Lokatzetatik leku bat loratzen denean

Lokatz Loreak-(r)en argazkia Lokatz Loreak 2023-11-14

Lokatzetatik leku bat loratzen denean –

Agian batzuek bertsoa.eus-eko azalean ikusiko zenuten, beste batzuek sareetan jarraituko gaituzue, eta, ziurrenik, egongo da gure berri ez duenik ere; hala ere, gauza jakina da Lokatz Loreak bertso munduaren parte bilakatu dela udan egindako lanaren ostean. Hori bai, kontua ez zen hor geratu, eta itxura dauka hala izango dela aurrerantzean ere. Horregatik, gerora etor daitekeenaren zain, orain artekoa gogoratzea ez zaigu gaizki etorriko.

Ez dakiten horientzat, Lokatz Loreak labur-labur definitzeko, hiru bertsolari gaztek osatzen dugun sormen talde bat dela esan daiteke. “Sormen talde bat?”, izango da askoren galdera, ezta? Bai, hala da. Izan ere, eskaini nahi dugun horrek bertsoa ardatz gisa hartzen badu ere, askozaz harago doa. Elkartzen gaituen jarduera hau abiapuntutzat joz eta bakoitzaren musika, ikus-entzunezko zein antzerkigintza gaitasunekin uztartuz, ekarpen berriak egin nahi dizkiogu bertso munduari, edo hobeto esanda, bertako kideei.

Jende ezberdinarentzat erosoak izan daitezkeen tokiak sortzea da proiektuaren helburua. Azken finean, sarritan adierazi dugun bezala (gure youtubeko katean ere badaukagu hori azaltzen duen bertso sorta bat), talde hau sortuta horixe izan baita hirurok lortu duguna; bertsoan beraiena den toki bat sortu eta hori osatuko duen jendea aurkitzea. Hau hobeto ulertzeko, kontuan izan behar da Lokatz Loreaken jatorria, gezurra eman badezake ere, taldeak bilakatu baitzituen lagun, eta ez alderantziz.

 

Lokatzetatik leku bat loratzen denean

 

Janire eta Izaro Ahalduntze Bertso Eskola Feministan elkartzen baginen ere, benetako lotura Bizkaiko Emakume* Bertsolarien Topaketa izan zen. Bazkaltzeko tartean geundela, zorteak edo patuak elkartuta, batera esertzea egokitu zitzaigun. Irri eta txantxa artean atera zen zerbait desberdina egiteko gaia, baina, hitz egiten joan ahala, hasieran ideia zoro bat baino ez zena egia bilakatu zen; horrela jaio ziren Friki Saioak.

Bertso saio tematikoen zirkuitu bitxi honek bost emanaldi eskaini zituen guztira abuztua eta iraila bitartean. Bertan, 21 bertsolarik hartu zuten parte; adin, toki nahiz gustu ezberdinetakoak denak.

Lehena, arreta gehien deitu zuena eta ondorioz jendetsuena, Harry Potteren bertso saioa izan zen. Bertan Leire Vargas, Maddi Agirre, Jone Larrinaga eta Nerea Ibarzabalek abestu zuten, bakoitzak esleitutako etxearen ahotsetik. Film zatiak, fantasiaz beteriko jolasak eta objektu magikoekin gidatu genituen bertsolariak Ron, Harry eta Hermioneren paperean sartuta.

 

Lokatzetatik leku bat loratzen denean

 

Gerora, Bertso Fashion Week-en txanda etorri zen. Hau, Deustuko Gaztetxean egin zen eta Aitor Etxebarriazarraga, Ibai Lekuona, Enare Muniategi eta Josune Aramendi izan ziren pasarelan abestea egokitu zitzaienak. Glamour eta estiloz betetako bertsolari hauek Euskal Herriko Txapelketako finaleko diseinatzailea izateko lehiatu ziren, look ezberdinak sortuz nahiz kritikatuz.

Irailari Meme saioarekin ekin genion. Izenak berak iradokitzen duen erara, Sastraka Gaztetxean eta proiektorearen laguntzaz, sareetan gehien erabiltzen diren memeak baliatu genituen gaiei sarrera emateko. Agian, horrela entzunda zerbait bitxia eman dezake, baina Koldo Gezuraga, Asier Alcedo, Ixone Asategi, Miren Amuriza eta Haizea Aranak egin zuten saioa ikusita, argi geratu zen irudi batek mila hitzek baino gehiago balio duela dioen esamoldea egia dela.

