[Herrialdeetako Txapelketak II] Taldekako I. Xilaba: lekukotasun bat
lekukotasun bat –
2018an jokatu da Xiberoa, Lapurdi eta Baxenabarreko lehen taldekako Xilaba. Bazterrak harrotu ditu ariketa berriak, 11 talderen inguruan 44 bertsolari, gai emaile eta antolatzaile talde ederra bilduz. Urtean zehar bizi izandako esperientzia, bihotz-altxagarria izan zaidan heinean, lerro hauetan biltzen saiatu naiz, lekukotasun edo oroigarri gisa.
Altzumartako gela mukuru betea, afalondoa da, giroa bero. Punttuka elkar aurkeztuz, umorez beterik hasi du saioa Otsoaren 7 Umeak taldeak. Bakoitza kantuan ari den heinean, heien ondoan, Julen Etxeberri gaur kantatuko ez duen taldekideak, puntuz puntu, pankarta bat agerrarazten du. Kantatu berria izan den puntua osatzen duen ohar edo irudi bat ikus daiteke han. Kartoi bat agertzen den aldi oro, publikoak irri. Beren buruaz trufa eginez hasi, eta Eskukula taldekoei sartu diete ziria ondoren.
Ahozko bertsoa irudi eta idatziei josiz, ezusteko jokoa sortu du gazte taldeak. Kartoi gaineko zirrimarrek udalekuetako eskulanak, haietako bertso-antzerkien giroa oroitarazi didate.
2018ko taldekako Xilaba hasi den asteburu honetan bideoz iritsi zaidan agurrak ongi jakinarazten du zein izanen den aurtengoaren kolorea. Giro goxoa, umoretsua, sinpletasuna, freskotasuna, ausardia, zirika.
Xilaba honetan taldeka kantatzen dugu, ariketak elkarren artean banatuz. Maila ezberdinetako bertsolarientzat lasai aritzeko aukera zabaldu da. Lehentasuna, bertsoaren epaiketa teknikoari baino, giroari eman nahi zaio. Gisa horretara, inoiz baino jende gehiago ausartu gara; berrogeitik goiti! Bertsolari talde arrunt heterogeneoa eta aberatsa osatu dugu; txapelketa edo plazetarik ezagunak zaizkigun bertsolariez gain, sorbalda gainetik hautsa kendu eta berriz argiratu gara zonbait, armairutik irten dira besteak.
Taldeak osatu ditugu, argazkitan hartu. Ezkorbrutak, Eskukula, Ostatu Batuak, Dilindan; talde izen bakoitzak badu bere istorioa, hitz jokoa. Argazkietan ere ongi ageri da txapelketari eman nahi diogun tonua.
Kontrabandoaren lekuko diren Hendaia, Azkaine, Sara eta Zugarramurdiko bertsolari banda bildu gara gurean. Maddalen Arzallus eta biok Sarako trinketerat joan gara eskolarteko final egunean. Julene Etxeberri eta Josebiñe Agirreren ezagutza egin dugu.
Aurtengo Xilaba aukera ederra izan da niretzat belaunaldi berri horren ezagutza egiteko. Gure taldekideak, Dilindan taldekoak, garaztarrak eta beste zenbait ere. Nolako energia, indarra eta kopeta! Freskagarriak dira! Funts gehiegirekin hartzen nuen agian nik bertsolaritza gazteagotan. Ohorez eta gaizki egiteko beldurrez urduri, jendearen begiradaz lotsa, serios. Kopeta zurrun, ez zen beti goxo jendaurrean kantatzea. Ezta ni entzutea ere segur aski! Pertsonalitate handiko gazteekin aritu gara kantuan Xilaban. Josebiñe taldekideak bereziki irudimenez gainezka, jarrera baikorra eta irria ezpainetan, erorka baina beti xutik, lasai, entzuleak irriz entzuteko moduko saioa eskaintzeko gaitasuna erakutsi digu.
