Kontu Kantari: bertso zaharren bilduma berria
bertso zaharren bilduma berria –
Balada zaharrez argitara eman nuen entseguko hirugarren kapituluan mintzatzen nintzen “Itzulpen eta moldatze moduez” (2005: 39-64) eta bertako ideia eta hitz batzuk jaso ditut atari gisara Kontu Kantari. Bertso zaharren bilduma berria liburuko aurkezpen eta antologia elebidunean. (ikus: www.patriurkizu.eus). Han hamar baladaren nondik norakoak aztertzen nituen, eta hemen haiek eta beste hamar gehiago iruzkinduko ditut. |
Jakina da baladak etorkiz pertsona baten sorkuntzak direla, baina horren izena denboraren poderioz galdu egin ohi da, askotan anonimatuan erortzen baita berea balu bezala herriak hartzen duenean, balada tradiziozko bilakatuz. Orokorrean baladek eredu folkloriko unibertsalak erabiltzen dituzte lehen ekai gisara, lekuan lekuko bereizgarriak hartzen dituzten arren. Batzuetan, ezaugarri historiko zehatzak ere mantentzen dituzte, baina gehienetan partikulartasun horiek galtzen joaten dira astiro, egiantzekotasun nobeleskoa hartuz eta orokortasunean murgilduz. Nolazpait esateko, nortasun propioaren eta beste herri hurbilen edo urrunen jenioen topagunea bilakatzen da balada.
Horregatik saiatu izan dira zenbait ikerle lehen eredua edo arketipoa aurkitzen, aldaerak euren artean konparatuz. Horixe egin zuen Lachmannek bere metodo ospetsuaz, eta hari jarraiki izan diote Doncieuxek frantses eremuan, eta hala Gavelek nola Orpustanek euskal alorrean. Azken bi horietarik lehenak Berterretxen khantorea aztertuz 1924an eta bigarrenak Atharratze Jauregian ikertuz 1999an, hobeto irakurri eta konpreni ahal ditzagun.
Halere, Daniel Devoto hispanistak ikerketa metodo zaharkituak kritikatzen eta metodo berriak proposatzen dituelarik, kontsideratzen du, adibidez, metodo geografikoak mapak eta mapak egiteak eta ehunka bertsio bata bestearen ondoan ezartzeak, hala nola arketipoa bilatzen saiatzeak, ez duela zentzu handirik, lan horien emankortasuna oso eskasa delako, benetan interesgarria aldaeren funtzionamendua eta funtzionaltasuna aztertzea baita. Horrek ematen baitio benetan argitasun berezia eta sakontasun gehiago ikerketari eta ez sekula santan kantatua izan ez zen balizko arketipoa asmatzeak.
Beraz, Gavelek ematen digunean berak eraiki testua, hori inork inoiz kantatu ez zuen khantorea zen —ez bazuen berak sortu eta gero kantatu, noski—, baina, dena den, balio digu bere azterketak, zeren ohar historiko, filologiko eta literario askorekin batera aldaera horiek nolakoak ziren agertzen baitigu.
- Pelegriaren mirakulua (1809)
Lehenetariko itzulpen/moldaketa da, Françoise Barrenquyk 1809an egina, eta Santiagoko Bidean gertatu miraria aipatzen da bertan. Ezaguna den bezala XII. mendean hasi zirenean bidaia propagandak egiten, Kalisto II.a aita saindua Jundane Jakobe Handiari buruzko zenbait liburuxkaren egilea dugu. Horien artean De Miraculis Sancti Jacobilatinez idatzitakoa da, non V. miraria geroago ezagutua izan den Urkatu piztuarena bezala. Latinezko testua frantsesera, galegora, katalanera, gaztelaniara eta Europako beste hizkuntza gehienetara itzuli edo moldatu zen, eta euskaraz Jundane Jakoberen bizitza eta heriotza kontatzen duen pastoralean ere ageri da.
Bertan kontatzen da nola Errioxako Santo Domingo de la Calzada herrian (non donde cantó la gallina después de asada, lelo errimaduna maiz darabilten) gertatu zen miraria. Bertsoak, kantak, ipuinak eta antzerkiak egin ziren mirari horren inguruan, eta honela moldatu zuen Barrenquyk frantses testua:
Quand nous fûmes à saint Dominique Saint Domingora nintzanian
Hélas ! Mon Dieu, Elas, jinko jauna,
Nous entrâmes dedans l´Église Elizan barna sarthu nintzan,
Pour prier Dieu : Othoitze egitera.
Le miracle du pèlerin Han ikusi nin mirakuilu
Por notre adresse Pelegrier heltia,
Avons oui le coq chanter Oilarra entzun khantatzen
Dont nous fûmes fûmes bien aise. Hareki oilo xuria.
Argi eta garbi dago euskaratzaileak ia zuzen-zuzen jarraikitzen diola Lorsque nous partîmes de France abestiari, zeina Les Chansons des pélerins des Saint-Jacques liburuan aurki daitekeen. Hau Frantziako Troyes hirian moldiztegiratu zuten 1718an, eta jada XVII. mendeaz geroztik Frantzia osoan barreiaturik zebilen. Aldaerak eta eranskinak oso ttipiak dira, noski; bidenabar, oilo xuriaren eransketa. Iruditzen zitzaion, antza, itzultzaileari oilarrak behar zuela bere kidea ere. Pastoralgilearen antzez-oharrak ere honelaxe dio: Jaki pularda eta olaskua eta kantatzen has platin.
- Balada apokrifoak: Altabizkarko kantua (1834), Urthubiako alaba (1852), Domingoren eresia (1853)
Hauetaz beste zenbait lekutan mintzatua bainaiz, baita luze Jesus Antonio Cid ikerle galegoa, honen lanetara igortzen dut irakurle jakingura.
- Karlos Kinto komentuan (1857)
Gure Almanaka errebistan (1964) ageri den balada hau August von Platen-Halllermünde poeta erromantikoak sortu zuen alemanez Der Pilgrim von St. Just (1819) titulua eman ziolarik. Alemanetik frantsesera norbaitek itzuli zuen, eta hortik euskarara. Hiribarrenen paperen artean aurkitua (1857). Hona nola dioen lehen bertsoak frantsesez: C´est la nuit et la tempête siffle de plus en plus,/ Moines espagnols, ouvrez-moi la porte!
Euskaraz frantsesezko Saint Just, edo Yuste gaztelaniazkoa, alegia Karlos V.a enperadorearen erretiro lekuaren, monasterioaren izena moldatzaileak aldatu egin du eta Donaixti itzuli du ikusiko dugun bezala:
Gaua da eta tenpesta, haizea marrumaka,
Donaixtiko komentuan norbeit bortari joka.
─Idek, othoi, pietatez beilari huni barka!…
Eta hirugarren estrofan honelaxe dio frantses itzulpenak: Préparez pour moi ce que votre maison peut offrir/ Une robe de l´ordre et une sarcophage!
Euskal moldatzaileak, ─Jean-Martin Hiribarren ote zen, bere paperen artean aurkitu zenez moldaketa, edo alemana ere bazekien Agosti Chaho adiskidea?─ honela itzuli zuen poemaren bikoa hirurko bilakatuz:
Aphaila eni, hementxet kausi daizken bi gauza:
Fraile-arropa xuria eta zerraldo beltza,
Gela xume bat aski dut, barura janharitzat.
