Kontatzera noazu

Eli Pagola-(r)en argazkia Eli Pagola 2023-11-21

Kontatzera noazu –

“Bertsoa kantatu eta kontatu, kantatuak kontatu eta kontatuak kantatu”. Esaldi horrekin abiatu genuen Kontatzera noazu irratsaioaren lehenengo atala NAIZ Irratian. Izenak berak duen jolas tonua baliagarria da programaren muina zein den adierazteko; bertso bidez kantatuak kontatzen baititugu, testuinguru bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartzen saiatuta. Bertsoaldiak dira Kontatzera noazuren oinarria, eta abiapuntu horretatik aletzen ditugu gaurkotasuna duten eta, batez ere, ez duten beste zenbait gai.

Bertsolaritzari eremu bat gehiago ematea da helburu nagusia. Hori, gainera, tonu informalean egin nahi dugu, askotariko gonbidatu eta edukien bitartez. Bertsolaritza ulertzeko modu desberdinak topatu nahian gabiltza, ahalik eta argazki egiazkoena ateratzeko. Guzti honek balio digu etiketak alboratzeko, bazterrak nahasteko eta zalantzan jartzen ez diren egia borobilei punta ateratzeko.

Potoloak diruditen hitz horiek gidatzen Eli Pagola eta Andoni Rekondo aritzen gara. Gu bion arteko elkarrizketa informaletik abiatzen dira saioak, bakoitzaren gustuak eta iritziak aparteegi utzi gabe. Bertsolaritzarekin eta irratiarekin harreman ezberdina daukagu; ikuspegi desberdinak uztartzen ditugu, beraz, Kontatzera noazun. Zertxobait badugu bertso-frikismo delako gaitzetik, eta asteko gai guztietan topatzen ditugu gure gustukoak diren bertsoaldiak sartzeko zirrikituak. Hala, kontu kontari aritzen gara ordu batez, kantu kantari aritu zirenenak entzuten eta haien esanak errepasatzen. Bertso zaharrak eta berriak aukeratzen ditugu irratsaioan entzuteko, eta horrek bertsolaritzak izan duen bilakaerari erreparatzeko tartea uzten digu.

 

Kontatzera noazu

 

Horrela azalduta nahiko zurruna dirudi saioak… baina, bai zera! Formatua ez dago guztiz itxita, are gutxiago gure estudioko ateak; horregatik, gonbidatu batzuk ere izaten ditugu tarteka, gustuko dituzten bertsoaldien bidez ezagutzen ditugunak.

Formatuaren zabaltasuna momentuz egin ditugun saio mota desberdinetan ikus daiteke. Hiru abiapuntu jarri ditugu orain arte: lehenengoa gai jakin baten gainean eraikitako saioa da, gai horrekin zuzeneko edo zeharkako lotura duten bertsoaldiekin; bigarrena bertsoaren alderdi tekniko bati buruz hitz egiteko formatua da, berezitasunetan gehiago sartzeko modua; azkenik, hirugarren saio motan bi ahots baino gehiago izaten ditugu NAIZ Irratiko mikrofonoetan, eta elkarrizketa atsegin batekin ziztu bizian pasatzen da ordua.

Erraz ulertu daitezke programa mota bakoitzaren ezaugarriak eta berezitasunak, adibideen bitartez:

 

Garraioa. Horixe izan zen bosgarren ataleko gaia. Bertsolaritzak berez-berez ez du garraioarekin lotura zuzenik, saioetara joan-etorriak egiteko ez bada. Baina badaude garraioarekin lotutako zenbait bertsoaldi gogoangarri. Hausnarketarako tartea ematen du garraioak Amets Arzallusek autobus baten barnetik kantatutako hiru bertso bikainekin; umore ukitua, berriz, Goierriko taldeak jartzen du, Estrasburgora iristeko asmoa duen baboirik gabeko trenarekin. Bidaia polita egiteko aukera eman digu garraioak, eta ezkutuan dauden kotxeen bila jarraitzen dugu oraindik. Ea entzuleren batek topatzen duen Aitor Sarriegik bukaerako agur batean saldu nahi zuen kotxea. Izan ere… ez, Arkaitz Estiballesen Corsitak ez digu balio.

 

Errima. Osagai teknikoa baino askoz ere gehiago da errima bertso batean. Estuak gustatzen zaizkie askori, lizentzia gehiago hartzen dituzte besteek, baina denek erabiltzen dute estilo propioan. Askotan errepikatzen diren aipuak eta etiketak hausteko balio digu errimak Kontatzera noazun; diskurtsiboki antzekoak diren bi bertsolari desberdintzeko, esaterako. Jolasetik ere asko izan dezake, tomate arbaren ardatza begian sartzeak adina min egiteraino, edota traba eta hasi oinak buruhauste bihurtzeraino. Laugarren atalean nabarmendu genuen zein errimazaleak garen. A! Potoaren apologia ere egiten dugu.

 

Zaharrak berri. Saio mota guztietan aberasgarrienak, zalantzarik gabe, elkarrizketak dira. Hitzen, bertsoen eta kantuen bidez ezagutu nahi ditugu bertsolaritzaren bueltan dabiltzan pertsonak. Lan pixka bat jartzen diegu gurera etorri aurretik; zenbait bertsoaldi aukeratu behar baitituzte, ondoren elkarrizketaren bidea gidatuko dutenak. Pertsona gutxi pasatu dira oraingoz NAIZ Irratiko estudioetatik, gazteak izan dira gehienak, eta oraindik egiaztatu gabeko hipotesia den arren, esan dezakegu bertso zaharrek tendentzia izaten jarraitzen dutela. Hori nabarmendu zuten behintzat Lierni Rekondo bertso irakasleak, eta Unai Azpiroz eta Jon Altuna Añorgako Bertso Eskolako kideek. Bertso zaharrek eta berriek dute lekua gurean; beraz, ea zer ekartzen digun hurrengo gonbidatuak.

 

Laburbilduz, bertsolaritza osatzen duten aldagai guztiek izan dezakete tartea Kontatzera noazun, teknizismo finenetatik xelebrekeria zabarrenetara.

Aipatutako guztia NAIZ Irratian entzun daiteke; larunbatetan igortzen da saioa irratian, arratsaldeko 15:00etan, eta https://irratia.naiz.eus/eu/list_irratia/saioak/kontatzera-noazu estekan entzun daitezke orain arteko saio guztiak, baita gainerako podcast plataformetan ere.

 

Kontatzera noazu Kontatzera noazu Kontatzera noazu Kontatzera noazu