Pausuko Xaia ostatuan, hasierako agurrean, Karidadeko Bentaren Gure negua aire goxo eta sakonean, Maddalenen gitarraz lagundurik, muga gainditzearen gaia izan genuen ahotan. Garaziko saiorako, Otsoaren 7 Umeen lehen saioko agurra ikusi eta, agur berezia prestatzeko gogoa bizitu zaigu. “Otsoak zazpi ume ta Kontrabandak hiru haur / Hemen lasai sartzen giren azken eguna da gaur!”. Shakirak Me enamoré kantuko klipean gure taldeko argazkiaren antzeko irudia duela ohartu gara, eta bertako gazteek urte batzuk lehenago sortutako Garazi style kantu satirikoaren klip droleari begi keinu eginez, Shakiraren “gerritmoan” ausartu gara beraz, reggetona ekarriz bertso saiora. “Luisenian Lui xe xe xe nian / Eta flikak rrronpuenian / Rom pue pue pue nian / Lui xe xe xe ni!”.
Hamaika talde zenbatzen dira, baina funtsean taldekako Xilaban sortu den taldea bakarra da. Niretzat, hasteko, bertsolari berriak ezagutzeko paradaz gain, bertsokide ohiengana hurbiltzeko xantza izan da. 2018ko udaberritik hasi eta hilabeteak aitzina joan heinean, mugimendu eder baten parte sentitu naiz, eta sentitzen oraindik!
Talde bakoitzak bere etxeko saioaren ardura izanki, partaideen aberastasuna saio mota eta tokietan islatu da. Gamere, Altzumarta, Sara, Heleta, lehen laurak izendatuz bakarrik ohar gaitezke xoko berriek egin dietela harrera Xilabari.
Taldekakoak, bere berezitasunean, ezohiko jendea bildu du, leku berrietara iritsi da, baita ezusteko entzulearengana ere. Bertso saioetara sekula joaten ez den jendea ikusi dugu entzulerian. Halabeharrez saioa berengana hurbildu delako, edo lagun batek kantatzen duelako agian. Plazer handiena izan da enetako, ezustean saio bat entzun duen jende bat, ondoko saioetara etorri dela ikustea.
Kontuan hartuz txapelketa honen helburuak eta parte hartzaileon arteko maila ezberdintasunak, saio gorabeheratsuak entzun ahal izan dira. Batzuek preziatu dute taldeen barruan agerian zen elkartasun giroa. Urduri denak nola konta dezakeen esperientzia gehiago duenaren sostenguan. Hankaluze eta laburrez aberatsa izan den txapelketa honetan, teknikoki perfektua ez zen bertso bikain anitz kantatu da.
Azkaingo Xoko Onan iragan zen saioa Xilaba honen bertso berezitasunen adierazgarri izan zen nire iritziz. Azkaindar bertsozaleek lekua egin behar izan zieten Amikuzetik etorri Eskukula taldearen segitzaile sutsuei. Agurretik hasi, eta irriz eta txaloka hartu zituzten bertsoak giro ezin hobean.
Saioetan kantatutako hasierako agurrek arrakasta handia izan dute. Taldeka prestatuak eta puntuatuak izanik, originaltasun handiko balentriak ikusi ahal izan dira txapelketan zehar. Mattinsaltok, txistua eta ttunttunarekin, zazpi jauzien doinuan eman dio hasiera saioari, eta Eskukulakoek nola erantzun! Bittor Thikoipe hasi da kantuan, agurrerako ideia guti dutela: “Nahiago dugu lekua utzi mikroa maite duteneri”. Hiru bertsolariak itzuli dira, publikoari bizkar emanez, eta jendearen sorpresa, irriak sorraraziz. Pettan Prebendek erantzi du trikota soinetik, eta Mattinsaltoko bertsolariak, bere tee-shirta ikusirik, irriz hasi dira. Pettan berriz publikoarengana itzuli delarik deskubritu du entzuleak irri horren arrazoia: paparrean, “Larrun ez hunki” elkarte ezagunaren logoa egokiturik, “Ellande ez hunki” idatzia du. Mikel Laboaren Gure bazterrak kantuaren bertsioa eginez, “Maite ditut maite gure pottokak, mendian / Larrungo tren ttikitik ikusten dituztanian”, Mattinsaltoko kide den Ellande Alfaroren paperetik kantatu du, “Larrun ez hunki”-n duen inplikazioa ironiaz salatuz. Ramuntxo Christyk erantzi du gainekoa ondotik, bere paparrean “Aitzina Aitor!” Izen bereko euskal gazteriaren antolakundean egiten duen Aitor Servierri zuzendu dio bere kantua, Manu Chaoren Clandestino doinuan, umore handiz. Azkenik, Bittorrek agertu du bere tee-shirta, azken sorpresa, eta berriz irri karkailak eraginez. Bertan bertsozale elkarteko logoa ageri da, azpian “Xumaien lagunak” idatzirik. Bertsolarien Lagunak elkarteko lehendakari den Xumai Murua Berraren izenean kantatu du.