Eta azken frantses bikoa: Maintenant je suis comme mort avant la mort/ Et tombe en ruines, comme le vieil empire. Honela ageri zaigu hirurkoan:
Jainko jauna, onhart zazu zure muthil landerra,
Enekin erhaustua da Inperio zaharra,
Hil gabe huna ni hila, eta bakar-bakarra.
- Hirur kapitainak (1858 a.)
Piarres Lafittek eta Louis Dassancek paratu Kantu Kanta, Khantore (1967) liburuan Elhorri xuriaren azpian izendatzen dena da beste titulu ezagunagoz. Hala, Damase Arnaudek probentzalez egindako kantak bildu zituenean Chants populaires de la Provenceliburuan (1862) Les Tres Capitanis bezala bataiatu zuen, George Doncieuxek (1904) Celle qui fait la morte pour son honneur garder eta Henri Davensonek (1982), La Belle qui fait la morte. Davensonek dioskunez, hau martxa kanta bat da, alegia, soldaduen artean moldatua XVII. mendean eta Frantzia osoan zabaldua, bai Bretainian, bai Okzitanian. Beha dezagun, adibidez, nola ageri den lehen bertsoa Canteloube de Malaret delako batek (1951) bildutako Loteko bertsioan:
Dessous le rosier blanc la belle s´y promène
Blanch´comm´la neige, belle comme le jour.
Trois jeunes capitaines lui vont faire l´amour.
Bitxia da nola Joseph de Cantelouberen Anthologie des Chants Populaires Français groupés et présentés par Pays ou Provinces (Durand & Cie, Paris 1951) Akademia frantsesak eta Arte Ederretakoak 1951n sarituan eta lau tomotan denaren Table des matières edo aurkibidean, ageri diren probintzia guztiak, tartean Le Béarn, La Gascogneeta La Corse, baina ez Le Pays Basque, hamar kanta euskaraz bertan sartu arren (T. I, 272, 274, 295, 296, 297, 298, 300, 345, 347, 349).
Azkuek kanta horren bi bertsio bildu zituen, eta beste bi Aita Donostiak. Zavalak, aldiz, hamabi, baina Agosti Chahok (1858 a.) bere eskuizkribuan (P. Urkizu, 2006, Chahoren kantutegia) badu bertsio bat gure ustez zaharrena edo bederen testu frantsesa oso gertutik segitzen duena, eta honela hasten dena, hain zuzen:
Arrosa xuriaren artian anderia luak hartu,
Elhurra bezain xuririk, ekhia bezain ederrik,
Hirur kapitain zaudian khortez inganaturik.
KKKn ageri den bertsioa honakoa da:
Elorri xuriaren azpian anderea lokartu,
Arrosa bezain eder, elurra bezain xuririk,
Hiru kapitainek deramate gortez enganaturik.
Anderia, neskatxa, la belle frantsesez, probentzalez belo filho garbitasunaren irudi gisa har daiteke, noski, eta edergarri zenbaitekin konparatu ditu poetak: arrosa xuria, elorri xuria, elhurra, ekhia…
Hirugarren bertsolerroan ageri den Faire l´amour esamoldeak ez du esanahi, noski, ordain errazegi batez gaztelaniaz ´hacer el amor´ eta euskaraz ´amodioa egin´, hacer la corte, khortea egin baizik. Aita Donostiak bere 191. zenbakian, ordea, garbi dago ez duela konprenitu ongi edo berak edo edizioa prestatu duenak, zeren ematen duena gorkiaz engeyaturik den eta ez duen itzultzen.
Chahoren bertsioko bosgarren bertsoa desagertu egin da, KKKn soldaduaren nahiaren betetzearen adierazpena agertzen baita: Aspaldian desir zünina orai düzia gogatü. Badu, gainera, halako parekotasun bat neskatxaren istorioak Jesukristorenarekin, hau bezala hirugarren egunean piztu egiten baita —surrexit tertia die—. Anderea hilakotzat jo ondoren pizten da, eta oihu egiten dio aitari, hilobia ireki diezaion eskatuz, bere zergatia argitzen duelarik: Birjinitatea beiratu nahiz hila egona nüzü.
KKKn auzapez eta apaiz bertso-biltzaileak, berdin dio, frantses originalean bezala hemen bukatu ordez balada, beren moral ukituari jarraiki, bertso bat erantsi beharrean aurkitu dira, eta sari gisara neskatxari aitak jaun gazte aberats batekin ezkonduko duela agintzen dio. Benetan sobera dagoena, dudarik gabe.
Doncieuxek balada hau eskandinabiarren artean ere aurkitu zuen, eta, antza denez, hemendik Bohemiako eslaboengana pasatu zela, dio. Hala, bertsio txekiar batean neska moldabiarra da, eta hura ere hildako moduan egonen da amorante turkiar batengandik ihes egitearren. Leku bakoitzean tokiko berezitasunak ditu, beraz.
Juan Mari Lekuonak bere Oiartzungo kantutegia bertako herri memoriatik (1999) liburuan dioenez, Errenteriako ehiztari batzuek Etxalarren ikasi zuten aldaera bat eta Oiartzunen landatu, hau sei bertsotakoa delarik.
Bestalde Chahoren aldaeran eta KKKn bigarren bertsoan ageri trozatü, trozaturikaditza, Loteko bertsioan ageri ez dena, eta etorkiz troussa-tik (´bildu´: envolver,gaztelaniaz) letorkeenak pentsarazten digu aldaera gaskoi edo bearnesaren bitartez sartua izan zitekeela gurean. Interprete kantari ugari izan ditu frantses musikan, hala nola Mouloudji, Serge Kerval, Jean-François Dutertre eta euskal munduan Anje Duhalde.
- Neska ontziratua (1858 a.)
Zavalak hamasei bertsio ezberdin ematen dizkigun arren denak Brodatzen ari nintzen… sailean sartzen dizkigu, zein den KKKn ageri den titulua ere eta lehen bertsolerroaren hasiera bertsio batzuetan. Jon Kortazarrek, aldiz, Neska Ontziratuaizendatzen du Julio Caro Barojaren omenaldi baterako egin artikuluan. Doncieuxek L´Embarquement de la Fille aux chansons, Claude Royk aldiz, La fille des sables, Ternuako bertsioetan Charman Matelot, eta bertsio katalanetan El Mariner ageri zaigu. Gaztelaniazko bertsio laburtuan, zeinak baduen beste bat luzeagoa sefardieraz, El Conde Arnaldos bezala ezagutzen da.
Neskaren bahiketa eta honek bere buruaz beste egitearen istorioa oso zabaldua dago mendebaldeko literaturetan, eta badu antzekotasunik Hirur kapitainak baladan ageri den gaiarekin. Bretoieraz ere azaltzen da hiru aldaera dituen gwerz batean. Hemen, kortsario ingelesak Bretainiako kostara jaisten dira eta neska gazte bat bahitzen dute. Neskatxak bere ohorea salbatzearren kapitainari eskatzen dio zubitik paseatzen utz diezaion, eta, halako batean, bere burua itsasora botatzen du. Bertsio batean, arrain batek ur gainean, axalean mantentzen du eta itsasertzeraino darama bizirik. Noski, bukaera horretan nabarmena da koplaria istorioaren happy end, amaiera zoriontsu baten bila dabilela, eta Bibliako oroitzapenak dakarzkigula, alegia, Jonas eta Balearen istorioa.
