[Lore Jokoak] Anton Abadia: aurrekariak eta sorburua

aurrekariak eta sorburua –

Abadiaren euskal aireen ezagutza goiztiarra eta pertsonaiaren hibridazioa erakusten dituen pasarte bat eskaintzen du Urkizuk:

 

aurrekariak eta sorburua
Anton Abadia

 

“Ezaguna da, Anton Abbadiak 1835ean egin zuelarik bere bidaia Britainia Handian barrena eta ingelesez bere poemak idazten zituelarik, hauei euskal doinua ezartzen diela hauen arabera kanta daitezen. Hala, From my mother´verdant isle, hots, Irlandatik idazten duen poema Mendian zoinen eder epher chango gorriren arabera eta A far from Erin sad tho proud, Aitaric ez dut doinuaren erara abesteko moldatuak daude” (2006: 31-32).

Hori da, ordea, Lore Jokoen antolakuntzari ekin aurretik euskal-irlandarra bertsolaritzarekin nolabait harremanetan jartzen duen zantzu bakarra. Gerora ere, bere bizitzan zehar testu ugari argitaratu arren, ez zuen haietan inoiz Lore Jokoen edo bertsolaritzaren inguruan ezer esango. Ez dago argi, bada, Jokoak antolatu eta bertsolaritza sustatzeko ideia nondik sortu zitzaion.

Lore Jokoen tradizioa Erdi Arotik dator. 1324an jokatu ziren lehen aldiz Frantziako Tolosan “Consistori de la Gaya Sciència” delakoak deiturik probentzerazko trobadoreen bertso jarrien lehiaketa gisa. Okzitanian indar handia hartu zuten, eta Kataluniara pasatu ziren jarraian. XV. mendean zehar Valentzian, Balear Uharteetan eta Gaztelan ere zabaldu ziren ondoren, eta Iruñean 1609an jokatutako gisako lehiaketa batean euskaraz aritu zirelako arrastoa ere topa daiteke[1].

Gerora, Iberiar penintsulan desagertuz joan ziren Lore Joko hauek, baina Okzitanian, Frantziako Iraultzak eragindako urte gutxi batzuetako etenaldia salbu, Abadiaren egunetaraino (eta gaurdaino) luzatzen dira. Beraz, Abadiaren ideiaren sorburuari buruzko azalpen agerikoenak, hau Tolosan bizi izan zen garaia seinalatzen du[2].

 

aurrekariak eta sorburua
Abbadiek eta Xahok harreman estua izan zuten euren bizitza osoan zehar. Bigarrenaren euskal gramatikari buruzko lanari lehenak egindako hitzaurrea lekuko. Liburu honen eskaintza ‘Zazpi uskal-errietako uskalduner’-i, egiten zaio, ‘Zazpiak bat’ leloa argitaratu zen lehen aldia izanik.

 

aurrekariak eta sorburua

 

Topa daiteke, ordea, bestelako hari muturrik ere. Honela, Gabilondok beste aldaera bat proposatzen du, Etiopiako egonaldi luzean eginiko lan etnografikoen eragina ere gertatu izan zitekeela aipatuz (2016: 191); alegia, han ikusitako edo antolatutako performance etnografikoren bat izan zuela abiapuntu. Edo Abadiaren inspirazioaren atzean Xahoren eragina ere egon zitekeela suma daiteke: ikasle garaietatik harreman estua zuten biek, Abadiak Xahoren lana gertutik jarraitzen zuen eta honek bertsolaritzaren apologia, Aitorren kondaira eta kantutegiaren zati bat argitaratuak zituen laguna Euskal Herrian finkatu zenerako. Bestalde, garai hartan hil berria zen Juan Inazio Iztuetak bertsolaritzaz idatzitakoen berri ere izan zezakeen Abadiak. Iztuetak Abadiaren aita ezagutu zuen eta Antonen irakasle izan zen Fleury Lécluse katedratikoarekin harreman estua izan zuen.

Azkenik, Iztuetak izandako eskutitz trukeen bueltan beste hari mutur interesgarri bat topa daiteke. Oraingoan Agustin Pascual Iturriaga da idazten duena, eta honela dio 1840ko azaroaren 30eko datarekin:

“[…] he apuntado la especie de que deben las Provincias preparar premios para los mejores bailarines, jugadores de pelota, tiradores al blanco, collaris e improvisadores , etc., etc., para los años sucesivos, a manera de los antiguos que establecieron los juegos olímpicos y otros […] no ha disgustado la idea…” (Garmendia, 1998: 428).

Euskara Hezkuntza Sisteman txertatzeko lehen ahalegina egin izanaren meritua aitortzen zaio Iturriagari. Eskola elebidun bat ireki zuen Hernanin (1818-1823), eredu horretan oinarritutako Lehen Irakaskuntzako Egitasmo Orokor bat prestatu zuen Gipuzkoako Batzarren eskariz (Memoria, 1830), eta baita material pedagogikoa sortu ere. Abadiaren aurreko belaunaldiko zirkulu euskaltzaleetan pertsonaia garrantzitsua izan zen, beraz, eta, bere hitzek islatzen dutenez, giro horretan ere bazen Lore Jokoen gisako zerbait abiarazteko ideia. Inprobisatzaileen lehiaketa txertatzeko asmoa jasotzen dute, gainera.

Eraginak, batetik edo bestetik etorri, bat baino gehiago izango ziren batera ziurrenik; Abadiari euskal Lore Jokoak antolatzea otu zitzaion 1851n.

 

 


 

[1]Y porque celebrandose en este Reyno de Navarra la solemnidad de esta fiesta, no es razon que la lengua matriz del Reyno quede desfavorecida, se pide en este certamen (decimo) un romance de doze coplas en Bascuence, que lleve un estribillo de tres a tres coplas. Y al que mejor lo hiziere se le darán tres baras de tafetan. Y al segundo, dos de Olanda. Al tercero, tres pares de guantes blancos” (Relacion de las fiestas que el Ilmo señor Don Antonio de Venegas de Figueroa Obispo de Pamplona, hizo el día del Santissimo Sacramento, y por todo su octaviario, este año 1609)

[2] 1694tik, ordea, Louis XIV.a erregeak antolakuntzari ‘Lore Jokoen Akademia’ maila eman zionetik, probentzerazko bertsogintza frantses hizkuntzan egindakoak ordezkatu zuen joko horietan. Estatu hizkuntza batean egiten zen jarduera euskara bezala erabat ertzekoa zen hizkuntza baten sustapenerako erabil zitekeela bururatzeak, beraz, bazuen bere zailtasuna.

aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua 
aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua aurrekariak eta sorburua