Koplak eta Azpeitia - Imanol Lazkano (BIDEOA)
Koplak eta Azpeitia – Imanol Lazkano (BIDEOA)
Imanol Lazkanok dio eskeko kopla generorik jolastiena zela, libreena, eta edozer gauza egiteko aukera ematen zuela eta eman dezakeela: adarra jo, kritika egin, ziria sartu eta baita kirtenkeria batzuk esateko ere. Horren lekuko da azken hamarkada honetan Zarauzko Putzuzulo gaztetxeak urtez urte antolatu duen Kopla Txapelketa ere.
Generorik jolastiena
“Gaur bezain ondo bertsotan ez da sekula egin. Maila izugarria dago, bertso eskoletan egin den lanari esker batik bat. Baina garai bateko gatz eta piper hori galdu egin du bidean. Pausoa aurrera egiten duenak hankapean beti zerbait puskatzen du eta guk ere zerbait puskatu dugu. Asko irabazi dugu bidean, baina gauza polit batzuk galdu ditugu”, hasi zaigu Imanol Lazkano kontu-kontari.
“Bertsolaritza hitzarekin jolas egitea bada, eta hala da niretzat, kopla oraindik ere jolastiagoa zen. Egongo da kopla molde bat lehengo osagarriak erabiliz egiten dena, baina guk hemen egin duguna eta gure aurretik egiten zutena erabat genero askea zen, kolpe azkarren bidez egiten zena. Uste dut dantzarako koplak ere horrelakoak zirela. Kontuan izan behar da koplari ibiltzen ziren bertsolariez gainera, bazirela bertsotan ondo moldatzen ez ziren baina koplatan oso onak zirenak ere. Nik Santa-eskean ezagutu ditut koplari onak bertsolari kontsideratzen ez zirenak; koplaren moldea bi puntukoa zenez, errazago animatzen zirelako edo. Esate baterako, Errezilgo Artañolan hiru anaia ziren koplari fenomenoak; Artañola Kojua, batik bat. Loidisaletxe, Txapel eta Zepai ziren inguru honetan bertsolari sonatuak, baina haien inbidiarik gabeko koplaria zen Artañola. Bertsotan ere egiten zuen, baina koplatan zen ona. Badira, berriz, bertsolari batzuk koplari gutxi ibili direnak. Baserri gaztetan ibiliko zen Zarautz inguruan, baina gerora ia batere ez. Uztapide asko ibili zen eta Lasarte ere bai. Adituta nago behin Lasarte Urdaneta aldeko kuadrilla batekin atera zela eta biharamun goizaldera, kantuan aspertuta eta nekatuta, kopla hau kantatu zuela:
Ate onduan hemen gaude gu
Hamalau mutil jotako
Nahi badezute ez ekarri baina
Nik ez det gehio botako”.
13 urterekin koplari
Koplak ez du betelanerako lekurik ematen. “Zortziko txikia ere horrexegatik da polita. Kopla oso estua da, baina, hala ere, oso kantu molde bizia da, adarra jo eta ziria sartzeko bereziki. Trikitiaren munduan koplatan dakiten pandero-jotzaileek ondo dakite horren berri eta oso ausartak izan ohi dira. Jolas hutsa da kopla. Bertsoa ere jolasa da, baina diskurtso gehiago izan dezake eta zerbait serioagoa ere bihur daiteke. Kopla serioak egitea zaila da”, jarraitu du Imanol Lazkanok.
Amurizak dio Bizkaian eskeko koplak 40 egongo direla gehienik, baina dantzarakoak ehunka daudela. Ea Gipuzkoan ez al den alderantziz gertatzen galdetu diot Lazkanori, kopla bildumetan eskekoak asko direlako. “Eskeko kopla jarriak asko direla esango nuke. Gure aitona bertsozale amorratua zen arren, ez zen bertsolaria, baina koplari ibilia zen askotan paperetik ikasitakoekin. Nik ere banekizkien kopla jarriak, baina bat-batekoak askoz ere gehiago gustatzen zitzaizkidan. Eta neure buruari agindua nion egunen batean Santa-eskean ateratzekotan, bat-batean kantatuz aterako nintzela. Gure kuadrillarekin Eizmendiko Sabin ibiltzen zen koplari, eta hark jakingo zituen 60 bat kopla. Nik ere koplari atera nahi nuela esan nionean, papera ekarri zidan eta, bere aurrean, puskatu egin nion. Harrokeria puntu hori nuen barruan. Kopla haiek nireak baino hobeak izango ziren, baina nik entzuteko ere nahiago nituen bat-batekoak. Santa Agendaren bizitzarekin hasten ziren eta, segidan, etxekoak koplatzen zituzten, baina pertsonalizatu gabe. Kopla horiek berdin balio zuten baserri batean ala bestean. Bat-batekoak, ordea, etxeko bakoitzaren pikardiak kantatu behar izaten zituen. Ate ondoko koplariaren lana saltsa jartzea izaten zen. Aitonaren bat egoskorra eta serioa baldin bazegoen, hari suabe-suabe kantatu behar zitzaion; beste bat umore onekoa bazen, hari adarra jo; neska gazterik baldin bazen, haren ibileren berri jakin behar izaten zen, lotsarazteko. Bakoitzaren izena aipatuz kantatu behar izaten zen, noski”.