Leit motiv delakoa, gai nagusia, garbi dago frantsesezko bi bertsolerro hauek biltzen duten elkarrizketan datzala:
─ La chanson que vous dites la voudrois bien savoir.
─ Entrez dedans ma barque et je vous l´apprendrai.
Ozeano Atlantikoa iraganik, balada Ternuan honela kantatzen zuten:
La chanson que vous chanter, j´aimerais de la savoir (bis)
J´aimerais de la savoir sur le bord de l´île.
J´aimerais de la savoir sur le bord de l´eau.
Toujours près des vaiseaux, charmant matelot.
Eta horrelaxe bukatzen dute gainera bertso guztiek, charmant matelot, alegia, txo ederra. Dena den Neska Ontziratua izendatuko dugun balada hau gurean lehen aldiz Chahoren kanta bilduman bi aldaeratan ageri da (ff.161-164). Batean lehen bertsoak honela dio:
Aldi batez ari nündüzün sala baxian brodatzen,
Ezkutari bat entzun nizun galeriati khantatzen,
Galeriati khantatzen eta kobla ederren emaiten.
Eta, besteak beste, honelako sarrera dauka, ezkutaria jada kapitain bilakatu delarik:
Aldixe batez nenguelarik sala baxian brodatzen,
Kapitain entzun dizut itxason gainen khantatzen,
Itxason khantatzen eta kobla eijerrik emaiten.
Europako beste literaturetan ere ageri zaigu kanta hau, esan dugunez modu eta era ezberdinetan. Adibidez, katalanez El Mariner bezala bataiaturiko kanta bertso hauekin hasten da:
A la vora de la mar
n´hi ha una donzella
que brodava un mocador
que es per la reina…
Badu ere parekotasunik gaztelaniazko El Conde Arnaldos erromantze ospetsuak, zeinaren bertsio anitzetarik batek honelaxe dioen bere bukaeran:
─ Por tu vida el marinero digasme ora ese cantar.
Respondióle el marinero tal respuesta le fue a dar:
─ Yo no digo mi canción sino a quien conmigo va.
Eta sefardiek badute beren errepertorioan italierazko aldaera, zeinak kantinela eta guzti honela dioen:
La bella monta in nave
Kominsyya a navegar,
Laran, larin don dela,
Kominsyya a navegar.
Sefardien literaturan aditua den Armestead irakasleak dioen legez, italierazko mailegu horiek adierazten digute behin berriro, poesia tradizio honen multikulturalismoa; alegia, poesia mota hau era berean izan zitekeela hala hispaniarra nola atzerritarra. Euskal kantagintza ere ez zen gelditu mendebaldeko kanta mugimendu horietatik kanpo, baina itzultze eta moldatze berriz, modua berezia erabiliz. Hala, frantsesezko madarikazioa, Maudite soit l´épée et celui qui l´a forgée! hiru modu hauetan agertzen zaigu: Maradika dakiola arotzari besua!, Maradika dakiola dendariari orratza! eta Deabru gaiztoak eraman deiela dendariari honen jostura!
- Errege Jan (1869)
Erdi Aroko mundu tragiko, fantastiko eta basarekin loturik bada beste balada bat ere, zeinaz hasten diren frantses kantu bilduma asko, alegia, Le Roi Renaud, euskaraz Errege Jan bezala ezagutzen dena.
Martin Pénetek (1998) XV. mendekotzat jotzen du, eta zabalduenetarikoa omen Frantziako lurraldeetan. Davensonek bere aldetik dioskunez, baliteke Ipar Herrietako folkloreari mailegaturik izatea, ezen Elveskud edo Sire Olaven zati bat dirudien. Hemendik Faeroer uharteetara, Eskoziara eta, azkenik, Bretainiara gwerz bat sortuz igaro zen, azken hau Comte Nann izenez ezaguna. Eta, antza denez, Breizh herrialdetik frantses eremura pasatu zen. Davenson musikologoaren ustez, duen aidea Ave maris stella kantu gregorianoaren moldatze askea besterik ez da, zein era berean Bachek harmonizaturiko Erschienen ist der herrliche Tag koru luteranoaren etorkian dagoen.
Euskal bertsioak bi dira. Bat De la Villéhelio andereak bildua eta plazaratua Souvenir des Pyrénées liburuxkan (1869) Alargunsa titulupean, zazpi bertsotan, eta Ene ama, otoi, errazu izendatua, Zavalarenean. Bestea, hamaika bertsotan Charles Bordesek jasoa 1898an La Tradition au Pays Basque artikulu bilduman. Ohi bezala izena aldatua izan arren, testua ez hainbeste, ikusiko baitugu lehen eta azken bertsoak konparatuz ereduari jarraikitzen diola zuzen-zuzen:
Le roi Renaud de guerre revint
Portant ses tripes dans les mains ;
Sa mère était sur le crêneau
Qui vit venir son fils Renaud.
Errege Jan, zaoriturik,
Jin izan da armadetarik,
Am´andria baratu ziozu
Etxian alagerarik.
Nahiko modu traketsean egina dela itzulpena esango genuke ez baita errespetatzen, adibidez, bertsoak beharko lukeen bertsolerroen kopurua, batzuetan bost baititu lauren ordez, eta errimarik gabeko bertsolerro anitz baitago. Dena den, honek berak adieraziko liguke ez dela jakintsuen emaitza, herriarena baizik. Hona, azken ahapaldiaren erkaketa:
─ Terre, ouvre-toi! Terre, fends-toi!
Que j´aille avec Renaud mon roi!
Terre s´ouvrit, terre fendit
Et ci fut la belle engloutie.
─ Lur santia erdira bedi,
ni ere barnen sar nadin.
Lur santia zen erdiratu,
Ni ere barnen sartu,
Espus jaüna bexarkatu,
Jinko Jaüna dela laüdatu. (De la Villéhelio, 1869)
─ Lur saintia, zerr´adi,
Ni barnen bara ahal nadin!…
Lur saintia da zerratu,
Ni errege Janeki baratu. (Bordes, 1890)
Argi eta garbi dago, bada, ereduarekiko nolako funtzionamendua hartzen duen koplari moldatzaileak. De la Villéhelioren bertsioan, istorioaren in medias res sartzen da, zehazkiago esateko, frantses bertsioaren seigarren bertsoan elkarrizketa ama eta alabaren artean hasten denean. Bordesenean, aldiz, hasiera-hasieratik jarraikitzen dio ereduari. Baladen mundu zabalean frantses bertsioa La complainte du roi Renaud bezala ezagutzen badugu, gurean ez genuke aipatu behar, ene uste apalez, Ene ama, otoi, errazu, edota Alargunsa tituluaz, Errege Jan bezala baizik.
- Judu herratua (1927)
Hel diezaiogun orain beste kanta bati. Carlos Cid ikerleak esaten digunez, garbi dago Judu herratua balada ere konplainta frantses baten itzulpena dela. Euskaraz badira aldaera ezberdinak (Barbier, 1933, Azkue, T. IV, XXI zkia, Donostia, T. VII, 617. zkia, KKK 145, Satrustegi, 1967), non ikus daitekeen itzultze modu ezberdinen funtzionamendua. Ikus dezagun. Honela dio frantses originalaren 11. bertsoak:
– Isaac Laquedem
Pour nom me fut donné;
Né à Jérusalem,
Ville bien renommée,
Oui, c´est moi, mes enfants,
Qui suis le Juif errant.
