Khyal: kantu inprobisatuak Indian

Uxue Iruretagoyena Andres, Maria Murguiondo Leturiaga, Garazi Ramirez Guerra-(r)en argazkia Uxue Iruretagoyena Andres, Maria Murguiondo Leturiaga, Garazi Ramirez Guerra 2024-12-09

Khyal kantu inprobisatuak Indian –

Khyal kantu inprobisatuak Indian

INDIAKO MUSIKA:

Indiako kultur historiak 4.500 urte baino gehiago ditu eta musikari dagokionez, munduan ezagutzen den musika tradiziorik zaharrenetakoa da. Musika carnatica-ren edo erlijiosoaren lehen adierazpenak K.a. 3.000 eta 1.500 urteen artean agertu zirela esaten da, Sama-Vedá kantuen edo Veda garaian (sanskritozko testu sakratua).

Indian musikaz inguratuta daude jaiotzetik heriotzara. Bizitzako une bakoitzerako abestiak dituzte: debozio partikularrerako, igarotze erritoetarako, jaialdietarako eta herri-erlijiorako. Indiako musikaren oinarria sangeet-a litzateke: ahots-musikaren, musika instrumentalaren eta dantzaren konbinazioa. Hiru forma horiek jatorri bera duten arren, gaur egun forma artistiko konplexu eta garatuetan daude bereizita.

Artearen bidez, herri baten arima sakontasunez ezagutu daiteke. Indian beti baloratu izan da, neurri handi batean, espiritualtasuna; eta artea barne esperientzien adierazgarri nagusiena izanik, musikan forma eder eta harmoniatsuan azaleratzen da. Beste herrialde askotan bezala, Indian ere, kutsu erlijiosoa du musikak eta bizitza sozio-erlijiosoaren parte izaten hasi zen.

Herrialde honek askotariko kultura eta tradizioak barne biltzen ditu; ezen, eskualde kasta eta erlijio bakoitzak beren ohiturak baititu. Eta herrialde osoaren kultura, zenbait kulturen arteko fusiotik edanaz osatu dute. Hori dela eta, korronte ugari daude musikan, dantzan, antzerkian eta arkitekturan. Musika generoei erreparatuz, barietate eta forma ezberdinak aurki ditzakegu: musika klasikoa, folka, pop musika eta rock-a.

Musika klasikoaren baitan, honako sailkapena dute: hindustani klasikoa, carnatic klasikoa eta light/semi klasikoa. Gainera, light/semi klasikoaren barnean, beste bereizketa batzuk topa ditzakegu: bhajan, ghazal, thumri, qawwali, tappa, natya sangeet eta kajri.

Indiako folk musikari dagokionez, oso anitza dela esan daiteke, zortzi adarretan banatzen baita. Hainbat hizkuntza eta dialektotan abesten da herrialdearen luze-zabalean, eta, migrazioaren eraginez, munduko hainbat lekutara barreiatu da estilo hau. Honako hauek dira aurrez aipatutako zortzi adarrak: bhangra gidda Punjabeko musika; bihu bor geet Assameko musika; rabindra sangeet, baul eta lok geet Bengal ekialdeko musikak; dandiya Gujarateko musika; rajasthani Rajastaneko musika; jhumair eta domkach Nagpuriko musika; marfa Hyderabadeko musika eta amaitzeko sufi folk-a ipar Indiako musika.

Pop musika ezagunena, berriz, filmi da, edo film indiarretako abestiak; Indiako musika salmenten % 72 osatzen du. Indiako industria zinematografikoak musika klasikoaren alde egiten du. Indiako pop musika, Indiako folk eta musika klasikoaren fusioan ez ezik, munduko leku ezberdinetako erritmo modernoetan ere oinarritzen da.

Azkenik, Indiako rock musika, ikusgarritasun gutxiko musika estiloa da, filmi edo bestelako musikekin aldaratuz gero. Indiako rock musikak 60ko hamarkadan du jatorria, Beatles bezalako nazioarteko izarrek India bisitatu eta haien musika ekarri zutenean.

Khyal kantu inprobisatuak Indian

INDIAKO HINDUSTANI MUSIKA KLASIKOA:

Hindustani musika klasikoa India iparraldeko eskualdeetako musika klasikoa da. Ipar indiako musika klasikoa bezala ere ezaguna, edo hindustanieraz, shastriya sangeet; terminoak, hitzez hitz musika klasikoa esan nahi du.

Hindustani musika klasikoa nagusiki bokal-zentrikoa da, izan ere, forma musikalak nagusiki ahots emanaldietarako diseinatzen ziren, eta hala, giza ahotsa imitatzen duten instrumentu asko diseinatu ziren. Hori dela eta, biolina, sitar eta sarod harmonium bezalako instrumentuekin batera abesten da.

