[Lore Jokoak] Aipamen soiletik kronikara: Pello Errota kartelburu
Pello Errota kartelburu –
Bidaiarien kontakizunetan, Etxahunen epaiketen kroniketan, euskararen edo euskal arrazaren inguruko artikuluetan, edo Iparragirreren balentriei eta Bilintxen zorigaitzari buruzko testuetan, esan bezala, zeharkako aipamenak egiten zitzaizkion bertsolaritzari. Eta Abadiaren Lore Jokoei buruz prentsan agertutakoetan bigarren mailan gelditu ohi zen bat-bateko saioa, pilota partiden, ganadu proben edo idatzizko lehiaketaren inguruan kontatutakoen itzalean. Bat-bateko saio konkretuen ingurukoak, izen-abizenak dituzten bertsolarien jardunaren berri emanez, landutako gaiak eta ariketak azalduz eta publikoaren erantzuna edo epaileen erabakia jasoz, ez dira 1880ko hamarraldira arte argitaratuko.
Ez da kasualitatea bertso kronika bat-batekoa antzokira eraman zen garai berean sortu izana. Bi fenomenoak elkarri lotuta daude eta 1880ko hamarraldiko kronika horiek eragileen ekimenaren arrakastaren froga gisa har daitezke: kazetariari bertso saioa kontatu beharra bururatu bazitzaion, irakurlea —jende jantzia zen garai hartan prentsa irakurle— bertsolaritza ikuskizun moderno gisa hautematen hasia zelako behar zuen.
Lehen bertso kronika goiztiarragoa da, Julien Vinsonek Revue de Linguistique et de Philologie Comparée aldizkarian, ikerketa modura frantsesez argitaratua 1870ean. Baina, esan bezala, generoa Euskal-Erria aldizkarian finkatu zen. Euskarazko lehenengoa, Klaudio Otaegiren Bertsolariak Ondarribian 1880ko irailaren 2an sinatuta argitaratu zen, eta gaztelerazko lehenengoa Manterolaren Una fiesta euskara irailaren 26an sinatua. Hala, Manterolak hurrengo bizpahiru urtean argitaratutako dozena erdi bat testurekin ezarri ziren bertso kronikaren oinarriak, gaurdaino asko aldatu ez direnak[1] [2].
Lore Jokoen gailurrak, bada. frontoitik antzokira ez ezik aipamen soiletik kronikara ere eramango du bat-bateko bertsolaritza, eta gailur honetan, bai antzokietan eta baita kroniketan ere Pedro Jose Elizegi Pello Errota (1840-1919) ageri da nagusi. 70eko hamarkadaren bukaeratik Juan Jose Alkain Udarregi (1829-1995) usurbildarrarekin edo Jose Bernardo Otaño (1842-1912) zizurkildarrarekin, bikote eginaz, saio gehienetan protagonista izango da eta baita garaile ere gehienetan. Haren eskarmentua eta ahalmena azpimarratzen dute testu guztiek eta haren bertsokerari, itxura fisikoari edo izaerari buruzko zertzelada batzuk ere jasota geldituko dira, gainera, kronikarik zabalenetan. Honela, gaztelerazko lehen kronikan Udarregi eta bien estiloen arteko kontrastea azaltzen du Manterolak, “Agudo, punzante y mordaz el primero [Pello Errota], grave, sesudo y pausado el segundo, el contraste era completo (…)”[3] edo ingelesez idatziriko lehenengoan deskribapen fisikoa eta teknikaren ingurukoak dakartza Websterrek: “The molinero is a man of barely middle height, but of Herculean build, and he stood with arms folded across his broad chest, occasionally, during a pause, taking a hasty sip from a small wine skin proffered by his brother” (1882, The Cornhill Magazine, 46. Zenbakia, “Festival among the Basques”, Wentworth Webster).