Aita Donostiak, aldiz, Atharratzen 1927an bildu zazpi bertsoko kantan 11.a 3.a bilakatua da eta honela jasotzen du:
Bai, Isaak Lakeden
Düzü ene izena,
Jerüsalemen sorthia,
Herri hanitx aiphatia,
Jesüs jaunak haitatia.
Eta ni hanko semia,
Bethi malerus nizana,
Mündian paregabia!
Barbierrek eta Dufauk emandako bertsioak originalaren 24 bertsoak ditu itzuliak, eta 11. bertsoa honela itzulia:
-Izraelgo hirian izan niz deitua,
Jerusaleme famos hirian sortua,
Satisfa bedi beraz zien izpiritua,
Jaunak, ni nuzie bai, Judu erratua.
Beraz, ohar gaitezke koplari lapurtarrak eta zuberotarrak aski molde ezberdinetan itzuli dutela originala, baina bada bertso bat non originaletik bereizteko biek hartu duten bide bera, alegia, erromesari hiritarrek eskaintzen diotenean un pot de bière fraîche, biek zerbezaren ordez ardoa itzultzen dute, zehatzago esateko, Barbierrek arnoa eta Bedekarrats Atharratzeko zapataginak ardu. Hona bertsoak:
Barbier & Dufau:
─ Sar zaite ostatura gurekin, gizona,
Izanen duzu edatera arno gorri ona…
Eta Atharratzekoak:
Gizon zahar hunesta, sar tzite ostatiala,
Guri plazer egitera, ardu dügüno botilan.
- Marieder Salagoiti (1958)
Gure Almanaka-n aurkeztu zen lehen aldiz balada hau, hurrengo urtean Herria astekarian berriro agertu zena eta frantsesez La belle Marquise edota La marquise empoisonnée bezala ezagutzen dena, alegia markesa pozoituaren istorioa kontatzen duena. Ezaguna da Pirinioetako Ossau bailarako kanten artean (Th. De Puymaigre, Romania1874: 89-102), beraz zabalkunde handia du Frantzia osoan Doncieuxek zehazten duen bezala. Hona, adibidez, poemaren bi bertso eta nola itzultzen dituen euskal moldatzaileak.
Frantsesez:
─ Marquis, tu es plus heureux qu’moi, (bis) / D’avoir femme si belle ! Si tu voulais me l’accorder, / Je me chargerais d’elle.
─ Sire, si vous n’étiez pas le Roi, (bis)/ J’en tirerais vengeance !
Mais puisque vous êtes le Roi, / A votre obéissance …
Euskaraz:
─Nik ez diat hik bezala hain emazte ederrlk:
Utz bahezat, zer fortuna andre horrek eta hik!
─ Jauna, konde ez bazine, jal nezake ezpata:
Nausi baten aintzinean nola egin dakita?
Ikusten dugunez, frantses markesa euskal kondea bilakaturik da. Frantses bertsioetan ez zaigu ageri izenik, baina euskal moldatzaileak, gaia gerturatzearren-edo, Marieder eta Salagoiti izenak asmatu ditu. Halaber 11. eta 12. bertsoek apaiz edo moralista baladagileak erantsi moral leziokoak dirudite. Badute bertsuok oihartzun urrunik ere pozoitze istorioekin, hala nola Egun bereko alarguntsa baladarekin eta Gabrielle d´Estrées noblearenarekin, zeina izan baitzen pozoitua 1599. urtean.
11. A. Gaxuxa (1960). 11 B. Yolanda (1965)
Aipatu Patrice Coirault kantu biltzaile frantsesaren liburuan, Chansons françaises de tradition orale (BNF 2013) deituan, non 1.900 testu eta melodia biltzen dituen Marlène Belly eta Georges Delarue ikerlariek berrikusi eta osatuak 1904. urtean bildua bezala ematen digu Germaine izeneko kanta, 53. sailean, Aventures de mariage, traverses, retoursizendatuan, eta esan genezake euskaraz Gaxuxa eta Yolanda kanta beraren bi bertsio nahiko hurbil direla. Gaxuxa Herria-n agertu zen XXX delakoak sinaturik 1960an, eta Yolanda 1965ean zenbait aldaeratxorekin, berdin sinaturik baina 1868ko kopia dela adieraziz. Gaia, senarraren seinaleak, alegia, senarraren itzuleran hau ezagutzeko eraztuna den seinalea, beraz, odiseiko sailean sar dezakegun horietakoa da.
─Oh! donc bonsoir, Germaine, / -Bonsoir monsieur aussi.
─T´en souviens-tu, Germaine, / Que ton anneau cassit,
Montre-la ta moitié, / Voici la mienne aussi.
En montrant sa moitié / Cet anneau s´est soudé.
─Ouvrez, ouvrez les portes, / Haussez mes pont-levis.
Le voilà qui arrive / Le plus grand d´mes amis!
Hona Gaxuxa-ren moldaketa:
─Gaurkoz, othoi, Gaxuxa, idek senharrari!
─Ba, bainan zuk lehenik emadazu niri
Bernaton zirelako zerbait ezaugarri.
─Egun batez erhia neruntzun tinkatu;
Erhaztuna bi zathi eginik gertatu,
Zuk bat atxiki eta bertzea nik hartu…
─Huna, ene Gaxuxa, erhaztun erdia!
Hau loria, Bernaton, hau alegrantzia!
Heldu nauzu atherat, oi senhar maitea!
Eta Yolanda-ren aldaera:
─Orhoit zira, Yolanda, tinkatuz erhia,
Egin zela bi zati zure erheztuna.
Nik zati bat hemen dut, zuk hor bigarrena.
─Oi zer alegrantzia, jeiki berehala!
Senharrari athea idek dadiela!
Etxean zoin den goxo emazte fidela!
Hogei estrofa dauzka frantses bertsioak, Gaxuxa-k aldiz hamahiru eta Yolanda-k hamabi, eta frantses lehen bertsolerroak La petite Germaine / Mariée à dix ans, dio, zeina gehiegixko irudituko zitzaion moldatzaileari eta Gaxuxa / Yolanda-ri hamabost ematen dizkion.
- Banbroxeneko nausia (1962)
Balada edo kantu xahar honek edizio ezberdin zenbait izan ditu. Lehenik Piarres Lafittek Baionan zuzentzen zuen Herria astekarian (1962-VII-23, 4.) eta, gero, Aingeru Irigarayk Diario de Navarra (1975-V-25) Iruñean. Honek, ordea, badu ohartxo bat erantsita: J.H. deitu batek 1897. urtean egina. Aski interesgarri zaigu, zeren agian ikerketa bide bat irekitzen baitigu. Testuaren taxuera delarik ez dirudi Eskualduna astekariko Jean Hiriart Urruty (Hazparne 1859-1951) daitekeenik, (edo bai), eta beste apaiz baten Julien Heguyrena ere bururatzen (Aiherre 1860-1930) digu. Hau Santagrazi, Beskoitze eta Arrokiagan egon zen, eta honen biografiatxoa egiterakoan Lafittek honakoa dio: “Kazeta andana bat irakurtzen zituen zokoz zoko, berrixka eta bitxikeria keta. Aurkitu arau eskuaraz ezartzen zituen. Gehienetan iratxikitzen ziotelarik han-hemenka biper eta gatz”.