Agur hori Xilaban batek baino gehiagok sentitu dugun berezitasunaren adierazgarri da; bertsolaritza kulturaren arlo ezberdinen ekarpenez jantzi da. Izan musika, antzerki eta baita grafismo edo estilismotik, baita libertimendu edo herri-antzerkien iturritik ere aberastu da.
Hona saio berean Xumaik eta Pettanek zortziko ttikian kantatu bertsoak. Xumairekin ezkontzekotan den Pettan ohartzen da Xumaik bere bikotekide ohi guzien izenak eman dituela ezkontzako gomiten zerrendan. “Baina zerrenda leitzean ni kasik erori / Nor ote da Maitena? ta Gaxuxa hori?” galdetu dio Pettanek. “Ez ditut idatziak gaitzitu zaitezen / Baina ezarri ditut izen ta abizen/ Hogeita hamazazpi dira xuxen-xuxen/ Orok ikusi dezan zeinen uros naizen!”, erantzun dio Xumaik. Pettanek zuzenean erantzun dio hogeita hamazazpiak denak gomitatuko dituztela, baina, bereak ere eginez gero, ez direla denak sartuko. “Nerea pentsatu nuen eta ez bienak / Ikusten dut sortzen ahal dituela problemak / Soilik deitu ditzagun, utzi gintuztenak!”, ihardetsi Xumaik. “Ados Xumai goazen, ta hola abia / Ezkontza hori zinez izain da magia / Zanpez beteko dugu denek ostatia / Aldiz kanpo utziko zure familia!”, Xumaik saioa borobiltzeko hala erantzun zion Pettanten azken proposamenari: “Beraz nire familia ez da gonbidatzen / Haientzako gehiago tokirik ez baitzen / Baina etortzea ere ez zuten galdetzen / Ondoko igandez han baitugu bazkaltzen”.
Ideiaz ideia elkarri erantzunez bidea marraztuz, saio bizi eta umoretsuak entzun ahal izan dira Xilabako saioetan. Bertso horiek txalotzeaz gain, entzule eta kantukideek errepikak kartsuki kantatu dituzte. Pantxika Solorzano, Aimar Karrika, Ortzi Idoate edo Ellande Alfaro bezalako kantariak inguruan izatea gauza ederra da belarrien gozamenarentzat!
Txapelketan zehar entzungai izan den bertsoaldi mota baten ezaugarri izan ziren hurrenez hurren Azkainen Aitor Servier eta Ramuntxo Christyk kantatutako bakarkakoak. Bakarkako gaiak, usu dramara jo ahal izateko idatziak izanik ere, saioarekin bat egiten ez duen giroa izanik, bertsolariek modu berezian landu dituzte. Bakarkako txapelketa batean bertsoaldi eder eta sakona egiteko joera senti daitekeen lekuan, hemen plazako saioetan bezala bertsolariek entzulea eta giroari egokitu dizkiete bertsoak, ezusteko ideiak eta, azken finean, ale ederrak eskainiz.
Etxetik 300 eurorekin atera eta ezer gabe itzuli den Aitorrek, bakarka, horrela kantatu zuen:
Sagarno pixkat, garagarnoa, hasieran lasaiki, fin
Txupito batzuk, patxaran batzuk, eta koktelekin ezin!
Coucou des bois-ra goaz autoan gidatzen nor den ez jakin,
Autoan egin behar dugu lo, edo komunetan berdin.
Ez da egin behar besta Ramuntxo, Pettan eta Bittorrekin!”
Hastapenean pentsatu arren aski ginuela gaurko,
Coucou des bois-ra iritsi eta mozkortu gira galako
Behin apustu bat egin ginuen, dena ene kalterako
Eta bestako trago guziak haiei ordaindu beharko,
Gure aurkako azken saioa irabazi zutelako!
