Lekuonaren formulazio jantzia: Lekuona, inspirazioa

Antxoka Agirre-(r)en argazkia Antxoka Agirre 2024-12-23

Lekuonaren formulazio jantzia –

Oiartzuarrak Gasteizko Seminarioan egin zituen apaiz ikasketak eta gazterik, 1916an, Euskarako katedra lortu zuen bertan; besteak beste, Euskara eta Euskal Literatura ikasgaiak eman zituen hogei urtez. Eusko Ikaskuntzaren sorreran parte hartu zuen, eta garaiko hainbat aldizkaritan kolaboratu: RIEV, Euskalerriaren alde, Antzerti, Euskera, Anuario de Eusko Folklore… Hainbat antzezlan eta narrazio ere argitaratu zituen, eta euskal idazle gazteak sortzeko Kardaberaz Bazkuna jarri zuen martxan 1924an. Horrela, Gasteizko Seminarioan eratu zen ikertzaile eta kulturgile taldea izan zuen bidelagun:

“lrakaskuntzan ari zelarik, eta Seminarioko bizikidetzan bizi, oso jakina du orduko lagunartea. Aldian aldian biltzen ziren, gaiak eguneratzeko eta idaztortza zorrozteko bildu ere, A. Pildain, Canarias-ko Gotzaina izango zena, J. M. Barandiaran, L. Arabiotorre, J. M. Arizmendiarrieta eta M. Lekuona. Batzarre hauek badute zerikusirik Seminarioko ikerkuntzetan, aldizkarietan eta polemiketan.” (Intxausti, 1987: 2)

1920an Lekuonak ikasturte irekierarako euskal metrikari buruzko hitzaldia eman eta bi urtera, Pirinioetako Geologia, Euskal Historiaurrea, Etnografia eta Euskal Gizartearen Ideia Erlijiosoen Historia bezalako ikasgaiak txertatu ziren Seminarioan. Handik urtebetera, Eusko-Foklore Elkartea sortu zuen bertan Barandiaranek, Eusko Ikaskuntzaren babespean, eta Anuario de Eusko-Folklore aldizkaria argitaratzeari ekin zion. Zulaikak azaltzen ditu Lekuonaren lana ulertzeko funtsezkoa den inguru horrek eta euren jarduerak eragin zituen erreakzioak:

“Todo esfuerzo por investigar la cultura vasca topó desde un principio con obstáculos políticos. Etnólogos de renombre como Van Gennep o Graebner elogiaron estos estudios, pero la sociedad de folclore vasco fue atacada desde sus inicios por periodistas y políticos que solo podían ver en ella un semillero de separatismo político” (2000: 110)

Debeku eta presioak ohikoak dira. Primo de Riveraren diktadura hasi berritan, 1924an, Bizkaiko Foru Aldundia izan zen Eusko Ikaskuntzari laguntza erretiratuko ziona, haren jarrera “antiespañola” zelakoan, edo 1932an, Errepublika martxan zela, Madrilgo Gobernuak Barandiaranek sortutako Filosofiako, Soziologiako, Etnologiako eta Psikologiako laborategiak ixteko agindu zuen, arrazoi berberagatik.

Lekuonaren formulazio jantzia
Manuel Lekuona (1894, Oiartzun-1987)

Bertsozaletasuna etxetik zetorkion, aitarengandik[1], baina 1918ko Oñatiko Eusko Ikaskuntzaren Kongresuan bizi izandako gorabehera batek piztu zuen Lekuonarengan bertsolaritza ikertzeko harra. Donostiako kazetari batek Alemaniako nekazariek Goetherekiko eta Schillerrekiko zuten zaletasuna eta euskaldunek bertsolariekiko zeukatena alderatu zituen, euskaldunak eta bertsolaritza gutxiesteko: “Egia da, Oñatiko Batzar Nagusian entzun nuala nik, jakintsu-usteko jauntxo baten aotik, bertsolaritzaren kontra esan ditekeen despreziozko itzik txoroenetako bat: Bertsolariak Igande arratsaldeetan, sagardotegietan zozokeriak besterik esaten ez dituztelako iritzi iguingarria” (J.M. Lekuona, 1985: 9). Hitzok Seminarioko klaseetan bertsolaritzaren inguruko kontuak txertatzera eta jada aipatu den 1918/1919ko ikasturte irekierako hitzaldia ematera akuilatu zuten oiartzuarra:

“Ori entzun nuanean, asi bait nitzan ni, Gasteiz’ko Seminarioan ematen nituan Lekzioetan BERTSOLARIEN BENETAKO APOLOJIA egiten. 18’gn urte artan bertan izan eta argitaldu bait nuan Itzaldi Akademiko bat —ain xuxen, Oñati’ko Batzarraren urtean, grippe aundi urtean—“De métrika vasca” izena zuana, euskal-bertsoen neurri ta metrikari buruz…” (id.: 9)

Esan bezala, 1930eko hamarraldi hasieran emandako bigarren hitzaldi bat izango da, ordea, hurrengo urteetako loraldian funtsezko suertatuko dena. Kasu horretan Anjel Apraiz izan zen zirikatu zuena, Bartzelonako Unibertsitatean irakasle, Eusko Ikaskuntzako idazkari eta euskal unibertsitate baten aldeko garaiko mugimenduan funtsezkoa izan zen gasteiztarra: “Apraizek, esan zidan: ‘Oiga usted, don Manuel, ya sabe usted que tenemos un congreso en Vergara de arte popular’. ‘Si’. ‘Tendría usted inconveniente en dar una lección sobre […] poesía popular?’. ‘Ya tengo algo que decir y con muchísimo gusto’.” (Oh! Euzkadi, 1982ko otsaila, 14. zk. “Manuel Lekuona”).