Gaia zabaldua da erromantzeroan, frantsesez, Coiraultek, Le mari qui revient du bois,deitzen du. Batzuetan, itzultzean basotik ohean emaztea fraide baten besoetan aurkitzen du, gurean auzoko mutilarenean izango da. Hona bada, frantses bertsioa eta euskarazkoa:
Il trouv´sa femme couchée / Un grand moine entre ses bras.
─ Ta soupe, elle est sur la table, / Ton petit morceau de lard.
Etxean sartzearekin, arrosa ta klabedin,
Kattalin atzemaiten du auzoko mutilarekin.
Buruz buru jaten zuten, arrosa ta klabedin,
Dafail xuria emana jaki et´arno finekin.
Deabruek zeramaztela, arrosa ta klabedin,
─ Hau ase eta ni gose, zer zautzu hortaz, Kattalin?
XVI. mendeko pintura flamenkoetan ageri den bezala, azkenean Simun adardunak akuiluaz astintzen ditu Kattalin emazte eta auzoko mutila. Bukaera frantsesez honela ageri zaigu Il était un petit homme kantu aski zabalduan: Ell´mangent tout la crême / Ell´disent que c´est les chats. Euskaraz bi estrofetan honela moldatu dena:
Jauna kanpoan delarik, arrosa ta klabedin,
Esne-gain guzia jaten bi mila atseginekin.
Gero jauna afaitean, arrosa ta klabedin
Gatuak indu erranik, hor konpon gezurrarekin.
- Neska orein bilakatua (1965)
Komenta dezagun orain gaitzat orein bilakatzen den neska daukan balada, edo lehen bertsolerroaren hasieraren arabera Zavalak Ura ixuririk sorginen bidean bezala izendatzen duena. Lehen aldiz Lafittek argitaratu zuen 1965ean, eta honetaz mintzatu dira besteak beste, euskal alorrean, Txomin Peillen, Koldo Biguri eta Jon Juaristi.
Kontatzen digu Juaristik nola Lafittek “Atlanta-Pirene-etako sinheste zaharrak” artikulu barnean argitaratu zuen iturria adierazi gabe. Nondik etor zitekeen euskal lehen bertsolerroa pentsatuz ohartu nintzen Martin Pénetek plazaratu Mémoire de la chanson. 1100 chansons du Moyen-Âge à 1919 (1998) liburuan hamaseigarren mendeko kanten artean ageri dela hau, eta titulua La blanche biche edo M´envoient jeter de l´eau dela. Eta garbi dago Malicorne abestaldeak (Gabriel Yacoub, Marie Yacoub, Hugues de Courson eta bestek) erabili duen bertsioa (1977) Gabriel Jacoubek eta Juaristik ematen diguten bertsioa dela, gertuena euskal baladatik. Hona, konparatuz, bien lehen bertsoak:
M´envoient jeter de l´eau dans le chemin des fées
Ils m´ont donné un don qui m´a toujours resté,
Je suis fille le jour et la nuit blanche biche,
Tous les jours les gens du château me pursuivent.
Ura isuririk sorginen bidean,
Dohaina bildu dut Bazko arratsean,
Gauaz Maddi nüzü, egunaz oreina,
Etxeko zakurrek xerkatzen nutena.
Lotura nabarmena da. Beraz, frantsesez batik bat La Blanche Biche bezala ezagutua badirudi Normandia eta Mendebaldekoa dela, zelten mundukoa, hain zuzen, eta badela suediar balada bat ere gai antzekoa ukitzen duena. Patrick Coirault frantses kanta honen biltzaileak laurogei bertsio aurkitu ditu. Garbi dago Juaristi eta Biguri irakasleentzat ez dela testu hau aztertu behar Peillenek bezala modu nahasi eta konparatismo antropologiko zaharkituan, horretarako bidea Lafittek berak ematen bazion ere. Zuberoa edo Nafarroa Behereko poeta erdiprofesionalen batek moldatutzat jotzen du Juaristik, baina oso denbora gertuagoan idatzia.
Leesome Brand bezala ageri zaigu Childen bilduman eta garbi dago honekin ere lotura baduela, hots, eskoziar baladekin, honela baitio:
Ye´ll take your arrow and your bow,
And ye will hund the deer and roe,
Be sure ye touch not the white hynde,
For she is o the woman kinde.
Arkoa eta fletxa hartuko dituk, eta oreina eta basauntza ehizatuko. Baina kontuz, ez hezak orein xuria uki, emazteen klasekoa duk eta. Hona ehizatu ondoren eta denak mahaian direlarik, zer dioen Maddik bere anaia Jakesi (Marguerite et Renaud bertsio frantsesean):
─ Vous n´avez qu´à manger suis la première assise
Ma tête est dans le plat et mon coeur aux chevilles,
Mon sang est répandu par toute la cuisine,
Et sur les noirs charbons mes pauvres os y grillent.
Euskaraturik honelaxe gelditu zen:
─ Afal, afal, Jakes. Ni nuk hor lehena,
Ene haragiaz betherik dupina.
Ama sala zolan, nigarra begian,
Puinala sartu du bere bihotzean.
Garbi dago metrikaren arabera frantsesez zortzi hiruko edo hamabi biko direnak euskaraz laburtu egin direla lau laukora. Lakonismoa eta trinkotasuna deitzen zitzaion honi. Bestalde, ageri da pertsonaia bat euskaraz frantses bertsioan ageri ez dena eta eman behar duena gertaerak sortzen duen tristuraren neurria, hots, tragediaz oharturik bihotzean puinala sartzen duen ama.
- Sartu da soldado bat (1965)
Herria (1965-VII-15) astekarian, zortzi bertsoko kanta honek aipatu Patrice Coirault (2013: 282-283) folkloristaren bilduman Un jeune soldat se rend de guerre titulua dakar eta sei bertsio ezberdin ematen dizkigu, zeinak Tante Eléonore, 1903, Aida Talbot 1904, P. Brunet 1907, Adélaïde Bluteau 1913 eta Marie Mone 1906 informatzaileengandik bildutzat jotzen ditu. Hona bi bertso Céléstin Augék emandako bi bertso Ruypeirousen 1906an:
Il s´en va tout droit à l´auberge,
Se mit à boire et à chanter,
La belle hôtesse a souspiré.
─Que pleurez-vous, la belle hôtesse ?
Regrettez-vous ce bon vin blanc
Que le soldat boit sans argent?
─ Ostalertsa, zorteak deitu nau hunara
Urrikariz indazu othoi edatera
─ Huna pinta bat arno, egarri bazira.
Trala, tralera, tralera
Perreka soinean.
Soldadoa hasi da xurgaka edaten,
Eta edan artean kantu bat emaiten.
Ostalertsak nigarrez dako so egiten.
Trala, tralera, tralera
Perreka soinean.
─ Zer duzu ostalertsa, nigar egiteko
Ala arno hau dolu zaizu enetako ?
─ Ez jauna, etzait dolu, sustut zuretako.
Trala, tralera, tralera
Sustut zuretako.
