[Lore Jokoak] Bertsolarien gutxiespena

Bertsolarien gutxiespena –

Lore Jokoek euren bidea egiten jarraitu zuten. Jatorrizko enborraren antolaketari Abadiaren alargunak eutsi zion, eta 1901ean hil ondoren Jokoak antolatzen jarraitzeko agindua testamentuz ezarria utzi zuen. Gainerako eragileek ere eurenak antolatzen jarraitu zuten, eta 1914an, esaterako, 1897ko marka hautsi zen, urte berean sei Lore Joko antolatuz: Andoain, Bilbo, Donostia, Hondarribia, Iholdi eta Necochea (Argentinan, Otañoren bizilekua izandakoa).

 

Bertsolarien gutxiespena
Txomin Agirre (1864-1920)

 

Lore Joko horietan bertsolaritzaren garrantziak behera egin zuen, ordea, eta prentsan eskaintzen zitzaion arretak ere bai. Horrela, garai bateko bat-bateko saioen kronikak aipamen soil izatera pasatu ziren, eta zenbaitetan ez zen aipamenik ere egiten:

“Ya no se les llama a participar en las fiestas éuskaras; ya no se les abren los teatros, a no ser en San Sebastián el día de Santo Tomás; ya no hay quien escriba reseñas de sus actuaciones, como lo hicieron Manterola y Otaegui con aquel sentimiento de admiración y asombro. Es más; algunas reediciones de canciones o poesías populares llegan a retocar los textos primitivos” (Zavala, 1996b: 225).

Gogoratu dezagun Iztuetak kasik mende bat lehenago bazterturik eta burla artean deskribatzen zituela bertsolariak. Alegia, XX. mende hasierako hau bertsolaritzaren historian ziklikoki agertuko den gutxiespen modernistaren kapitulu berri bat baino ez da izango. Oraingoan Sabino Aranaren inguruan antolatu zen lehen belaunaldi jelkidea izan zen bertsolariei bizkarra eman ziena, eta beren hizkuntza mordoiloa zen mahaigaineratu zuten arbuio bat. Esandakoa ilustratzeko, Txomin Agirreren Garoa eleberriko pasartea:

“Illunabarrean, nere eginkizunak amaituta erri alderuntz nentorrela, baserritar asko billatu nituan bideko ostatuetan, oiturazko atsedenak egiten, premia gabeko jan edanetan, beste dema batzuetarako azia botatzen ta ardoak ematen duan indarraz bertsoak eresitzen.

Ara nik zalpurdirako argi billa sartu nintzan ostatu batean entzun nituanak:

Bertso berri batzuek/ Nai ditut paratu,/ Pulamentuz esanaz/ Gaur zer dan pasatu./ Bizkai guztia emen/ Guk degu ondatu/ Ezta Ixio Mari/ Ain gaizki portatu.

Gaurko apostu orrek/ Badu inportantzia,/ Itz bitan esango det/ Bere sustantzia:/ Bizkaitarren diruak/ Bete dit poltsia,/ Ara zergatik detan/ Nere alegrantzia.

Etziran neri batere alegrantzirik eman aien aoetan euskereak zeukan gorniak.

 

Bertsolarien gutxiespena
Deba. Eskuinetik hasita, Frantses Txikia eta Iparragirre (Itziarkoa). Argazkia: Indalezio Ojanguren. Iturria: Sendoa.

 

Eta aien aoetan bakarrik balitz!” (1966: 53).

Kontatu den gisan, aurreko belaunaldi foruzaleak poesia idatziaren tradizioa abiarazteko bertsoaren moldeak jarri zituen oinarritzat, eta bat-bateko bertsolaritza bera genero literario gisa berregokitzeko ahalegina ere egin zuen, baina belaunaldi berriak, ideologia eta proiektu politiko berri batekin, modernitatea jasoarekin eta idatziarekin identifikatu, eta ‘benetako’ euskal literatura moderno baten bila ahozkotasuna nahiz bertsolaritza berriro zokoratu nahi izan zituen. Finean, ahozkoa/idatzia dikotomia ezkutatzen zen mordoiloa/garbia dikotomia horren atzean.

Urruntze horretan, hizkuntzaren garbitasuna ez ezik garbitasun morala ere baliatu zen distantziak markatzeko: beti desordutan, mozkorkerian eta barrabaskeriatan zebilen bertsolaria bezalako figura subalterno bat ezin omen zen eredu izan egin nahi zen Pizkunde kulturalerako. Alde horretatik, deigarria da berriro Txomin Agirrek berak Iru erezi[1] ipuinean eskaini nahi izan zuen bertsolariaren egokiera: emaztea eta aberria asko maite dituen arren Jainkoa gehiago maite duena, entzule hordituei jaramonik egin gabe, eskaini dioten sagardoa dastatzera iritsi gabe, isiltzea erabakitzen duena.

Zavalak ere erreparatzen dio bertsolaritzaz egin zen gutxiespen moralizatzaileari. Nagusiki bera bezalako elizgizonek planteatutako arbuioa izan arren, aukera zuen guztietan egin ohi zuen bezala, adiera herrikoienaren aldeko hautua egiten du:

“[…] el bersolarismo es un fiel reflejo de la vida de un pueblo, y de un pueblo de hombres. La postura de Echegaray es la misma que la de tantos otros que desean para nuestro pueblo un integrismo exagerado y antihumano que no se exige a ningún otro. ¿Qué literatura se vería libre de este pecado? Y, sin embargo, nadie se lo reprocha a ninguna” (1996b.: 222-223).


 

[1] 1898/II/10. Euskalzale, 46 or. Auñamendiko lorea/Iru erezi. Agirre, Txomin.

Bertsolarien gutxiespena Bertsolarien gutxiespena Bertsolarien gutxiespena