JOXPINAXI - Neskatxa pilotari ezezaguna

Iñaki Arriaran-(r)en argazkia Iñaki Arriaran 2020-11-20
Argazkiak: Kutxateka

JOXPINAXI –

1885ean, andrazko pilotari batek, frontoiak betetzeaz gain, bazterrak ere astindu zituen. Joxpinaxi Lazkaoko pilotariaren gaitasunak aho zabalik utzi zituen ikusle guztiak. Ramos Azkaratek bertsoak jarri zizkion Lazkaoko neskatxari.

Emakumezkoak pilotan jolasten ikustea, zorionez, gero eta ohikoagoa egiten ari zaigu. Baina, urte asko ez dela, guztiz arrotza zen. Zer esanik ez XIX. mendeko Euskal Herrian. Zorionez, beti dago emakume ausart bat topiko, tradizio, ohitura eta, laburtuz, matxismoa apurtzeko lehen pausoa ematen duena. Halaxe egin zuen Joxpinaxi lazkaotarrak ere.

Andra ezezaguna

1885ean, Lazkaoko pilotalekuan, ordu arte ikusi gabeko pilota partida bat iragarri zuten egunkari guztiek. Emakume batek gizon baten aurka apustu egin zuen, eta pilota partida jokatu behar zuten.

Kasualitatea izango da, baina partida hura jokatzeko eguna martxoaren 8a izan zen, urte batzuk geroago, beste arrazoi batzuengatik, Emakumeen Nazioarteko Eguna izendatua izango zena.

Pilota partida horren aipua jaso izan da emakumezko pilotarien inguruan egin diren azterketetan, baina inon gutxi eman da jakitera jokalari haren identitatea. Pilotari hura, Josefa Ignacia Albisu Aranburu zen, Joxpinaxi ezizenez ezaguna, eta Lazkaon (Gipuzkoa) 1859ko martxoaren 19an jaioa.

Albisuren bizitzaren inguruko datu gutxi ezagutzen dira. Ezkongabea zela dakigu, eta gaztetan tifus gaitza izan zuela. Gaixotasun haren ondorioz, hortzak eta ilea galtzera iritsi zen.

Aitaren behia

Lazkaoko pilotalekuan Joxpinaxiren aurkaria izan zena 28 urteko gizonezko bat zela baino ez dakigu. Mutila edozein zela ere, badirudi, Joxpinaxiren aurkako partidarako bere buruarekin konfiantza gutxi zuela. Gizonak pilota partida goizez jokatu nahi zuen, ikusle gutxiago egongo zen esperantzaz; baina Albisuk nahiago zuen arratsaldez jokatu, ikusle askorekin, eta, ondorioz, apustu gehiagorekin.

Bi aurkariek urre ontza bat jokatu zutela diote orduko egunkari batzuek, baina ez dirudi benetako datua denik. Beste egunkari batzuen arabera, Albisuren aitak, Jose Joakin Albisu Arresek, behi bat jokatu zuen alabaren alde.

Pilota-partida

Partida goizez jokatzea erabaki zen azkenik. Inguruko herri askotako jende andana elkartu zen Lazkaon. Jokoa hasi baino hamar minutu lehenago, Guardia Zibilak eta lauzpabost mikeletek jendez gainezka ziren plaza eta frontoi inguruetan pasabidea ireki behar izan zuten.

Sakearen ondoan, epaileentzako eta udal agintarientzako eserlekua jarri zuten. 

Lazkao bor-bor zegoen Joxpinaxiren zain, eta bat-batean agertu zen: jendea txaloka hasi zen eta txapelak airera jaurti zituzten.

Plazara lasai sartu zela diote, perkalezko soinekoa eta material bereko txalekoa jantzita, buruan zapi ilun bat zuela eta alpargatak eta galtzerdi zuriak zituela.

Albisu frontoira iristean, aurkariak txakur txiki bat atera omen zuen sakea norena izango zen erabakitzeko. Txanpona airera bota, eta Joxpinaxik, hankaz txanpona jota, jabeari itzuli zion. Ondoren, poltsikotik durobateko txanpona atera, ikusleei erakutsi eta airera bota zuen.