Doncieuxek complainte militaire delakoen artean ezartzen du, eta dio gerratik itzultzen den senar soldaduaren zikloa tradiziozko poesian garrantzitsuenetarikoa dela. Eta aldaeretako batean ageri da nola dagoen emaztea (edo ostalersa) berak utzitako haurrak baino gehiagoz inguratua (Orain hirugarren bat ikusten dut hemen, B.6-3), eta, ondorioz, alde egingo du berriro. Istorio arrunta da, noski, alegia, gerra luzeetarik edo nabigazione urrunetarik itzultzerakoan senarra, honek emaztea albisterik ezean eta senarra hiltzat jo ondoren berriro ezkondua aurkitzea eta istilua sortzea hark bere lekua etxean erreibindikatzean. Gai hau tratatu izan dute besteren artean hainbat film sorraraziz Balzacek Le Crononel Chabert nobelan, Zolak Jacques Damour nobelan, eta Guy de Maupassantek Le retour ipuin laburrean. Arazo etikoa larria da eta eztabaida erlijioso-zibilari soluzio ezberdinak emango dizkiote. Kanta frantsesean soldadua errejimentura itzuliko da, eta berdin euskarazkoan:
Soldadoak basoa hustu zuen kolpez,
Milesker erran gabe xutitu nigarrez,
Etxetik eskapatu gerlara beharrez.
Beste soluzio bitxia da, alegia, emazteak jakin arren ez dela senarra etxeratzen zaion soldadua, hau onartzen duena eta Le Retour de Martin Guerre filmak kontatzen duena. Antza denez, Hendaian 1524. urte inguruan jaiotako Martin Daguerreren istorioa erreala izan zen, eta zineman 1982an, Daniel Vignek zuzendurik, Gérard Depardieu eta Nathalie Baye aktoreekin ondu zuten, arrakasta handiz.
- Hiru soldado gazte (1967)
Honen ereduak, besteak ez bezala, egile ezaguna du, jaioturtea eta titulua ere bai, Gustave Nadaudek 1858an hitzak eta doinua sortu baitzituen Les trois hussards izenpean, eta dituen frantses interpretari anitzen artean bada bat Hirigaray izenekoa (1932). Gustave Nadaud poeta eta konpositore frantsesa Roubaixen jaio zen 1820an eta Parisen hil 1893an. Negozioak utzi eta poesiara eta musikara moldatu zuen bere burua, hainbat lanen artean Chansons (1849), Encore des chansons (1873) eta Nouvelles Chansons (1889) plazaratu zituen. Béranger ospetsuaren estilokoa da, eta kantez aparte operetak, komediak eta eleberriak sortu zituen. Hona nola hasten diren lehen bi bertsoak frantsesez eta hona baita ere zein egokiera ematen dion koplari euskaldunak:
C´étaient trois hussards de la garde
Qui s´en revenaient en congé;
Ils chantaient de façon gaillarde
Et marchaient d´un air dégagé.
─ Je vais revoir celle que j´aime
C´est Margoton, dit le premier.
─ C´est Madelon, dit le deuxième.
─ C´est Jeanneton, dit le dernier.
Hiru soldado gazte gerlan ibilirik,
Etxerat heldu ziren su-tokietarik,
Arin zuten gogoa, bihotza berorik,
Ahora dena kantu, ohi alegerarik.
─ Bai, gure beha daude gure izarñoak,
Kattalin duk neurea, erran du lehenak.
─ Madalen duk neurea, dio bigarrenak.
─ Neurea Jana-Mari, aithor du azkenak.
Bertsoz bertso bederatziak itzuli edota moldatu egin ditu koplariak, bukaera oso tristea duen kanta, Errozu amattori goraintzi, adio! / Gerlan ari naizela erregerendako, / Ez naizela gerlatik nihoiz itzuliko.
Lehen aldiz KKKn argitaratu zen dakigularik eta Argizagi ederra… bezala kanta daiteke.
Jakina denez, 1870ean Anton Abbadiaren Lore Jokoak gerra zela-eta ez ziren ospatu, baina hurrengo urtean Saran eman ziren eta poema pila aurkeztu zen gerra gaitzat harturik, adibidez: Joanes Berjesek Gerla ondu zuen, Jean Iribarnegarayk Xetre hazpandarra bezala ezagutuak Galde onari prest, Joanes Etcheto errejentak Soldado mobila, Harrietek 1870an soldadu, Piarres Ibarrartek Soldado ondoa…
Ikusten denez kasernetan bazuten kaier frantsesak kopiatzeko astia eta horiek euskaratzeko edota moldatzeko ere denbora sobera. Margoton, Madelon eta Jeanneton frantsesez, Kattalin, Maddalen eta Jana-Mari dira euskaraz bilakatu.
- Kapitaina eta barbersa Janamari (1967)
Azter dezagun orain beste balada bat, Kapitaina eta Barbersa Janamari izenda dezakeguna. Bladék gaskoiz eman zuen honen bertsioa eta Gaston Guillaumiek frantsesez Gaskoiniako kantak eta dantzak bildu zituenean (1945). Titulu hau ezarri zioten biek Lou Capitani de Casteljalous, Le capitaine de Casteljaloux, eta Davensonek ere ematen digu doinu eta guzti La belle barbière izenez, azpimarratuz Cloiraultek dozenerdi bat aldaera bederen aurkitu zituela. Guillaumieren ustetan erlijio gerlen garaikoa dugu kanta, eta bertan La Rochelle, protestanteen hiri ospetsua eta Casteljaloux, Albreteko dukatuarenaren arteko harremanak aipatzen dira.
Ezagutzen dugun bertsioetarik euskarazkoa (Herria, 1967; Oihenart, 2000), da luzeena, hemezortzi bertso baititu. Pierre Duny-Pêtré (Donibane Garazi 1914-2005) garaztarrak bildua. Gaskoiez honelaxe amaitzen da kanta kapitainak barbersaz maitemindurik berekin eraman duela adierazteko:
Aquí coumo de La Rouchèlo,
Biro bigouza bigouza doundèno,
S´en bengouc a Casteljalous
Biro bigouza bigouza dondon.
Alegia, Casteljaloux utzi eta Rochellara joan zela ile-apaintzailea. Gureak Donibane Garazitik Lukuzeko jauregira eginen du bidaia. Lukuzeko familia Agaramondarrekin batera Ipar Euskal Herriko indartsuenetarikoa izan zen mende anitzez, eta Ostabat eta Lantabat besteak beste, bereak ziren. Bidaia hamaseigarren bertsoan honela gelditu zitzaion koplari moldatzaileari:
Kapitainak hartu zuen Janamari zaldian,
Lukuzen egin dukete bizi on jauregian.
- Ernaut eta Irma (1968)
Gure Almanaka-n 1968an plazaratu istorio edota kantu xahar hau, antza 1891ko kaier batetik jasoa, frantsesez titulu ospetsua du, Renaut le tueur de femmes. Doncieuxek aipatu liburuan bertsio ugari jasotzen ditu bai oïl bai oc eremukoak. Eta azpimarratzen duenez andre hiltzaile dena Renaud hori, euskaraz Ernaut bilakatua, andre baten engainuz hila gertatzen dena, Eskandinabiatik Espainiaraino, non gaztelaniazko bertsio bat baden 1550 baino lehenagokoa. Oso zabaldua dago Europako bazter guztietan.
Hona bada Doncieuxek sortu testu kritikoaren bi bertso eta euskarazkoaren moldaketak:
Quand sont venus à mi-chemin:
─ Mon Dieu! Renaud, que j´ai grand faim!
─ Mangez, la belle, votre main;
Car plus ne mangerez de pain.
Quand sont venus au bord du bois:
─ Mon Dieu! Renaud, que j´ai grand soif!
─ Buvez, la belle, votre sang,
Car plus ne boirez de vin blanc.
