[Lore Jokoak] Bertsolaritzaren historiako lehen lerroak

Bertsolaritzaren historiako lehen lerroak –

Antonio Zavalak, bertsolaritzaren historian gehien arakatu zuen gizasemeak, Bosquejo de historia de bertsolarismo lanean, 1802ko Villabonako desafioa seinalatzen du abiapuntu gisa argi eta garbi.

Desafio hartan elkarren aurka aritu ziren Juan Inazio Zabalaren nahiz Jose Joakin Erroizenea Txabalategiren inguruko hainbat datu argitu da gerora, epaile lanetan aritu zen Aizarnazabalko sakristauaren inguruko zerbaitzuk ere bai, eta epaile aritu zen Fernando Bengoetxea Altuna Fernando Amezketarra aski ezaguna da egun.

Topatu izan da bertsolaritzari buruzko arrasto zaharragorik ere. Bizkaiko Foruek 1452an ezarririko profazaden eta hiletarien bertsoen debekua, esaterako. Edo ezagutzen den bertsolaririk antzinakoena ere, Beñat Mardo, Villabonan elkartu ziren hauek baino lehenagokoa da, XVIII. mendearen erdialdekoa. Xahok garai bat markatu zuela aitortu zion eta Dassancek bere bertso batzuk 1769an datatu zituen[1]. Baina, datu biografiko gutxieneko batzuekin ezagutzen den lehen bertsolari belaunaldia Fernando Amezketarraren inguruko hau da. Zavalak adierazten duen gisan, Villabonako desafioaren aurretik dakusaguna arrastoak baino ez dira, bertsolaritzaren historiaurrea:

“Antes de las fechas citadas, apenas se encuentra otra cosa que confusión y fragmentos. Pacientes investigaciones podrán aportar alguna luz, pero hoy por hoy lo tenemos todo muy oscuro. Es Iztueta […] quien nos lanza de golpe un chorro de luz y tiene así el mérito de ser el iniciador de la historia del bersolarismo […]” (Zavala, 1996: 16-17).

 

Bertsolaritzaren historiako lehen lerroak

 

Iztuetaren ekarpena azpimarratzen du Zavalak, honek 1824an argitaratutako Gipuzkoako dantza gogoangarrien kondaira edo historia liburuan jaso baitzen lehen aldiz Villabonako desafioaren berri. Hauek lirateke, bada, bertsolaritzaren historiaren lehen lerroak:

“Datorren otsaillean izango dira ogeitabi urte, Billabonako plazan jokatu zutela itz neurtu edo bersoetan bostna onza urre, lendanaz apustua egiñik, Zabala amezketarrak eta Txabalategi Hemanikoak; zeñean izandu nintzan ekadoi edo jueztako Zabalak billatua; baña egun batzuez aurretik eritasun txiki batek artu ninduelako, ez nuen serbitu, eta nire ordez eraman zuen bere erritar Fernando; baita Txabalategik ere, Aizarnazabalko elizaia; eta Billabonako alkate jaunak, erabakitzalle D. José Mendizabal Tolosako apez aundi sonatu ura ifinirik, lau milla ta geiago personaren aurkezean kantatu zuten bi orduz jokalariak […]” (Iztueta, 1990: 145).

 

Bertsolaritzaren historiako lehen lerroak


 

[1] Pierre Lhandek ezkontza baten inguruko Mardoren koplak deskubritu zituen, Pierre Lafittek argitaratu (“Deux chansons de Beñat Mardo”, Gure Herria, 1950/XI, 293.-299. or.) eta Dassancek, kopletan aipatzen ziren izenetatik, ezkontzaren ziurtagiria topatu (“Chronique de la chanson basque: A propos de Beñat Mardo”, Gure Herria, 1967/XI, 289-296 or).

Bertsolaritzaren historiako lehen lerroak