30 tantotara jokatzekoa zen saioa mutilak hasi zuen. Partidak ez zuen luze iraun, ordea: Albisuk izugarrizko egurra eman zion, sotamanoz, biparetaz… nahi bezala tantoak eginez. 11-30 amaitu zen lehia.

Frantziarren aurka

Goizean emandako egurrarekin nahikoa ez, eta Joxpinaxik, arratsaldean, Lazkaon, beste pilota ikuskizun bat eman zuen beste mutil baten kontra.

Gizonezko hau nor zen zehazki jakiterik izan ez badugu ere, dakiguna da, garai hartan, Paristik etorritako organo-konpontzaile batzuk egon zirela inguru horietan. XIX. mende amaiera organo erromantikoen goraldiaren garaia izan zen, eta, Felipe Gorriti organojole tolosarrak sustatuta, Tolosako Santa Maria parrokian organo berria inauguratu zen 1885eko apirilaren 12an.

Organogileak Stoltz Frères etxeko langileak ziren, eta bazter hauetan lanean ibili zirenak Edouard Stoltz eta Fernand Prince gazteak izan ziren.

Tolosako organoa egiteaz gain, inguruko herri askotan izan ziren organoak konpontzen. Litekeena da, beraz, komentuen eta elizaren artean lau organo zituen Lazkaon ere lanean egon izana, edo partidaren berri izan eta hura ikustera Lazkaora joan izana.

Arratsaldeko partida ere Albisuk irabazi zuen, eta, hori gutxi balitz, hurrengo egunerako, martxoaren 9rako, beste frantziar baten aurka apustu egin zuen; oraingoan, Tolosako frontoian.

Aitzindari

Joxpinaxiren fama Gipuzkoako mugetatik kanpo ere zabaldu zen, eta, 1885eko maiatzaren 25ean, inauguratu berria zen Abandoko frontoian partida jokatu zuen. Pilotaleku hark 5.500 ikuslerentzako edukiera zuen.

Ordu arte pilota-zaletasuna izan bai, baina jendaurrean jolastu ez zuten beste emakume batzuei atea ireki zien Albisuren agerpenak. Emakumezkoen pilota-munduan aitzindaria izan zen. Haren ondotik, beste emakumezko batzuk ere hasi ziren pilotan jendaurrean apustuak egin eta jokatzen. Esaterako, Tolosan jokatu behar zen partida baten irabazlearen aurka Idiazabalgo beste emakume pilotari batek apustu egin zuen. Zoritxarrez, ez dakigu partida hartan nor izan zen garaile eta Idiazabalgoak partidarik jokatu ote zuen azkenean.

1896an, berriz, El Pelotari aldizkariak bi emakumeren arteko pilota partida baten berri eman zuen: “Abandoko pilotalekuan, igandean, bi neskatxa abandotar ederrek pilota partida bat jokatu zuten…. Eta, 1897an, egunkariek emakume pilotarien ikuskizunen berri eman zuten Valentziako Jai-Alai eta Bartzelonako Condal pilotalekuetan izandako partidekin.

Iritziak

Kirol kronika guztiek jaso zuten Lazkaoko partidaren berri. Denek Albisuk pilotarako zuen abilezia goraipatzen zuten, Eibarko Txikito txiki utziko zuela denborarekin, jokalari adoretsua zela, pilotari bikaina zela eta antzerako hitz loriatsuak erabili zituzten.

Kirol munduan ez ezik, pentsamendu eta politika mailako astindua ere ekarri zuen Lazkaon jokatutako partidak. Ez denak aldekoak.

Nabarmentzekoa da El Guadalete Andaluziako egunkarian argitaratu zen ¡Mujeres! izeneko artikulua, N.B. inizialez sinatua. Emakumeek ahalduntzera jo zutela esan zuen (kontzeptua ez da berria, eta, bai, hitz horixe erabiliz dio), eta, beldurtuta, badaezpada, galtzerdiak josten eta arropa zuritzen ikasten hasia zela. Hamaika ikusteko jaioak garela, eta, emakume ehiztari, erretzaile, bibotedun, torero eta politikarien ondoren, azken nobedadea zen emakume pilotari baten agerpena salatzen zuen.