Bide-nabar printzesak erran du trixterik:
─Ernaut, gosetua niz: jan niro gogotik!
─Irma, zure eskua jan-azu gordinik,
Ez baituzu gargero izanen ogirik!
Oihanerat heltzean printzesak beretik:
─Ernaut, egarri bainiz, baduzuia urik?
─Irma, zure odola edan-azu berik,
Ez baituzu gargero edanen arnorik!
Euskal bertsioak hamaika estrofa ditu Doncieuxenak bezala. Eta beste aipamen anitzen artean gogoratzen digu zein nolako antzekotasuna duen Bibliako Judith eta Holofernesen istorioarekin, nobela aberkoiarekin, non Judithek, engainuz, Betulia salbatu zuen Holoferne jeneral paganoaren atzaparretarik. Hebraierako Judith, hain arrakastatsua izan zena arte ederretako (pintura, musika, teatroa…) munduan, frantses bertsioan La Belle, bilakatu da, eta euskarazkoan etorki germanikoa duen eta Jainkoari kontsakratua esan nahi duen Irma. Patrice Coiraulten bilduman Renaud le Barbe-bleu, bigarren izen honekin aski ezagunago dena. Gaztelaniazko Rico Franco bertsioan mendekuaren arrazoia, ez da ohorea besteotan bezala, baizik eta Aita eta anaiak mendekatzearena, sendiarena alegia.
- Marisants Bidartekoa (1974)
Honela izendatu dugun balada hau Gure Almanaka-n ere argitaratu zuten 1974an eta, lehen bertsoaren hitzak diren arren, gaia Marinel gisa jantzi neska-ren istorioa kontatzen da bertan. Patrice Coiraulten frantses bilduman La belle qui prend l´habit d´un matelotdeitzen da titulua. Hona bertso batzuk frantsesez eta euskal moldaketa
Le capitaine est enchanté
D’avoir à son bord un si beau jeune homme
Lui dit: ─ Mon Jeune matelot,
Vous allez partir à bord de mon vaisseau
En voyant votre belle taille
Vos beaux yeux et votre blanc visage
Ça me fait toujours rappeler
Que vous ressemblez mon-aimable beauté.
Monsieur, c’que vous me dites là,
Vous me badinez, vous me faites rire
Je n’ai ni frère. ni parent,
Je suis embarqué au port de Lorient.
Ez ditu ez zazpi urte etxen pasatu nahi,
Gantxume ikusi gabe beti nigarrez ari,
Gizon bezti izan zaio untzi-kapitainari:
─ Jauna, otoi, har nezazu ni ere itsasturi!
─ Gaztetto iduri duzu bizar izpirik gabe,
Begiak ere ditutzu, ez biziki herabe,
Bainan gorputzez, ala fe, lirain mendrexko zare,
Ederrez emaiten duzu egiazki anddere.
─ Jaun kapitana, irria heldu zait ezpainera
Holandres umexurxa naiz paperen arabera,
Angles marinel batzuek bildu beren untzira
Eta gero untziz untzi heldu portu huntara.
Zazpi urte itsasoan igaro ondoren bere maitea duen Ganxune donibandarraren ondoan, neska zela inoiz salatu gabe, itzulitakoan eta ohartzerakoan nor zen, elkar besarkatzen dute eta eztaiak Bidarten ospatuko dituzte marinelek kapitaina gomitatua izan zelarik.
Neska soldaduaren beste moldaketa bitxia dugu, beraz, aski loturik frantses originalari, bertako zortzi bertsoak beste zortzi euskarazko dituelarik, han izen propiorik gabe baina hemen izan gertuagoak eta tradizioa oroitarazten digutenak, hala nola Bereterretxeko Marisants.
- Andere okina (1978)
Lafittek hamahiru bertsoko kanta hau plazaratu zuenean 1978an, Bilintxen ehungarren urteurreneko omenaldian eta Amodiozko kantuak Lapurdin, Baxenabarren eta Ziberoan artikuluan honela aurkeztu zuen Pierre Topet Etchahunen Maria Solt eta Kasteroeman ondoren:
Horrek ez du erran nahi ez dela euskaraz aurkitzen ahal, kantu gizen gordinagorik. Egun egunean ahantzixeak dira. Lehen, bakar batzu baziren Frantziako kazernetan usatu kantore zikinetarik guti edo aski aldatuak. Ez dut uste behin ere publikatuak izan diren. Funtsean, ez zuten merezi ere, ene gustuko.
Ezagutuena zen Baxenabarreko xoko batzuetan hitz hauiekin haste zena: “Zer ari zira, amaso, hola beti guri so?”. Kondatzen zuen nola atso baten baratzean eta haren leiho-pean bi neska-mutiko parekatzen ziren: bertsuetan ez zen poesia izpirik. Ez dut haren kopiarik atxiki. Halere, ez aita hemen umerik, etxenplu gisa, Ogi-egile andere baten kontrako bertsu batzu irakurriko dauzkitzuet, barkamendu galdeginez ozarkeri gatik.
XIX. mendeko kaier batetik hartua omen zuen. Péneten liburua arakatuz aurkitu dugu zein den honen iturria, eta hauxe da. XVIII. mendekoa, hots, 1720 ingurukoa den Nicolas Galleten hitzak, musika anonimoa eta titulua hau duena: La boulangère a des écus. 1875ean opera irrigarria hiru ekitalditan emana Henri Meilhac eta Ludovig Helevyren eskutik, eta haur kantak ere eragin dituena. Hona nola den hasiera frantsesez eta euskaraz:
La boulangère a des écus
Qui ne lui coûtent guère,
Oui, elle en a je les ai vus,
J´ai vu la boulangère
– D´où te viennent tous ces écus,
Charmante Boulangère?
– Ils me viennent d´un gros Crésus
Dont je fais bien l´affaire.
Guti gostarik bildurik,
Sosak baditu okinak,
Baditu, aitortu daizkit,
Ez du lotsarik kokinak.
– Diru hoik nundik dituzu,
Anderetan xarmantena?
– Meraren moltsa joritik,
Usu heldu baita huna.
Antza denez, frantsesezko Crésus aberatsa, euskaraz jaun mera dugu, hau soldadu ergelak, jaunxkilak eta fraileak baino maiteago baitu andere okinak. Halaber amorosen okin gisara aurkezten zaionari hobesten du mera.
- Senarra dizit Montpelierren (1983)
Senarra saskian eta Peru Gurea Londresen bezala ere ezaguna da emazte adulteriogile edo adarjartzailearen inguruan sortu kanta, 1985ean Cid eta Lakarra irakasleek hobekien eta zehatzen ikertu balada. Lehenak nondik norakoak aztertzen zituen, alegia, Hildebrand zaharraren fartsa, lehen aldiz Herbehereetan dokumentatzen denez geroztik nola dagoen hedatua ez soilik Europa guztian (Espainian, Portugalen, Frantzian, Ingalaterran, Danimarkan, Serbian, Albanian, eta beste) bai eta Estatu Batuetan, Kanadan, Bahametan edo Cabo Verden, lurralde hauetara ingelesek, frantsesek edo portugesek eramana. Bigarrenak euskaraz agertutako aldaera guztien edizioa ematen zuen, hala nola musika eta ohar ugari.
