LEHEN GRABAKETA, TXIRRITAREN BERTSO BAT?
Gainerako hedabideetan ez bezala, irratigintzan, euskarak berehala hartu zuen bere tokitxoa, eta haietan bertsoak. 1936ko gerra aurretik eta ondoren, abertzaleen erbestean egindako irratsaioetan, ohikoa izan zen bertsolarien presentzia.
Hedabide guztien artean, historiako etapa ezberdinetan, irratia izan da beti euskarak azkarren eta indar handienarekin irabazi duen lurraldea. Prentsa idatzian edo telebistan, izugarrizko atzerapenarekin lortu zuen euskarak bere lekutxoa egitea (eta oraindik ere, erabat minoritarioa izaten segitzen du); uhinetan, aldiz, bestelakoa izan da errealitatea. 1925ean iritsi zen irratia Euskal Herrira (Bilbora, Donostiara eta Biarritzera zehazki) eta euskarazko lehen irratsaioa urte hartan bertan egin zen, San Migel egunean, Zeruko Argiaren urriko zenbakian argitaratu zenez.
Lehen euskal irratsaio formalak, aldiz, 1932an hasi ziren, sasoi hartan, Euskal Herrian emititzen zen irrati bakarrean. Zeruko Argiako zuzendaria eta El Día egunkariko kazetaria zen Ander Arzelus, “Luzear” (Donostia, 1898-Baiona, 1949) eta kultur eragile handia zen Joseba Zubimendi (Donostia, 1898-Kanbo, 1939) izan ziren lehen Euskal Irrati haren gidariak, eta 1934ko estatu-kolpearen ondorioz saioa debekatu zuten arte, astero, ordubetez euskaraz emititu zuten. Zubimendiren bizitzak aparteko artikulu bat merezi luke: Aitzolekin batera, bertsolaritzaren sustatzailerik handienetakoa izan zen Errepublika garaiko Euskal Herrian, besteak beste, “bertsolari guduak” antolatuz, baina horretaz gain, beste hamaikatxo arlotan ere jardun zuen; antzerkia eta poesia idatzi zituen, Euskara-Gaztelania-Frantsesa hiztegi bat prestatu zuen, Donostiako Orfeoian tenore bakarlari gisa kantatu zuen eta, gerra garaian, Euzko Gudarosteko komandantea izan zen.
Saio haien grabaziorik ez da gordetzen. Alta, aspaldian euskarazko irratigintzaren historia sakon aztertu duen Koldo Ordozgoiti kazetariaren ustez (Errenteria, 1959), Arzelusen eta Zubimendiren irratsaio haietan, bertsoak presentzia nabarmena izan zuen. “Saio bakoitza bukatzean, parte- hartzaileek taldekoen argazkia ateratzen zuten. Argazki haietatik hamalau iritsi dira gureganaino, eta horietatik bitan, bertsolari bat ageri da”, azaldu du.
Saioak nolakoak ziren jakiteko beste pista bat, 1934ko matxinadaren ondotik beroriek debekatu ostean, “El día” egunkariak “Han muerto las emisiones euskéricas” izenburupean publikatutako erreportajean aurkitzen dugu. Bertan, besteak beste, ondokoa esaten zen: “Bertsolaris se presentaron muchos y buenos”; irratian Iparraldeko zein Hego Euskal Herriko bertsolariak jardun zutela nabarmenduz. Matxin Irabola senperetarra izan omen zen maiz kantatu zutenetako bat. Arizmendi Atarrenek ere saio anitz egin zituen.
Ordozgoitik esan duenez, 1935etik aurrera ere izan ziren euskarazko irratsaioak, baina dokumentazio gutxi dago eta zaila da nolakoak izan ziren ikertzea eta, jakina, jakitea. Hala ere, adibidez, badakigu 1935ko estropadak Joseba Zubimendik euskaraz zuzenean erretrasmititu zituela Igeldo menditik. 1936an Euzko Jaurlaritza sortu zenetik eta Euskadi erori arte, berriz, euskarak leku handia irabazi zuen irratian; besteak beste albistegietan ere lekua hartuz.
