[Lore Jokoak] Agosti Xaho: azti-begia
Agosti Xaho –
Atharratzeko aguazil eta eskribauaren semea, etxetik zetorkion letrekiko interesa Agosti Xahori (1811-1858). Oloroeko seminarioan Erretorikako eta Pauen Finantzetako lizentziak lortu ondoren Parisera aldatu zen Zuzenbidea ikastera. Bertan ezagutu zuen Anton Abadia, adin berekoa eta ikaslea bera bezala. Bien familiek ere harreman handia zuten, eta adiskidetasun estua sortu zen haien artean, bizi osorakoa, nahiz eta Iparraldean izan ziren borroka politikoetan bata gorriekin eta bestea xuriekin lerratu.
Xaho La France Littéraire aldizkarian hasi zen nabarmentzen artikulugile gisa, eta haren bigarren liburuak, Paroles d’un voyant (1834) izenekoak, oso harrera ona izan zuen Frantzian. Entsegu filosofiko-politiko bat zen lana, Charles Nodierren eskola esoterikoaren eragin nabarmena zuena.
Aurrerantzean etenik gabe jarraitu zuen liburuak idazten, lehen horren ildokoak, hizkuntzalaritzari emanak eta narrazioak tartekatuz. Hala ere, karlisten frenteko kronika zekarren Voyage en Navarre pendant l’insurrection des Basques (1836) lanarekin berriro arrakasta izan ostean, hurrengo lanek ez zuten oihartzun handirik izan.
1843tik aurrera Baionan finkatu zen, eta 1848ko iraultzarekin bat eginez erabat murgildu zen politikan Udal Kontseiluko, Guardia Nazionaleko eta Pirinioetako Kontseilu Orokorreko kide izatera iritsiz. Kazetari gisa, Revue des Voyantsen (1838) zuzendari izanez lehen saiakera batean porrot egin ondoren, Ariel aldizkariarekin (1844-1852) dezenteko zabalkundea lortu zuen.
Nortasun handikoa eta polemista sutsua, pistolaz edo ezpataz egindako duelu bat baino gehiago ezagutzen zaio. Erabat antiklerikala zen, Alderdi Erradikaleko kidea eta masoia, hainbat testutan azti edo igarle gisa aurkezten zen, eta euskal nazioaren inguruan eratutako kosmologia esoteriko bat zen haren gai kuttuna. Posizionamendu horiekin ez zitzaion etsairik falta izan, eta bere idazkera suharrak etsai guztiok bero-bero jartzen zituen. Iglesiasek (2010: 132) egiten du eskaini zitzaizkion epitetoen kontaduria: eroa, fanatikoa, arriskutsua, ulergaitza, gezurtia, buruberoa, intolerantea, harroa…
1851n okertu zitzaizkion gauzak, Charles Louis Napoleon Bonapartek estatu kolpea jo, bere burua enperadore izendatu eta errepublikazale ezkertiar sutsuenak erbestera bidali zituenean: Belgikan egin behar izan zituen hilabete batzuk, eta bi urte Gasteizen.
Haren kosmologiaren eta arrazoiketa esoterikoen hariari jarraitzea ez da erraza, baina igarle sena behintzat ezin zaio ukatu Xahori. Euskara hutsezko lehen aldizkaria kaleratu zuen, Uskal-Herriko Gazeta (1848), gisa horretako bigarrenak, Azkueren Euskalzalek (1897-1899), argia ikusi baino mende erdi bat lehenago, eta ordurako euskara batuaren, hizkuntzaren ofizialtasunaren nahiz euskarazko irakaskuntzaren beharraz ere gogoetatua zen, aitzindari bakarti batzuren bideari jarraiki. Era berean, Euskal Herriaren independentzia aldarrikatzera iritsi zen[1], abertzaletasuna mugimendu politiko gisa eratu baino mende erdi bat lehenago, eta ezkerreko posizioetatik egin zuen, tankera horretako lehen alderdi politikoari, EAE-ANVri, 80 urtez aurrea hartuz.
Erbestetik itzuli ahal izan zenean, politikaz aritzeko debekua ezarri zioten. 1849an trafiko istripu larri bat izan zuenetik pattal ibili zen osasunez, eta bizitza laburra gelditu zitzaion. Bukaeraraino eutsi zien, ordea, bere printzipioei: hileta zibila egin zioten bere eskariz. Euskal historiako lehen hileta zibila izan zen hura, Julien Vinsonek idatzi zuenez.
Xahoren hainbat lan. Guztietan egin zien tarte bat bertsolaritzari. Erdikoan, ‘Biarritz, entre les Pyrénées et l’Océan: itinéraire pinttoresque’ (1855), kapitulu oso bat eskaini zion bat-batekoari.
[1] Hau da testua: “Hastetic, Zaldibian fusillatu-çuten, erreguinaren tropéc, yeneral Alzâa, Guipuzcoarra, Escualdun fina, bere malurretan carlista. Batçuec lsabel, bertçeec Carlos Montemolin; bertçe guisaco çuten Cantabre çaharréc bere bandera çaharrena, Lauburua deïtçen-çutena (…) Norc oïhu eguinen-du, azquenian erregue-erreguinac eta heïen partidario tontoac edo ambiciosac acaçatu ondoan : Biba Independencia! Biba Errepublica! Biba Escual-Herria!” (Uskal-Herriko Gaseta, 2 zbkia, 4 or. ‘Españiaco berriac’, 1848/VII/30).