Gordinkeriarik bai?
Jotaren kasuan oso arrunta da gordinkeriaren bat botatzea. Ea hori koplatan ere egiten zen galdetu diogu Imanol Lazkanori edo koplariak neurtuagoak al ziren. Lazkanok ez du zalantzarik: “Beharbada jotak gogorragoak dira, baina koplatan ere ohikoa zen gordinkeria batzuk tartekatzea. Loidisaletxe aita bertsolarion artean izan den gizonik gozoena eta jatorrena zen, baina gauzak esaten oso zuzena eta baldarra zen, eta gure gurasoek, esate baterako, ez zuten oso begikoa. Nik ezagutu nuen momentutik izan nuen maitea eta gogokoa. Orain baldarkeriak esaten zituela esaten dugu, baina hura ez zen baldarkeria, umorea zen, eta mundu guztiari barre egiteko prest agertzen zen, berdin zion Eliza, apaiza edo agintariak izan. Txapel, berriz, oso zuzena eta elizkoia zen, jaiero jauna hartzera joaten zen horietakoa. Nik pertsona bezala Loidisaletxe aukeratuko nuke. Bertsotan ere oso sueltoa zen eta naturaltasun handienarekin sartzen zen Elizarekin, edo botatzen zituen berdekeriak edo gordinkeriak. Garai hartako agintaritzak bertsolaritza gaizki ikusten zuen eta horrek asko frenatu du bertsolaritzaren freskotasuna. Eta nola garai hartako bertso eskolak tabernak ziren, taberna giroko umorea lantzen zen asko. Erromeria batera joaten ginenean ere, neskak etxera joaten ziren garaian, bagenekien zein bertsolari eta bertsolari izeneko bilduko ginen mahaiaren bueltan, aurrean botila bat ardo genuela. Eta han bertsotan hasten ginenean, egurra ematera joaten ginen eta hor lantzen zen umorea ere lakar samarra izan ohi zen. Aste osoa ematen genuen mahai bueltako saio horiek prestatzen. Elizari eta agintariei oro har gustatzen ez zitzaizkien gauza asko esaten zen leku horietan. Bertso horiek ez dira liburuetan jasotzen, mozkorren eta jende baldarraren jarduna zirelako”.
Lazkanok gogoratu duenez, Manuel Lekuonak 1925ean Oñatin egin zen batzar batean esan omen zuen bertsolaritza ez zela mozkorren kontu bat, bertsolariak herriaren ahotsa zirela eta orduko elizgizon buruak kontra atera zitzaizkion.
Urrezko aroa
Zein da bat-bateko koplaritzaren urrezko aroa?, galdetu diogu Imanol Lazkanori. “Azpeiti buelta honetan Gerra ondoren izan zela esango nuke, baina baldintza bereziak eman zirelako seguru asko. Joxe Lizaso eta Joxe Agirre ibiltzen ziren. Loidisaletxen hiru bat anaia ziren koplari ibiltzen zirenak; Artañolan, hiru anaia ziren; Gorostietan, bi anaia. Etxeberriko Anbroxio, Agerre harri-jasotzailearen anaia zeharrena, Jose Mari, koplari polita zela esaten zuten, neuk ezagutu ez banuen ere. Urtero, beharbada, ez ziren denak aterako, baina, gehienetan, bakoitza bere taldearekin atera eta ibilbide jakin bat egiten zuten. Mutikoa nintzela baserri batetik bestera korrika ibiltzen nintzen, baten saioa entzun eta, hurrena, beste batena harrapatzeko. Ezkututik entzuten egoten nintzen. Etxe bakoitzean pare bat epaile ere izaten ziren eta ondoko egunetan komentarioak egiten zituzten. ‘Gurean Zepaik ez zian asmatu’, esan zezakeen batek. Besteak ‘gurean bai, alabari edo aitonari esan zizkioan ederrak’, erantzun ziezaiokeen, eta horrela ibiltzen ziren. Ni mutikoa nintzenetik mundu hori izugarri landu zen inguru hauetan. Gerra bukatu eta berehalako kontuak dira horiek. 45ean hasi eta 60ko hamarkadara arte, hemen, sekulako giroa izaten zen Santa Ageda bezperan. Etxe bakoitzari errepasoa ematen zioten. Gogoratzen dut behin gure anaia zaharraren kuadrillakoek Joxe Lizaso nahi eta hau beste batzuei hitza emanda zegoelako Oiartzundik ekarri zutela koplari bat, Joxe Mari Frantsesa esaten zioten bat, eta ez zuen asmatu, ez zuen jakin hemengo kopletako giroan sartzen.