Musika klasikoaren ezaugarri nagusiak:

Badira hiru saptak nagusi, mendebaldeko musikako oktaben antzekoak direnak, salbu eta zazpi nota edo swaras bereizten dituztenak, zortziren ordez. Eremu horiek baxuak (mandra), ertainak (madhya) eta altuak (tāra) dira. Oktaba bakoitzak gorputzaren zati batekin egiten du durunda, oktaba baxuak bihotzean, oktaba ertainak eztarrian eta oktaba altuak buruan.

Hindustani musikariek Sargam izeneko sistema bat erabiltzen dute, mendebaldeko do solfeoaren baliokidea litzatekeena:

 

  • Sa (ṣaḍja षड्ज) = Do
  • Re (Rishabh ऋषभ) = Re
  • Ga (Gāndhāra गान्धार) = Mi
  • Ma (Madhyama (music) मध्यम) = Fa
  • Pa (Pancham पञ्चम) = So
  • Dha (Dhaivat धैवत) = La
  • Ni (Nishād निषाद) = Si
  • Sa (ṣaḍja षड्ज) = Do

Khyal kantu inprobisatuak Indian

Hindustani musika klasikoaren barnean estilo edota ahots forma hauek gailendu ditzakegu: dhrupad, estilo sakratua, gai heroikoa edo jainko partikular bati gorespen egiten diona; tarana, izaera ludikoagoa duena; thumri, herri-hizkuntzan, beti gai erromantikoen inguruan diharduena; bhajan, melodia errepikakorreko musika erlijiosoa; ghazal, eragin persiarrekoa eta maitasunean zein erlijioan oinarritua eta azkenik, ardatz izango dugun khyal, izaera inprobisatua eta eduki hunkigarria duena.

Khyal-ean bost atal nagusi ditugu aztergai: egitura, gaiak, abeslaria, inprobisazio esparrua eta inprobisazio motak, eta musika tresnak. Sakondu ditzagun beraz esparru horiek.

 

KHYAL MUSIKA KLASIKOA:

Khyal egitura

Khyal musika klasikoa India iparraldean nahiz erdialdean ekoitzi eta entzuten da gehien, baita Pakistan eta Bangladeshen ere. Arte-musika tradizio bat da, zenbait alderditan mendebaldekoarekin alderatu daitekeena. Gorteek eta erlijio testuinguruek zeresana izan dute haren garapenean, eta egun, entzule gehienak erdi-mailako klaseko biztanleak dira, hiri eta herrietan aurkitzen direnak.

Khyal-a abesti laburretan oinarritzen da (bi eta zortzi bertso artean) eta khyal kantu bakoitzari bandish deitzen zaio. Inprobisazio musikalerako aukera ugari eskaintzen ditu musika genero honek eta interprete trebe batek erraz luza ditzake bizpahiru bertso lerro, ordubete baino gehiago iraun dezakeen emanaldi bat sortuz.

Halaber, bandish bat bi zatitan banatzen da: sthayi-a eta antara (hiru atal egonez gero, azkena antara bertso gehigarri gisa hartzen da).

Khyal kantu inprobisatuak Indian

Khyal gaiak

Konposizio hauek hainbat gai jorratzen dituzte, hemen zenbait adibide:

Maitasun erromantikoa eta jainkotiarra: khyal askok maitasun gaiak aztertzen dituzte, bai alderdi erromantikoari dagokionez, bai deboziozko itxurari dagokionez. Konpositoreek eta interpreteek giza maitaleen arteko maitasunari buruz kanta dezakete, baina baita Krishna edo Radha bezalako jainkoenganako maitasun jainkotiarrari buruz ere.

Erregeak edo jainkoak goraipatzea: khyal batzuk errege edo nobleen irudiak goraipatzen dituzte, baita tradizio hinduan gurtzen diren jainkoak ere. Konposizio horiek pertsonaia horien bertuteak eta ezaugarriak nabarmendu ditzakete eta kulturan eta gizartean duten garrantzia gailentzen dute.

Urtaroak eta natura: beste kantuek naturaren edertasunaren inguruan dihardute eta urtaro ezberdinak ospatzen dituzte. Paisaia naturalak, klima aldaketak edo urtaro bakoitzarekin lotutako nekazaritza jarduerak deskriba ditzakete. Natura inspirazio eta harridura iturritzat hartzen da khyal-ean.