Lehen irrati-grabazioa, Txirritaren bertso bat?
Lehen irratsaio haietako grabaziorik ez dela gordetzen esan dugu lehenago. Hala ere, Ordozgoitiren ustez, baliteke hala ez izatea. Bada Columbia etxeak aterako disko bat, 1927ko Txirrita eta Asteasu bertsolarien bertso batzuk gordetzen dituena. Musikaren Euskal Artxiboan daukate artxibatuta, Eresbil-en, eta Ordozgoitiren arabera, grabaketaren nolakotasuna kontuan hartuta, oso litekeena da irratirako egina izatea. Datek kointziditu egiten dute (1927an, euskarazko zenbait saio emititu ziren) eta badago beste datu garrantzitsu bat, (1976an burutu zen “24 ordu euskaraz” irrati kanpainan, euskarazko emisio etengabe hura Txirritaren ahotsarekin hasi zen; grabazio horrekin, hain zuzen. Ordozgoitiren arabera, segur aski, hura aukeratu zutenek, ondo zekiten grabaketa hura zela gordetzen zen euskarazko irratsaiorik zaharrena.
Parisko erbestetik
Gerra galdu ondean, erbestetik, euskal abertzaleek irratsaioak egiten segitu zuten. Horien artean garrantzitsuenetakoak, Jesus Insausti “Uzturre” EAJko kideak gidatutakoak izan ziren. 1959tik 1965era, “Radio Paris”-en emanaldiak egin zituen Uzturrek, sasoi batean “Irrintzi” deitu zen irratsaioan.
Orain dela gutxi arte, horien berri izateko iturri nagusia Uzturre beraren paperak ziren; baina Koldo Ordozgoitik, klasifikatu gabeko audio batzuen artean, grabaketa batzuk atzeman ditu. Haien artean, 1960an Radio Paris-en bitartez antolatu zuten “Bertso festa” izeneko bat ageri da. Iduriz, bertsolariak Parisera eraman eta han bertso afari bat eta emankizun bat antolatu zituzten; bertan ziren , besteak beste, Joxe Joakin Mitxelena, Xalbador, Mattin eta Etxahun Iruri. Teodoro Hernandorena, 1933an Euzkadi film luzea ondu eta gerra ostean Iparraldean bertsolaritzaren bultzatzaile nagusietakoa izan zen EAJko kidea ere ez zebilen urruti. Horien artean ibilia zen Jose Antonio Agirre lehendakaria zendu berria ere, eta emankizunaren momentu batean, haren heriotza jarri zieten gaitzat bertsolariei. Bertso ederrena botatzen zuenak, Euskaldunen biltzarra eta Euskaldunak eta Euskara elkarteek eskainitako saria eramango zuen. Mitxelena oiartzuarra atera zen garaile. Hauxe izan zen haren bertsoa:
Gu utzi eta alde egin zuan
bai gure lehendakariak
arren eduki dezala behintzat
zeruetako gloriak
asko dakiten pena jartzen da
alde egitean artzaiak
hura joan da kororik gabe
triste baikaude ardiak.
Xalbadorren bertsoa ere gordetzen da. Ondokoa izan zen:
Lehendakari maitagarria
ari izan zira lanean
Eskualduntasun amodioa
barrenatzeko denean,
orain zu goiti joan zira eta
gu gelditu beherean
baina zintzoki jarrai gaitezen
utzi gaituzun bidean.
Hala ere, sasoi hartan, 60. hamarraldiaren hastapenean, Hegoaldean euskarazko irratsaioak hasiak ziren berriro. Hego Euskal Herrian: Arrate Irratia, Segura Irratia eta Loiolako Herri Irratia. Baina hori, hurrengo atalean aztertuko da.