Bideak Lekeitioko gaztetxeraino jarraitu zuen, bertan distortsionatu baitzuten historia Denbora Makina saioan abestu zuten Joar Garate, Xabat Galletebeitia, Iruri Altzerreka eta Joanes Illarregik. Hiru zientzialari zororen papera hartu genuen aurkezleok, bertsolariak mundua sortu zenetik gaur egunerainoko eszenetan kokatuz.

Udarekin batera amaitu zen zirkuitua Gernikako Astran, izarren hauts bihurtuz Bertsoskopoa deitu zen horoskopoari buruzko saioan. Honetan Onintza Enbeita, Irune Basagoiti, Aner Peritz eta Nagore Beitia murgildu ziren astroen arteko bidaian. Izan intsentsu usainak ekarritako inspirazioz edo dohain hutsez, amaiera paregabea eta hunkigarria izan zen ilusio osoz landutako proiektuarentzat.

Bertsozaleengandik jasotako erantzun positiboa ezustekoa izan zen hasiera batean guretzat. Izan ere, gure premia huts bat ez zela susmatu arren, ez genuen espero ingurukoak sortu nahi genuen lekuarekin hain identifikatuta sentituko zirenik. Izan saioz saio aurpegi errepikatuak ikusten, telazko poltsen salmentak izandako arrakastaren poztasunez, jasotako laguntzeko prestutasunaz edo bertsolarien esker onengatik, saihestezina izan zen bideko urrats bakoitza gozatzea.

Argi dago ez zela dena samurra eta erraza izan, hirurak oso azkar konturatu baikinen zein zaila den antolatzailearen lana. Maiatzean hasi ginen fruituak uztailean emango zituen ekimena ereiten, astean behineko bilerak eguneroko entsegu bihurtzeraino. Hala ere, aberasgarria egin zaigu, ohituta geunden bertsolari roletik irten, eta ondokoen betebeharrek dituzten xarma zein oztopoak ikustea. Gozagarria egin zaigu bidea, moldeetatik at arakatzea eta eman izan ez zaigun lekua gure neurrira diseinatzea.

Lehendabizi, elkarrengan topatu izan genuen leku hori. Lehen aipatu legez, Lokatz Loreak sormen taldea izan zen, gerora Lokatz Loreak lagun taldea izango zenaren erantzule. Pertsona eta sortzaile moduan ezagutarazi gintuzten Friki Saioek, eta laster ohartu ginen harremanak izan zezakeen potentzialaz. Lan nekeza nabarmenki arindu zuen elkar osatzeko dugun joerak, hiruron nortasun desberdin, baina bateragarrien ondorioz. Gidoiak produzitzean zein muntaietan, txiste txarrez eta algaraz josten zen orokorrean prozesua, eta hori gerora, saioetan nabaritu zelakoan gaude. Gure artean izandako konplizitatea plazaratu eta bertso jarduna hortik abiatzea lortu izana espero dugu.

Bertso saioetara hurbildutako jende motaren aniztasuna nabarmendu nahi genuke. Bertsoaren munduan murgilduta gaudenok pentsatu edo ez, bertsolaritza mundu arrotza izan daiteke askorentzat. Izan ere, saio tematikoetara hurbildu zen jendea, segur aski, ez litzateke herriko jaietako urteroko bertso saiora edo Txapelketako finalaurrekora hurbilduko. Gai desberdinak jorratzeak lortu du jende horren gerturatzea. 

 

Lokatzetatik leku bat loratzen denean

 

Guzti honez gain, hirurok izan dugun garapen pertsonala ere nabarmena izan da. Aurretik bertsolariak baginen ere, antzerkigintzaren, antolakuntzaren edo gai jartzaile lanaren inguruan hausnartu eta ikasteko aukera izan dugu. Bertsolari bezala saiora joan, kantatu eta etxera itzultzera ohituak bageunden ere, konturatu gara zenbat lan eta zenbat ordu dauden gai sorta edo bafle baten atzean. Gainera, saio tematikoak izanik, trama bat pentsatzearen konplexutasunaz ere ohartu gara. Ez da erraza istorio bat bertso saio batera moldatzea, eta tartean bideo eta mozorroak badaude, are zailagoa da.

