[Lore Jokoak] Bertsolaritza euskarazko kazetaritzaren lehen pausoetan
Bertsolaritza euskarazko kazetaritzaren lehen pausoetan –
Orain arte aipatu diren prentsako testurik gehienak frantsesez edo gaztelaniaz idatzitakoak dira. Izan ere, euskarazko kazetaritzaren hastapenak, nekezak bezain berantiarrak[1] izan ziren.
Díaz Nocik (1995 eta 2012) gaiari buruzko ikerketaren abiapuntua euskal almanaketan jartzen du. Askotariko informazioaz hornitzen diren egutegiak lirateke, ikertzailearen hitzetan protokazetaritza egiten duten inprentako lehen lanak.
Egunare eusquerascoa erderascotic itzuliya Vizcaya, Guipuzcoa ta Arabaco probintziaentzat 1815garren urterako da aitzindari gisa aipatzen duena. Egilea Jose Paulo Ulibarri arabarra izan zen. Jatorri xumekoa izan arren, ferratzaile zen ogibidez, Bizkaiko Batzar Nagusietarako hiru aldiz izan zen hautatua eta Euskaltzaindia gisako zerbaiten antolaketa proposatzen lehena ere izan zen. Bertso jartzailea ere bazen, berebat; alegia, bere lehen pausoan gurutzatu zen euskarazko kazetaritzaren historia bertsolaritzarekin[2].
Esan bezala, Xahok 1848an argitaratutako Uskal-Herriko Gazeta da euskara hutsezko lehen hedabidea. Eta aldizkari horretan ere egin zitzaion bertsoari tartetxo bat. Bigarren zenbakiaren (1848/VII/25) hirugarren orrialdean, Franciaco berriac izeneko testuan eztabaidan ari da Atharratzekoa herrialdeak bizi duen gosetearen inguruan. Apaiz batek beste argitalpen batean esandakoei erantzuten die, bertso batekin bukatuz: “Haüche da pobriaren antifona, aphecetaz mintço denian; ‘Laborariac yaten badu/ Chardin begui gorria,/ Artho elkhor, pitar minkhor,/ Barne erregarria;/ Apecetaric adituren-du:/ Deboch hondagarria!/ Berac nola bici-diren/ Eman gabe guardia. (Amen)’”.
Berebat, euskara hutsez eta jarraitutasun batekin Euskal Herrian kaleratu ziren lehen argitalpenetan ere, Azkueren Euskalzale (1897-1899) eta Ibaizabal (1902-1903) aldizkariak, bertsolaritzak presentzia garrantzitsua izan zuen, nagusiki bertso jarrien lehiaketekin, bertso horiek eragindako polemikekin eta Fernando Amezketarraren inguruko pasadizoekin[3].
Euskaraz irakurtzen zuen irakurleria bere hizkuntzan alfabetatu gabea zen, zati handi bat nekazari mundukoa zen gainera, kultur maila apalekoa, eta, ondorioz, hizkuntza horretan eskaintzen zaizkien testuak ‘bigunagoak’ izango dira gehienetan. Bi astekari horiek eta, nagusiki erdaraz aritu arren, euskarari tarte bat egingo dioten argitalpen elebidun geroz eta ugariagok pasadizo, ateraldi, txiste, bertso, ipuin labur eta gisako testu ugari eskaini zituzten euskaraz, irakurketa errazteko asmoz.
Bertsolarien ateraldi eta pasadizoek lur emankorra topatuko dute inguru horretan, eta mende bukaerarako genero bereizi gisa funtzionatzen dute. Esanguratsua da, euskara alor honetan bakarrik nagusitu izana: topatu diren gisako 67 testuetatik 61 euskaraz argitaratu ziren; aldiz, testu jasoagoetan (iritzi artikuluetan, esaterako), proportzioa alderantzizkoa da.
Esanguratsua da, aldi berean, euskarazko kazetaritzaren lehen pauso hauetan bertsolaritzak izan zuen garrantzia, kantu inprobisatuak euskal jendartean eta, ondorioz, euskal intellingentsiaren egitasmoetan lortutako itzalaren adierazgarri.
[1] Díaz Nociren arabera (1995) Huarte anaiek 1686an Donostian martxan jarritako Noticias Principales y Verdaderas izan zen Euskal Herrian argitaraturiko lehen kazeta; lehen kazeta modernoa, aldiz, Napoleon Bonaparteren aginduz 1805ean ireki zen Gazeta de Comercio, Literatura y Política de Bayona de Francia delakoa. Biak erdaraz argitaratu ziren, nahiz eta lehenengoaren sortzaileak euskaldunak izan (Otermin, 2005: 343), eta bigarrenaren hizkuntza hautua elebiduna (frantsesez eta gaztelaniaz mintzatuz Baionatik).
[2] Egunare eusquerascoak berak egilearen biografia bezain istorio kontagarria dauka atzetik. Ulibarriren Gutunliburuan lanean dago jasoa: lehen kazeta liberalen garaia zen, eta euskaraz ezin zela ezer editatu tematu zitzaion erdaldun bat, “ezta egutegi bat ere”. Apustua egin zuten: Ulibarrik zortzi egunetan egutegia ateratzen bazuen berak ordainduko omen zizkion inprentako gastuak. Ulibarrik atera zuen almanaka garaiz, baina besteak xentimorik ere ordaindu ez. Ikus daitekeenez, euskarazko kazetaritzari egin izan zaizkion burlak eta iruzurrak bere sorburutik bertatik datoz.
[3] Euskal Herritik kanpo, Estatu Batuetan argitaratuak, baina euskara hutsezko astekariak, apur bat goiztiarragoak dira Escualdun Gazeta (1885-1886) eta Kaliforniako Eskual Herria (1893-1897). Horietan ere aurki daitezke bertso jarriak.