[Lore Jokoak] Agosti Xaho: Aitorren kondaira, bertsolaria euskaldunon patriarka
Aitorren kondaira –
Xahoren ekarpena ez da hor agortzen; bilduma argitaratzeari ekin zion urte eta aldizkari berean argitaratu zuen beste testu sorta batekin osatzen da.
Gaurdaino iritsi zaigu Aitorren kondairaren entzutea, Aitorren hizkuntz zaharra ere deitu izan zaio luzaz euskarari, kantu eta guzti; kondaira hori Aitor/Légende cantabre izenburuarekin Arielen argitaratu zuen Xahok atalka.
Bertan euskal nazioaren balizko sortzaileaz mintzo da, Aitor deitutako patriarka bati buruz. Ekialdetik bere zazpi semeekin etorria, bakoitzari lurralde bat eman zion, eta hortik sortu ziren antzinako zazpi euskal tribuak, gaurko zazpi probintzien jatorria[1]. Linguistikari nahiz historiari buruzko hipotesiak eta bere irudimen indartsua uztartu zituen idazle zuberotarrak bere testuan, eta, Kanpionek 1878an gaztelerara itzulita berrargitaratu zuenean, bai foruzaleek eta baita ernatzen hasi berria zen euskal abertzaletasunak ere harrera beroa egin zioten, euskaldunon jatorriei buruzko epifania gisa bereganatuz. Sabino Aranak bere lanetan erabili zuen, esaterako, eta gerora hainbat intelektual jeltzalek ‘aitorren seme’ izendatu zituzten euskaldunak.
Askoren ahotan ibili izan da, beraz, Aitorren kondaira. Badago askorik azpimarratu ez den kontu bat, ordea: Aitor, euskaldunon patriarka, bertsolaria da Xahoren testuan.
Kondairaren azpitituluan bertan seinalatzen du: ‘Barduliarrak. Gerekiz. Ilargi betearen festa. Bardo inprobisatzailea’. Testuak euskaldunon antzinako urrezko aro batean kokatzen gaitu, Gerekiz izeneko alegiazko mendialdean, eta, gerra amaitu berria, ilbeteko festa ospatzeko bildutako tribuak bertso saioaren bueltan bildu dira. Ohiko tradizioa hautsiz, elkarrekin lehian jartzen omen dituzte normalean bertsolariak, bere merituengatik, Lara izeneko gerlariari bakarkako saioa egiteko aukera emango zaio. Eta honek berak asmaturiko kondaira kantatuko du.
Lara bertsolaria da eta aldi berean azti eta igarlea[2]: 30 urteko gizon gazte bat izanagatik, agure jakintsu baten itxura hartu du bat-batean. Lara bertsolaria da eta aldi berean Aitor ere bada, euskaldunon patriarka.
Testuaren mamia kondairaren kontakizunak berak dakar, baina etengabe itzultzen da bertso saioari dagozkion pasarteetara: bertso sail bakoitzari ekin aurreko isiltasun sakratua, publikoaren harridura eta miresmen erreakzioak… Apologian esaten zuen bertsolaria historia nazionalaren kronista dela, kondaira honekin Xahok gehituko du historia horren sortzaile ere badela.
[1] Gisako kontuak ohikoak ziren Europa guztian zehar bateko eta besteko nazionalismoak ernatzen ari ziren garai hartan: “[…] se vuelve a ese pasado con una serie de mitos: mitos de orígenes y linaje, mitos de liberación y emigración, mitos de la edad de oro y de sus héroes y sabios, y, probablemente, mitos del pueblo elegido que va a renacer tras haber pasado un largo periodo de letargo que lo llevó a la decadencia o al exilio. Todos estos mitos-motivo (myth-motivs) juntos conforman una amalgama de mitos nacionalistas y un drama de salvación” (Smith, 1997: 59).
[2] Gerora hainbatetan aipatuko da bertsolarien igarle izaera. Esaterako Diario de San Sebastian egunkarian (1880/IX/27) Euskarazko itz-jostaldiak Donostian. Sariak izenburuarekin argitaraturiko testu honetan: “Es la una de la noche y acabo de volver hace poco del lunch que varios jóvenes de esta Ciudad hemos ofrecido á los preclaros versolaris, que en el Teatro Principal (…) nos han electrizado y entusiasmado con sus cantos, con sus dichos y con sus profecías, pues siempre los divinos vates han tenido la dicha de leer en el porvenir”.