Oro har, oholtzaratzerako orduan ere, lotsa alde batera utzi behar izan dugu zenbaitetan, ez baitira munduko saiorik ohikoenak izan. Hirurok mozorroturik aurkezten genituen, sorturiko pertsonaietan guztiz sarturik, saioak tematika jakin bat jarrai zezan. Bertsolariak jantzi ohi duen zurruntasun mozorroa erabat puskatu behar izan genuen lortu nahi genuen girora heltzeko. Ukaezina izan da lehen aurkezpenetik azkenengora taula gaineko jarreran izan genuen aldaketa, proposamenean sinesten dugula nabarmenduz. Gerora, bertsoak jarraitzen dituen bide definituak beste perspektiba batetik ikusi ahal izan ditugu, eta horrek plazan darabilgun jarreran ere eragin du.

Lehenengo friki saioa amaitutakoan, afaltzera joan ginen hirurok, eta oso ondo gogoratzen gara une hortaz, egin genuena ezin sinetsita geunden; baita jendeak izan zuen harreraz, izandako sentimenduez… Lehenengoaren euforiak indarra eman zigun lanean jarraitu eta hurrengoak ere gogoz prestatzeko. Jendea harritu bezain harro zegoen; baita gu ere. Inork ez zuen horrelakorik espero. Agian, aldaketa txiki bat izango zen bertso munduarentzat, baina erabatekoa gure munduentzat. Abuztuaren 13a betirako data berezi bat bezala gordeko dugu egutegietan.

Askotan ez da erraza izaten hain sakratuak diren formetatik atera eta gauza desberdinak sortzea, baina guk argi dugu, lokatzez eta lorez betetako bideak merezi izan duela sortu dugunaz gozatzeko. Ezin ditugu ahaztu jasotako esker eta zorion mezuak, eta jendeak hasieratik guregan jarritako konfiantza eta ilusioa. Proiektu prekario bat bazen ere, bertsolariek hasieratik eman zuten baiezkoa eta zaleek interesa jarri zuten argitaratutako edozein berritan. Nola ez, saioetara etorri eta saioez gozatu duten guztiei besarkada bana Lokatz Loreen partetik.

Hori bai, buruhausteek ez dizkigute buruak hustu eta hortik aurrera beste zenbait kontutan ibili izan gara; adibidez, 2022ko Bertsolari Txapelketa Nagusiko tira komikoak egiten. Izan ere, gogoratu behar dugu bertsoa ardatz hartuta sormenari ateak zabaltzea dela gure helburua, eta horrek esan nahi duela guztia ez dela saioen antolakuntzara mugatuko. Horrela, urritik abendura bitarte, gure sare sozialak hornitzen jarraitu nahi izan dugu, presentzia mantentzeko. Eta baita lortu ere, jarraitzaile berriak eskuratzeaz gain, erantzun oso positiboa izan baitute asteroko tira komikoek. Indarrak neurtzea eta atsedenak hartzea beharrezkoa den arren, hasierako ilusio berberak bertan dirau oraindik.

 

Lokatzetatik leku bat loratzen denean

 

Gerora begira

Irailean saioak amaitu genituenetik (baita lehenagotik ere, beharbada), galdera bakar bat egin omen digute, “Noiz egingo duzue zerbait gehiago? Zer proiektu daukazue etorkizunerako?” Baina egon lasai bertsozale eta Lokatz Lore zaleok, hirukote honen burua ez baitago geldi. Dena den, beti ez da erraza izaten ideiak lurrera ekarri eta errealitate bihurtzea. Badakigu indarrak neurtzea derrigorrezkoa dela, etorkizun bateko proiektuek aurrekoek hartu izan duten ilusioarekin eraman ahal izateko aurrera.

Hala ere, gehiagorako gogo faltarik ez daukagu, eta jendeak eskatzen duela ikusita, nola ez egin zerbait? Talde honen frikitasunak mugarik ez duenez, gai ugari geratu dira jorratu gabe eta horien inguruko zerbait egitea da gure helburuetako bat. Denbora asko eskaini beharreko lana bada ere, gozatuz egindako lana ez da karga izaten. Hamaika lokatz putzu daude oraindik bertso mundutik loratzeko itxaroten. Beraz, ezer konkreturik esan ezin badezakegu ere adi egon gure sare sozialetara, gauzatxoak datoz eta!

 

 

Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean Lokatzetatik leku bat loratzen denean