Bazeukan bai zer esana. Bere luzeragatik bi zatitan eman behar izan zuen hitzaldia, eta bigarrena bat-batekoari eskaini zion, Xahorena bezain garrantzitsua baina jantziagoa izango zen apologia eraikiaz. Horrela, bertsolaritzaren garrantzia azpimarratu zuen batetik:

“Un bertsolari no es tan sólo un ‘cantador’ de coplas. Ni es tan solo un poeta que ‘hace’ versos. El bertsolari es un improvisador en el sentido estricto de la palabra […] y aquí estriba precisamente, como después diremos, su raro, rarísimo interés […] el bertsolari, considerado desde cierto punto de vista, es una verdadera institución en la sociedad vasca. El bertsolari nunca es un poeta que canta solo; es el poeta que canta juntamente con el pueblo que le escucha […].” (1934: 20-21)

Ahozkotasuna Historiaurretik datorren kulturaren ondare gisa defendatu zuen jarraian, eta munduan zehar aurki zitezkeen gisako beste fenomeno batzuk aipatu, alor honetan memoriak eta formulek jokatzen duten papera azalduz edo erabili ohi diren hainbat edergailu zerrendatuz. Bestalde, bertsolaritzaren historiari ere eman zion errepasoa Lore Jokoak, Xenpelar, Pello Errota, Txirrita eta abar aipatuz, eta fenomenoaren balio literarioa azpimarratu nahi izan zuen dozenaka ale eder ekarriz eta iruzkinduz.

Lekuonaren formulazio jantzia
Kepa Enbeita (1878, Muxika-1942, Areatza)

Ez zion bertsolaritzari aurreko hamarkadetan egotzi zitzaizkion gaitzak planteatzeari uko egin, eta bertsolariak jantzi beharra nahiz euskal intelligentsiak egokitzapen horretan bere gain hartu beharreko ardura azpimarratu zituen:

“Las causas de este desprestigio son, sin duda, primero la ramplonería de la mayor parte de los conceptos que vierte el poeta aldeano en sus versos; y segundo, el léxico desatinadamente bárbaro en que canta su inspiración. Dos causas, en efecto, que si hacen bajar mucho los quilates literarios de la obra del improvisador, pero, desde luego, son perfectamente separables de la esencia del bertsolarismo y de la rara técnica artística de los bertso-beriak (la prueba la tenemos en los hermanos Enbeita y en los bertsolaris de allende del Bidasoa); y por otra parte dos causas de cuya existencia nos alcanza la culpabilidad a todos los vascos cultos que no nos hemos preocupado de proporcionar a nuestros pobres bardos la cultura a que eran acreedores por su significación social.” (1934: 21)

Lekuonaren formulazio jantzia
1930. Bergarako Eusko Ikaskuntzaren kongresuko parte hartzaile batzuk. Argazkilaria: Ojanguren.

Bukatzeko, idazle berriei eta euskal erakundeei luzatu zien deia:

“[…], terminaría haciendo un doble llamamiento primero, a nuestros noveles poetas, para que en sus afanes poéticos volviesen la vista al modelo popular […] y segundo, a las corporaciones y entidades culturales de la región, para que todos prestaran una mayor atención a nuestro bertsolarismo […].” (1934: 34)

Lekuonaren teorizazioaren lehen zirriborro garrantzitsua ekarri zuen hitzaldi hark, eta teorizazio hori guztiz borobildua 1936an argitaratu zuen Literatura oral euskérika lanean gelditu zen[2]. Oiartzuarraren lanaren abangoardiazko izaera azpimarratzekoa da, ahozkotasunaren inguruko ikerketa nazioartean bere lehen pausoak ematen ari zenean burutu baitzuen. Izatez, Marcel Jousseren lanak ekarpen honetan izandako eragina azaltzen du Gorka Aulestiak (1994: 31-40), Lekuona bere garaiko mundu mailako puntako ikerketen ildotik aritu zela nabarmenduz.


[1] Honela kontatzen du Lekuona berak: “[…] behin aittari hauxe entzun izan nion: ‘herriko pestarik ederrenak —berak esaten zuen— neretzat meza nagusi eder bat, haren ondotik pelota partido polit bat, bazkari on bat eta arratsaldean bertsolariak’. Eta nik bertsolariak entzun nittuen eta gustatu ere bai, ez nekien zergatik gustatzen zitzaidan baina aittaren bultzadak asko egin zidan.” (Oh! Euzkadi, 1982ko otsaila, 14. zk. “Manuel Lekuona”).

[2] Bere ikertzaile ibilbide luze eta oparoaren errepasoa egiterakoan lan hau nabarmentzen zuen baita Lekuonak berak ere: “Nik egin dudan lanik serioena ‘Literatura Oral Vasca’ [izen hori izan zuen hurrengo argitaldietan] izan da. Hori, denak despreziatua bezala zeukaten garaian, eman nion zera bat, biziera bat. Horixe da nere gauzarik ederrena, horixe da” (Oh! Euzkadi, 1982ko otsaila, 14. zk. ‘Manuel Lekuona’).

Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia  Lekuonaren formulazio jantzia