Ehun bat baserritan
Santa Ageda behin edo bestetan aipatuko zuten, baina ez zen aitzakia bat besterik familiari errepasoa emateko. “Baina hori sekulako buru-lana izaten zen. Ni, hasi berritan, ezagutzen nuen inguruan bakarrik ibiltzen nintzen, eta, nire kasa nenbilela, prestaketa lan handia egiten nuen aurretik. Zerbait ginela erakusteko urteko gure plaza bakarra zen hura. Ez dut esan nahi horrekin inguru honetan bakarrik zeudenik bat-bateko koplariak. Hasi Berriatutik, Mutriku, Elgoibartik barrena ia Gipuzkoa osoko ohitura izango zen seguru asko bat-bateko koplariena. Gure aurreko bertsolarien belaunaldia gerra aurretik ibili zen koplari. Loidisaletxe, Zepai, Uztapide, Zubeltzu eta beste hainbat ibili ziren. Zubeltzu ezagutu nuen nik. Mutilzahar bat zen. Itziarren egin zitzaion omenaldian Uztapidek kantatu zion:
Joxe Antonio esango dizut
Nahi bazenduke entzun
Ni Olaberrin izaten nintzen
Eta zu berriz Zubeltzun
Soro batetik zuk kantatu ta
Nik bestetikan erantzun
Nik dakizkidan onentsuenak
Zuri ikasi nizkizun.
Mutrikutik hasi eta Aiara bitarteko herrietan Santa-eskeak indar izugarria izan zuen.
Ibili horiek, askotan, 24 ordukoak izaten ziren. Gogoratzen naiz, Meagako kuadrilla batekin, Zarauzko Azken Portutik atera ginen eguerdi aldera, eta Izetatik gora Urdanetara igo eta Zestoa alde horretara jaitsi ginela behin. Eta horko auzoetan barrena ibili ondoren, Aizarnazabalgo sakon horretako baserri guztiak pasatu eta Urteaga Berrira iritsi ginela biharamuneko eguerdi aldera. Soinuarekin Mardu zen, eta kantuan, ni. Guk egiten genuen lana, baina beste guztiak etzan egiten ziren edozein bazterretan. Eta limosnarekin etorri zirenean, poltseroa falta zen. Meagara igo eta hango baserrietan bukatzeko asmoa zuten. Iritsi ginen, baina arratsalde osoa jarraitu beharko genuela ikusi nuen, eta esan nien nik bukatu egingo nuela, berdin zitzaidala ordaintzen ez bazidaten ere. Hogeita lau ordu pasa eginda bukatu nuen nik. Batzuk haserretu egin ziren, baina beste batzuek arrazoia eman zidaten. Beste ibilera bat, oraindik gogorragoa, egin nuen Elosiagako kuadrilla batekin, baina ez naiz luzatuko. Gutxi gorabehera, ehun baserritik gora pasatzen genituen. Ni bidean eztiarekin eztarria gozatuz ibiltzen nintzen, baina, hala ere, ondoren egun batzuk ahotsik gabe egiten nituen. Ezagutzen ez ziren lekuetan bertako informatzaileak izaten genituen, eta baserri batetik bestera bidean bizkarretik heldu eta hark ematen zizkigun etxekoei buruzko xehetasunak. Baina beti ez zuten asmatzen. Askotan kontatu izan dut, behin, Elosuko baserri batera bidean, etxekoandrea alargundu berria zela esan zidan informatzaileak, eta han jardun nuen nik mundu honetan lagundu baldin bazion, zerutik ere lagunduko ziola senarrak esanez, eta ahalik eta kopla txukunenak egiten. Baina saioa bukatu nuenean esan zidan oso ondo jardun nuela, baina senarra oraindik bizirik zuela. Sekulako ilusioarekin prestatzen genuen egun hori, baina oso egun gogorra izaten zen. Lehen, entzuten zegoenarentzat izugarri ederra izango zen koplariak bere izen eta guzti berari propio kopla bat kantatzea, eta halaxe da orain ere. Protagonista sentiarazten zaitu eta horrek ilusioa egiten dio jendeari, eta bertsolariek ere ikasi egiten du jendearekikoa egiten. Gu, maila handi batean, hortxe egin ginen bertsolari”.