Bera izan zen Lore Jokoen ziklo honetan prentsan agerpen gehien izan zuen bat-bateko bertsolaria, mende berriarekin Txirrita ezizenez ezagutarazi zen bertsolari gazte baten konpainian oihartzuna izaten jarraitu baitzuen. 44 testutan topatu da bere berri, gisako gainerako bertsolarien presentzia mediatikoa oso atzean utziz: Txirrita 20, Joxe Zapirain 16, Joxe Bernardo Otaño 15, Udarregi 11… Hala ere, tokitan gelditzen da Iparragirreri buruzko 206 testuetatik, eta urruti Pedro Mari Otañori eskainitako 93 edo Bilintx aipatzen zuten 77 testuetatik.
Egia da garaiko eragileek bat-bateko kantu errimatuaren aldeko apustua egin zutela, hau nortasun ikur bihurtu nahiz jendarte modernoaren parametroetara egokitzeko ahalegina egin zutela. Apustu originala izan zela ere egia da, kultura idatzia lehenesten zuen korronte hegemonikoaren kontra hartutakoa, baina garaiko bat-bateko bertsolari onena, Pello Errota, idatziaren eredura gerturatu ziren Iparragirre, Bilintx edo Otañorena bezalako figurekiko bigarren plano batean gelditu izanak argi uzten du benetan zaila zela korrontearen aurka igeri egitea.
[1] Parte hartzaileak zerrendatzen ziren, hasi aurretiko giroa deskribatu, ariketa ezberdinetan zehar bertsolariek egindako lana azaldu eta baloratu, publikoaren erreakzioak jaso eta epaileen erabakiaren berri eman. Deigarriena egiten den ezberdintasuna bertsoak kronometratzearena litzateke: “Hé aquí, ahora, un resúmen del número de versos improvisados en la HORA Y MEDIA próximamente que duró la sesion: (…) que hacen un total de 150 estrofas, mas 31 con pié forzado, que suman un total de 1.810 versos. Es decir, sobre DOS VERSOS POR MINUTO. ¿No es esto admirable?” (Euskal-Erria, 1880 abendua, 138 or. ‘Una fiesta euskara’. Manterola, Jose)
[2] Iparraldeko prentsan zerbait geroago eman zen fenomeno hau. Eskualdunaren agerpenarekin (1887) eta L’Avenir egunkari errepublikazaleak Guilbeauren taldeak 1893tik 1897ra antolatutako Lore Joko paraleloei eskainitako estaldurarekin agertu ziren bat-batekoari geroz eta arreta handiagoa eskaini zioten testuak.
[3] Saio hauek izaten zuten arrakasta ederki azaltzen du azken paragrafoan Manterolaren kronika honek berak: “Diremos únicamente para concluir, que terminado el programa oficial de la función, los bersolaris Pedro Elicegui y Martin Udarregui se prestaron expontáneamente á una nueva sesion de improvisacion, que duró hasta despues de las doce, y en la que ambos disertantes demostraron sus especiales condiciones, produciendo verdadero entusiasmo en el público, que les escuchó con verdadero deleite, y les colmó de atronadores aplausos; obsequiándolos con abundantes cigarros y llenando la escena de boinas y de sombreros”.
Bistakoa da bertsolaritzak sekulako sua pizten zuela garai hartan. Garaiko kazetaritza estiloa puztu samarra ere bazen, eta norbaitek pentsa lezake Manterolaren hitzek joera hori izango ote zuten, baina Printzipal Antzokiko saioaren biharamunean Euskarazko itz-jostaldiak Donostian. Sariak izenburupean Diario de San Sebastián-en argitaratutako testua irakurrita argi gelditzen da ezetz. Honena bai dela grina eta puztu beharra: “Es la una de la noche y acabo de volver hace poco del lunch que varios jóvenes de esta Ciudad hemos ofrecido a los preclaros versolaris, que en el Teatro Principal, (que durante toda la noche ha estado atestado de gente, desde lo mas distinguido al último pescador) despues de la distribución de premios, nos han electrizado y entusiasmado con sus cantos […] Todo aquello me ha conmovido, me ha puesto en un estado tal que me es imposible dormir […] Réstame el consuelo de haber sido el iniciador de aquella apoteosis, de aquel diluvio de sombreros, boinas, flores, cigarros, petacas, guantes etc.” (Diario de San Sebastián, 1880/IX/27, 1 or.. Euskarazko itz-jostaldiak Donostian. Sariak. Soraluze, Pedro Mari).