Mitoak eta kondairak: khyal asko Indiako mito eta kondairetan inspiratuta daude. Kantu horiek istorio epikoak konta ditzakete, hala nola Ramayana edo Mahabharata, edo belaunaldietan zehar transmititutako ipuin herrikoi eta folklorikoetan oinarritu daitezke.

Eguneroko bizitza eta giza emozioak: khyal hauek eguneroko bizitza eta giza emozioen gaiak jorratzen dituzte. Esperientzia pertsonalei, familia harremanei, gizarte erronkei edo kezka existentzialei buruz hitz egin dezakete.

 

Khyal abeslaria

Khyal interpretazio asko entzunez gero, desberdintasunak nabaritzen dira artisten aurkezpenetan. Khyal forma ezaguna da artistari bere ahots, ideia, gustu eta esperientziara egokitutako aldaera ezberdinak sortzeko aukera ematen duelako.

Artisten estiloen artean ezberdintasun saihestezinak dauden arren, ia erabateko adostasuna dago khyal-a ondo interpretatzeko ahotsak bereziki entrenatuta egon behar direla esaten denean. Zein dira kantu khyal-erako egokitzat jotzen den ahots baten ezaugarriak? Biribildua (golaidar), durunditsua (ghumardar), gaintonuetan aberatsa (javaridar) eta enfatikoa (vazandar). Halaber, gutxienez bi zortzidun osora iritsi behar du, bandish bat erraztasun osoz aurkezteko.

Ildo beretik jarraituz, khyal abeslari baten ahotsak irmoa izan behar du eta nota luzeak kantatzeko arnasa kontrolatzen ikasi behar du. Letraren errezitazioa praktikatu behar da hitzak egitura erritmiko-melodikoan nola egokitzen diren jakiteko eta nota altuak eta baxuak kantatuz praktikatu behar da bokal desberdinekin, horiek ez daitezen alteratu.

Inprobisazio esparrua eta inprobisazio motak

Lehenik eta behin, aipatzekoa litzateke artista batzuek konposizioaren sthayi zatia bakarrik erabiltzen dutela inprobisazioa egiteko eta beste batzuek, aldiz, sthayi eta antara, biak.

Inprobisazioaren esparruan, alde batetik raga edo raag aurkitzen dugu, Indiako musika klasikoaren inprobisazioaren esparru edo modu melodikoa, eta bestetik, marko horren barnean erabiltzen diren inprobisazio motak.

Raga bakoitza egitura melodikoen multzo bat da, indiarren ustez, tradizioaren arabera, “adimena koloreztatzeko” eta ikusleen emozioei eragiteko gaitasuna du, entzule baten sentimendu zehatzak gogora ekartzeko tresna izanez. Ehunka raga ezagutzen dira tradizio klasikoan, horietatik 30 bat ohikoak dira, eta raga bakoitzak bere nortasun melodiko berezia du.

Abeslariaren esku egoten da raga mota hautatzea, eta emanaldiaren, abeslariaren ahotsaren edota konposizioaren izaeraren araberakoa izaten da. Raga bakoitza rasa izenez ezagutzen den aldarte edo sentimendu partikular batekin lotzen da: raga-k alaiak, lasaiak, tristeak, heroikoak, maitasunezkoak izan daitezke, besteak beste.

Inprobisazio motei dagokienez, aldiz, forma ezberdinak aurkitu daitezke eta bandish bakoitzaren aurkezpenean honako aldaera hauek ikusten dira: inprobisazio geldoa (alap, bol alap, bahlava)  edota inprobisazio azkarragoa sthayi-an (bol tan, tan). Hona hemen kontzeptu batzuen azalpena:

Alap: inprobisaziorako erabiltzen den forma melodiko bat litzateke eta “garapen mailakatuaz” baliatzen da, hots, interpreteak melodia osoa berehala aurkeztu beharrean, melodia pixkanaka eta urratsez urrats esploratzen eta sortzen du, laguntza erritmikorik gabe; horrek askatasun gehiago ematen dio. Alap-ak raga jakin bati sarrera ematen dio eta raga garatzen du, abeslariaren, ragaren eta entzulearen arteko lotura sortuz. Indiako musika klasikoaren interpretazioaren funtsezko zati bat da, eta berebiziko garrantzia du adierazpen artistikoan eta esplorazio musikalean.

Bol alap: alap-aren antzekoa, baina bol hitzen silabak erabiliz inprobisatzen da, hitz osoak kantatu beharrean. Horrek elementu erritmiko bat gehitzen dio inprobisazioari, eta interpreteari ahots-patroi desberdinekin jolasteko aukera ematen dio.

