[Lore Jokoak] Agosti Xaho: lehen apologia eta lehen bilketa (1844-1845)
lehen apologia eta lehen bilketa –
Iztuetaren 1826ko liburuko zenbait pasartek, eta Jean Duvoisinek 1841ean Paueko Album Pirénéen-Revue Béarnaisen argitaratutako Des basques et de leur poésie artikuluaren beste zenbaitzuk badute apologia zantzuren bat, baina hasi eta buka bertsolaritzaren apologiara bideratutako lehen testua Xahoren Chant Basques litzateke, 1844ko abuztuaren 11n Trilby aldizkarian argitaratua.
Bertan, bat-bateko poesiagintza bizirik gorde ahal izan duen Europako herri bakarra euskaldunena dela dio. Bere antzinatasunak eta, mendi artean babesturik, bere askatasunari nahiz modernitatearen erauntsiari eutsi ahal izanak eman digula pribilegio hori. Euskaldunon ertzekotasunaren eta kultura idatzia garatzeko zailtasunaren arteko lotura ere egiten du, artzain alfabetatu gabeen inprobisazio kantaturako berezko gaitasuna goresten du, bertsolaritzaren dimentsio historikoa eta bertsolariek kronista gisa betetzen duten funtzioa seinalatzen; menditarren gazeta ei da bertsoa.
Hori guztia, bilketaren beharra azpimarratzeko, eta, testuaren bukaera aldera, kantutegi baten proiektua iragartzeko.
Ikus daitekeenez, ez zuen badaezpadako apologista topatu bertsolaritzak. Eta, aldi berean, ikus daiteke lehen bertso biltzailetzat ere har dezakegula Xaho. Izan ere, Iztuetak jaso zituen bertso batzuk 1826ko liburuan, baina dantzarako musika doinuen letra bezala, ez propio bertso bilduma bezala.
Bilduma 1845ean Ariel aldizkarian argitaratzeari ekin zion Xahok: lehenengoa, Tchori khantazale eigerra izan zen, 1845eko urtarrilaren 5ean; bigarrena, La Fontaineren Eche arratoya eta soro arratoya Augustin Iturriagak itzulia, otsailaren 16an; hirugarrena, Tchori erresignoula, martxoaren 2an… Julen Urkizaren Aldizkari eta egunkarietako bertso eta olerkien bilduma bibliografikoaren arabera, 19 izango ziren guztira Arielen 1845ean argitaratutako bertso sortak. Eta, lan horren arabera, horiexek dira prentsan argitaratutako lehen bertsoak.
1846tik aurrera, ordea, argitaratzeari utzi zion. Patri Urkizuk (2006) seinalatzen du erabaki horren atzean euskarazko ortografia bateratuaren gabezia legokeela. Izatez, Xahok, Arielen argitaratutako bigarren kantaren iruzkinean euskal ortografia bateratu beharraz dihardu, eta arazo horrek kantutegiaren argitalpena atzeratzea dakarrela dio.
Aitzindari gisa urratutako beste bideekin gertatu bezala, bertsoen prentsako argitalpenaren honetan ere, hasieran ez du jarraitzailerik izango. Sustraia aldizkaria izango da, zazpi urte geroago, bertso sorta bat argitaratuko duen lehena, eta hurrengo 25 urtean ateratako guztia ez da Xahok 1845ean argitaratutako kopurura iritsiko.