W.M.H. Humelenek neerlanderaz daukan artikulu interesgarri batean Toneel op de kermis, van Bruegel tot Bredero deituan kontatzen digu, ferietan eta hirietako plazetan bazirela rederijkers izeneko batzuk, erretorikariak alegia, erretorika talde batzuk, zeinen partaideek beren eginkizunen artean zeukaten plazetan antzeztea. Hau dela eta biltzen ziren prozesioak, ihauterietako ikuskizunak eta beste bestak antolatzeko ofizio ezberdinetako langileak, hala nola, ofizial mekanikoak, dendariak eta pintoreak. Hauek sortu ikonografiatik ikus daiteke nolakoak ziren antzezkizun haiek XVI. mende erditsutik XVII.eraino Flandes aldean. Pintore hauek dira, besteak beste: Pieter Brueghel, (zeinen De kermis op het Dorp, edo Marliererk izendatzen duen eran Kermesse avec théâtre en plein air et procession, ematen dugun irudi gisan, ikus daitekeen Fartsaren gaia), Pieter Balten, Hans Bol, Pieter van der Borcht, Gillis Mostaert, Frans Hogenberg, Jacob Savery…
Cidek agertu bertsio gaskoian —antza denez Dardy delako batek aurkitua—, senarra itsasotik haratago doa Uous dé bécâdo ba cérca oilagor arrautzen bila, gaztelaniazkoan esaten bazen chirlos-mirlos (honen esanahia argitu gabe, ipuin asturiar batean lanpernaren antzeko zerbait bezala definitzen badira, ene ustez hitz-jokoa da chirlo-rekin, edo chirla-rekin zitekeen bezala, beraz esanahi lizuna estaltzearren) euskarazkoetan zirkun bedarrak, zirin belarrak, senda-belarrak bilatzea emaztearentzat joaten da senarra .
Hau mendebaldeko ereduan ematen da eta modu berezi batean ageri zaigu sorkuntza eta moldaketa; baina Duny-Pêtrék bildutakoan, bi dendari lapurtarrengandik ikasia omen, eta lehen aldiz 1983an argitaratuan, garbi dago frantses ereduari jarraikitzen diola zuzen-zuzen. Bretainia iparraldeko eta Québeceko bertsioetan honela dio kantak:
Mon mari est à Montpellier,
Chercher de l´eau pour ma santé,
Pour la santé de ma maison,
Kyrie eleison.
Mon mari est allé à Paris;
Il n´est pas paré d´en revenir.
Kyrie, Christi.
Il n´est pas paré d´en revenir
A sa maison
Kyrie eleison.
Senarra dizit Montpellier-en
Ene sendatzeko urketa,
Ez baitzaut sekulan itzultzen,
Kyrie, kyrie,
Ez baitzaut sekulan itzultzen
A la mezon
Kyrie, eleison.
Garbi dago iturria zein den, nonbait Euskal Herria Québec eta Bretainia artean gelditzen baita. Baina baita ere koplari itzultzaile-moldatzailearen jolasteko gogoa, ezen kasu honetan esaldi hutsa dena desio lizun erdi estali gisa ageri zaigun. Azkenean, ezin bestela, antza, senarrak fraide maltzurra eta emazte kaskarina saskitik ateraz makil ukaldika ongixko jipoitzen ditu, morroiarekin egindako apustua galduz.
Ondorioa
Beraz, konparazio tipi hauen ostean ondoriozta dezakegu Juaristirekin batera izan zela XIX-XX. mendeetan Ipar Euskal Herrian poeta «semiprofesional» talde bat, zein entseatu zen euskarara moldatzen frantses ahozko eta idatzizko tradizioko hainbat poema eta kanta. ErdiA roko usain, kolore eta oihartzunekin pastitxe pollitak sortuz. Eta Henri Davensonen hitzak errepikatuz (1982:39), garbi dago herri kantek asko zor diotela probintzietako apaizei, ─gurean Jean Martin Hiribarreni, Julien Heguyri, Piarres Lafitteri…─, eta lagundu izan dutela herrira hurbiltzen ez bakarrik kultura profanoa, bai eta sagaratua ere.
BIBLIOGRAFIA
AZKUE, R.M., 1918, Cancionero popular vasco. 2 Vols. Bilbao.Reed. La Gran Enciclopedia Vasca, 1968.
BARBIER, J. & DUFAU, C., 1921-26, Recueil des chansons basques. Gure Herria. Bayonne.
BORDES, X., 1890, Douze chansons amoureuses du Pays Basque-Français. Rouart, Lerolle & Cie. Paris.
CID, J.A., 1985, “Peru Gurea (EKZ, 115), der Scwank vom alten Hildebrand, y sus paralelos románicos (As.Th., 1360C), ASJU, 289-355.
COIRAULT, P., 1996, Répertoire des chansons françaises de tradition orale. Ouvrage révisé et complété, par George Delarue, Yvette Peclore et Simone Wallon. BNF. Paris.
DAVENSON, H. (ed.), 1982, Le livre des chansons ou Introduction à la chanson populaire française. Ed. de la Baconnière, Neutchâtel.
DONCIEUX, G., 1904, Le romancéro populaire de la France. E. Bouillon. Paris.
GUILLAUMIE, G., 1945, Chansons et danses de la Gascogne. Ed. Delmas. Bordeaux.
HUMELEN, W.M.H., 2003, “Tonnel op de kermis, van Bruegel tot Bredero”. www.dibnl.org/tekst/humm…
JUARISTI, J., 1989, Flor de baladas vascas. Visor. Madrid.
KALTZAKORTA, J., 2017, Euskal baladak: azterketak eta edizio kritikoa. 2 T. Labayru, Bilbao.
LAFITTE, P., & DASSANCE, L., 1967, Kantu, kanta, khantore. Bayonne.
LAFITTE, P., (ed.), 1981, “Amodiozko kantuak Lapurdin, Baxenabarren eta Ziberon”, Homenaje a Don Odon de Apraiz. Odon de Apraz-i Omenaldia. Vitoria-Gazteiz, 199-214.
LAKARRA, J. et al. (ed.), 1983, Euskal baladak. Antologia eta azterketa. Hordago. Donostia.
LEKUONA, J.M., 1999, Oiartzungo kantutegia bertako herri memoriatik. Mugarri. Oiartzun.
MICHEL, F., 1857, Le Pays Basque, sa population, sa langue, ses moeurs, sa littérature et sa musique. F. Didot, Paris.
ORPUSTAN, J.B., 1999, “Lire et comprendre les textes poétiques de tradition orale: l´exemple de la chanson souletine Atharratze jauregian”, Lapurdum IV, Bayonne, 57-81.
SALLABERRY J.D.J., 1870, Chants populaires du Pays Basque, Lamaignère. Bayonne.
URKIZU P. (ed.), 1991, Lapurdi, Baxanabarre eta Zuberoako bertso eta kantak. I. Anonimoak. II. 1545-1900. Etor, Donostia. (LBNZ)
URKIZU P., 2005, Balada zaharrez. Erein, Donostia.
URKIZU P., (ed.), 2006, Agosti Chahoren Kantutegia. Susa, Zarautz.
VILLEHELIO, Mme de la, 1869, Souvenir des Pyrénées. Reed. J.A. Donostia, “Souvenir des Pyrénées. Recuerdo de los Pirineos. 12 canciones escogidas y anotadas por Mme de la Villéhelio”, BRSVAP, 1954, 309-337.
ZAVALA, A., 1998, Euskal Erromantzeak. Romancero vasco. Auspoa, Oiartzun.Duny-Pêtré