Bol tan: Ahots inprobisazioa, patroi erritmiko azkar eta bertutetsuetan gauzatzen dena  bol hitzen silabak erabiliz. Tans-ak abiadura handiko pasarteak dira, interpretearen trebetasun teknikoa eta ahotsaren arintasuna erakusten dutenak.

Tan: bol tan-aren antzekoa, baina hitzen silabarik erabili gabe. Ahots inprobisazioa edo instrumentala da. Pasarte azkar eta apainduak dira, eta raga-ren notak erritmo azkarrean aztertzen dituzte.

Inprobisazio motak alde batera utziz, atal honekin amaitzeko, aipatu hizkuntzak eten forma desberdinak erabiltzen dituen bezala (koma, puntua eta bestelakoak), musikan ere eten azpi-hizkuntza bat aurki dezakegula. Atsedenaldiak egokiak dira forma melodikoak lasaitzeko eta notek sortu nahi duten koadroa osatzeko, horregatik, geldialdiek ere zeregin garrantzitsua dute inprobisazioan.

Horren harira, Khyal-ean tala aurkitzen da eta denbora neurtzeko balio du. Tala bat marko metriko bat da, eta horren barruan konposatzen eta interpretatzen dira abestiak.  Khyal-a tempo ezberdinetan interpreta daiteke: lehena vilambit (motel) tempoan, bigarrena madhya (ertaina) tempoan eta azkenik drut (azkar) tempoan.

 

Instrumentuak:

Khyal-ean abeslaria interprete batekin edo gehiagorekin joaten da eta instrumentu hauetaz laguntzen da: burrunbak sortzen dituen laute bat tanpura izenekoa; tabla izeneko danbor bat eta laguntzeko tresna melodikoa, harmonium bat esate baterako.

Dena den, tradizionalki, khyal-ean sarangi izeneko musika tresna erabiltzen zen, kaxa laute bat arku batez jotzen zena, baina orain ohikoagoa da teklatuaren antza duen harmoniuma ikustea. Era berean, abeslari batzuek, eskola zaharrekoek alegia, sarritan swarmandal deituriko zitara bat jotzen dute.

Halaber, perkusioa tabla-ri eta tanpura-ri esker lortzen da, eta azken horrek, drone bat ( efektu harmoniko edo monofoniko bat, non nota edo akorde bat etengabe jotzen den pieza gehienetan edo guztietan) eskaintzen dio abeslariari intonazio egokia lor dezan.

 

 

INDIATIK EUSKAL HERRIRA

Ikusi dugunez, Indiako musika oso anitza da, istoriez zein bitxikeriez osatua. Herrialdeko kultura ezberdinei eta bestelako kultura urrunen fusioei esker, India kantuz eta musikaz bete da. Inprobisazioa erritmo, metrika eta melodien bidez ematen da khyal musika forman, hitzen sakontasunarekin zein entzulearen sentipenekin jolastuz. Raga-k musikariari inprobisatzeko esparru musikala ematen dio eta alap-ek, aldiz, inprobisazio melodiko bat. 

Indiako musika eta kantu inprobisatuek ezkutatzen duten altxorraren lehen zertzeladak ditugu arestian emandakoak, baina oraindik ere, herrialde horrek inprobisazioari dagokionez erakuts diezagukena ikustekoa izango da.

 

HIZTEGIA:

Mandra: hindustani musika klasikoan, nishad in mandra saptak, nishad notaren zortzigarren baxuenari erreferentzia egiten dio, hau da, oktabaren zazpigarren notari. Nota hau erregistro baxuago batean kantatu ohi da

Madhya: indiar musika klasikoko zortzidun ertaina

Tara: indiar oktaben nota altuenak edo frekuentzia altuena dutenak dira

Alap: Ipar Indiako emanaldi klasiko baten hasiera da. Inprobisazio melodikoa da, raga bat sartu eta garatzen duena

Drone: Indiako musika klasikoko emanaldi batean, dronea izan ohi da entzuten den lehen eta azken soinua. Halaber, musikan, drone bat efektu harmoniko edo monofoniko bat da, edo akonpainamendu bat, non nota edo akorde bat etengabe jotzen den pieza gehienetan edo guztietan

Tala: metrika

Raga: inprobisaziorako esparru edo modu melodikoa

Sthayi: konposizio baten lehen sekzioa edo estrofa

-Antara: konposizio baten bigarren sekzioa edo estrofa

Swara: nota esan nahi du, Hindustani musika klasikoan 7 nota nagusi daude Shudha Swaras izena dutenak.

Tan: ahoskera azkarra, arabeskoa

Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian  Khyal kantu inprobisatuak Indian