Ondoko bakarkako ariketan, kartoia eskuetan auto-stop egiten ari den Ramuntxok, Aitorren papera hartu zuen, bere aurreko saioko istorioa berriz hartu eta segida polita emanez, berea duen umore bereziarekin:
Larunbat guziz gauza bera da, barda ezin izan bertzela
Xoko Onan ginen, berotzen hasi, giroa zen hain epela
Gero Ramuntxok otoa hartu, eramanen gintuela
Ta orai hemen bide bazterrean, Ikusten nauzue horrela
Oino eskerrak Coucou des bois-n, Kartoina eman didatela!”
Ramuntxo fite eskapatu zen, goizeko bostak aldera
Gero Ellande Xumai ta Pettan, banan-banan hor atera
Baina nik pesta segitu nuen, buruari ez in galdera
Ta orain triste eta hozturik, arazoa da gainera
Igande goizez nor joaiten da, Xiberutik Azkainera?
Xilabaren ezaugarri garrantzitsua izan den heinean, umorea anitz aipatu dut hemen. Ez nuke erranen halere saioetan bertsolariek arinkeriara jo dutenik. Bertsoaldi seriosak, sakonak eta hunkigarriak izan dira; Aitor Sarasua gogoan, edo Dilindan taldekoek Baionako agurrean Aitor Renteria Txatoren omenez egindako bertso-pintada-agurrean adibidez. Aitor Servierrek txapelketan utzitako lana ere azpimarratu nahi nuke. Gazte-gaztetarik erakutsia zigun bertsotarako duen gaitasuna, baina udazken honetan bereziki harritu nau, heldutasun handiz eta ikuspuntu interesgarrietarik hartu dituen bakarkako lanetan bereziki; Suhuskuneko finalerdian Karidadeko Benta taldearen Demokrazia kantuari eta Ahobizi txapa ekarri dion bilobari bertso ederrak kantatu zizkien. Baigorrin, finaleko saioan, hona Komunean gakotu da. Ez du atera nahi gaiari kantatu zizkion bertsoak:
Eskolarako bidea hark ez du egiten errez
usu laguntzen diogu bera lasaitzeko xedez
irakasleengan ere sinetsi ohi dugu fedez
gure alaba ttikia maite dugulako berez
gaur hitz egin nahi genuen, genuen asmo onenez
hamabi urte beretzat adinik zailena denez
berak ez gaitu ulertzen eta guk bera ere ez.
Gure alaba delako bere klasean irrigai
emaztea eta biok ere ez gaude hain lasai
lagunak behar zutenak bihurtzen zaizkio etsai
ezezkoa dio beti nahiz ta guk hari erran bai
azkenaldian etxean dena liskar dena ezbai
pentsatu dut atearen ondoan nindagola zai
ez du kontatu nahi edo guk ez diogu entzun nahi.
Atean zain ia ordu bihurtzen da segundua
beretako babes ote da etxeko ingurua
aditu dugu eskolan maisu-maistren aburua
ikasgelan zein etxean eguneroko gudua
komunean utziko dut hau du toki segurua
negarrez lehertu eta konpondu dezan mundua
berriz lagun izan arte bera ta bere burua.
Taldekako Xilabaren bilana baikorra dela erranen nuke orokorki. Parte hartzaileontzat aukera ederra izan da urtean zehar bertsotan aritzeko, baina baita saioak antolatu, gaiak prestatu eta epaile lanetan aritzeko ere. Beste taldeen saioak entzuterat izan gara, eta txapelketa aitzina zihoan heinean, talde giroa sortu da. Horren argazki esanguratsua izan da finaleko saioaren ondotik, Baigorriko Manexenian, afaldondoan egindako bertso sorta eta kantu saio ederra. Baita ondotik Bixentainian goizeko ordu ttikiak arte luzatutako puntukako saioa ere!
Ohartu gara jendea kantatzeko gogoz gelditu dela. Beraz, jakinik 2020an bakarkako Xilaba eta 2021ean Euskal Herrikoa helduren zaizkigula, erabaki dugu lau urtez itxoiten egon gabe 2019an berriz taldekakoa antolatzea! Kurios naiz ondoko bakarkako txapelketan taldekakoak Ipar Euskal Herrian harrotu duen mugimenduak zein eragin izanen duen ikusteko.