Direnak eta ez direnak esan ondoren, artikuluaren amaieran, emakumezkoen artean pilota-jokoa modan jarriko zela iragarri eta “emakumezkoen inbasioak” gelditzeko dei egin zuen.

Bertsoak

Nola ez, Andaluziaraino joan gabe, kronika eta iritzi artikuluez harago, Joxpinaxiri bertsoak jarri zizkionik ere izan zen gurean. Ramos Azkarate izan zen Lazkauko Pelotari Neskatx bati jarriak edo, ezagunagoa den bezala, Lazkauko Plazan izeneko bertso sorta idatzi zuena.

Bertso sorta hori lehenago idatzi bazen ere, 1931ko azaroaren 8ko Bertsolariya aldizkariaren 8. zenbakian argitaratu zuten. Akaso ez ziren izan ospe handia lortu zuten bertsoak, aldizkari berean kaleratu ziren Markesaren Alabaren bertsoak adinakoa ez, behintzat. Aristokrata edo pilotariaren artean, herriak lehenengoaren alde egin zuela dirudi.

Azkaratek Lazkaokoaren pilota partidaren berri entzun bakarrik ez, jokatzen ikusi izana ere oso litekeena da. Gainera, bere biografian, Tolosan zeuden Frantziako organo-konpontzaileak, Albisuren ustezko aurkariak, ezagutu zituela eta horiekin izandako komeriak ere kontatzen dira.

Azken urteak

Pilota utzi ondorengo Albisuren bizimoduari buruz ez dago daturik. 1931ko azaroan, Joxpinaxi Donostiako erruki-etxean hartu zuten, Bertsolariya aldizkarian berari eskainitako bertsoak kaleratu ziren hilabete berean. Hara beste bitxikeria bat!

1930eko hamarkadan, esku pilotan ez, baina emakume erraketistak asko ugaritu ziren. 1938an, Donostiako Gros auzoko pilotalekuan emakume hauek partidak jokatu zituzten, eta, amaieran, Joxpinaxi Albisu aitzindariari omenaldia eskaini zioten.

Albisu, pilotari aitzindaria, 1950eko otsailaren 4an hil zen Donostian, gehienentzako ahanzturan.

 

JOXPINAXI

 

Ramos Azkarate bertsolaria

Ramos Azkarate Otaegi Tolosan jaio zen 1847ko martxoaren 28an, erramu egunez; hargatik izena. Ama, Joakina, Villabonakoa zuen, eta aita, berriz, Meltxor, Legutiokoa. Zapatari lan egiten zuen Azkaratek Tolosako Berdura plazan zuen lokalean, zehazki N.I. izendatuta dagoen arkupean.

Txikia eta herrena zela diote, eta beti bizarra eta txapel handi batekin ibiltzen zela. Isabel Barrena urrestildarrarekin ezkondu zen Azkarate.

Gaztetan liberala izan bazen ere, gero karlista porrokatua bihurtu zen. Halaxe jaso zuen bere aldaketa bertsotan:

…ni nere Erregien
etsai nintzanian,
nebillen Eliza ta
Fueroen kaltian.
Bañan ikusirikan
zerbait istoriya,
ikasi nuben zerbait
maitatzen egiya;
maitatzen Fueroakin
euskaldun erriya,
maitatzen euskera ta

zure familiya.

 

Bere figura aztertu dutenek etorri handikoa zela beti diote. Bi antzerki-lan edo komedia ere idatzi zituen: Ijituen kontratuba eta ezkontza eta Beotibar’ko Jazarra.

1893. urtean El Cántabro aldizkari karlistan idazten hasi zen. Aldizkariaren euskarazko atalaren ardura izan zuen, non ehunka bertso eta ipuin idatzi zituen. Bere lanetan, gai nagusia garaiko politika da. 1894an, legeak agintzen zuen bezala, alkateari aurrez erakutsi gabeko bertso batzuk argitaratzeagatik auzipetua izan zen.

Azkeneko urteak Tolosako erruki-etxean egin zituen. Bihotzekoak jota hil zen, 1904ko martxoaren 26an.

JOXPINAXI
JOXPINAXI
JOXPINAXI
JOXPINAXI
JOXPINAXI