzen dio Lore Jokoetan bertsolaritzaren inguruan eratu zen ikurrari: “Par les ‘fêtes basques’, pour la première fois, l’expression orale, incarnée dans l’acte d’improvisation, est érigée en symbole du populaire primitif basque […]” (1998: 275).

[4] Bidarte oraingoan Madariagarekin bat eginez: “[…] la position d’Augustin Chaho, le républicain ‘illuminé’, qui décèle, on l’a vu, une continuité historique entre les temps primitifs, celui des Voyants —dont témoigne la pratique de l’improvisation—, et les temps présents” (id.: 267).

[5] Honela seinalatzen du Gabilondok Mogelen ekarpenak hurrengo hamarkada errenkada batean izango zuen garrantzia: “Nationalist identification derives in the 20th century from the political enjoyment that Peru Abarka’s strategic essentialism inaugurates” (2016: 173)

Bertsolaritza ikur Bertsolaritza ikur Bertsolaritza ikur